Amazonen infanteria iritsi da Frantziako literatur sistemaren azken gotorlekura

Gorka Bereziartua
0

Amazonen bidez publikatu duen nobelarekn Renaudot sariko finalisten artean sartu da Marco Koskas.

Irail honen hasierakoa da notizia: Amazonen autopublikatutako liburu bat Frantziako Renaudot sariko finalisten artean dago. Marco Koskas idazlearen Bande de Français da nobela eta lehenbiziko aldia da plataforma horren bidez publikatutako lan batek Frantziako Estatuko sari literario garrantzitsuenetako bat irabazteko aukera daukana.

Amazonen CreateSpace zerbitzuaren bitartez argitaratua izateak polemika eragin du ordea, interneteko komertzioan sare pelagikoak bota dituen multinazionalak liburu denda konbentzionalen etorkizuna arriskuan jarri duela begi-bistakoa baita; eta asko beldur dira, editorialen negozioan ere muturra sartzen badu, liburuaren zirkuitu guztia monopolizatuko duela –kezka hori adierazi du Renaudot sariko epaimahaiari gutun irekia idatzi dion Mélanie Le Saux liburu-saltzaileak–.
2010era joan behar da Frantziako esparru literarioan antzeko fenomeno bat aurkitzeko: Marc-Édouard Nabe ere Renaudot sariko finalista izan zen L’Homme qui arrêta d’écrire liburu autopublikatuarekin, baina kasu horretan, Nabek bere webgunearen bidez komertzializatu zuen eta, zeresana eman bazuen ere, operazioak ez zituen liburuaren sektorearen zimenduak hainbeste mugitu.
Kasu berri honek, baina, inflexio-puntua dirudi: orain arte, Amazonen publikatutako lanak wannabe idazleen eremutzat geneuzkan, argitaletxe konbentzionalen filtroak pasatzen ez zituztenen liburuei irteera emateko plataforma gisa. Baina Marco Koskas ez da hasiberria, publikatzen duen hamaseigarren lana da eta aurreko liburu batzuk Grasset edo Fayard bezalako editorial entzutetsuetan plazaratuak ditu.
Zein da Amazoni ikusi dion abantaila? Segur aski, ekonomikoa: plataforma digitalak saldutako liburu bakoitzaren prezioaren erdia ematen diola egileari, editorial tradizionalek eskaintzen dituzten portzentajeak baino dexente gehiago, banaketa kontrolpean edukita hori egitea posible duelako. Nola konpetitu dezake horrekin distribuzioan menpeko posizioan dagoen argitaletxe batek?
Industria kultural tradizionalen eta multinazional digitalen arteko gerra iritsi da literatur munduaren azken gotorlekuraino. Amazon Renaudot sarietaraino iristeak polemika eragin dezake, baina harritu, gutxi. Netflixen pelikulak ikusi dituzte aurten Veneziako zinema festibalean, Spotify diskografiken gainetik jauzi egiten ari da eta musikariei zuzenean kontratuak eskaintzen: birmoldaketa industrial baten erdian gaude.
Eta iraultza digitalak kulturaren demokratizazioa ekarriko zuela uste genuenok, gure aurreikuspenak berrikusi beharko genituzke. Kulturari etekin ekonomikoa nork ateratzen dion ari da aldatzen. Eta irabaziak geroz eta esku gutxiagotara doaz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA