Glu-glu-glu-glu

Bukatzear dagoen uda honetako egun batean izan zen. Gernikan nenbilen egun-pasa. Gazte bat neukan ondoan, pasieran, eta Joxemari Iparragirreri eskainitako monumentu bat ikusi genuen herri erdiko plazan, brontzezko eskultura-erretratu horietako bat. “Noski –esan nuen–, Gernikak bere esker ona adierazi behar urretxuarrari”. Ondokoak ez zuela ulertu iruditu zitzaidan, eta gehitu nuen: “Gernikako Arbola idatzi zuelako, herriari fama eman zion kanta”. Eta orduan ohartu nintzen ez zeukala ideia handirik ez nor izan zen Iparragirre, ez Gernikako Arbola kantak zer dioen, ez ezer…

Gazte xalo baten despisteari egotzi nahiko nioke ezjakintasun hori, baina D ereduan ikasitakoa zen, nota onak ateratakoa eta jakin-mina zuena; beraz, pentsatzekoa da berarekin ikasitako guztiek beste horrenbeste edo gutxiago jakingo zutela gai horietaz. Gogoratzen jarri nintzen: nik erdaraz ikasi nuen, giro erdalduna genuen kalean ere, eta hala ere, ez naiz oroitzen nola, arazo handirik gabe kantatuko nituzke Iparragirreren kanta famatuenen hasierak behintzat: “Gazte-gaztetatikan”, “Zibillak esan naute”, “Ume eder bat”, “Zugana Manuela”, “Trapu zaharrak”, “Hara nun diran”… Ez ni bereziki kantazalea nintzelako ere: giroan zegoen nonbait haien berri izatea, edo irratian entzungo genituen, edo ez dakit.

Kontua ez da Iparragirre. Bost axola haren gitarra zakurraren ipurdira bidalita ere. Arazoa da, nire ustez, azken hamarkadetan euskara irakatsi duela eskolak Euskal Herriko zati handi batean; euskaraz ere irakatsi duela eskolak, bai, baina alde batera utzi dela, neurri handi batean, euskal kulturaren transmisioa; belaunaldi berriak euskaradun izan zitezen arduratu gara (zer-nolako euskaldunak, besterik da, eta horretaz ere badago zer hausnartu eta zertaz kexatu), baina (ia) inori ez zaio bururatu euskaldun ez ezik, euskaltzale ere bihurtzea.

Ez naiz aditua hezkuntza gaietan. Ez dakit urteotan izan diren curriculumek zer dioten zehazki, ezta gai horiek eskola publiko, ikastola edo eskola kristauetan nola lantzen diren ere, lantzen badira. Sakonago pentsatuta, eskolari bota diot nik errua, baina beharbada gizarte osoarena da akatsa: komunikabide, erakunde, herri-talde eta ni bezalako sasijakintsuena.

Edozein modutan, iruditzen zait herriaren maitasuna (hitz kurtsia barkatzen badidazue), nortasuna eta identitatea berariaz ez lantzeak zerikusi zuzena duela hizkuntzaren erabileran konstatatu dugun beherakadarekin, haur eta gazteen artean sumatzen dugun atxikimendu faltarekin, helduok ere dugun frustrazio sentipenarekin.

Glu-glu-glu-glu kanta entzunda, bizitzaren gorazarrea ez baizik eta urpera doanaren azken arnasa etorriko ote zaigu burura.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
Isilean


Materialismo histerikoa
Zainduta

Umea gelan eranzten utzi, eta ni lau minutuan jantzi naiz, bi pasa behar izan ditudalako pulamentuzko kulerorik ez dudala ohartzeko, eta souvenir moduan gordeta nituen norbaiten kaltzontziloak janzteko. Nik bakarrik jakingo dut galtzen azpian Spiderman daramadala. Hogeita bost... [+]


2024-05-12 | Diana Franco
Teknologia
Norbera izatea ahaztu

Oso gogoko dut zientzia fikzioa, genero honetan istorioak oso modu aldrebesean kontatuak izaten badira ere. Fikzioa erabiliz, dugun errealitate konplexua azaltzeko edota eraldatzeko modu berriak lantzen dira. Ocativa E. Butler zientzia fikziozko idazleak, elkarrizketa batean,... [+]


Israel ahulduta eta Iran boterea hartuta

Azkeneko hamarkadan Frantziak, Erresuma Batuak eta AEBek Siria inbaditu zuten nazioarteko legedia hautsita. 2024an oraindik Washingtonek Siria okupatzeko dozena bat base militar inguru ditu eta herrialdearen petrolioaren zati handia lapurtzen du. Israelek Siriako eta Palestinako... [+]


Eguneraketa berriak daude