Beti aurrera begira, giro ederrean

  • BONBERENEA TXARANGA :: Bihar ez da gaur

    Bonberenea Ekintzak, 2014.

Bonberenea Txaranga ez da ohiko txaranga bat. Bere piezetan jazz, rock, Karibeko aireak eta beste batzuk antzeman daitezke, baina bere jarrera edo jarduteko modua da azpimarragarria. Musikariak gazteak dira, batzuk oso gazteak, beren musika tresnak ongi menperatzen dituzte, eta aipagarria da haien etorria, gatza eta piperra, eta bizitasuna. Jai-giroa eta alaitasuna ederki transmititzen dute, umore ona eta giro ederra, azken batean. Gainera, diskoaren izenburuak dioen bezala, beti aurrera begira daude, beti melodia, erritmo eta doinu berriak bilatzen.

Bonberenea Txarangaren etengabeko garapenaren eta bilakaeraren azken mugarria da Bihar ez da gaur lana. Zortzi pieza dira, denak txarangako kideek beraiek sortuak, bat izan ezik, Dut taldearen Unean uneko kantuaren bertsioa egiten baitute. Ez dira txaranga baten kalejirak, fandangoak eta habanerak, ur berri batzuetan igeri egiten dute, estilo edo joera berrien beldurrik izan gabe, beren eredua txaranga ulertzeko modu berri bat baita.

Grabazio saioetan, Iker Pando (gitarra), Ivan Alzate (baxua), Ekhiñe Olano (tronpa), Sorkun Rubio (ahotsa) eta Juantxo Arakama (ahotsa) aritu dira txarangako musikariekin. Juantxo Arakamak berak Gara(i)pena kantuko hitzak idatzi ditu, eta Ion Arruebarrena txarangako kideak Argitzalak kantuko hitzak. Izan ere, diskoko sei pieza instrumentalak dira eta beste bi pieza kantuz lagunduak. Karlos Osinaga teknikaria arduratu da grabazioaz, nahasketez eta masterizazioaz, eta Mikel Zelaia Bonberenea Txarangako kidea berarekin aritu da. Diseinu lanak, berriz, Joseba Poncek egin ditu. Lan handia egin dute denek, disko eder bat osatzeko, patxadaz entzun eta gozatzeko disko bat.

Bonberenea Txarangak Tolosako (Gipuzkoa) Bonberenea etxean dauka egoitza. Urte batzuk badaramatza Tolosako eta beste hainbat herritako kaleak alaitzen, eta beste zenbait talderi eta musikariri grabazio saioetan eta jendaurreko emanaldietan laguntzen.

Bihar ez da gaur haien laugarren diskoa da. Aurreko hirurak dira: Pirritx, Porrotx eta Marimotots & Bonberenea Txaranga (Bonberenea Ekintzak, 2011), Rocka ta urrezko komona (Bonberenea Ekintzak, 2008) eta Bonberenea Txaranga (Bonberenea Ekintzak, 2005).

Haurrek, gazteek eta helduek ederki pasatzen dute Bonberenea Txarangaren kalejiretan eta bestelako saioetan, irribarrez eta dantza batean edo gorputza mugituz, bere martxa alaian. Segi horrela!


Azkenak
2024-05-13 | ARGIA
Beskoitzeko ikastola eraikitzeko baliatuko da Herri Urratsen jasotako dirua

Maiatzaren 12an Senpereko lakuaren inguruan egin da Herri Urrats, ohi bezala. 41. edizioan Nekane Artola Ikastolen Elkarteko lehendakariak hiru gauza galdegin ditu: baliabideak, hizkuntza politika ausartagoak eta euskararen ofizialtasuna.


Aragonesek dimisioa aurkeztu du, ERCren emaitza txarren ondoren

Itxura guztien arabera, PSCko Salvador Illa izango da Generalitateko hurrengo presidentea, norbait izatekotan. Bestela, hauteskundeak errepikatzeko aukera dago. Egungo presidente Pere Aragonés eta ERCk jaitsiera handia izan dute. Abstentzioa %41ekoa izan da.


Hiru itun zail Kataluniako Generalitateko presidente izateko

Kataluniako Parlamentuko gehiengo independentistaren galerak eta hemizikloa eskuinerantz eta espainolismorantz biratzeak gobernagarritasuna zailtzen dute. Maiatzaren 30eko Espainiako Diputatuen Kongresuko osoko bilkurak, Amnistiaren Legea bozkatu behar duenak, eta ekainaren 9ko... [+]


Materialismo histerikoa
Isilean


Eguneraketa berriak daude