Zerbait gertatzen ari al da Aian? Galderak eragitea, erantzun egokiena

  • Herri euskaldun peto-petoa imajinatzen dugu Aia (Gipuzkoa), ia erabat euskaraz egiten dena. Joxe Anjel Aldai herritarrak Aiako kale eta leku publikoetako ahozko hizkuntzaren erabilera neurtu du, eta ia laurdenak, %23,84k, gaztelaniaz hitz egiten du.

     

Hogei urte atzera eginez gero, Aian argazki guztiz ezberdina aurkituko genuke, nola euskararen erradiografiari erreparatuz gero, hala egoera sozio-ekonomiko kulturalari dagokionez.

Aldaketa horren erretratua egin nahi izan du Joxe Anjel Aldai Arrillagak. Masterreko azken lana egin behar zuela aitzakia hartuta, Aiako kaleko eta leku publikoetako ahozko hizkuntzaren erabilera neurtu du.

Datuak biltzeko 151 elkarrizketa entzun ditu Aldaik. Ondorio potoloak ateratzeko sakonago aztertu behar dela aitortu duen arren, eta aurretik analisi mardulik egin ez den arren, lortutako datuek euskararen termometroa erdalduntzen ari dela islatzen dute. Aurreko hamarkadetan baino erdaldunagoa da Aia. Egun, kale eta leku publikoetan, euskararen erabilera %64,24koa da, gaztelaniarena %23,84koa eta hizkuntza-kode aldaketa %11,26koa. Erdalduntze prozesu horretan eragina izan duten faktoreetako batzuk gaitasuna, etxeko euskararen erabilera eta etxeak eraikitzea dira.

Gaitasunak eragin zuzena euskaldun kopuruan

Eustaten 2011ko datuen arabera, %6 ziren Aian erdaldunak, eta beste %6 ia euskaldunak. Euskaldunen artean, gehiengoa, alfabetatua dago, %69. Gero eta haur eskolatu gehiago egon arren –1986an %10 soilik zen alfabetatua–, euskara gaitasunak behera egin du. Izan ere, populazio orokorra hartzen da kontuan eta hor, haurrak nahiz helduak sartzen dira.

Ama hizkuntzan gaztelania nabarmen hazi da

Atzera egiten ari da euskararen erabilera etxe barruan. Hamar urtean %92tik %74ra jaitsi da erabilera. Euskarak behera eta gaztelaniak gora, %5etik %17ra. Horrek eragin zuzena du transmisioan.

Gizon-emakumeen arteko aldea, argia

Bien arteko aldea esanguratsua iruditu zaio egileari. 12 puntukoa da diferentzia. Hortaz, generoaren eragina handia dela ondorioztatu du aiarrak. Elkarrizketak genero berekoen artean direnean, gizonezkoek, euskaraz egiten dute ia beti, %71k –emaitza orokorretan baino zazpi puntu gehiago–; emakumezkoen kasuan, aldiz, %59k –emaitza orokorretan baino bost puntu gutxiago–.

Eraiki ahala, erdaldundu

Aiako populazioa hazi egin da. Egun 2.053 biztanle ditu herriak. Horietako asko kanpotik etorritakoak dira, etxebizitzak eraiki direlako eta inguruko herrietan baino merkeagoa delako, besteak beste. Eta kanpotik etorritakoek, oro har, eragina izan dute erdalduntze prozesuan. Gaztelaniaz hitz egiten dute, sarri, etxean nahiz etxetik kanpo.

Heldu askok, gaztelaniaz

Haurren artean gaztelania apenas entzun du Aldaik. %91,66k euskaraz hitz egiten du. Haurren eta helduen arteko elkarrizketetan ere, batez beste, %77,77an euskara erabili da. Hori bai, haurrak egonagatik, elkarrizketan era aktiboan parte hartzen ez badute, behera egiten du euskarak. Helduek, ordea, gaztelania nabarmen erabiltzen dute –datu orokorra baino bost puntu altuago–. Aipagarria egin zaion beste datu bat kode aldaketa ia guztiak helduen elkarrizketetan izatea da.

Protagonismoa galtzen

Pertzepzio hori du Aldaik. Euskara kalean protagonismoa galtzen ari dela. Susmo hori du. Eta susmoa argitzeko, gizartea aldatzen ari al zaigu? galderaren erantzun bila egin du Hizkuntzen ahozko erabilera Aiako kalean eta leku publikoetan lana. Erantzun gisa galdera gehiago planteatzen ditu Aldaik: zerbait gertatzen ari al da gure herrian? Gertatzen ari bada, onerako ala kalterako da? Hizkuntza aldatzen ari bazaigu, gure harremanak eta harreman-sareak ere aldatzen ari al dira? Honen aurrean, zer egin?

Dena den, egin duen bilaketa horretan esperotakoa aurkitu duela azaldu du aiarrak: euskararen erabilerak kalean eta leku publikoetan behera egin du.

Joxe Anjel Aldai Arrillaga
“Iruditzen zait elkarte eta mugimenduek ere ardura pittin bat hartu beharko luketela”

Zein izan zen ikerketa lan honen abiapuntua?

Funtsean, uste dut, kuriositateagatik izan zela, baina baita kezkagatik ere. Sumatzen dut, nahiz eta zoritxarrez asko ez den komentatzen, nahikoa nabarmen aldatzen ari dela herria. Ez onerako, ez txarrerako. Aldaketa hori saiatu naiz islatzen. Antza, eragina du erdalduntze prozesuan.

Hortaz, duzun kezka edo ardura hori plazaratu nahi duzu. Herritarrak gai honen bueltan hizketan jarri.

Aurretik ez da kaleko euskara neurtu, sekula. Daturik ez daukagun arren, pertzepzioa dut gutxiago erabiltzen dela. Gogoa eta esperantza daukat eskolaren eskutik-edo, nolabait, lanaren berri emateko gurasoei.

Eskolaz ari garela... Guraso batzuek eskolako irakasgai batzuk gaztelaniaz emateko eskakizuna egin zuten. Zergatik izan daiteke, gaztelaniaz moldatuko ez direnaren konplexua dutelako?

Ez naiz egokiena horretaz hitz egiteko, nire ideiak ditudan arren. Konplexua baino gehiago ezjakintasuna dela esango nuke, irudipena beren seme-alabak Aiatik kanpo gaizki moldatuko direla. Gaztelaniaz motel dabiltzala euskara soilik egiten dutelako. Baina batak ez du bestea kentzen. Iruditzen zait erabat euskaraz eskolatzea fundamentala dela, hizkuntza horretan erabateko garapena eta funtzionaltasun osoa izateko. Erdipurdi eskolatutakoak arazoa izango baitu. Nire belaunaldian gertatzen da hori, asko ez baitira gai euskarazko egunkaria irakurtzeko.

Eskolako gurasoek alderantzizkoa esan dezakete.

Erabat demostratuta dago, gerora ere gaztelaniaz hitz egiteko gaitasuna izango dutela. Batetik, haurrak direnetik hitz egiteko gaitasun minimoa dutelako; eta, bestetik, hainbat iturritatik gaztelania jasotzen dutelako: eskolan, telebista, internet... Kezka hori zilegi iruditzen zait, baina ezin du bestearen kalterako izan. Hori da kezkagarria, pentsatzea gaztelania beharko dutela eta euskara ahozko hizkuntza bakarrik dela.

Eskolak ez ezik, Udalak ere lagundu dezake euskararen normalizazioan, zure kezka plazaratzen. Aian, ordea, ez dago euskara teknikaririk edo herriko talde eragilerik. Hutsune hori ikusten duzu?

Inoiz ez dago soberan. Are gehiago orain. Lan honekin daukadan pretentsio txiki bakarra ezagutaraztekoa eta jendeari galderak sortzekoa da. Ez dakit Aian, daukagun biztanleria eta ditugun baliabideak kontuan hartuta, zer zerbitzuk egon behar duen; baina, iruditzen zait, kezka gutxienez eduki behar dugula. Kezka horri bidea emateko Udalak laguntza eman behar du. Baina ez soilik udalak, elkarte eta mugimenduek ere ardura pittin bat hartu beharko lukete.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara
Naziometroaren seigarren neurketa
Gehiengoa euskal estatuaren alde legoke “adostutako” erreferendumean, gatazkarik sortzen ez badu

Euskal Burujabetzaren Barometroaren seigarren neurketa aurkeztu dute asteartean Donostian. Euskal Herriarekiko atxikimendua da nagusi oro har, baina Nafarroan Nafarroarekikoa gailentzen da. Euskara ez dago euskal sentimendua azaltzeko gako nagusien artean, baina gaztelera eta... [+]


2024-09-17 | ARGIA
Euskaldunen aurkako “oldarraldi” judizial betean, euskara eskakizuna berriro baliogabetuta

EAEko Auzitegi Nagusiak atzera bota du Donostiako bi udaltzain postutarako euskarazko B2 profila eskatzen zuen lan deialdia. "Euskaldunen eskubideak urratzen dituen" epai berri honen aurrean, hainbat eragilek salatu du "euskaldunen aurkako oldarraldiak"... [+]


2024-09-13 | ARGIA
Tematzearen emaitza: errepide seinaleak euskaraz

Herritarrak eskatzen du seinaleak euskaraz jartzeko. Gobernuak erantzuten dio legeak ez duela horretara behartzen. Behatokiak erantzuten dio, legeak ez badu derrigortzen ere, euskaraz jartzeko debekurik ez duela. Gobernuak bereari eusten dio. Alabaina, herritarrak tematzen dira... [+]


Euskarazko “parentesia linguistiko ederrak” proposatzera dator Mintzalasai festibala

Irailaren 16tik 22ra iraganen da euskararen erabilpena bultzatzeko xedez antolaturiko festibala. Baiona, Angelu eta Miarritze hirietan bideraturiko festibalaren hamahirugarren edizioa dute aurtengoa.


Maddi Kintana
“Badirudi lagunarteko hizkera, Hegoaldean eta Iparraldean, ezin dela banandu gaztelaniatik eta frantsesetik”

Maddi Kintanak ekainean aurkeztu du Master Amaierako Lana Bordeleko Unibertsitatearen eta Iker ikerketa-zentroaren laguntzarekin. Gazteen hizkera BAM eta inguruan du izenburu eta Biarritz, Baiona eta Angeluko 18 eta 24 urte bitarteko gazteen hizkera aztertu du. Horretarako,... [+]


Gorputz hotsak
“Oso arriskutsua da pentsatzea edonork irakatsi dezakeela zeinu hizkuntza”

Sarean lan egiteko elkar entzutea eta errespetatzea “nahitaezkoa” da Aitor Bedialaunetarentzat (Ondarroa, Bizkaia, 1991). Euskal Gorrak, Pertsona Gorren Elkarteen Euskal Federazioko presidentea zeinu hizkuntzaren kalitatea zaintzearen garrantziaz mintzatu da. Salatu... [+]


2024-09-11 | Maialen Arteaga
Erantzun konplexuen alde

Garai hiper azeleratu eta likido hauetan erantzun sendoek heldulekuak eskaintzen dizkigute. Erraza da krisi garaietan halako premisa bati heldu eta zure egitea, bandera altxatzeraino. Inguruan gertatzen ari den guztia ulertzeko erantzunak behar dituzu, erantzun azkarrak; eta... [+]


2024-09-11 | ARGIA
Euskararen aldeko ekintzengatik zigortu du Gorka Torre Baionako auzitegiak

Euskaraz deklaratzea ukatu dio epaileak, eta erabaki du ez parte hartzea bere aurkako epaiketan. Auzitegi kanpoan babesa ematera joandako hamarnaka euskaltzaleren aurrean desobedientziarako deia egin du Torrek. Guztira 3.268 euro ordaintzera zigortu dute.


Eguneraketa berriak daude