DSEI azoka Londresen: gerra hemen hasten da, hemen gelditu dezagun

  • DSEI Defence and Security Equipment International deitzen da munduko arma ferietan handiena eta Londresko ExCeL erakustazoka erraldoian irailaren 12tik 15era egingo da, jendeak hiltzeko teknologiarik sofistikatuenen inguruan tratuak egin ditzaten mundu osotik iritsitako ekoizle, erosle, bitartekari, agintari eta militarrek. Atarian zain edukiko dituzte gerraren erregaia den arma trafikoa gelditu nahian hurbildutako ekintzaileak.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria
2017ko irailaren 10a
Arma Komertzioaren Kontrako Kanpaina (CAAT ingelesezko sigletan) elkarte bakezaleak zabaldutako irudia da, 2015ekoa. Ezkerrean ageri den ekintzaileak Londresko DSEI arma azokara datorren partaideetako bat lokalizatu du aireportuan (“DSEIra zoaz? Lagunduko
Arma Komertzioaren Kontrako Kanpaina (CAAT ingelesezko sigletan) elkarte bakezaleak zabaldutako irudia da, 2015ekoa. Ezkerrean ageri den ekintzaileak Londresko DSEI arma azokara datorren partaideetako bat lokalizatu du aireportuan (“DSEIra zoaz? Lagunduko al dizut?” izeneko afixak erakutsita engainatuz) eta lotsaizun uzten du “Arma trafikatzailea” dioen tixertarekin: Royal Victoria Dockeraino karrikan bezala metroan aurkituko dituzten herritar guztiek jakingo dute negozioaren berri.

Zer itxura ote dauka barrutik munduko arma azoka handienak? ARGIAren irakurle horrek nahita ere ezingo duzu barrutik ikusi, gonbidapen berezirik ez duen jende arruntak ez daukalako sarbiderik, baina atariraino hurbilduz gero hegazkin sofistikatu bat aurkituko duzu, Ingalaterrako udazkeneko eguzkitan dir-dir. Gerrako ontziak ere topatuko dituzu Royal Victoria Dock kaian amarraturik, arma-saltoki erraldoira hurbilduko diren 34.000 saltzaile eta erosleek ilunabarretan beren tratuak koktelez ospatu ditzaten.

STAF Stop The Arms Fair (Gelditu Armen Feria) mugimenduak azaltzen duenez, segurtasun hesien gainetik barneratzea lortuko bazenu, zeure begiz ikusiko zenituzke bertan saltzen diren dron, tanke, fusil, helikoptero, auto armatu, gas negar-eragile, bonba eta misilak. Balak mulko dotoretan erakusten dira eta diktadore kapritxoso batek aurki dezake beretzako pistola urrez doratua. Hemen diktadoreak Britainia Handiko funtzionario eta militarrek babestuta paseatzen dira.

Militarrek beren ekipamenduak erakusten dituzte. Sala batek eduki dezake bonbardatutako kale baten itxura. Harantzago saia zaitezke blindatu batera igotzen edo kainoi baten atzean esertzen, berriketa lasaien murmurioak inguratzen zaituela.

Itxura lasai hori emanagatik, ordea, DSEI ez da bilkura jator bat, diote STAFeko ekintzaileek. Israelek bere pabilioian erakusten duen ekipamendua “guduan frogatua” dela argudiatzean, benetan adierazten duena da palestinarren larruazalean testatua daukala. Gerrako ontzi ikusgarrietan milioika libra xahutu dira diru publikotik. Sarrerako aireplano distiratsuaren bikia aurki zenezake gaur bertan Yemenen eskolak eta ospitaleak bonbardatzen Saudi Arabiaren ikurrez apaindua.

Bi urtean behin irekitzen ditu ateak DSEI munduko arma azoka handienak. Lehen edizioa 2001eko irailaren 11n abiatu zen… justu islamistek New Yorkeko Dorre Bikietan hegazkinak zapartarazi zituzten egun berean. Londresko ferian zegoen zenbait lekukok aipatu zuen zein haluzinagarria zen atentatuen irudiak zuzenean ikustea armarik modernoenez betetako sala haietatik.

Hasieratik protestak pizturik, 2003ko azokarako antolatzaileek eskatu zuten ez ekartzeko airean bonba txiki ugaritan sakabanatzen diren luku bonbarik, hain zuzen Erresuma Batuan sekulako polemika zegoelako batik bat zibilak hiltzen dituzten munizio horien inguruan. Zenbait hedabidek erakutsi zuen, ordea, stand bat baino gehiagotan zeudela salgai Irakeko gerrak ospetsu egindako bonba hilgarriok.

2007an erakustazoka kokatuta dagoen Newhameko udalerriak eskatu zuen bertan behera uztea, ez dirudielako morala irailaren 11rekin batera burutzea arma feria erraldoia non eta biztanleen erdia gerran dauden herrialdeetatik ihesi etorria den auzo batean. Gerraren kontrako mugimenduaren ekintzak ere ugarituz joan ziren urte horietan, baina ez diote azokaren arrakasta lausotu gerraren industriari.

Ontsa hiltzeko gailuak

Clarion Events konpainiak antolatzen du azoka. 50 herrialdetan antolatzen dituen ferien artean gero eta gehiago dira segurtasun gaiekin zerikusia dutenak: Borderpol konferentzia mugen segurtasunaz, Bahrainen erakustaldi militarra, gerra elektronikoaz Lausanan...

2017ko DSEIren antolatzaileek beren webgunean iragarri dutenez, bost ataletan banatuko dira standak bezala bilkura eta seminarioak: Aireko gerra, Lurrekoa, Itsasokoa, Segurtasuna eta Joint deitua, gerrako atal askoren saski-naskia (komunikazioak, gerra elektronikoa, logistika, gerrako medikuntza…). 34.000 bisitari kualifikatu espero dituzte, jakinda duela bi urtekoan 30.000 etorri zitzaizkiela, “horien artean Defentsa ministroak, nazioarteko militar eta indar armatuak, industriako protagonista nagusiak eta konpainia pribatuak”. 2015eko edizioan 42 pabilioi zenbatu ziren, 84 herrialdetatik iritsitako 2.900 VIP pertsonaia, 108 herrialdetako bisitariak...

Webean ondo sailkaturik ageri dira saltzaileak, denen buru mundu armen komertzioaren Top Ten multzoa: Lockheed Martin (denetan txapelduna salmentan), Boeing, BAE Systems, Raytheon, Northrop Grumman, General Dynamics, Airbus, United Technologies, Leonardo eta L2 Tecnologies. Horien ondoan izango dira, herritarrok gerrarekin lotzen ez ditugun zientoka konpainia handi, Fujitsu bezala Canon… Ezin konta ahala zerbitzu eta produktu eskainiko dituzte puntako bertsio berrienetan, izan eskuko arma, misil, aireplano, tanke, gerraontzi, gailu elektroniko edo jendeak kontrolatzeko sistema.

“Hemen saldutako armak dira –diote Stop The Arms Fair kanpainako ekintzaileek– mundu osoko militar, polizia eta mugazainek eragiten dituzten heriotza, suntsiketa eta bidegabekerien erregaia. Hemen hasten da gerra, eta hemen egin dezakegu lan hura geratzeko”.

Ekintza sail zabala antolatu dute abuztu amaieratik hasita Londresen. Irailaren 4tik 11ra arte Occupy DSEI kanpalekua burutu behar zuten ferilekuaren inguruetan, egunero osagai bat nabarmenduz. 4ean “Ez armatu gehiago Israel” eguna. 5ean “Ez sinetsi gerran” (No Faith in War), hainbat erlijio eta sinesmen duten ekintzaileen otoitz, kanta eta bestelako ekintza baketsuz. 6an arma nuklearren kontrakoa, Trident misil atomikoak zaharberritzea salatzeko, eta erakustazokara ekipamendu militarrak sartzea eragozteko ahalegina. Egun berean, “Armen ordez Berriztagarriak”, heriotzaren ordez lanpostuak aldarrikatuz. 7an “Mugitzeko askatasuna jendearentzako, ez armentzako” etorkin, feminista eta queer jendeak antolatuko duena. 8an hitzaldiak erakustazokaren atarian, intelektual eta akademikoek emanak.

Irailaren 9a izendatu dute armen trafikoaren kontrako egun zentral, DSEI atarian klase guztietako musika, zalaparta, arte erakusketa eta inauteri builatsu antolatuta. 10ean “Gerra hemen geratu behar da”, herritarrak feriaz eta armen salerosketaz informatzeko eguna. 11n gaualdi isila munduko gerren biktimekiko elkartasunez, goizean lore eskaintza gerraontziak salgai dauden kaiko uretan.

2015eko irailean armak erosi edo saltzera zetozen milaka militar eta exekutiboetako batzuek harrera komite berezia aurkitu zuten aireportuan bertan: itxuraz azokarainoko bidaia erraztera etorritako laguntzaileak benetan gerraren kontrako ekintzaileak ziren eta beren pabilioietarainoko oinez bezala metroan txango osoan soportatu behar izan zituzten hauen salaketak. Emaitza interneten dago bideoz: Meeting and greeting arms dealers #stopdsei”.

Kanal hauetan artxibatua: Armagintza  |  Erresuma Batua  |  Bakegintza

Armagintza kanaletik interesatuko zaizu...
Bilboko jolas-parkea gudu-zelai bihurtua, iaz 15.500 ume gatazka armatuen biktima izan zirela salatzeko

15.500 haur hil, mutilatu edo soldadu egitera behartu zituzten iaz, gatazka armatuetan. Gerretara armak saltzen dituzten herrialdeak salatu eta salerosketa hori amaitu dezatela eskatzeko, Bilboko jolas-parke bat gudu-zelaia bailitzan irudikatu dute.


2017-11-15 | Axier Lopez
Ongi etorri armak, refugees go home!

Bilboko Portuaren plan estrategikoaren onurak hedabidez hedabide azaltzen aritu da Asier Atutxa presidentea. Baina, enpresariek beren enpresez hitz egitean ohikoa duten autobonboaz aparte, bi galdera ‘deseroso‘ erantzun behar izan ditu. Bata, errefuxiatuak portura ez sartzeko eraikitzen ari diren harresiari buruz. Eta bigarrena, martxoan Ignacio Robles suhiltzaile desobedienteak piztu zuen eztabaidaren harira, Saudi Arabiara bidean Bilboko Portuan izan diren armaz betetako... [+]


2017-11-09 | Juan Mari Arregi
Portuak, bizitzarako edo heriotzarako?

Bilboko Portuak bost urterako Plan Estrategikoa aurkeztu berri du. Getxoko kruzeroen kaian egin du, munduko itsasontzi hoberenetan milaka turista igarotzen diren tokian. Zein da Plana? Irakurleek prentsa bidez jakin ahal izan dute. Baina portuko agintariek ez dituzte azaldu milaka lagunen bizitzari –eta heritozari– eragiten dieten beste alderdi batzuk, nahiz eta portu hori funtsezko tresna izan. Horixe gogoratu zuen Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak, Planaren aurkezpen... [+]


2017-11-09 | Unai Brea
"Legezkoa den bitartean...", Bilboko Portuko presidentearen erantzuna bertatik armak esportatzeaz

Datozen bost urteetarako Bilboko Portuaren Plan Estrategikoa aurkeztu zuten asteazkenean Getxoko gurutzontzien terminalean. Kanpoko aldean hainbat pertsonak Portuaren politikengatik protesta egiten zuten bitartean, Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideak arma trafikoaz igorritako galderari erantzun zion Asier Atutxa Portuko Agintaritzako presidenteak: “Legezkoa den bitartean, nire iritziak ez du axola”.


2017-11-08 | Unai Brea
Arma esportazioaren eta migratzaileei hesiak jartzearen aurkako protesta Bilboko Portuan

Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak deituta, Bilboko Portuaren politiken kontra protesta egiteko hainbat lagun bildu dira Getxoko gurutzontzien kaian, portuko Plan Estrategikoa aurkezten ari ziren bitartean. Armak esportatzea eta migratzaileei trabak jartzea salatu dute besteak beste.


2017-10-21 | Estitxu Eizagirre
"Zer egingo dugu, arma fabrikak konbertitu, edo txalo jo gerrak daudelako?"

Mikel Oterok (EH Bildu) salaketa hau egin zuen urriaren 20an Eusko Legebiltzarrean: "Bilboko portutik armamentuz kargatutako ehunka edukiontzi ateratzen dira Saudi Arabiara. Arma horiek gerra krimenak egiteko erabiltzen dira, etikaren eta legearen aurka. Eta hori gertatu dadin, beharrezkoak dira kolaborazio edo utzikeriak. Gaur aztertu nahi dut, Jaurlaritzaren kolaboraziorik baden".


2017-10-05 | Andoni Mikelarena
AEB: 100 biztanleko 88 arma

“Lagun bat duzu Etxe Zurian”. Hitz horiekin agurtu zuen Donald Trump AEBetako presidenteak Erriflearen Elkarte Nazionala (NRA, ingelesezko siglekin) presidentetzara iritsi zenean. Gauza jakina da AEBetan armen industriak duen indarra. Munduan biztanleko arma gehien dituen estatua da, besteak beste.


2017-09-25 | Estitxu Eizagirre
Espainiako Gobernuak ustelkeria kasuen ondorioz desegitea erabaki duen Defex enpresaren zati dira Sapa eta Alfa Lan

Irailaren 22an onartu du Gobernuak Defex enpresa publiko-pribatua desegitea eta likidatzea. 45 urtean armamentuak esportatzen aritu da eta arma enpresei atzerriko gobernuekin negoziaketetan laguntzen. Ustelkeria kasuek ekarri dute Gobernuak desegiteko erabakia hartzea. Ibon Aperribay da Sapa enpresatik Defexeko kontseilaria.


2017-09-24 | Estitxu Eizagirre
Etxean uso kanpoan kondor

Indarkeria militarrak munduko edozein txokotan jendea hiltzea negozio da Euskal Herriko ehun bat enpresarentzat. Ez alferrik, erakunde publikoek industria hau sustatzen dutela azaldu digu Gasteizkoak kolektiboak. Aldiz, herritarrok zeharo hunkitzen gara, eta asaldatzen, arma hauek sortzen duten tragediaren irudiak ikustean. Gertaera horietan Euskal Herriak duen parte-hartzea ezkutatzen zaigu, edo ez jakitea dugu nahiago? Bitartean, euskal herritarron eguneroko bizitza ere gero eta... [+]


2017-09-24 | Estitxu Eizagirre
Euskal Herriko enpresek esportatutako armamentua (2015-2017)

Delas Zentruaren mapak erakusten ditu gerran diren herrialdeak (gorriz), barne gatazkak dituzten puntu beroak (laranjaz) eta gerretan parte hartzen ari diren herrialdeak (horiz). Bildu ditugun datuekin kokatu ditugu mapan puntu beltzak: hauek erakusten dute Euskal Herriko enpresek puntuak markatutako herrialdera gai militarrak esportatu dituztela. Enpresek ez dute obligaziorik expotazio hauek publiko egiteko eta beraz, ditugun datuak izebergaren punta baino ez dira. Horien artean nabarmentzen... [+]


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude