Zerbait geratuko da

  • Oskorriren desegiteak hitz penatuak zabaldu ditu han-hemen, ekainean lau hamarkadako bidearen amaiera iragarri zutenetik. Zenbaitek kezka azaldu du euskal kulturgintzarekiko axolagabekeriak taldearen agurra behartu ahal izan duelako, eta euskal talde klasikoaren transmisio-gaitasuna nabarmendu dute beste askok. Horretaz hitz egin dugu Maite Arroitajauregi, Imanol Epelde eta Xabi Ubedarekin.

Oskorriren ikuskizuna: “Vizcayatik Bizkaira”.
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

“Oskorriren jarraitzailea izan gabe, Oskorri neuregan daramat”. Imanol Epelde Etxepare Rapen hitzak dira, baina apika euskaldun askok –gazte eta ez horren gazte–, bere egin ditzaketenak. Jarraitzaile izan edo ez, 1972an jaio zenetik, belaunaldi batentzat baino gehiagorentzat talde erreferentzialenetakoa izan baita Oskorri, orotara 3.000 kontzertu eta 500 kantu inguruko ondarea landu ostean.

Maite Arroitajauregi Mursegori haurtzaroa datorkio burura Oskorri hizpide hartzean, utzitako arrastoa egun ere nabari duen arren: “Memorian hain presente dauzkadan kantuek –Hau da debilidadia edo Aita San Migel–, moduren batean eragina izango dute nigan, eta nire musikan”. Xabi Ubeda Baxiri, Jupiter Jon taldeko gitarra-joleari, Oskorriren hasierako diskoen azalak etortzen zaizkio aurrena, Anton Latxaren ahotsarekin batera. Hala ere, musikalki ez diotela eragin uste du: “Gurea beste rollo bat da: zerikusi gehiago du punka eta bestelako gauzekin”.

Zergatik erabaki du Oskorrik desegitea? Taldekideek ez dute adierazpenik egin nahi izan zioez, hala adostu zutelako azken birarekin hasi aurretik. Litekeena da denboraren perspektibarekin hitz egitea; baina esanguratsua da Natxo de Felipek 2013an Berrian egin elkarrizketan esandakoa: “Gu ez gaude bukatzeko asmotan. Egoera dago gu akabatzeko puntuan”.

Politikak eta polemikak

Oskorriren ibilbideak izan du momentu polemikorik. Euskaraz kantatzeagatik zentsura ezagutu ondoren, “espainolista” izendatuak izatera igaro ziren. Aipatu elkarrizketan argitaratutakoek ere hautsak harrotu zituzten, Euskal Herrian “kritika ideologikoaren eta atentatuaren arteko muga oso lausoa” zela esan zuen taldeko aurpegirik ezagunenak.

Egun politikak musikaria baldintzatzen duen galdetuta, Ubedak azaldu du taldean “egoera nahiko surrealistak” bizi izan dituztela. Umoretik kontatu du haien kontzertu batean gazte batzuk pankarta batekin sartu zirela “diruzaleak eta kapitalistak” zirela salatzeko. Gaur egun, baina, dena “irekiago” uzten dela uste du Epeldek: “Aldarrikapen soziala asko lausotu da letretan eta sortzailearengan; begirada anbiguoa nagusitu da garena deskribatzean eta salatzerakoan”. 

Politika egiteko modu asko daudela ñabartu du Arroitajauregik, erabaki txikietan gauzatzen direnak: “Diskoak argitaratzeko modua, prezioa, zuzenekoetan transmititutako energia, lanarekiko konpromisoa…”. Erabaki txiki horien bidez ematen dio Mursegok zentzu politikoa bere jardunari.

Transmisiorik ba ote?

Tradizioa birsortzeko ahalmen berezia aitortu izan zaio Oskorriri. Arroitajauregiren esanetan, “estilistikoki egongo dira folk-rock taldeak, baina ez dakit modernitatea eta tradizioa hain ondo uztartu duen talderik dagoen. Ibon Rodriguezi irakurri diot eta guztiz ados nago: kantu zaharrak berreskuratu eta propio egin zituzten Oskorrikoek, kantu zaharrei hitz garaikideak emanez eta testu zaharrei doinu berriak”. Ohiko jarduna ez duen arren, testu edo kantu zaharrak musikatuz egiten den transmisio lanari oso interesgarri deritzo.

Epeldek ikusten du Oskorrirekiko antzekotasunik bere sorkuntzan: “Oskorrik Bernart Etxepareren letrekin egindako disko bat du [Mosen Bernart Etxepare 1545, 1977] eta tradizioa gaur egunera ekartzen ahalegin handia egin du. Horretan aritu naiz ni ere, diferentzia batekin: folkean oinarritu beharrean, rapean eta musika elektronikoan oinarrituz”. Bere ustez, badira “hitz eta aire zaharrak doinu berriz  geroratzen” lekukoa hartu dutenak baina arazoa irismenean ikusten du. “Gaztean ez dagoena, nola iritsarazi?”. 

Belaunaldi gazteetako taldeek adin eta publiko ezberdinak bateratzea zailago izango dutela ikusten du Ubedak, egungo zenbait erreferentziak –Benito Lertxundi eta Mikel Laboa aipatu ditu– lortu duten bezala. “Baina nork daki?”.

“Gezur ikaragarria”

“Euskal kulturaren kontua gezur ikaragarria” dela adierazi zuen Berrian Natxo de Felipek, euskal sortzaile askok bizi dituzten baldintza txarren harira. Antzeko ildotik, euskal kultura “ataskatuta” ote dagoen ustea du Arroitajauregik: “Ez du aurrera egiten; garena ahaztu gabe eta daukagun ondarea zainduz aurrera egin behar dugu, eta ez dakit instituzioak horretarako prest dauden”. 

“Gaur egungo mundua guretik interpretatu behar dugu. Ezinbestekoa da ateak irekitzea garenari eutsiz”, dio Epeldek. Horretarako, esperimentazio guneak ireki behar direla uste du, ikertzeko. Hedapenik, ikerkuntzarik eta transmisiorik gabe sorkuntza “hankamotz” geratzen delako, bereziki, euskalduna moduko kultura batean. 

Sorkuntzatik bizitzeko hautuaz, Epeldek dio denik eta lanik onena eginda ere, ez dela inoiz “irakasle bat bezain eroso” biziko sortzailea. Etorkizunean pentsatuz bizi direnak sortzeko grina mugatua dutela uste du.

Hauxe da despedidia

“Nik dakidala, Oskorrik badoazela esan du baina ez zergatik. Kulturgintzako ardura duen zein joan da eurengana galdezka zer gertatu den, zergatik utziko dioten 40 urteko ibilbideari?”, galdetu du Epeldek. Sorkuntza norbanakoen borondatearen gain uzten dela kritikatu du, “elikatu eta mimatu” egin beharko litzatekeen arren, kulturak herria elikatzen jarraituko badu. 

Mursegok ere itauna bota du: “Zergatik ez gara gai izan Oskorri mantentzeko?”. Garaiak aldatu arren, zuzeneko musika entzuteko lekuak ugaritu direla eta, Donostian, esaterako, astebururo dozena bat kontzertutarako aukera dagoela azaldu du. Baina kontzertuetara musika entzutera baino, hurrengo egunean han egon zirela esateko joaten dela salatu du. “Oskorri programatzea garestia omen da, eta? Agian militanteagoak izan behar ginateke. Kultura ez da denbora-pasa, esfortzua suposatzen du, pertsona egiten gaitu, lekuan lekuko. Kulturak definitzen bagaitu, hobeto zaindu beharko genuke”.

Oskorrirentzat behintzat berandu dela dirudi. Hauxe da despedidia izenarekin egin duten agurreko bira azaroaren 22an amaituko dute, Bilboko Arriagan. 

Errepaso bat Oskorriren ibilbideari
1970-1980

Musikalki berrikuntza asko gehitu bazituzten ere, garai honek letren eduki errebindikatiboa izan zuen ezaugarri nagusi. Gabriel Arestirekin batera egindako lana taldearen abiapunturik garrantzitsuena izan zen, baina letra egileak ere izan ziren urte hauetan: Mikel Zarate, Alfontso Irigoien, Xabier Amuriza eta noski, Bernart Etxepare. Bi single (Aita semeak eta Egia da) eta hiru disko argitaratu zituzten hamarkada honetan: Gabriel Arestiren oroimenez, Mosen Bernat Etxepare eta Oskorri. Dudarik gabe, aldarrikapen handieneko kantu eta urteak.

1980-1990

Taldearen esperimentazio garai nabariena izan ziren. Musikalki, melodia herrikoi asko moldatu zituzten, tresna tradizional gehiago erabiltzen hasi ziren eta aldi berean gitarra elektrikoari eta saxoa bezalako instrumentuei pisu handia eman zieten. Aton Latxak eta Fran Lasuenek abesti ugari egin zituzten ahots nagusian, taldeari puntu heterogeneo eta freskoa emanez. Plazarik Plaza diskoko kantu guztien letrak Natxo de Felipek egin bazituen ere, gainontzeko diskoetan idazleen eta hainbat bertsolariren lana erabili zuten. Aipagarriak dira Xabier Amuriza (Euskal Herrian Euskaraz, Nafarroa, Kyrie Eleison...) eta Jon Sarasua (Atzo Goizean, Amoriua, Zalaparta…). Zortzi disko osotara. Urrezko hamarkada, disko borobilarekin amaitua: Datorrena datorrela.

1990-2000

Agerian geratu zen taldearen gaitasun polifazetikoa. 1991n Hi ere dantzari grabatu zuten Euskal Dantzarien Biltzarrarentzako, 1993an Kukubiltxorekin batera lehen haur ikuskizuna, diskoa barne: Katuen Testamentua, 1998an Marijane kanta zanekin errepikatuko zutelarik; eta 1997an hasiko ziren The Pub Ibiltaria formatu eta bildumekin, urtero bat argitaratuz. Tartean, estudioko bi disko (Badok hamairu eta Landalan) eta zuzeneko galanta 25. urteurrena aitzakia. Formazioan aldaketa ugari, nukleoak (De Felipe-Latxa-Martinez) tente eutsi ziola. Oskorri bizirik, ideia berriekin eta lan egiteko prest, garaiko produkzio guztia lekuko.

2000-2015

Aurreko hamarkadak utzitako bestondoaren ondotik altxatzea zaila bazirudien ere, milenioa disko trinko eta interesgarri batekin estreinatu zuten: Ura. 2001ean Xabier Amurizaren laguntzarekin Vizcayatik… Bizkaiara argitaratu zuten, eta 2003an Desertore, kantu originalekin egindako azken lana. 2005ean Kukubiltxorekin elkartu ziren berriro Doktor Do-Re-Mi eta Benedizebra ikuskizuna egiteko. 2007an, 35. urteurrena ospatzeko hirugarren zuzenekoa Banda Band, eta honekin batera banda formatua, hainbat tokitan herriko bandarekin emanaldiak egiteko. 2011n burutu zuten azken lana, Dantza kontra dantza, Joan Ignazio Iztuetak jasotako soinu zaharretan oinarritutako dantza jauzi berrien sorkuntza. Taldeak agur esatea erabaki du 40 urteko lana eta gero, euskal musika garaikidearen erreferentzia nagusienetako bat bihurturik. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Musika
2025-10-03 | Xalba Ramirez
Haizeari entzunaz

Ixo eta bizi!

Gailu

Bidehuts, 2025

------------------------------------------------------------------------------------------------------

Aresti hilda dago. Eta bere oinordekotza baita ere. Gailuk argi du: “Harrizko herri zena / negar herri bihurtu da eta, / hala, iduri... [+]


Hiri bat eta estimuluen karrusela

Rodeo eta Dena

Non: Bilboko Kafe Antzokian

Noiz: irailaren 18an

--------------------------------------------

Bilbo, sargoria, udako azken ostegunez. Bihotz Sakratuaren plaza bete dute Palestinaren aldeko oihuek, enegarrenez. Kilometro pare bat harago, Mariaren... [+]


Koldo Otamendi. Musika Zuzenean-ek 15 urte
"Zuzeneko musikaz gozatzeko edozein egun da ona"

Euskal Herriko zazpi lurraldeetan barna, hamabost egunez segidan hamabost kontzertu antolatu ditu Musika Zuzenean proiektuak, 15 urte betetzen dituztelako. Areto txiki, taberna eta espazio autogestionatuetan izango dira. Anari, Niña Coyote eta Chico Tornado, Ezpalak eta... [+]


Hitzordu berriak Kursaal Eszenan

Kursaal Eszena

Non: Donostiako Kursaal Jauregian

Noiz: 2025eko urri eta abendu artean

----------------------------------------------------------------------------------

Uda azkar pasatu zaigu, oraindik buruan ditugu Musika Hamabostaldian gozatu ditugun kontzertu zoragarrien... [+]


2025-09-27 | Leire Ikaran
Makineria pisutsu baten oihartzunak

EMPTY FILES + MOXAL & MIREN NARBAIZA

Non: Bilboko Kafe Antzokian
Noiz: irailaren 12an.

-------------------------------------------------------

Aitortu behar dut nahi baino gutxiagotan joaten naizela Bilbora. Beti sortzen dit horrelako tristura moduko bat, orduko... [+]


2025-09-18 | Irutxuloko Hitza
Lourdes Iriondori emango dio aldundiak Gipuzkoako Urrezko Domina

Aldundiak aurtengo Gipuzkoako Urrezko Domina emango dio abenduan Lourdes Iriondo Mujikari (Donostia, 1937-Urnieta, 2005) bere heriotzaren 20. urteurrenean. Aintzatespen horrekin, euskaren biziberritzean eta euskal kulturaren suspertzean Iriondok egindako “lan mamitsu eta... [+]


2025-09-17 | Xalba Ramirez
Nhil, etxe bat 'soulari'

Etxea
Nhil
Autoekoizpena, 2025

------------------------------------------------------------

Etxea du izena Nhil taldearen hirugarren diskoak. Taldekideek azaldu dutenez, “etxea” baita taldea haientzat, eta entzulearentzat ere hala izatea nahi dute. Zazpi... [+]


Zergatik?

'GUREA KULTURA' JAIALDIA 
Taldea: Sal del Coche
Non: Zestoan
Noiz: Irailaren 7an

--------------------------------------------------------

Kronika hau egitera Donostiara joan behar nuen, baina sarrerak garestiegiak iruditu zitzaizkidan behinola zezenketak... [+]


Espainia ere ez da Eurovisionen izango, Israelek parte hartzen badu

RTVE irrati-telebista kate espainiarreko Administrazio Kontseiluak astearte honetan onartu du erabakia. Jaialdiaren antolaketan pisu handia duen “Big Five” deituriko herrialdeen artean, Espainia da lehena iragarri duena Eurovision utziko duela Israelek parte hartuz... [+]


2025-09-15 | Iker Barandiaran
Atzera begira gaztea

Badut lagun bat pop-aren bueltan Euskal Herrian emakume eta gazteek martxan jartzen dituzten proiektu berriei erreparatzen diona. Hark ezagutarazi dit onomatopeiadun talde bizkaitar hau. Hiruzpalau kantu sarean, eta uda ostean lan luzeago bat kaleratzeko asmoa.

KAK! taldea... [+]


Spoti-fire, Stop-ify edo Spoti-fair

Guztiok entzun nahi dugu musika: asko, merke, euskaraz eta gaizki sentitu gabe. Baina Spotify utziko badugu Israelen konplize izateagatik, agian beste enpresa eta tresnen inguruan ere hausnartu beharko dugu. Edo gure morala kontratatzen ditugun zerbitzuen arabera neurtzen hasiko... [+]


Itsaso zakar bat eta bi ahots poetiko

Xak eta Ekiza

Non: Ondargain txiringitoan (Deba)
Noiz: abuztuaren 27an.

-------------------------------------------------------

Euri langarraren eta lanbro-lainoen artean pasatu dugu Gipuzkoako muga, kostaldean zehar doan errepidetik itsaso zakarrari beha. Bandera... [+]


Musika klasikoa
Kilate askoko abesbatza

Les Concert des nations, La Capella nacional de Catalunya orkestra sinfonikoa

Zuzendaria: Jordi Savall
Abesbatzen prestaketa: Lluís vilamajó
Egitaraua: Mendelssohnen lanak 
Non: Kursaal auditorioan (Donostiako Musika Hamabostaldia)
Noiz: abuztuaren... [+]


Eguneraketa berriak daude