"Boluntarioen konpromisoa, ilusioa eta lan eskerga dira ANCk jendearengana heltzeko duen gaitasunaren gakoak"

  • Galdric Peñarroja (1980, Canet de Mar) Assemblea Nacional Catalanako (ANC) kidea da 2011n sortu zenetik. Idazkaritza Nazionaleko kidea izan da hiru urtez eta, argazkilari profesionala denez, komunikazio lanetan aritu izan da gehienbat. ANCren ikuspegi komunikatiboaren berri eman du azaroaren 10ean Donostian Iametzak, ARGIAk eta Ametzagaiñak antolatutako Euskarabildua jardunaldietan.

Galdric Peñarroja (erdian) Gigafotoren aurkezpenean, Espainiako Estatuak inputatu duen Kataluniako Parlamentuko presidente Carme Forcadellekin batera.

La revolució dels somriures (Irrien iraultza). Zergatik jarri diozu izen hori zure hitzaldiari?
Oinarri soziala duen egungo independentismoa azaltzeko erabiltzen den leloa da. Orain gutxira arte independentismoa frankismoaren aurkako borrokarekin, beste herri batzuetako mugimenduekin, eta abarrekin lotuta zegoen. Egungo mobilizazio independentistak oso familia girokoak dira, jendeak ondo pasatzen du, argazkietan barrez agertzen da. Hori da irrien iraultzaren jatorria.

Azpimarratzekoa da ANCren lan komunikatiboa. Zer ezaugarri nabarmenduko zenuke?
Gure lan komunikatiboa estuki lotuta dago ANCk gizartean duen hedapenarekin, gure bazkide eta boluntario kopuru handiarekin, eta beraz, herritarrak mobilizatzeko gaitasunarekin.

Estatutuetan jasota dago izaera independenteari eusteko Assembleak ezin duela diru ekarpen publikorik jaso. Beraz, ANCk baliabide ekonomiko urriak dauzka, baina, kalitate zein kantitate aldetik, oso aberatsa da ANCren giza kapitala, eta horrek orekatzen du egoera. Beharrezkoa den leku eta egunetan informazio mahaia jartzen duen jubilatuak hartzen du parte, baina baita formakuntza handiko jendeak ere; beren jakinduria eta gaitasuna mugimenduari esku zabalik eskaintzen dizkioten kazetariek, ikus-entzunezko adituek… Horrek eragin du ANCk gain-dimentsioa edukitzea maila komunikatiboari dagokionez. Adibidez, irailaren 11ri begira urtero informazioa eta sustapen aurre-kanpaina zabala antolatzen dugu, material pilo bat sortu eta mugitzen dugu. Lan handi hori bere gain hartzeko prest dagoen jendetzari esker da posible, hori gabe ezinezkoa litzateke.

Komunikazioan bereziki indarra jartzeko apustu politikoa argia da.
Esate baterako, Diadaren harira egiten dugun jarraipen komunikatiboan –ez dauzkat datu zehatzak– egiatan balio ko lukeenaren %5a baino ez dugu gastatzen, lan horietan parte hartzen duen jendetza ikaragarria delako.

Sare sozialetan eragin handia dugu. ANCren Twitter (171.000 jarraitzaile) eta Facebook (177.000) kontuak Katalunian jarraitzaile gehien duten elkarteen artean daude. Boluntarioen lanari esker presentzia aktibo eta iraunkorra dugu herri askotan eta horrek ahalbidetu digu, adibidez, informazio kanpaina trinkoak egitea independentismoa ahulago dagoen zonaldeetan edota egunkari baten milioi erdi ale argitaratzea, banaketan sosik xahutu gabe.

Laburbilduz, boluntarioen konpromisoa, ilusioa eta lan eskerga dira ANCk jendearengana heltzeko duen gaitasun handiaren gakoak. Horrek berezi egin gaitu gainerako talde edo alderdi politikoen aldean.

Nola dago antolatuta hainbeste lagun?
ANCn era askotako jendea dago. Erakunde transbertsala da, bide demokratiko eta baketsuak erabiliz independentziaren alde dagoen orori irekia dago.

Lurralde mailan oso hedatuta dago. Kataluniako herri eta auzo gehienetan ANCren talde bat dago. Taldeak autonomoak dira egoki deritzen kanpaina abiatzeko. Hauteskunde bidez hautatuko 77 lagunek osatzen dute idazkaritza nazionala. Horiek gehi borondatezko zenbait kolaboratzailek komisioetan egiten dute lan: komunikazioa, mobilizazioa, harreman politikoak, nazioartea, eta abar. Arlokako asanbladak ere badira, horietan eremu zehatzak lantzen dira: independentziaren aldeko migratzaileak, langileak…

Nazio mailako ardurek urtebeteko hiru agintaldiko muga izan dute. Aurten bi urteko bi agintalditara luzatu da. Ordainpeko 20 langile dauzkagu, ANCren tamaina kontuan hartuta, gutxi dira.

Zeintzuk izan dira ANCren kanpainarik eraginkorrenak?
Ezbairik gabe, ekimen nagusia Diada da, nazio mailan eta nazioartean duen proiekzio handiagatik eta gure eskaera zehatzak irailaren 11ren bitartez jakinarazi ditugulako. Maiatzean hasten gara mobilizazioa antolatzen eta horren arabera prestatzen dugu Assemblearen urteroko lana.

Lehenago aipatutakoez gain, beste kanpaina indartsu batzuk ere egin ditugu. Esate baterako, Katalunian arazo handia daukagu RENFEren tren sarearekin. Oso inbertsio txikia du eta ia egunero arazoak sortzen dira. RENFEko geltokietan informazio banaketa masiboak egin ditugu estatu propio bat izateak arazo horri aurre egiteko eskaintzen dituen aukerak azaltzeko.

Via Catalana 400 kilometroko giza katea izan zen eta Gigafotoaren bitartez osorik irudikatu zuten.

Nola antolatzen da Europako manifestazio politikorik handiena?
Gogo handiz (barreak). Hori da azalpen posible bakarra. Mobilizazio erraldoia da eta jende askoren beharra du. ‘Marroi’ gehien duen koordinatzailetik hasita, suertatzen zaion tokian ur botilak banatzen dituen boluntariora arte, ardura handiz jokatzen du jende guztiak. Eta horrexegatik ateratzen da aurrera. Lan guztiak deszentralizatu eta unitate txikitan zatitzen dira funtzionamendua azkartu eta hobetzeko

Maila ekonomikoari dagokionez, adibide batekin azalduko dut. 2014ko Diadan guk diru gutxiago xahutu genuen Sociedad Civil Catalanak (independentziaren aurkako eta Espainiako batasunaren aldeko taldea) urte bereko urriaren 12an Plaza Catalunyan ehunka lagun besterik bildu zituen elkarretaratzean baino.

Eta, komunikazioari dagokionez?
Gure ikuspegia hau da: denak kontakizun eta mezu bana izan behar du, baina horrez gain, ondo erakutsi behar da. Eta egoki erakusteko ezinbestekoa da ziurtatzea hedabideek, datozen lekutik datozela, irudiak erraz har ditzaketela, ongi informa dezaten. Eta jakina, guk geuk ere gai izan behar dugu guk antolatutakoa ondo erakusteko. Horregatik irailaren 11 guztietan animaleko jarraipen informatibo propioa egiten dugu, argazki, bideo, sare sozial eta streaming bidez.

Adibide bat jarriko dizut. Diadetan nazioarteari begirako telebista emanaldi bat egiten dugu, irudiak moldatu gabe eskaintzen ditugu, Creative Commons lizentziapean, edonoren eskura jarriz. Horri esker, nazioarteko telebista guztiek erabiltzen dituzten irudiak guk grabatutakoak dira.

Berritasun teknikoei ere denbora eskaini diezue.
Formatu berritzaileak erabiltzen saiatzen gara, bai. 2013ko Via Catalanan Gigafoto egin genuen, 400 kilometroko giza katearen irudi erraldoi bat, 800 argazkilarik egindako 107.000 argazkiz osatua. 2014an Ortofotoa izan zen, Google Mapsen tankerako airetiko argazkia. Eta 2015ean 360 gradutan grabatutako bideo bat, mobilizazioa puntatik puntara ikusteko aukera eman zuena.

Hain formatu handiak erabiltzeko arrazoi nagusietako bat izan da, Gigafotoaren kasuari erreparatuz, ibilbide osoan zehar jendea egon zedin bermatzea, lagunik gabeko tarterik ez geratzeko. Metroz metro kateari argazkiak egin izanak ahalbidetu zuen argazkia egingo zuen norbait eta argazkian agertzeko baten bat egotea beti ibilbideko tarte guztietan. Hala munduari erakutsi genion Via Catalana hasieratik amaierara arte jendez mukuru zegoela.

Sei hilabete aurre-produkzioan, 45 minutuko lana in situ, eta postprodukziorako beste sei hilabete behar izan genituen Gigafotoa osatzeko.


Azken Diadaren harira 360 gradutan egindako bideoa

ikasturte politiko hau erabakigarria izango da erreferendumaren iragarpena dela eta. Zein izango da ANCren ekarpena?
Aurten badugu inoiz gertatu gabeko zerbait: Parlamentuan gehiengo independentista, oso helburu argiak dituen bide-orri independentista garatzeko prest dagoena.

Estatuko erasoaldia askoz zuzenagoa eta sinpleagoa izaten ari da. Batetik, gustuko ez duten Kataluniako lege oro indargabetzen ari dira, zezenak torturatu eta hiltzeko debekua edo berdintasuna legea; askotarikoak dira indargabetutakoak. Bestetik, erasoaldi judiziala dago. Generalitateko presidente ohia, zinegotziak eta Parlamenteko presidente Carme Forcadell inputatu dituzte. Forcadell epaitu nahi dute herritarrok boza ematen uzteagatik. Hori bezalako astakerien bitartez Espainiako Estatua bera bilakatu da independentziaren aldeko pedagogia lan onenaren egile.

Orain gutxira arte Assemblearen lana izan da Generalitateari eta Kataluniako ordezkari publikoei independentziara heltzeko eskaerak egitea, prozesua abiatzea edo erreferenduma egikaritzea kasu. Parlamentuan gehiengo independentista lortu ostean, egun ANCk laguntzaile rola hartu du bere gain; bide-orri independentistatik eratorritako ekimenei babesa ematen die, eta era berean, Espainiako Konstituzio Auzitegiak indargabetutako legeen aurrean salaketa publikoa egiten du, baita inputatutako hautetsi publikoak babestu ere.

Bost urte “historiko” bizi ostean zein da independentismoaren sentsazio orokorra?
“Puxika independentista husten ari da” lehen segundotik kobazulo mediatikoa barreiatzen aritu den ideia da. Salvame Deluxeren estiloa du beren diskurtsoak. “Hau izugarri gaizki dago”, “Diada honek ez du ezertarako balio izan, “gero eta gutxiago dira”… eta horrelakoak. Zorionez, baldar xamarrak dira. Egin kontu, 13TVkoak izan ziren Via Catalana arrakastatsua izan zela berretsi zutenak. Bi helikoptero alokatu zituzten giza katea jendez betetzeko zailagoak omen ziren tarteak airetik grabatzeko. Hutsunearen bila joan ziren eta azkenerako, arrakastaren kanpoko-egiaztapen bilakatu ziren.

Errealitatea ez da adore falta, kontua da independentzia berehala deklaratzea nahi dugula. Orokorrean jendeari gustatuko litzaioke hau dena dagoeneko konponduta egotea. Azken batean, “arazo” honen erroa oso sinplea da: bozkatu eta erabaki ahal izatea. Orain dela hiruzpalau urte manifestazio masiboek ‘subidoia’ eragin zuten, eta “hau egina dago” askoren buruan geratu zen, baina prozesua ez da uste genuen bezain azkarra izan.

Alde baikorra da prozesua bilakaera izaten ari dela. Ez dago geldirik, ezta atzera egiten ere, jakina. Urtez urte bidea argitzen ari da. Gainera, prozesua bera luzatu izanak ere lagundu du Espainiako Gobernuaren jarrera egoskor eta ez-demokratikoa agerian uzten. Prozesuaren arrakastari hauspoa eman dio.

Egun zerumugan egiazko galdeketa lotesle bat agertzen zaigu. Norabide egokian ari gara.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Katalunia independentziarantz
Junts-PSOE akordioa
Amnistia legea eta negoziazio mahai berria, legealdi akordioaren truke

Akordioaren bidez Juntsek eta PSOEk Kataluniako gatazka historikoa bideratuko duen etapa berri bat ireki nahi dute. Horretarako, bi indarren arteko negoziazio mahai bat eratu dute eta bertako edukiak eta akordioak segitzeko bitartekaritza mekanismoa adostu ere bai.


'La Directa' babestu dute ARGIAk eta beste hainbat hedabidek: "Kazetaritza ez da terrorismoa"

La Directa-k salatu du Jesús Rodríguez kazetaria inputatu izana “informaziorako eskubidearen aurkako erasoa” dela. Elkartasun manifestua plazaratu dute Rodríguezi babesa helarazteko, eta dozenaka hedabide eta erakundek sinatu dute jada, ARGIAk... [+]


La Directako kazetari bat ere "terrorismoagatik" inputatu dute Tsunami Demokratikoaren auzian

Espainiako Auzitegi Nazionalak “terrorismo-delitua” egotzi dio Jesús Rodríguez La Directako erredaktoreari eta beste hamaika pertsonari, tartean Carles Puigdemont presidente ohi eta Marta Rovira ERCko idazkari nagusiari, 2019ko epaiaren aurkako... [+]


Puigdemont eta Rovira inputatu ditu Auzitegi Nazionalak Tsunami Demokratikoagatik

Espainiako Auzitegi Nazionala 2019ko udazkeneko protestetan “terrorismo” deliturik izan ote zen ikertzen ari da. Bitartean, PSOEko eta JxCko ordezkariak Bruselan bilduta daude.


Jordien indultua egokia dela onartu dute eta Miquel Buch kontseilari ohia lau urtera zigortu

Ostegun honetan ezagutu dira bi epaiak. Batean, Espainiako Auzitegi Gorenak balekotzat eman ditu Jordi Cuixart eta Jordi Sánchezen indultuak. Bestean, Bartzelonako Auzitegiak laur urte eta erdiko kartzela zigorra jarri dio Miquel Buch Generalitateko Barne kontseilari... [+]


Eguneraketa berriak daude