"Kataluniako hedabide publikoak interbenitzea justifikatuko lukeen kontakizuna sortzen ari dira"

  • Kataluniako TV3 kate publikoko albistegien zuzendaria da David Bassa i Cabanas (1971, Granollers). 2011 eta 2016 bitartean Grup Barnils kazetarien elkarteko presidente izan zen. Espainiako Estatuaren itzal iluna beren gainean sentitzeak sortzen duen urduritasuna aitortuta ere, bere lana ongi egiten ari denaren ziurtasunarekin mintzatu zaigu. Datuak bere alde dauzka, eta ideiak ere, oso argi.

David Bassa

Zer moduz zaudete TV3ko kideok? Garai zirraragarriak kazetaritza egiteko, ezta?

Bai, inoiz ezagutu ditugun zirraragarrienak. Sentsazio anbibalentea da. Gogoberotuta gaude, zortea delako telebista publiko nazionaletik horrelako dimentsioa duen prozesuaren egunerokoa lehen lerroan jorratzea. Jendea harro dago profesionalki une hau bizi ahal izateagatik. Aldi berean oso nekatuta gabiltza, erritmo handia baitaramagu albistegi berezi eta jarraipen izugarri luzeak egiten. TV3ko albistegiek inoiz baino pisu handiagoa dute programazioan, etengabe saio bereziak egiten ari gara, Parlamentuko plenoak eta manifestazioak jorratzen... ez gara gelditzen. Eta erredakzioa betikoa da.

Zenbat zarete albistegietan?

300 lagun albistegi guztiak kontatuta. Ondorengo saioak egiten ditugu: albistegiak eguerdi eta gauean, goizeroko saioa, 24 orduko informazio katea, etengabe eguneratzen dugun webgunea, programa informatiboak, adibidez, 30 minuts erreportajeak, dokumentalak, ekonomia alorrekoak eta gazteen InfoK albistegiak. Azkenean, jende asko gara, baina albistegietatik harago irekitzen diren leihoak egiten ditugu.

Espainiako hedabideen jo-puntuan zaudete.

"Betidanik Espainiako nazionalismoaren diana izanda katalanez funtzionatzen duen telebista"

TV3ren aurka dagoen kanpaina tristezia eta etsipen handiarekin bizi dugu. Erabat asmo txarrez egindakoa da, Espainiako Estatuaren partetik Kataluniako hedabide publikoak interbenitzea justifikatuko lukeen kontakizuna sortzen ari direla ziur gaude. Espainiako nazionalismoaren eta zentralismoaren diana izan da betidanik katalanez funtzionatu eta Kataluniako begirada duen kate publikoa. Beti salatu izan gaituzte inolako oinarririk gabe, baina egungoa eskandalagarria da. Intoxikazio hau, Espainiako kazetaritzaren parte handi baten dimisio etiko etsigarria da.

Eta zer duzue esateko horren aurrean?

Espainiako abaniko mediatikoan TV3ko albistegi zerbitzuak dira pluralenak objektiboki. Informatibo guztietan, tertulietan, sentsibilitate guztiak daude, Espainiako kate pribatu eta publikoetan gertatzen ez dena. Gure pluraltasuna ukaezina da eta irizpidea beti da informatiboa. Batzuek salatzen dute TV3k hainbat manifestazio zuzenean ematen dituela, adibidez, Cuixart eta Sànchezen atxiloketak salatzeko egindakoa. Dena kritikatzen digute, baina guk dena jorratzen dugu. Espainiaren batasunaren aldekoa ere eman genuen, eta gainera, guk zuzenean kobertura handiagoa eman genion TVEk baino. TV3 edo 324 katea ikusten ari zen publiko katalanak manifestazioaren berri izan zuen, kaleko elkarrizketekin eta beste landuta informazioa. Hala ere, Espainiako iruditerian sartu dute independentismoaz informatzea partziala izatea dela.

Zer esan nahi duzu?

Anekdota argigarri bat kontatuko dizut. Orain bi urte Ana Pastorrek Artur Mas elkarrizketatu zuen, garai hartan Generalitateko presidentea zela. Kataluniako independentziak eduki zitzakeen alde txarrak zein ziren galdetu zion eta Masek zerrenda bat egin zion. Behin amaitutakoan, elkarrizketatzailea gaiz aldatzera zihoanean, Masek esan zion: “Utzidazu orain independentziaren alde onak aipatzen”. Eta besteak erantzun zion ezetz, “hori propaganda egitea litzateke”. Hori da instalatu nahi duten iruditeria: independentziaren alde txarrez hitz egitea inpartziala dela. Alde onak eta txarrak esan behar dituzu, ordea, beti. Txanponaren bi aldeak, zuri gustatu ala ez, gauzak ongi doazkizun ala ez. TV3 ez da inoiz izan independentziaren aldeko katea, hori bai, TV3k informatu egiten du gehiengo sozial batek antolatzen dituen manifestazioez, eta hauek geroz eta handiagoak badira, noski informatuko dugula. Hori da dagoena, beraiei gustatu ala ez. Espainiako hedabideak errealitatearen perbertsio handia inposatu nahian ari dira.

Emango dizkiguzu datu batzuk?

"Albistegien esparruan 1994tik gara lider, eta orain 15 urtetik, bikoiztu egiten diogu ikusle kopurua hurrengoa den Tele5eri"

TV3k zazpi urte daramatza Kataluniako kate ikusiena izaten. Albistegien esparruan 1994tik gara lider, eta orain 15 urtetik, bikoiztu egiten diogu ikusle kopurua hurrengoa den Tele5eri. Gure bataz besteko sharea %25 bueltan ibiltzen da, eta Tele5ena %12an. Gauza garrantzitsuak gertatzen direnean, erreferenduma edo greba orokorra adibidez, oso datu altuak lortzen ditugu. Puigdemontek independentzia aldarrikatu eta bertan behera utzi zuen egunean %52,3ko sharera heldu ginen, alegia, telebista ikusten ari ziren kataluniarren erdia baino gehiago TV3 ikusten ari zen. Agerian uzten du gauza garrantzitsuak gertatzean jendeak Kataluniako telebista bilatzen duela.

Ardura handia da hori.

Erredakzio Kontseiluak oso biziak eta eztabaida handikoak dira. Ematen ditugun edukien inguruan etengabeko kezka dago, zorroztasuna mantendu eta denei ahotsa emateko. Ez dute sekula esango, baina urriaren 1ean bozkatu ez zuen jendea edo Pineda herritik joan behar izan zuten polizien familiak elkarrizketatu genituen, bi adibide jartzearren. Alde guztiei ahotsa ematen saiatzen gara etengabe, eta lana ongi egiten ari garenaren sentsazioa daukagu, nahiz eta badakigun ez diotela gure aurka tiro egiteari utziko, gezurrean oinarritzen baitira.

Zein giro dago erredakzioan?

Nahiz eta intoxikazioa etengabekoa izan, erredakzioan giro lasaia daukagu. Egiten ari garenarekin batuta, pozik eta gogobeteta gaude. Ez dago zentsurarik ez dirigismorik, eta kategorikoa naiz hau esatean. TV3ko albistegietan, kazetariek erredaktatu eta emititzen dute beraiek landu eta kontrastatutako informazioa. Erredakzio Kontseiluetan eztabaidak oso biziak eta profesionalak dira. Hau, adibidez, ez da gertatzen TVEn, Kataluniako delegazioan izugarrizko tentsioa dago. Komunikatuak idazteaz gain, publikoki protestak egin dituzte zentsura eta dirigismoa salatuz. Giroa erabat bestelakoa da, baina hala ere, egurra guri ematen digute. Asmo txarrez sortutako polemika faltsua agerian uzten duen paradoxa da.

InfoK saioaren filosofia azalduko diguzu mesedez?

Haurren katean arratsaldero 20 minutuz egiten dugun albistegia da, 10 urte arteko haurrei zuzendua. 16 urte daramatza antenan eta sari asko irabazi ditu, tartean UNICEFena. Alor honetan Europako hiru erreferenteetako bat da. Gertatzen ari dena haurrei azaltzea da filosofia eta beraiek ulertzea. Hau da albistegietan zailena, eta erredakzio osoa lan honetaz oso harro dago. Ea nola azaltzen diozun haur bati, berak ulertzeko moduan, Katalunian gertatzen ari dena, edo BPGa zer den, krisi ekonomikoa, abuztuko atentatua, sexu erasoen albisteak, bullyinga... Ariketa hau egiteko ahalegin periodistiko handia egin behar da, bideoak egiteko informazioa eta lengoaia asko murtxikatu behar dira. Audientzia du eta aurkezleak eskolaz eskola ibiltzen dira hitzaldiak ematen. Gainera, eskolek askotan erabiltzen dituzte bideo hauek, batzuek ia egunero, gai zailak azaldu behar dituztenean.

Zer espero duzue Espainiako Estatuak egitea? Posible ikusten duzue Polizia manu militari erredakzioan sartzea?

"Errealitatearen perbertsio handia ari dira Espainiako hedabideak inposatu nahian"

Orain une arraro batean gaude, zer gertatuko zain. Baina bai, irailaren 20an Generalitateko karguak atxilotu zituztenetik aurrera, erredakzioak intentsitate handiz barneratu zuen Guardia Zibila TV3ren egoitzan sartzeko aukera, telebista publiko gisa, estatu egitura bat garelako. Sinbolikoa da. Gure aurkako kanpaina orkestratu bat ikusten dugu, eta agerikoa da jo-puntu bat garela. Larritasunez bizi izan dugu egoera, baina ezin dugu beti presio horrekin lan egin. Badakigu estatuak nahi duena egingo duela, baina guk ez diogu aitzakia objektiborik emango. Gure lana ongi egiten jarraitu behar dugu.

Aitzakia badute, eurek debekatu zuten eta zuek emititu zenuten urriaren 1eko erreferendumaren publizitatea.

Bai, publizitate instituzional hori emitituz bagenekien Espainiako Konstituzio Epaitegiaren kautelazko suspentsioa desobeditzen ari ginela, baina pentsatzen genuen gehienez ere, Guardia Zibila etorriko zela esanez “publizitatea kendu ala zuzendaritza atxilotuko dugu” gisako zerbait. Ez zen hori gertatu ordea. Guk emititzen genuen, telebista publiko eta nazionala garelako, Parlamentuak sortu gintuen. Badakigu, eta informatiboki garbi utzi dugu, Espainiako hedabideek “erreferendum ilegala” deitu arren, ez zela hala, kautelaz suspenditutako erreferenduma baizik. Ez zen ilegala, ez dagoelako legerik esanez ilegala dela erreferenduma egitea. Lengoaiaren perbertsio handia zegoen hor beraz. Parlamentuaren menpe gaudenez, publizitatea emititzean, Parlamentuko legeen arabera jokatu genuen nahiz eta bagenekien Espainiako lege batzuk aurka zihoazela. Arrisku hori genuen, situazioa delako dena, eta ez dago tarte handirik.

Herri mugimenduetatik askoz ere gertuago dauden eta beste kazetaritza mota bat egiten duten kazetari batzuekin ari nintzela, TV3ri buruz oso ongi hitz egin zidaten, “Europako katerik profesionalenetako bat da” esatera iritsiz. Hori ez da ia inon gertatzen. Zein dira gakoak?

Paradoxa da, ez delako konplikatua. Tristeena da hau salbuespena izatea. Beti irizpide profesionala lehenestea da erantzuna. Gertatzen dena da, telebista publiko askotan ez direla lehenesten irizpide profesionalak, baizik eta ideologikoak, alderdikoiak edo ekonomikoak. Heroismoa iruditzen zaigu, TV3n bezala, beste gauza guztien gainetik independentzia profesionala eta kazetaritza irizpidea jartzea. Ez bakarrik zuzendaritzatik hori hala egitea erabaki delako, erredakzioaren egituragatik ere. Kontrapisu asko ditu. Enpresa batzordeaz gain, komite profesionala dago, sekzio guztietako kazetariek osatua eta edukia zaintzea helburua duena. Edozein duda hor hitz egiten da. Debatea eta autokritika etengabea da. Barne-kontrol autonomoak daude eta kazetariek bozkatzen dute ea hemen zein kazetariek hartu behar duten parte. Edozeren gainetik kazetaritza irizpidea lehenetsi dadin borondatea esplizitua da. Beste hedabide askotako kideek ulertzen dute, albistegietako zuzendaritza aldatzean, programen zuzendariak afinitate horren arabera aldatzen dituztela. Nik urte eta erdi daramat karguan eta egin ditudan aldaketa guztiak beti irizpide operatiboengatik egin ditut. Ez dago kasu bakar bat ere, aldaketa afinitateagatik egin izanagatik salatua edo susmagarria. Ez delako halakorik izan. Jendea aginte postuetan jartzean, irizpide periodistiko eta ibilbideagatik egin behar da, ez afinitate politikoagatik. Eta hori ongi egiteak bere fruituak ditu.

Imajinatzen duzu TV3 gaztelaniaz?

"Gure aurkako intoxikazio kanpaina salbatzea da erronka nagusia"

Inola ere ez. TV3ren fundazio-arrazoia telebista katalanez egitea da. Kataluniak telebista duin bat bere hizkuntzan izatea da gure existitzeko arrazoia. “Katalunian bi hizkuntza daude, eta erdia eta erdia egin”, diote PP eta Ciudadanosetik.Hasteko ez daude bi hizkuntza Katalunian, 300 baizik, baina nahiz eta gaztelania katalanaren paretsu egon bataz beste, ez du zentzurik erdia eta erdia egiteak. Gure herrialdea islatu behar dugu eta hala egiten dugu. Gaztelaniaz hitz egiten dutenak ateratzen dira elkarrizketetan eta abar, azpitituluak askotan erabiltzen ditugu, baina aurkezle eta programa guztiak katalan hutsean dira, katalan hizkuntzak soilik TV3 duelako. Telebista kate gisa bataz beste %11,5eko sharean gabiltza. Horrek esan nahi du beste %88,5 gaztelaniazko telebista kateek osatzen dutela. Beraz, Katalunian telebista ikusten duten herritarrek badaukate gaztelaniazko eskaintza. Polemika horrek ez du zentzurik.

Zein erronka dituzue aurrera begira?

Intoxikazio kanpaina salbatzea da erronka nagusia. Ez diogu utziko gure lana ongi egiteari eta Espainiako hedabideen presio mediatikotik isolatzen saiatzen ari gara. Gure irizpide eta estiloari eutsi... eta ez al da Espainiako Estatuaren interbentzioa gertatuko! Desastrea litzateke, bai guretzat, bai herrialdearentzat, baita orokorrean ere, Espainiako gizarteentzat. Oso larria litzateke eskubide zibilen ikuspegitik. Bada jende bat justifikatu egingo lukeena Espainiako hedabideek sortu duten kontakizun faltsu horren erruz, Kataluniari buruzko gezurrengatik. Kataluniako protesta baketsuak bilakatzen dituzte istilu [“altercado”] edo iskanbila [“tumulto”]. Espainiako gizarteak interbentzionismoa eta estatuaren erasoa eros ditzan kontakizuna osatzen ari dira, eta hori oso arriskutsua da.

"TV3 eta Catalunya Ràdioren bila joango dira"

“Kataluniako garai erabakior hauetan, hainbat medio erabakitzeko eskubidearen aurka ari direla argi ikusten da, eta beraz, mugimenduak gertatzen ari dira: jendea hedabidez aldatzen ari da, El País gisako hainbat mediotan zutabegileak zentsuratzen edo joaten ari dira, medio berriak sortzen ari dira... Kataluniako gizartea berkokatzen ari da, eta hedabideak horren isla dira”. La Directako kazetari David Bou eta Jesús Rodriguezekin bildu gara, hedabideen prismatik abiatuta, egoera aztertzeko.

Hedabide publiko eta pribatuak bereizten dituzte analisirako. Pribatuen alorrean, prozesuaren beroan hainbat medio digital sortu edo aurretik existitzen zirenak indartu dira. Hor aipatzen dituzte El Mon, Nació Digital eta Vilaweb adibidez. “Hedabide hauek  diru-laguntza publikoak jasotzen dituzte, eta albisteak sortu eta sortu ari dira, asko biralak, proiekzio handia emanez soberanismoaren kontakizunari”, dio Bouk. Hedabide hauek harpidedunak irabazten ari dira beren hitzetan.

Txanponaren beste aldean, papereko egunkariak. Rodriguezen hitzetan, azken sei urteetan Bartzelonako kioskoen erdia inguru itxi dute, eta egun, paperak ez du hainbesteko eraginik: “Egunkariak medio digital bilakatzen ari dira, eta egunkarien salmenta ia %70 jaitsi da”. Bere hitzetan “prentsa idatzia hilzorian dago”, eta El Periodico eta El País gisako egunkariak ez badituzte itxi, batzuek hori gerta ez dadin dirua jartzen ari direlako da. La Vanguardiari negozio arazo bat ikusten diote: bere irakurlegoa prozesuan sartuta dago, zuzendaritzak berau suntsitu nahi duen bitartean. Hortik hitzak neurtu beharra, milaka harpidedun galdu nahi ez badituzte.

Herri mugimenduei eta protesta sozialei arreta handiagoa jartzen dien La Directako kideak pozik daude. Harpidetzetan gora ari dira, eta jende berria proiektura erakartzeko aukera ikusten dute egoera politiko honetan. Erreferendum eguna jorratzeko, aurretik greba orokorretan hasitako bidetik, hemeretzi kolektibo eta herri hedabidek indarrak batu zituzten Agència UO (Urriak 1 Agentzia) sortzeko. Guztira 150 lagun aritu ziren lanean egun horretan. Zer hobetua ikusten badute ere, halako ekimenen potentziala argi dute: lanera jende berria aktibatu eta bertan trebatzeko aukerak handiak dira. Aurrera begira, beren lekua berregiten ari direla diote, makro-politikak hartu duen dimentsioa ikusita, eta beste hedabide batzuekin albiste kopuruan ezin dutela konpetitu jakitun, beste eztabaida batzuk mahai gainean jartzeko arrakalak irekitzeko egin nahi dute lan. “Orain gizartea oso harbera dago eta zer gertatzen ari den ulertzeko iturri eta ikuspuntu berriak bilatzen ari da. Aukera bikaina da gurea bezalako proiektuentzat, ehunka milaka lagun daude burua zabalik”.

Hedabide publikoak jo-puntuan

TV3 eta Catalunya Ràdiok albistegien esparruan duten nagusitasuna oso esanguratsua iruditzen zaie Rodriguez eta Bouri: “Albistegien kulturak erabakitzen du gertatzen ari denaren eta ez denaren marko mentala. Horregatik joango dira, goiz edo berandu, TV3 eta Catalunya Ràdioren bila”. 155 artikulua aplikatu eta autonomia bertan behera utzita, aginte-kate eta egitura politiko kontuagatik, Lehendakaritza kontseilaria erori ostean, honen azpian TV3 eta Catalunya Ràdioko buruak daudela gogoratzen dute. “Denaren bila joango dira”.

Herritarrek orokorrean TV3 ez dutela arriskuan ikusten uste dute. “Ez naiz inoren gainetik jarriko moralki, baina batzuetan inozentzia puntua dagoela iruditzen zait. Halere, esan behar dut oso harrituta nagoela ikusita mobilizazioak zein puntutara heltzen ari diren, jendea eskolen atarietan egon baitzen eta jipoituta atera asko. Dena den, uste dut ez garela kontziente zer nolako tamaina hartzen ari den guztia. Gure belaunaldia ez gara hain egoera zailean sekula egon, ez ditugu imajinatu ere egiten gertatuko diren gauzak, gertatzear dago”, dio Bouk.

“Nora doa hau?” galderari erantzun gordina eman dio Rodriguezek: “Hemen unionistek ez dituzte hauteskundeak irabaziko. Katalunia indarrez hartu beharko dute. Zazpi urteko prozesuaren nekea neke, azken hilabetean gertatu den guztiarekin harri bat bezain gogor dago bi milioi pertsonatik gorak osatzen duten blokea, eta 155. artikulua aplikatuta, gehiago. Alderdi independentista guztiak ezin dituzte ilegalizatu, hori egiteko, estatu kolpe bat fundamentuz ematen duzu. Halere, errepresio maila traumatikoak aplikatzeko gai dira”, dio kazetari zailduak. Bere ustez, hildakoak badaude baliteke klase ertainek borroka utzi nahi izatea, baina kontrakoa ere gerta daitekeela dio. “Nik ez dut garbi ikusten nola kontrolatuko duten lurraldea. Agian Bartzelona kontrolatzera hel daitezke indar guztia horretara jarrita, baina Katalunia osoa?”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Katalunia independentziarantz
Junts-PSOE akordioa
Amnistia legea eta negoziazio mahai berria, legealdi akordioaren truke

Akordioaren bidez Juntsek eta PSOEk Kataluniako gatazka historikoa bideratuko duen etapa berri bat ireki nahi dute. Horretarako, bi indarren arteko negoziazio mahai bat eratu dute eta bertako edukiak eta akordioak segitzeko bitartekaritza mekanismoa adostu ere bai.


'La Directa' babestu dute ARGIAk eta beste hainbat hedabidek: "Kazetaritza ez da terrorismoa"

La Directa-k salatu du Jesús Rodríguez kazetaria inputatu izana “informaziorako eskubidearen aurkako erasoa” dela. Elkartasun manifestua plazaratu dute Rodríguezi babesa helarazteko, eta dozenaka hedabide eta erakundek sinatu dute jada, ARGIAk... [+]


La Directako kazetari bat ere "terrorismoagatik" inputatu dute Tsunami Demokratikoaren auzian

Espainiako Auzitegi Nazionalak “terrorismo-delitua” egotzi dio Jesús Rodríguez La Directako erredaktoreari eta beste hamaika pertsonari, tartean Carles Puigdemont presidente ohi eta Marta Rovira ERCko idazkari nagusiari, 2019ko epaiaren aurkako... [+]


Puigdemont eta Rovira inputatu ditu Auzitegi Nazionalak Tsunami Demokratikoagatik

Espainiako Auzitegi Nazionala 2019ko udazkeneko protestetan “terrorismo” deliturik izan ote zen ikertzen ari da. Bitartean, PSOEko eta JxCko ordezkariak Bruselan bilduta daude.


Jordien indultua egokia dela onartu dute eta Miquel Buch kontseilari ohia lau urtera zigortu

Ostegun honetan ezagutu dira bi epaiak. Batean, Espainiako Auzitegi Gorenak balekotzat eman ditu Jordi Cuixart eta Jordi Sánchezen indultuak. Bestean, Bartzelonako Auzitegiak laur urte eta erdiko kartzela zigorra jarri dio Miquel Buch Generalitateko Barne kontseilari... [+]


Eguneraketa berriak daude