Millennialek ez dute paperezko liburua hil

  • Bideoak hil omen zuen irratiko izarra: Buggles taldeak 1970eko hamarkadaren amaieran iragarri zuen nolako aldaketa eragin zuten ikus-entzunezkoek ordura arteko musikaren industrian, artean MTV sortu gabea zela. Liburu elektronikoak ere hil behar omen zuen paperezkoa,baina e-book irakurgailuak merkaturatu zirenetik hamar urte pasata, iragarpena ez da bete.

Instagramen
Instagramen "liburu-pornografia" egiten dute zenbait erabiltzailek, paperezko liburuak objektu atsegin gisa aurkeztuz.

AEBetan gertatzen denak tendentzia markatzen du kontu hauetan eta, ozeanoaz bestaldera begiratuta, zenbakiek ez diote gezurrik: irakurgailu digitalen salmenta beheraka doa. Iazkoa urte ona izan da joera horren sakontasuna egiaztatzeko, herrialdeko argitaletxeen elkarteak emandako datuen arabera ia %20 jaitsi baitira e-book salmentak –eta paperezko liburuenak berriz, goraka hasi dira ostera–. Garbi samar geratzen ari da 2007an Amazonek Kindle irakurgailua merkaturatu zuenean egindako iragarpenak ez direla bete.

Marketin dezenterekin, “literaturaren iPod-a” izango zela esanez agertu zen hedabideetan liburu-irakurgailu elektronikoen produktu izar berria, aurreikusiz musika industria goitik behera aldatu zuenaren antzeko fenomeno bat letren esparruarentzat. Garaiak ez ziren txarrak industria horretan errekonbertsio gogor bati ekiteko, gogoratu noiz lehertu zen finantza eta ekonomia krisiaren shock-a eta zer ondorio izan dituzten denon bizitzetan nahasmen momentu horretan zenbaitek estrategikoki hartutako erabakiek. Baina hamar urte geroago, betiko liburuak hor jarraitzen du. Eutsi egin dio. Zergatik?

Dinosauroen patua iragarri zieten duela hamar urte paperezko liburuei. Aurreikuspen horiek ez dira bete eta belaunaldi teknologizatuenak
badu zerikusia

Liburu digitalak betiko liburua ordezkatu ez izanaren atzean motibo ugari egon daitezke, baina denetan harrigarrienak belaunaldi baten izena dauka: millennial-ak. 1980 eta 1990eko hamarkadetan jaiotako pertsonak maiz karikaturizatu dituzte hedabideetan hiper-teknologizatutako estralurtarrak balira bezala, adinez zaharragoak direnen aldean ohitura oso diferenteak dauzkatela nabarmenduz: sare sozialen erabiltzaile konpultsiboak, hamar segundo baino gehiagoz zerbaiti arreta eskaintzeko gaitasunik gabeak, berehalako estimulua besterik bilatzen ez dutenak… Diskurtso mediatikoaren atzean dagoen errealitateak, ordea, beti dauzka tolesdura gehiago: Naomi S. Baron linguistika irakasleak ikerketa egin zuen bi euskarriek gazteen artean zuten harrerari buruz AEBetako, Eslovakiako, Japoniako eta Alemaniako unibertsitate-ikasleak inkestatuz. 2016an argitaratu ziren ikerketaren emaitzak eta ez zuten erdibideko interpretaziorako aukera handirik ematen: %92 paperaren alde agertu zen.

Baronek The New Republic hedabideari azaldu zionez, ikasleek papera nahiago dute irakurtzeko, distrakziorik ez daukalako –eta euskarri digitalek berriz, bai–: ikasten ari bazara, paperezko liburu baten aurrean errazago kontzentratzen zara. Betiko liburuaren aldeko bigarren argudio nagusia fisikoa da: pantailarekin begia nekatu egiten da eta buruko mina eragiten du denbora askoan aurrean edukiz gero –eta irakurri behar baduzu, ordu batzuk pasa beharko dituzu, ezta?–.

Liburu-pornografia: ukitu, usaindu, erakutsi

Ikerketak emandako emaitzen artean badira datu bitxiak ere, adibidez, ikasle eslovakiarren %10ek erantzun zuen paperezko liburuen usaina gustatzen zitzaiola. “Osagai fisiko, ukigarri, kinestetiko bat dago irakurtzean”, esplikatu zuen Baronek aipatutako elkarrizketan. Unibertsitate irakasle gisa, kezkatuta agertu zen: “Ez gara entzuten ari”, esan zuen, “ez gara arduratu gure ikasleei galdetzeaz zer pentsatzen duten”.

Ezta zer egiten duten ere, gazte irakurleen sare sozialetan sartuta sorpresa batzuk hartzen baititu aurreiritziz betetako zaharrunoak. Haietako askok paperaren estetika aldarrikatzen dute; nolabait, liburu-pornografia ekoizten dute sare sozialetan. Adibidez Instagram-en –zeinaren funtzio nagusia den erabiltzaileen bizimodua zoragarria dela iradokitzen duten argazkiak lagunekin konpartitzea–, #bookstagram traolan hamasei milioi argazki daude etiketatuta. Gehienetan liburuak agertzen dira, maiz kafe bat edo infusio bat ondoan dutela, nobela bat edo poema liburu bat ikusteko atsegina den gauza gisa aurkeztuz. Ongizatearekin eta patxadarekin lotzen da, sentimendu goxoak eragiten dituen zerbait da. Eta hori paperarekin lotuta dago, puskaz zailagoa baita gauza bera iradokitzea irakurgailu elektroniko hotz batekin.

Liburu analogikoei dinosauroen patua opa zieten iragarpen katastrofisten aurrean, azken hamarkadan paperak berriz ere balioa hartu duela dirudi; eta beste zerbait esaten hasi da produktu bezala, haren inguruan nagusitzen hasi zen diskurtsoari –“modernitate digitaletik kanpo geratu den euskarri kultural bakarra”– pixkanaka gaina hartuz: krisi betean eta irakurgailu elektronikoen mehatxupean, argitaletxeek asmatu dute liburuak detaile gehiagorekin publikatzen, edukia bezainbeste zaintzen objektua bera.

Akaso hor egon daiteke paperaren erresistentzia espartarraren gakoetako bat: guztiok interneten saltsan hasi aurretik liburu baten balio nagusia zen barruan kontatzen zuena, irakurzaletasunagatik erosten ziren. Baliteke gaur egungo erosle askok edukia bezainbeste baloratzea argitalpenaren kolorea, ukitua, azalean erabilitako tipografia, labur, diseinu osoa; eta, inkontzienteki bada ere, liburu horri sareetan atera diezaioketen etekin birala.

Horrela esplikatuta jarrera nahiko friboloa dirudi, baina ez da ahaztu behar Pierre Bourdieuk La Distinction-en esplikatzen zuen logika soziala: eremu batean errekonozimendua lortzeko besteengandik desberdintzera jotzen du norbanakoak, baina baztertua izatera iritsi gabe. Moda bat jarraitu, zenbait ukitu pertsonalekin. Betiko liburuz betetako apalategien kolore-ugaritasunak badauka funtzio hori betetzeko lehian zer irabazi, seriean ekoiztutako pantailen aurrean.


ASTEKARIA
2018ko urtarrilaren 14a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Liburu digitalen arorantz?
Amazonen infanteria iritsi da Frantziako literatur sistemaren azken gotorlekura

Irail honen hasierakoa da notizia: Amazonen autopublikatutako liburu bat Frantziako Renaudot sariko finalisten artean dago. Marco Koskas idazlearen Bande de Français da nobela eta lehenbiziko aldia da plataforma horren bidez publikatutako lan batek Frantziako Estatuko... [+]


2018-09-12 | ARGIA
Ostegunean estreinatuko da 'Elkarrizkatea', literaturari buruzko webTB programa berria

Zazpi idazle gonbidatu dituzte elkarrekin hitz egitera formatu bereziko saio honetan: idazleak eurak izango dira elkarrizketatu eta elkarrizketatzaile. Booktegi atariak jarri du martxan webTB saio berria.


2017-12-10 | Lander Arretxea
Aritz Branton, Booktegi.eus webguneko arduraduna
"Zaila da ohiturak aldatzea, baina liburu elektronikoak abantaila nabarmenak ditu"

Baditu –besteren artean– bi gabezia euskal literaturak: liburu elektronikoen urritasuna eta literatur lanen ibilbide laburra. Aritz Brantonek Booktegi ataria sortu du joera horiek aldatzeko. Euskarazko lanak formatu digital zainduan eta doan eskaintzen ditu bertan... [+]


Eguneraketa berriak daude