Katalunia: urratsez urrats, egunez egun

Gertatu da, gertatzen ari da, hobeto esanda. Horren grina handia sortu zuten hauteskundeak egin dira, autonomikoak ala plebiszitarioak, auskalo! Botoak zenbatu dira, herriaren erantzuna eta nahia interpretatu eta bete, besterik ez da geratzen. Hor dago, noski, oraingo erronka, eta ez da nolanahikoa, ez.

Emaitzak sobera ezagutzen ditugu; buruz dakizkigu. Normalean gertatzen den moduan, ez dira emaitza “garbiak”, hau da, negoziatzera behartzen dute eta hori ez da beti alderdiek espero zutena. Gainera, kopuruak garbi badaude ere, oso interpretagarriak dira eta, kasu honetan, bereziki, nork bere irakurketa egin du:

– Orain gutxi arte hauteskunde arruntak zirela aldarrikatu dutenek, independentziaren aldekoek galdu dutela diote.

– Independentziaren alde zeudenak jabetu dira gauzak ez direla horren errazak.

– Beste arlo batean mugitu direnek –arlo sozialean bereziki– ez dakite non kokatu diren, baina ohartuko ziren, zalantzarik gabe, beren aldeko bozak eskuz esku eta interpretazioz interpretazio dabiltzala.

– Askok onartzen dute erabakitzeko eskubidearen alde gehiengo handia dagoela.

Berriro ere, hau ez da “plebiszitu” garbia izan. Herriari ez zaio aukerarik eman independentziari bai ala ez esateko; baiezkoaren aldeko botoa sakabanatu da –kontrakoa ere bai– eta ez da horrela adierazi. Baiezkoak eta ezezkoak ez dira interpretagarriak. Baina Estatuak ez du horrelakorik nahi izan; ez du beste aukerarik eman. Beraz, ez da ez egokia, ez zuzena, ez leiala ere orain horrelako irakurketak egitea.

Bestalde, kanpaina ere bitxia izan da. Bitxikeria asko gertatu badira ere, nik larrienak aipatuko ditut: lehena, Mas presidenta eta beste bi pertsona inputatu gisa deklaratzera deitzea 2014ko azaroak 9an herri kontsulta gauzatu nahi izateagatik, hauteskundeak egin eta bi egunera. Bigarrena, kanpainan zehar Konstituzio Auzitegiaren Lege Organikoa aldatzeko egin den prozesua, Kataluniako –edo beste nazioetako– agintariak euren karguetatik desjabetu ahal izateko, hain zuzen ere, legea bihurrituz eta Konstituzio Auzitegia are gehiago politizatuz. Argi dago bi erabaki horiek eragina izan dutela hauteskundeetan: ondoren gertatu delako, eta bigarrena Estatuaren eta PPren indarra eta ahalmena –legearenak– agertu dituelako.

Eta emaitza horiekin zer? Bada, argi dagoena da Junts pel Sí taldeak aurrera egin nahi duela independentziaren alde, baina pausoka. Estatu egiturak osatuz hasiera batean, eta aurrerago, independentzia aldarrikatuz. Horretarako boto gehiago behar ditu Parlamenten, CUPenak, beraz. Gainera, asmo horretan kointzidentzia handia dute. Nik ez dakit zer gertatuko den, Mas berriro ere President izango den ala ez, CUP nahiko tinko ari baita haren kontrako jarrera mantenduz. Baina ez zaio erraza izango posizio horretan jarraitzea –orain gutxiago, Mas auzitegitik pasa behar duenean–, presioak –edo iradokizunak– daudelako, Katalunian eta hemen ere bai. Azkenean, Mas presidentak murrizketa sozialak egin ditu –beste askok ere bai–, baina Kataluniako herriak kalean agertu zuen independentziaren nahia Mas berak –beste batzuekin– bideratu du politikoki eta instituzionalki. CUPek erabaki behar du, noski, baina ez da erabaki erraza, inolaz ere. Dena den, hasitako prozesua aurrera eramatea da herriarekiko duten konpromisoa, batzuek eta besteek.  

Urratsez urrats, egunez egun, beraz, arrazoi demokratikoa gauzatuz praktikotasunez eta legitimitate osoz.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


ASTEKARIA
2015eko urriaren 18a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
Isilean


Materialismo histerikoa
Zainduta

Umea gelan eranzten utzi, eta ni lau minutuan jantzi naiz, bi pasa behar izan ditudalako pulamentuzko kulerorik ez dudala ohartzeko, eta souvenir moduan gordeta nituen norbaiten kaltzontziloak janzteko. Nik bakarrik jakingo dut galtzen azpian Spiderman daramadala. Hogeita bost... [+]


2024-05-12 | Diana Franco
Teknologia
Norbera izatea ahaztu

Oso gogoko dut zientzia fikzioa, genero honetan istorioak oso modu aldrebesean kontatuak izaten badira ere. Fikzioa erabiliz, dugun errealitate konplexua azaltzeko edota eraldatzeko modu berriak lantzen dira. Ocativa E. Butler zientzia fikziozko idazleak, elkarrizketa batean,... [+]


Eguneraketa berriak daude