Turkiak Jarabulus hartuz karta banaketa berria eragin du Siriako gerran

  • Abuztuaren 24an Turkiako armadak Siria inbaditu zuen. Turkiarren babesarekin hamabi orduren buruan Jarabulus mugako herri estrategikoaren jabe egin ziren AEBek patrozinatutako miliziak, bide batez gudari kurduak atzera egitera behartuz. Jarabuluseko gertakizunetan jauzi kualitatiboa ikusi dute “ordezkari bidezko mundu gerra” hau gertutik behatzen duten aditu batzuek.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria
2016ko irailaren 11
AFP agentziak zabaldutako argazkian, tanke turkiarrak Siriako eremuan sarturik Eufrates deitu operazioan, abuztuaren 24an. Erdoganek, batzuen ustez, OTANi eta AEBei lan zikina aurreratu die islamista ‘moderatuei’ –Al Kaeda eta besteei– Alepo hiri estrateg
AFP agentziak zabaldutako argazkian, tanke turkiarrak Siriako eremuan sarturik Eufrates deitu operazioan, abuztuaren 24an. Erdoganek, batzuen ustez, OTANi eta AEBei lan zikina aurreratu die islamista ‘moderatuei’ –Al Kaeda eta besteei– Alepo hiri estrategikorako bidea zabalduz. Aldiz, beste batzuek uste dute Turkia aldendu dela AEBen interesetatik eta Damaskoko gobernuak Iran eta Errusiarekin eratutako interes multzora hurbildu dela. Denak datoz bat galtzaile nagusi kurduak izendatzeko.

Tomas Alcoverrok, Europak Ekialde Hurbilean dauzkan kazetarien arteko jakintsuenetakoak, idatzi ohi du Sirian Mundu Gerra bat borrokatzen dela, epizentro erabakiorra Alepoko guduan daukana. “Denak denen kontra” borroka dirudien kaosean, aldaketa handia gertatu da San Bartolome egunean: Turkiak inbaditu du Siria, bere babeseko miliziei Jarabulus hiria oparitzeko.

Errusiarrak belaunetaraino sartuta daude Siriako hareatzan. AEB eta OTAN bezala. Udan agertu dira Britainia Handiko eliteko tropen argazkiak, basamortu siriarretik iritsiak. Monarkia arabiarrek finantzatzen dute gerra. Turkiak islamistei atzeguardia bermatu dien moduan. Dena da jakina, baina dena aldatu dezake turkiarren urratsak.

Jarabulusekoa hiru egun lehenagotik iragarri zuen Moon of Alabama blogak, kurduak izugarri gogor kritikatzen zituen analisi batean. Gertatu berria zen Hasakahko borroka: abuztuaren 18an miliziano kurduek eraso zieten herri honetan Damaskoko gobernuak dauzkan militarrei. Aurretik inoiz gertatu gabeko zerbait zen, Assaden tropen eta kurduen artean bazegoelako elkarri ez erasotzeko itun tazitua.

Kurduek AEBetako hegazkinen eta kainoien babesean jipoitu baitzuten Assad, zioen Moon of Alabamak kurduek hanka sartzen zutela Siriako iparralde osoaren jabe izan nahian: “Turkiaren artilleria hasi da Estatu Islamiarrak daukan Jarabulus ingurua txirtxilatzen, eta ‘siriar errebelde moderatuak’ prestatzen ari dira herrian sartzeko. Artilleria turkiarrak YPG kurdua ere kolpatzen du. Bere bi aliatuen artean, nori uste duzue lagunduko diotela AEBek?”.

Ordu gutxiren bueltan, Turkiako tanke eta soldaduak Siria iparrean sareturik, Estatu Islamikoa tiro bat egin gabe erretiratu da duela bi urte bereganatutako Jarabulustik, OTANek eta petromonarkiek babestutako ‘errebelde moderatuen’ –Al Kaeda ere epeltzat daukagu komeni denean– esku geratu da eskualdea, AEBek babestutako kurduek atzera egin dute hilabeteotan hainbeste odolez irabazitako eremuetatik...

Maximilian Popp eta Christoph Reuterrek Der Spiegel astekarian idatzi dute Jarabulusekoa inflexio puntua izan dela Siriako gerran: Turkia zuzenean inplikatu da gatazkan eta gerran orain arte ikusi diren aliantza konplikatuak bat batean aldatzen hasi dira, atzo arte etsai izandakoak oharturik badauzkatela interes komunak.

“Hemen bakoitzak –dio Der Spiegelek– bere gerra egiten du. Turkiak kurduak menderatu nahi ditu. AEBek Estatu Islamiarra zanpatzea baizik ez du nahi. Kurduek beren estatua eraiki nahi dute. Eta errusiarrek nagusiki mundu mailako potentzia direla erakutsi nahi dute”.

Assadek kurduei airez erasotzeak lagundu du, Popp eta Reuterren aburuz, Turkiaren Errusiarekiko etsaigoa epeltzen. Erdogan haserre dago Europa eta AEBekin bere ustean azken estatu-kolpean nahikoa babes eman ez ziotelako eta, batik bat, Kurdistango gudariei babes handia ematen dietelako. Errusia, bere aldetik, jabetu da Baxar al-Assad ez dizkiola eskatutakoak egiten, ez dagoela negoziaketetan ezertan amore emateko prest, nahiz eta daukan indarra errusiarren laguntzari zor izan.

Ororen buru, hona analisi honen ondorioak. EIk Siriako eskualde hura galdu du. Kurduek, hanka sartu dutelako, galdu dituzte aliatuak eta eremua, 2016ko abuztuko galtzaile nagusi bihurtuz. Turkiak harremanak hobetu ditu Errusiarekin. Orain Turkiari egoera PKK-k konplikatu diezaioke muga barruan. Baxar al-Assad etsaitu da kurduarrekin, eta ordainetan Turkia ez du lehen bezain etsai. Lehen bezala, Assaden etorkizuna Errusiaren eskuetan datza. AEBen arazoa da orain bere bi aliatuak, Turkia eta kurduak, elkarri tiroka ari direla. Azkenik, Errusia da karta banaketa berrian irabazle nagusia.

Errusia ala AEB orain ahulago?

Mark Sleboda Moskuko unibertsitateko soziologia irakasle eta nazioarteko gaietan adituak Facebooken daukan Gramsci blogean abuztuko aldaketez Der Spiegelek egindakoaren oso bestelako analisia egin du.Turkiak, AEBen babesean, kontrolatzen dituen miliziekin batera Jarabulusetik aurrera jo eta Al Bab hiria hartu nahiko dute beretzako, horrela Al Kaedari bermatzeko aireko erasorik gabeko eremu aske bat, Errusia eta Siriako armadaren hegazkinen beldurrik gabe.

Erdoganek de facto airezko erasoen beldurrik gabeko eremua eskaini die OTANek eta Golkoko monarkiek babestutako matxinoei, lasaiago lor dezaten Alepo hiri estrategikoaren konkista. Alepon dago gakoa, Siriako kurduen kontrako erasoa bigarren mailako kontua da turkiarrentzat, Slebodaren ustean. Estatu Islamikoak ongi zekien zein zen jokaldia eta tiro bat eman gabe alde egin du Jarubulus inguruetatik.

Laburbilduz, Erdoganen abuztu amaierako erasoak lau osagai ditu. Bat, Jarabulus kendu Estatu Islamikoari eta eman, Turkia, Qatar eta Saudi Arabiaren eskumakilak izanik irudi hobea daukaten beste islamistei. Bi, Jarabulus eman Al Kaedari kurduek berenganatu ez dezaten. Hiru, Al Kaedari hegazkinezko erasorik gabeko eremua bermatu. Lau, lanak aurreratu OTANeko neokontserbadoreen A plana posible ez balitz –Baxar al-Assad agintetik kentzea– B plana errazteko, alegia, Siria zatitzeko.

Eta Errusia? “Beldur naiz –dio Slobodak– azkenean Errusiak atzera egin eta ahal duenarekin konformatuko dela, III. Mundu Gerra lehertu ez dadin. Horra Kremlinaren ahuldadea, [1990eko hamarkadan adostua] OTANek gainditu ezin omen zituen lerro gorriak banan bana erorita gero eta hurbilago daudela Errusiatik. Azkenean Errusia bera izango denean jomuga, ez du edukiko lagun bakar bat aldean”. Siriako gerra Moskutik horrela ikusten da.

Siriako koiunturaren oso bestelako irakurketa dauka Moon of Alabama blogak. Hona, motzean. AEBek oker egin dituzte hasieratik gauzak Sirian eta Turkiak eskuetatik ihes egin dio, Errusia-Siria-Iran taldearekin tratua bilatzera. AEBk beren eskualde propioa nekez segurtatuko dute Sirian, gerrillari kurduak odolustu direlako aurreko batailetan. Erdogan berrantolatzen ari da gerrillari taldeak, bere komenentzian. Eta Assad konformatuko da matxinoei eremuak utzirik, Damaskorentzako lehentasunezkoak diren hiri eta eskualdeak gotortzeko.

Geopolitika eta jokoen teoriaz landa, triskantzak gupida gabe darrai. 17 milioi biztanle dauzkan Siriak 282.000 eta 470.000 arteko herritar kopurua ikusi du hiltzen 2011ko matxinadaren ondoren sututako gerran. 7,6 milioi jende bizi da Sirian bertan bere jaioterritik ihes eginda eta lau milioitik gora –bost milioi diote batzuek– aurkitu dira herrialdetik ihes egitera behartuta.

Kanal hauetan artxibatua: Siriako gerra  |  Turkia

Siriako gerra kanaletik interesatuko zaizu...
2017-09-05 | Estitxu Eizagirre
Sirian erasoan ari diren hegazkinak euskal enpresek ere eginak dira

Siriako gerran erabiltzen ari diren Eurofighter erasorako hegazkinaren zati batzuk Euskal Herriko Itp, Aernnova eta Sener enpresek egiten dituzte. Leopardo gudarako orgaren zati batzuk Sapak egiten ditu.


2017-08-17 | ARGIA
13 hildako eta 80 zauritu Bartzelonan, Estatu Islamikoak bere gain hartu duen atentatuan

Atentatua ostegun honetan 17:00 orduen bueltan izan da Bartzelonako Rambletan, furgoneta zuri bat Kataluniako Plazaren aldetik abiatu denean abiadura bizian, zigi-zaga eginez eta ahalik eta jende gehiena harrapatuz.

 

2017-06-25 | Jabi Zabala
"Jainkorik baldin badago, arrazista itzela da"

Aleida Guevara March kubatarra (Habana, 1960) pediatrian doktorea, mediku internazionalista, Alderdi Komunistako kidea eta bi alabaren ama da. Habanako William Soler haur ospitalean egiten du lan eta Che Guevara ikerketa gunean laguntzailea da. Cheren alaba izateagatik ezaguna, Kubako iraultzaren eta aitaren figuraren defentsa egiten du maiz, nazioartean parte hartzen duen foroetan. Berriki Bilbon izan da, Euskadi-Cuba elkarteak antolatutako elkartasun topaketa batean. Aitaren figuraz,... [+]


"Emakumeon borroka gerrillariaren irudira murrizten duenak ez du ikusten iraultzaren osotasuna"

Daeshen ofentsibak eta Kobaneko setioak kurduak nazioarteko lerro buruan jarri zituzten. Une kritiko hartan Meral Zin Çiçekek (Kolonia, Alemania, 1983) abiatu zuen REPAK erakundea Kurdistanen sortutako aukera eta beharrizanei erantzuteko. KCK-ko – Kurdistango Konfederazio Demokratikoa– kide gisa, emakume kurduek batasun nazionala sustatzeko tresna bilakatu da, baita internazionalista, akademiko eta kazetarien lana koordinatzeko ere.


2017-01-22 | Ibai Trebiño
"Welcome to Damascus!"

Damaskoko erdigunetik buelta bat emanda, inork gutxik imajinatuko luke Siriako gerraren zentroan gaudela.


2017-01-13 | Ibai Trebiño
"Welcome to Damascus!"

Damaskoko erdigunetik buelta bat emanda, inork gutxi imajinatuko luke Siriako gerraren zentroan gaudela; Hiri lasaia da Damasko, eta hemen, soilik armadaren checkpoint-ek zein matxinoen kontrolpean daude auzoetatik jauzten diren suziri eta morteroek, apurtzen dute hiriaren bizia.


Siria osorako su-etena iragarri dute Turkiak eta Errusiak

Asteazken gauean jarriko dute indarrean su-etena, Anadolu agentziak informatu duenez.


Aleporen erorketa, Polat Can komandante kurduaren begietan

Alepo ekialdea Bashar al-Assaden gobernuaren esku geratu da. YPG indar kurduen komandante eta elegun Polat Canek hiriaren erorketaz egin duen irakurketa jaso dugu puntuz puntu. “Ezinbestean” gertatu beharrekoa zela azaldu du Canek.


2016-11-08 | Axier Lopez
Zergatik den Hillary Clinton Trump baino arriskutsuagoa

Diana Johnstone analista politikoa da, AEBetako eta Europako hainbat hedabidetan kolaboratzen du. Hillary Clinton: kaosaren erregina izeneko liburua kaleratu berri du, demokraten hautagaiaren ibilbide politikoari egindako azterketa zorrotza. La Marean elkarrizketatu dute eta pasarterik esanguratsuenak bildu ditugu.


Irakeko Daeshen bihotzaren aurkako gurutzada

Urriaren 17an Mosul hiria Estatu Islamikoaren 2 urteko morrontzatik askatzeko borrokari ekin zioten 35.000 bat militarrek. Irakeko armadak eta beste hainbat gerrillak, AEBetako militar eta zerbitzu sekretuen gidaritzapean, antolatutako eraso honek sortuko duen krisi humanitarioak txiki utz lezake Siriako Alepon gertatzen ari dena. Bitartean, Errusiak eta Siriak su etena ezarri dute Alepoko zeruetan, eta kezka azaldu dute Mosuletik ihesi doazen jihadistak Siriako Estatu Islamiarra indartzera... [+]


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude