Edertasun purua

Händelen ‘Mesias’ The King’s Consort. Zuzendaria: Robert King. Bakarlariak: Lorna Anderson, Hilary Summers, Joshua Elliott eta Henry Woddington. Donostiako Kursaal Auditorioa. Abenduaren 16a.

Georg Friedrich Händel konpositoreak, Alemanian jaioa (Halle-n), Ingalaterran lortu zituen arrakasta eta ospea, eta hantxe konposatu zuen bere eliz musika zoragarria.

Halere, nahiz eta adopzio-herrian hazi musikari gisa, oinarri alemaniarra hor zegoen, bere lan garrantzitsuenetan. Eta horren adibide garbia, Mesias ospetsua da. Obra honek, 1741. urtean konposatua, pasio eta kantata zahar alemaniarren tradizioan ditu sustraiak. Dublinen estreinatu zen, 1742an, arrakasta handia lortuz, ez bakarrik maisuaren musika inspiratuarengatik, baita libretoarengatik ere. Charles Jennens-ek idatzi zuen testua. Jaungoikoaren eta gizakiaren arteko harremanari buruzkoa da, eta Erredentzioaren misterioaren gaia ere lantzen du. Nahiz eta Gabonetako festa guztietan programatu Mesias, beti da benetako plazera obra hau entzutea. Are gehiago interprete gorenak aurrean ditugunean.

The King’s Consort taldea musika barrokoan espezializatuta dago, eta bere estiloan munduko onenetakoa da, dudarik gabe. Robert King zuzendariak 1980an sortu zuen eta handik aurrera txaloak besterik ez ditu jaso garaiko instrumentuen talde eta abesbatza honek.

Egia esan, ondo ezagutzen dugu Euskal Herrian The King’s Consort taldea, eta horregatik ez ginen harritu hainbeste perfekzioaren aurrean. Halaxe da. Mesias lan konplikatua da. Oreka izugarria eta doitasun milimetrikoa beharrezkoak dira obra hau ondo burutzeko. Baina talde honen eskuetan oso erraza dirudi.

Alderdi instrumentalean musikaltasuna izan zen ezaugarri nagusia. Nahiz eta garaiko instrumentuak erabili, emaitza gozo eta oso orekatua da. Dotoreziaz azpimarratu zituzten ahotsak uneoro.

Eta abesbatzari buruz gauza bera esan daiteke. Fintasunez aritu ziren, ñabarduraz jositako fraseaketa eginez eta adierazkortasun aparta adieraziz.

Bakarlariak ere maila altuan aritu ziren. Lorna Anderson sopranoak distiraz abestu zuen, erregistro agudo polita azalduz. Hilary Summers kontraltoak interpretazio dotorea egin zuen, nahiz eta proiekzio gutxiko ahotsa izan. Joshua Elliott tenoreak, berriz, tinbre egokia erakutsi zuen lan honetarako. Eta, agian, Henry Woddington baxua (aurreikusita zegoen David Wilson-Johnson-en ordez) izan zen saioko sorpresa. Oso ahots malgua eta koloretsua azaldu zuen uneoro. Oso ongi. 


ASTEKARIA
2018ko urtarrilaren 14a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kontzertuak
Zuzeneko kronika
Behin baziren baionar batzuk...

Willis Drummonden agur besta

Non: Intxaurrondoko kultur etxean, Donostian

Noiz: Urtarrilaren 5ean

Gonbidatuak: Zetkin, Elvis Caino DJ, Indezen DJ eta Zumitrenko DJ.

------------------------------------------------

... esango dugu noizbait. Joan ikustera, baina... [+]


Eguneraketa berriak daude