Koldo Zuazo, hizkuntzalaria

"Hainbeste berbeta egoteak esan nahi du herri hau ez dela kohesionatuta egon"

  • Mendebaleko euskara liburua, Euskal Herriko sartaldeko euskalkiaren gaur egungo argazki zehatza plazaratu berri du Koldo Zuazo (Eibar, 1956) hizkuntzalari eta irakasleak. Azpieuskalkien eta aldaeren sailkapena dakar lan berriak, baita hiztegitxoa ere. Irakurtzeko eta ikusteko liburua da, 95 mapa baitakartza: herriz herriko berezitasunak ezagutu nahi dituenarentzat, harribitxia. Mugarria da lan hau autorearen ibilbide luzean, baina ez da helmuga, beste euskalkiak zain baititu.

Dabi Piedra
2017ko ekainaren 18a
“Euskalkiak berdinduz joango dira, eta ondo dago. Baina berdintze hori modu naturalean gauzatu beharko da, eta ez lau urterekin eskolan esaten dizutelako ‘martitzena’ ez dela esan behar, ‘asteartea’ dela”. Argazkia: Aritz Loiola.
“Euskalkiak berdinduz joango dira, eta ondo dago. Baina berdintze hori modu naturalean gauzatu beharko da, eta ez lau urterekin eskolan esaten dizutelako ‘martitzena’ ez dela esan behar, ‘asteartea’ dela”. Argazkia: Aritz Loiola.

1989an hasi zinen Mendebaleko euskara aztertzen, Araban hasita.

Gasteizen lanean hasi nintzenez jakinmina nuen. Gainera, alderdi politiko bat agertu zen, Unidad Alavesa. Haiek zioten euskara ez zela Arabako hizkuntza autoktonoa, Gipuzkoatik eta Bizkaitik eramandakoa baizik. Beraz, ikertzen hasi nintzen. Garai hartan hiru izkribu baino ez zeuden eta bazegoen pertsona oso inportante bat, Gerardo Lopez de Gereñu. Araba osoko toponimia batu zuen eta, gainera, Voces alavesas hiztegian Araba osoko hitzak sartu zituen. Hortik Arrasate eta Oñati aldera jo nuen, Goierrin ere aritu nintzen, eta Nafarroako Burundan. Bestetik, Bizkaiko euskara beti izan da neure-neurea, guraso biak bizkaitarrak ditut, aspalditik bizi naiz Bilbon. Baina, egia esan, Arabakoa sakon ezagutu arte ez zitzaidan Bizkaikoari begiratzeko gogorik piztu. Gero bai, deskubritzen joan naiz Uribe Kostako hizkera berezia, Orozko aldekoa ere interesgarria da...

Eta 28 urteko lanaren emaitza esku artean dugu: Mendebaleko euskara eta haren barruko hizkerak xehe-xehe azalduta. Bada zerbait.

Lan handia dago honen atzean, bai. Astiro-astiro egin behar den lana da, leku batera joan, gero beste batera... Errazagoa izan da lagundu didan jende guztiari esker, asko nire ikasle izandakoak dira. Borondate itzela dute, haiek gabe ezin da honelako liburu bat egin. Nahia Granderen laguntza ere aipatu nahi nuke, mapak hark marraztu ditu.

Mendebaleko euskara da izenburua. Bizkaiera esatea baino egokiagoa da?

Kontuan izan behar da euskalki honetako ezaugarri asko Mendebalde guztikoak direla. Bizkaian erabiltzen dira, baina Araban ere bai, Deba ibarrean... kasu batzuetan Urola bailaran eta Burundan. Hiztegi batean ikusten badut izara bizkaiera dela, ez zait zehatza begitantzen. Berba horren eremua Bizkaia baino askoz zabalagoa da, gauza bera zapatu, indaba eta beste hainbatekin ere. Bestetik, egia da Arabako euskara amaituta zegoela 16. menderako, ia hilda. Aldi berean, Bizkaian hasita zeuden herri handiak sortzen eta ikusten da Bizkaiko euskarak hartu zuela nortasun bat. Ezaugarri batzuk Bizkaian bakarrik gertatzen dira, adibidez, dinot, dinozu eta halakoak.

Beti esan izan da Mendebaleko euskara bereziena dela, nortasun handikoa. Horrek badu alde txarra?

Nik uste dut Euskal Herri txiki honetan hainbeste berbeta egotea seinale txarra dela. Esan nahi du herri hau ez dela kohesionatuta egon, azken finean ez dugu herri erakunderik zazpi herrialdeak hartzen dituena. Horrez gain, gogoan izan behar da euskara lehen ez zela eskoletan erabiltzen, idatziz ere gutxi.

Beste euskalkiekin alderatuta horren desberdina da Mendebalekoa?

Baieztapen horrek badu alderdi objektibo bat, bai. Gertatzen dena da, askotan jendea kostako herriak ezagutzera etortzen dela, Ondarroa, Lekeitio edo Bermeo, eta horiek dira berezienak. Etortzen dira eta ez dute ezer ulertzen. Jakina, egun batzuk gehiago geratuko balira ulertuko lukete. Hizkera bereziak dira, baina ez hainbeste. Araba euskalduna zenean ez dut uste halako etenik zegoenik euskararen barruan. Arabak egiten zuen lotura eta orain puzzlearen pieza hori falta zaigu.

Nola ikusten duzu herriz herriko hizkeren etorkizuna?

Bizkaian nahikoa txarto. Ni euskara batuaren aldekoa naiz, egin dugun gauzarik onena dela uste dut. Baina euskara batua sartzeko modua ez dut uste egokia izan denik. Batzuek euskara onarekin identifikatu dute eta batua ez dena badirudi txarto dagoela. Batek esaten du artzai eta badirudi artzain behar duela, eta zer da kontua? Nafarroan, Gipuzkoan eta Araban ehunka urtean artzai esan dutela. Gauza bat da baturako artzain hobetsi dela, baina ez du esan nahi bestea okerra denik. Kontrako arazoa ere ikusten dut, alegia, batzuek leku guztietan erabiltzen dute euskalkia, beren etxean baleude bezala, baina telebistan edo publiko zabal baten aurrean batura jo behar dugu.

Gaur egun erraztasun handiagoa dago herri batetik bestera mugitzeko eta komunikabideak hobeak dira. Horrek herrietako hizkerei eragingo die?

Bai, euskalkiak berdinduz joango dira, eta ondo dago. Baina berdintze hori modu naturalean gauzatu beharko da, eta ez lau urterekin eskolan esaten dizutelako martitzena ez dela esan behar, asteartea dela.

2017an argitaratu da Mendebaleko euskalkiaren ezaugarriak deskribatzen dituen lana. Berandu gabiltza euskaldunok gure dialektoak ezagutzeko zereginean?

Berandu gabiltza, bai. Bonapartek egin zuen ahalegina, baina bere helburua mapa egitea zen, ezaugarri zehatzetan sartu gabe. Esaterako, gipuzkera eta bizkaiera bereizteko datu bakarra erabili zuen, dot edo det esaten den. Bonaparteri txalo jo behar diogu, baina haren ondorengook alfer ibili gara. Herri jakinetako hizkerak bai, ikertu izan dira, lan batzuk oso onak dira, baina Mendebal osoko azterlanik ez da egon.

Zergatik hutsune hori?

Tira, diktadura luze bat izan dugu eta unibertsitaterik ez da egon oraintsura arte. Bestalde, asko begiratu diogu iraganari, dela toponimia, dela abizenak edo euskararen jatorria. Hizkuntza aurrera atera behar badugu, orain daukaguna ezagutzea da aurrena. Konplexuak ere sumatzen ditut, beharbada jartzen gara 17. mendera begira, Axular, Leizarraga eta horiek goraipatzen, baina gaurkoari ere heldu behar diogu.

Bonaparteren mapa gaurkotu zenuen arte ia mende eta erdi igaro zen. Zure mapek hainbeste urte iraungo dute?

Bonaparteren mapa beti izango da lekukotasun historiko bat, halako mapa ederrik ez dut ikusi munduan. Gertatzen dena da hizkuntzak aldatu egiten direla eta noizean behin argazkiak atera behar zaizkiela. Nire mapak ere lekukotasun bat baino ez dira, 21. mendearen hasieran euskara nola dagoen. Honek zenbat iraungo duen? Nahikoa gutxi, orain bizimodua lasterrago doa. Jendeak esaten dit Bonaparteren etsaia naizela, eta kontrakoa da, nik ikusten dudalako haren lana zein zaila izan zen. Gaur egungo baliabide guztiekin, urte mordoa behar izan dut liburu hau egiteko eta Bonapartek mapa bikaina egin zuen Londresen jaioa eta erdalduna izanda, hori meritu itzela da.

Kanal hauetan artxibatua: Hizkuntzalaritza  |  Eibar

Hizkuntzalaritza kanaletik interesatuko zaizu...
2018-01-24 | ARGIA
MTVren sarietan euskarak toki "duina eta aproposa" izan behar duela gogorarazi du Euskaltzaindiak

Euskaltzaindiak gutunak bidali dizkie Bizkaiko Foru Aldundiko ahaldun nagusiari, Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko diputatuari eta Bizkaiko Euskara eta Kultura Foru diputatuari.


Badira izen mistoak Euskaltzaindiaren zerrendetan

Euskaltzaindiak 2001etik aurrera sexuaren araberako bereizketa finkatu zuen izenetan baina IKAren Deklinabidea aplikazioa garatzen ari nintzela salbuespenak badirela konturatu nintzen. Badaude Euskaltzaindiaren gizonezkoen eta emakumezkoen ponte-izenen zerrendetan, bietan, agertzen diren izen mistoak.


2018-01-15 | ARGIA
Euskaltzaindiak pertsona izenen genero bereizketarekin malguago izateko eskatuko dio Justizia Ministerioari

Euskaltzaindiak adierazi du aurki Ministerioarekin euskal izendegiarentzat “bestelako bideak asmatzeko” harremanak hasi nahi dituela.


2018-01-14 | ARGIA
Euskaltzaindiak bere hiztegiko zenbait definizio alda ditzake, genero-berdintasuna hobeto islatzeko

Abenduaren 22ko osoko bilkuran Euskaltzaindiaren Hiztegian egin beharreko zenbait zuzenketa aurkeztu ziren, tartean, genero-berdintasunarekin zerikusia dutenak.


2018-01-05 | ARGIA
Euskaltzaindiak bere hiztegiko zenbait definizio alda ditzake, genero-berdintasuna hobeto islatzeko

Abenduaren 22ko osoko bilkuran Euskaltzaindiaren Hiztegian egin beharreko zenbait zuzenketa aurkeztu ziren, tartean, genero-berdintasunarekin zerikusia dutenak.


2017-12-26 | Gontzal Fontaneda
Iruńa Veleiazko lau jarrerak

Iruña-Veleiako aztarnategi arkeologikoan idazkun batzuk agertu ziren, batzuk euskaraz, arkeologoek erromatarren garaian datatuak. Euskal Herriko Unibertsitateko aditu batzuek faltsutzat jo zituzten, eta horregatik Arabako Foru Aldundiak 2008an talde arkeologikoa bota zuen, 2009an epaitegian salaketa aurkeztu zuen faltsutzea leporatuz eta gero aztarnategiaren zuzendaritza unibertsitateari eman zion. Honaino gertaerak.


Fauna publikoa
Naftalinarekin seduzitzen

Publikatu den lekuan publikatu delako, hain justu, arduratzen naute Urrutiak irakurlego horri bidali dizkien mezuek


Ricardo Gómez, filologoa
"Euskara arkaikoa aztertzeak hizkuntzari buruzko interes intelektuala asetzeko balio du"

Horra irakasle atsegina euskararen gramatikaz mintzo, honetaz eta hartaz, orain baino lehen duela bi, hiru eta lau mende gure Astarloak, Zabalak, Larramendik eta bestek esan zituztenak aztergai. Filologo petoa lanean, ikasle gazteak treba daitezen, interes intelektuala izan dezaten.


2017-05-17 | Xiberoko Botza
R-a nola ahozkatzen da?

Eüskaraz, R letraren ahozkatzeko manera kanbiatü da azken hamarkadetan. Ondoramen hori da Xantiana Etxebestek lantzen düana eskolatze ikerkan edo tesian. Fakültateko tesiaren helbürüa zen ohartzea "r" ahozkatzeko manera nola kanbiatü den. Ohartü da orotarat R-aren ahozkatzeko bederatzi manera bazirela. Bi nagusiak direlarik eüskarazko manera, adinekoek egiten düena, eta 40 urte azpiko haboroxeenek ahozkatzen duten frantsesezko manera.


2017-04-02 | Edu Zelaieta Anta
Tasunkeriak

Argentinan egindako film bat ematen ari dira Espainiako telebista batean. Publiko guztiek ikusteko moduko pelikula da, eta mundu hispanoan zein Hegoaldeko bazterrik euskaldunenean –barka, ARGIAko irakurle hori– ezaguna dugun Ratoncito Pérez pertsonaia da protagonista.  

Filma ikusten hasi zarete egongelan, etxeko bizilagun haur-helduak. Berehala ohartu zara, ongi bezatua baituzu belarri parea hizkuntza kontuekin eta hizkuntza kontuetara,  istorioko pertsonaiek... [+]


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude