Ilusioak, utopiak

Utopikoa nintzelako, selektibitatearen aurka nengoen 1982. urtean azterketa hura egitea egokitu zitzaidanean. Orduan ere Unibertsitatera joateko ezinbesteko baldintza zela uste dut, baina ez dut ondo gogoratzen zertarako. Izan ere, garai hartan numerus clausus zer zen ere ez nekien –edo ez nuen jakin–, eta kazetaritza ikastera ehunka sartu ginen lehenengo mailan, bostehun edo. Horietatik hamabost “euskal taldea” deitzen genuen separata batean: ikasgai batzuetan euskararen babespean; gainontzekoetan gaztelaniaz, ikaslez gainezka egindako ikasgela erraldoi batean.

Urte batzuk beranduago, ordurako unibertsitatean irakasle, numerus clausus sistemaren aurka hitz egin nuen. Edozeinek amestutako ikasketak egiten hasteko aukera izan behar zuela iruditzen zitzaidan. Berdintasunaren utopian sinesten nuen, eskubide berberak zituztela aberatsek eta pobreek, emakumeek ala gizonek, burugogorrek zein azkar ustekoek.  

Ez dakit zeren kontra nagoen orain. Numerus clausus inoiz baino itxiagoak eta txikiagoak dira, eta betiko Selektibitateari USE izena ipini diote: Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioa. Funtsean, gobernu eta administrazio bakoitzak hamaika aldaketa iragarri eta gero, dena bere horretan uzteko.

Berdintasunaren utopian sinesten nuen, eskubide berberak zituztela aberatsek eta pobreek, emakumeek ala gizonek, burugogorrek zein azkar ustekoek. Ez dakit zeren kontra nagoen orain 

Aurten hamaika mila ikasle inguruk egin du USE Euskal Herriko Unibertsitatean, eta beste hiru milak Nafarroako Unibertsitate Publikoan. UPV/EHUn Euskara eta Euskal Literatura azterketan Bernardo Atxagak idatzitako testua jarri dute: “Nora joaten dira ilusio zaharrak?”. Eta horren harira, aukera bi: lagun bati proiektuak, ilusioak eta ametsak kontatzeko gutuna idatzi, ala iritzi-artikulua, Gaztaroa, ilusioz beteriko garaia, izenburupean.

Zeintzuk dira 2000. urtean jaio ziren gazte horien ilusioak eta proiektuak? Z belaunaldia, milurtekoen ostekoak edo post-millenialak izenekoen ezaugarriak aztertu omen dituzte adituek: teknologian izugarri trebeak, sare sozialetan heziak, etengabe konektatuak, beharrak berehala ase nahi dituztenak, berrikuntzarekin ohituta, eta normatibitate guztien gainetik bizi direnak.

Nigandik hain urrun diruditen gazte horiek eskuz eta boligrafoz idatzi behar izan dute gutun hori selektibitateko azterketan. Emotikonorik gabe. Eta idatzi dutena, 1982. urte hartan idatzi nuen gutunaren oso antzerakoa izan da: ikasketak amaitu, lana topatu, amodioa aurkitu, bidaiatu, gurasoen aldamenetik alde egin, etxe propioan bizi… Betiko proiektuak.

Eta betidaniko barne-hutsak: ez dira, ez, hain trebeak. Zenbaitetan ez daude ez hezita, ezta konektatuta ere. Are gutxiago aseta. Eta eroso daude eremu ezagun, zahar eta normatiboan. Ni bezalaxe.

Ilusioz beteta, bai. Baina, agian, ez-lekuan. Utopia berriaren esperoan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kazetaritza
Harpidetzen joan-etorria

Espainiako Estatuan hedabide digitalak edota prentsa kontsumitzen dituen herritarren %66k ez du ezer ordaintzen horregatik. Orain apur bat gehiago hasi dira ordaintzen digitalak, baina ezer gutxi, %13k ordaintzen baitzuen zerbait 2022an (Digital News Report España 2023... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


2024-03-21 | Euskal Irratiak
Urtzi Urkizu
"Susmoa dut gizartearen parte handi batean badagoela kezka ETB-rekin"

Berrian lan egiten duen kazetariak, Euskal Telebistaz liburua idatzi berri du Txoria hodei artean, ETB lehen eta gero. Galdera batekin abiatzen du liburua kazetariak: 40 urte bete dituen Euskal Telebistak behar den gisan arrapostu ematen al dio euskal jendartearen egungo... [+]


Eguneraketa berriak daude