ETB ezkutuan bizi da

ARGIArako idatzi nuen azkenengoa, Zinemaldiaz izanik, erraza izan zen, nahiz eta gure zinemaren independentziaz idatzi. Oraingoan erraza zatekeen ere, DSS2016 hor egonik. Hor dago Katebegiak egitasmoa. Ez dakit oso ondo zein kate osatzen lagunduko duten katebegi horiek baina izenburua ponpoxoa da, propaganda ofizialean esango luketen bezala, oso bat dator egitasmoaren helburuekin. Kontua da, aurten Donostian egiten den oro kultura arloan oso bat datorrela helburu horiekin, eta ez baletor ere etorraraziko litzaioke. Baina ez dut hiriburuaz idatziko, ETBz baizik. Zeren gezurra badirudi ere, ETBk existitzen du oraindik ere.

Mezu bat jaso dut Beti eskamak kentzen telesail berria iragarriz. Polita, dotorea eta ongi egina. Espero dut, benetan, ongi joatea, nahiz eta horrek ez duen inolako bermerik suposatzen. Hor dugu adibide gisa Aitaren etxea. Ondo egina zegoen baina ez du jarraipenik izan. Eta horrela zenbat eta zenbat, azken urteetan. Gure kate publikoaren jarrera Espainiako generalisten berbera da: audientziek agintzen dute. Aldez aurretik eskatzen duten audientziarik ez bada ematen, hor konpon Marianton! Zeren arabera eskatzen dute ratinga ordea? Esango nuke gertuago dabilela desiotik errealitatetik baino. Errealitateak hutsetik gertuago kokatzen baikaitu desioek markatzen duten zenbakitik baino. Seguruenik, Beti eskamak kentzenek “huts” eginez gero, ETBn ari dira jada ordezkoa prestatzen. Eta horrela bat, eta beste bat, eta… Noiz arte?

EITBko Administrazio Kontseiluan zertaz eztabaidatzen dute, langileen kanporatzeaz gain?

Ez dut ETBk beharko lituzkeen helburuen gaineko eztabaida berriro aipatu nahi. Telebista publiko baten betebeharraren gaineko gaia gutxitan azaltzen da euskarazko hedabidetan. Uste dut ez zaiola inori interesatzen. Badirudi onartu dugula ETBrenak ez duela konponbiderik, gureganatuta daukagula ezer egin ezinarena, patu kontua balitz bezala, konponezina den zerbait. Nire buruari galdetzen diot, zer egiten ote duten EAJ ez diren beste alderdiek EITBko Administrazio Kontseiluan? Zer eztabaidatzen dute haien bileratan, langileen kanporatzeaz gain?

Urte mordoa pasa da telebista publikoaren egitura asmatu zenetik. Trantsizioa bera Espainian zalantzan jartzen denean ezin al dugu guk geure telebista eredua zalantzan jarri eta beste modu batean egin daitekeela pentsatu? Ni baiezkoan nago. Lau kate behar al ditugu, hainbeste langile, egoitza erraldoia? Zertan xahutzen da aurrekontua? Edukietan ala egitura mantentze hutsean? Galdera zerrenda luzea dateke. Baina berdin dio, ETB bertan goxo dago, ezkutuan balego bezala, tarteka polemika deserosorik sortuko ez balitz bezala. Barrura begiratzeko leihoak emititzearen inguruan sortu zena bezala. Orduan, Lehendakaria bera atera zen plazara ezinezko aitzakiak emanez. Erantzukizunen gaineko desproportzioa ikaragarria dela onartuko didazue behintzat.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Ezinbesteko egoera

Apirilaren 2 eta 3an Parisen iragan zen epaiketa, dudarik gabe, judizialki memento historikoa izan zen. Lehen aldikotz euskal afera judizialetan, defentsa eta estatuaren ordezkariak aho batez mintzatu ziren.


Materialismo histerikoa
Isilean


Materialismo histerikoa
Zainduta

Umea gelan eranzten utzi, eta ni lau minutuan jantzi naiz, bi pasa behar izan ditudalako pulamentuzko kulerorik ez dudala ohartzeko, eta souvenir moduan gordeta nituen norbaiten kaltzontziloak janzteko. Nik bakarrik jakingo dut galtzen azpian Spiderman daramadala. Hogeita bost... [+]


Eguneraketa berriak daude