"Jainkorik baldin badago, arrazista itzela da"

  • Aleida Guevara March kubatarra (Habana, 1960) pediatrian doktorea, mediku internazionalista, Alderdi Komunistako kidea eta bi alabaren ama da. Habanako William Soler haur ospitalean egiten du lan eta Che Guevara ikerketa gunean laguntzailea da. Cheren alaba izateagatik ezaguna, Kubako iraultzaren eta aitaren figuraren defentsa egiten du maiz, nazioartean parte hartzen duen foroetan. Berriki Bilbon izan da, Euskadi-Cuba elkarteak antolatutako elkartasun topaketa batean. Aitaren figuraz, bizipenez eta iraultzaren osasunaz solastu gara berarekin.

Argazkia: Aritz Loiola.
Argazkia: Aritz Loiola.

Che Guevararen alaba izatea zer izan da zuretzat: ardura, ohorea, abantaila... Nola bizi izan duzu?
Plazer handia izan da, txikitatik jakin nuen gauza asko jasoko nituela nire herriak maite duen gizon baten alaba izateagatik, baina ama oso zuhurra izan zen, eta bakarrik geuk irabazitakoa hartzen irakatsi zigun, hantusterik gabe, kubatar emakume eta gizon moduan. Amak ez zuen inolako tratu berezirik onartu eta edozein kubatar gazteren antzera tratatuak izan gintezen exijitu zuen beti.

Harreman gutxi izan zenuen aitarekin, eta oso txikia zinen hil zutelarik.
Munduan barna iraultzaren mezua ez zenean zabaltzen ari, ministro lanetan-eta, egunero 16 ordu sartzen zituen maiz lanean, bera izan baitzen iraultzaren lehendabiziko industria ministroa. Berak, gainera, larunbatetako borondatezko lana sortu zuen, beraz, asteburuetan ere, gutxi ikusten genuen. Behin batek zera esan omen zuen ironiaz “nahiko nuke jakin zenbat ordu egiten duen lan ministro jaunak”. Hurrengo batean ministroak deitu zion tipoari, eta ordu batean agertzeko esan. “Ados, eguerdiko ordu batean beraz, bazkaldu ondoren, ondo” esan zuen berak. “Ez, ez, gaueko ordu batean” erantzun ziotenean zelako aurpegia geratu zitzaion! Boliviara joan zenean, amak seme-alaben ondoan geratzea aukeratu zuen.

Haren bidea jarraitu zenuen, hala ere, mediku ikasi eta internazionalista joan zinen Nikaraguara.
Karrerako azken urtean nengoela heldu nintzen Nikaraguara, han iraultzak boterea hartu berri zuela, gure taldean 480 ginen, eta esperientzia gogorra izan zen. Gure ospitaleetan giza bizitzari garrantzia handia ematen zitzaion, baina han, gogoan dut behin arnasa hartu ezinik zegoen jaioberri bati tutuak sartzen ari ginela, Anita erizainak haur hark “Jauna deika zuela” esan zidan, ez ahalegintzeko hainbeste. Hijoputometroa apurtu zela pentsatu nuen orduan. Nikaraguan izan nituen lehenengo bi erditzeetan bakarrik nengoen, artean kirurgiatik igaro gabea nintzen eta ez nekien nola josi. Ehungarrenerako masterra egina nuen, eta ez zitzaidan haur bakar bat ere hil.

Gero Angolara, gerrara gainera.
Bai, lehenago urte bat eman nuen Moan, irlaren ekialdean. Amak negar asko egin zuen, baina ez neukan aparteko loturarik Kuban, eta abiatu egin nintzen. Han bai, han hijoputometroak eztanda egin zuen. Erizain bakarra zegoen ospitalean, lokatz artean, elektrizitaterik gabe... Oso gogorra izan zen, adibidez, aita bat ikustea, lepoan hiru seme-alaba hilik zekartzala. Handik bueltatuta, Italiara gonbidatu gintuzten, hango herri batean aitari omenaldia egin behar ziotela eta. Vatikano hiria bisitatzeko aukera izan genuen ahizpak eta biok. Hura haserrea, hango museoko urrezko alfonbra bakar batek Angolako nire haur guztien bizitza salba zezakeela pentsatzean. Jainkorik baldin badago, arrazista itzela da. Angolara bueltatu nintzen gero, senarrarekin, eta han egin genuen gure lehen alaba, Estefania, 1988ko abenduaren 21ean Kuban jaioa. Biharamunean bake akordioa sinatu zuten Kubak, Angolak eta Hegoafrikak. Namibiaren independentzia onartu eta erretiratu egin ziren. Hegoafrikako Apartheid-aren amaieraren hasiera izan zen, zinezko garaipena izan zen. Horregatik, Fidelek haurrari Victoria ipintzeko eskatu zidan, baina Angolan zen senarrak Estefania aukeratua zuen, neska izanez gero berak aukeratuko zuela adostua baikenuen. Fidel haserretu zitzaidan “a ze izen itsusia” esanez. Sehaskara hurbildu eta haurrari esan zion “espero dut zu ama bezain burugogorra ez izatea”. Hilabete geroago, senarraren gutuna jaso nuen Angolatik, haurrari nik nahi nuen izena jartzeko ziostan baina... Beranduegi.

Nola dago internazionalismoaren osasuna egun?
Aitak zioen internazionalista izatea ez dela bakarrik herri bati laguntzea, haren patua partekatzea baino. Herri horiekin bizitzean, gure internazionalismoa oso bizirik dago, munduko beste leku askotan ez dute horrela pentsatzen, karitatearekin nahasten dute internazionalismoa, sobera duzuna ematearekin. Gure zeregina une honetan Ekialde Hurbileko gerrak geldiaraztea izan behar da, Europako gobernuei galdatu behar zaie, etorkinik ez badute nahi, herri horietan benetako garapen ekonomiko eta soziala laguntzeko.

Argazkia: Aritz Loiola

Kubatik kanpo, herri askotan, osasungintza negozioa da.
Hori lotsagarria da, inork ezin baitio bizitzari preziorik jarri. Hobeto bizitzea beste desiorik ez duten medikuen aldean, baina, ezagutzen ditut zenbait europar mediku miresgarri ere, Suitzan osasungintza pribatura igaro nahi ez duen lagun eredugarri bat. Medikua giza sufrimendutik hurbil dago, zinez apaizgo modukoa da, jendearentzat erabilgarri izateko da. Hori pentsatzen ez duenak hobe du aldentzea, gure lanbidea zikindu barik. Qatarren daukagun ospitalean han dauden etorkinak artatzen ditugu, ez qatartarrak, baina hango gobernuak ondo ordaintzen digu zerbitzu hori. Diru horrekin ordaindu ezin duten herrialdeetakoak finantzatzen dira, Haitin daukagun ospitalea kasu.

Eta Kuban minbiziaren aurkako aurkikuntza itxaropentsuak izan dira azkenaldion. Zer egin behar du Kubak jakintza horrekin?
Birika eta prostatako minbiziaren aurkako tratamendua garatu dugu, eta bularrekoa eta uterokoaren kontra erabiltzeko saioak egiten ari gara. AEBei garesti kobratuko diegu, baina bertako biztanleei ezin diegu kobratu, herritarrek behar badute emango diegu, estatubatuar askok osasun asegurua ordaintzeko gorriak pasatzen dituzte, eta banan-banan txertoa jartzera joan behar badugu joango gara. Fidelek esan zuenez, urtero 5.000 estatubatuar artatu ditzakegu, bidaltzen badizkigute. Guk badugu 10.000 medikuko brigada bat, Henry Reeve izenekoa, Katrina izan zenean prestatu genuen, urakanak jotako lurraldeetara eramateko, baina Bushek laguntzari uko egin zion.

Ezagutzen ez ditugun kulturak eta herriak ezin direla epaitu esan zenuen Bilboko hitzaldian.
Ez duzu eskubiderik herri bat kanpotik epaitzeko, benetan ez badakizu hor barruan zer gertatzen den.  Ekuadorreko kitxua emaginekin asko ikasi nuen, benetako erditze fisiologikoak egiten ikasi nuen, medikuntza eskolan ikasitakoen oso bestelakoak. Indigenek herri jakintza dute, eta nik baino gehiago zekitela ikusi nuen. Angolan bi urtez bizi izan nintzen eta, hala ere, hango gauza asko epaitzeko gai ez nintzela konturatu nintzen. Beste adibide bat, niretzat, Espainiakoa izan zen: estatu osoko aiton-amonak ditut, euskaldunak, kanariarrak, Gaztela-Mantxakoak eta katalanak. Bada, estreinakoz Kataluniara heldu nintzelarik, aireportuan kartelak katalanez eta ingelesez irakurtzean, harrituta, pentsatu nuen: non demontre nago? Gainera, Vic-en hitzaldia eman nuen eta itzultzailea erabili behar izan nuen. Sekulako esnatzea izan zen niretzat hura, zeren eta Kuban Espainia Espainia da, eta kito. Estatu barruko borrokak ezagutu aurretik ez nuen pentsatzen horrelako gatazkak egongo zirenik hemen, ideiarik ez.

Gerrak ez dira amaitu, hala ere, eta gerraren mehatxua ere inperialismoaren arma dela esan zenuen.
Siriak erasoari eutsi behar dio, ez zaio besterik geratzen, Libiaren eta Iraken patuari jarraitu nahi ez badio. Hezbolak ere lagun dezake hor, Libanon bi aldiz izan naiz eta asko estimatzen dut Libanoko armada hori bere koherentziagatik, eurak izan dira Israeli gailendu zaizkion bakarrak. Terroristen laguntzat gaitzetsi naute, baina ez dit axola, pertsona ausarten laguna naiz ni. Palestinarrekiko errespetuagatik hautsi zituen Kubak Israelekin harremanak.

Zenbaitetan entzun dugu Kubak osasuna eta hezkuntza mailak aitzakia gisa darabiltzala giza eskubideen egoera txar bat ezkutatzeko. Zein da zure erantzuna?
NBEk ezarritako 60 eskubide ingurutik Kuban 17 ez dira betetzen. Adibidez, bidaiatzeko eskubidea ezin dugu bete, Kubako dirua ez baitute onartzen atzerrian. Baina oinarrizko eskubideak bai: osasuna, hezkuntza, etxebizitza, gizarte-segurantza eta beste batzuk ondo ezarrita daude herrian. Beste modu batera bizi daitekeela frogatzen dugu, pobreak izan arren ezberdinak izan gaitezkela. Horretarako hezkuntza ezinbestekoa da, herriaren kultura maila jasotzen jarraitzea atzoko, egungo eta biharko erronka izango da. Hobetzeko gauza asko dago Kuban, ez da gizarte perfektua inondik inora, ez dugu inoiz horrelakorik esan, baina munduko herrialde askorekin konparatuta, gizarte oso garbia da gurea, ederra, zure seme-alabak lasai hazteko modukoa.

Argazkia: Aritz Loiola

Sakrifizioa, austeritatea… Baina ondo bizitzea gustatzen zaizula esan duzu.
Niri ere gustatzen zait ondo bizitzea, komunista naiz, ez comemierda, gauza onak gustatzen zaizkit, baina ez zure sakrifizioaren kontura, jende guztiarentzat eta herriarekin partekatzeko baino.

Turismoarekiko harremanak ezberdintasunak sakondu ditu. Nola konpentsatu hori?
Gizarte sozialista batean biziz. Ezberdintasun horiek apaltzen ditu estatuak, bere eskuetara heltzen den guztia denon ekonomia, gizarte eta kultura garapenean inbertitzen baitu. Agian nik baino diru gehiago duzu, baina zergak ordainduko dituzu eta estatuaren dendetan erosiko duzu. Garai berezian ezberdintasunak nabarmenagoak ziren. Orain, egoera hobetu denean, ezberdintasunak ez dira hainbeste sumatzen baina, kasu, ez zaitez tronpatu: gizarte sozialista batean bizi zara eta ez dugu onartuko milioidunik egotea Kuban.

Langile autonomoak baimendu eta ugaritu dira azkenaldion Kuban. Kooperatibismoa bultzatzea ez ote da bide hobea?
Estatuaren soldata jaso baina ekoizten ez zuten lagun asko zegoen gurean. Ezein estatuk ezin du hori onartu, are gutxiago gu geunden krisi egoeran. Beraz, lanpostua kendu behar zitzaien haiei, baina nola justifikatu hori gizarte sozialista batean? Onartezina da. Orduan pentsatu zuten laguntza bat emantea euren kabuz has zitezen. Bazeuden autonomoak, baina asko hazi dira azkenaldion. Dena dela, gure ikuspegitik kooperatibak sustatu behar dira, gure gizarte eredura gehiago hurbiltzen dira: agian gutxiago irabaziko duzu, baina lapurretarik ez egiteko berme handiagoa dago eta prezioak erregulatuko dira, gai eta zerbitzuei salneurri onargarriak ezarriz. Nekazaritza kooperatibez gain, zerbitzuetakoak garatzen ari dira. Azkenaldion garraioetako kooperatiba batek Habanako garraio publikoa hobetzen lagundu du bere autobus txikiekin. Kuba laborategi handia da, aurkezten zaizkigun arazoei irtenbideak aurkitzen saiatzen gara.

Venezuelako petrolioa desagertuz gero batzuek garai berezi berria iragartzen dute.
Ez, gu lau milioi tona petrolio ekoizten ari gara, behar dugunaren erdia. Azkenaldion are gehiago emango diguten putzu berriak zulatzen ari gara, beraz, datozen urteetan egonkortasuna lor genezake, Venezuelako petrolio gabe ere. Baina inportanteena Venezuelan lortu dituzten aldaketak defendatzea da. Gure gobernuak zer esango duen ezagutu gabe ere, nik uste dut AEBetako tropek erasotzen badiote eta Venezuelak laguntza eskatzen badigu, bertan izango garela, zalantzarik gabe.

Kubako geroaz, trantsizioaz mintzo dira batzuk.
Ez da hitz egokia. Hazkundean dagoen herria gara, horretan sakondu behar da, baina sozialismoaren barruan beti. Espainiaren kolonia ginenetik AEBetako gobernuaren jomuga izan gara. Ondo ezagutzen ditugu euren politikak eta euren mekanismo maltzurrak.

Azken iraultzailea hil dela ere irakurri genuen, Fidelengatik, baina Kubako iraultza ez da behera etorri.
Ez dago ikusi nahi ez duena baino itsuagorik. Egia da iraultza buruzagien ekimenez abiatu zela, Fidelen ekarpena ukaezina da, baina iraultza bat mantentzeko ez dira nahikoak gizon bat edo bi. Iraultzaren ekarpenik handiena giza balioen formazioa izan da, herri moduan erabaki dugu gure bidea sozialismoa dela, baina horiek ez dira konturatzen. Kubatik hain hurbil bizi dira eta, erasoak gorabehera, ez gaituzte menperatu, irribarrea ere ezin izan digute kendu.

Fidelen gizatasuna
Fidel Castro, Ernesto 'Che' Guevara eta Aleida Guevara umetan

Fidel ezagutzen ez duen jendeak ez du ideiarik nolako neurria zuen pertsona moduan. Egun batez, Fidel ahizpa eta biokin bildu zen, aitaren heriotzarako presta gintezen. Bi neskato ginen. Zer axola zaio iraultza baten buruzagiari, herrialde baten presidenteari, bi neskatoren minak? Gu nolabait babesteko ardura hartu zuen… Maitatzeko ahalmen izugarria duen pertsona batek soilik egin dezake hori. Gau hartan gurekin bildu zen, eta aitaren gutun bat jaso zuelako istorioa asmatu zuen, gutun hartan aitak esan ziola bera hilez gero ez genuela negarrik egin behar, eta ez genuela egingo hitzemanarazi zigun, pioneroen hitza eman behar geniola. “Osaba, baina ni oraindik ez naiz pioneroa” esan nion, eta berak “tira, orduan emadazu zure iraultzaile hitza, hori gertatuz gero ez duzula negarrik egingo”. Nik berehala eman nion hitza, sei urte eta erdirekin jada iraultzailea sentitzen bainintzen. Biharamunean, amarekin elkartu nintzen, pozez. Egun batzuk emanak zituen Trinidaden, historia eta gizarte ikerketa bat egiten, bera historialaria baita. Celia Sanchezek (Fidelen idazkaria) platerkada bat zopa amari eramateko esan zidan, bere gelan zela. Hara joan nintzen ni, pozik, platera eskuetan. Gelan sartu eta ama negar batean aurkitu nuen, eskuetan gutun bat zuela. Harrituta geratu nintzen, ama hain lur jota sekula ikusi gabea nintzen eta aitaren agur gutuna zeukan, “hau irakurtzen baduzue, zuen artean ez nagoelako izango da”, zioena. Begiak bustitzen hasi zitzaizkidan, baina orduan, Fideli emandako hitza gogoratu eta negarrari eutsi nion. Gau hartan amarekin egin nuen lo, Celiaren logelan, eta biharamunean esnatzean, inguru osoan burukoak nituela konturatu nintzen. Dagoeneko bakarrik egin ohi nuen lo, baina Fidelek ez zekien hori eta gauean heldu zelarik burukoak jarri zizkidan inguruan, ohetik jausi ez nendin.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kuba
187 herrialde agertu dira Kubako blokeoa amaitzearen alde, eta soilik bi kontra: Israel eta AEB

Nazio Batuen Batzar Nagusian onartu dute AEBek Kubari ezarritako blokeoa amaitzeko ebazpena: aldeko 187 boto izan ditu, aurkako bi (AEB eta Israel), eta abstentzio bat (Ukraina).


Kubak 17 urtez Pentagonoan infiltratu zuen espioia aske, 20 urte espetxean egin ostean

AEBetako Defentsarako Inteligentzia Agentzian analista lana egiten zuen, eta hainbat informazio sekretu helarazi zizkion Kubako Gobernuari 1984tik aurrera. 2001ean atzeman zuen FBIk, eta 25 urteko espetxe zigorra ezarri zion. Bere aurkako 2002ko epaiketan egin bezala, orain... [+]


Emilio Aranguren. Euskal DNA-dun gotzain kubatarra
"Iraultza ateo deklaratu zenean, orduantxe aldaketa gure etxean"

Habanan egindako elkarrizketa baten bigarren atala izan liteke hau. 2011ko ekainaren 19an ARGIAren orrialdeetan mintzatu ginen Holguineko (Kuba) gotzainarekin. Francok estatu-kolpea jo zuen garaian Legazpiko alkate Daniel Arangurenen eta Emilia Etxeberriaren semea dugu, gurasoen... [+]


2022-11-22 | ARGIA
Pablo Milanés abeslaria hil da

Pablo Milanés abeslari kubatarra zendu da, 79 urterekin. Madrilen eman ditu azken urteak, baina han eta hemen kontzertuak eskaini ditu, azken unera arte.


Eguneraketa berriak daude