Erdibidean geratzea ere

  • IXIAR ROZAS :: Edo zu edo ni

    Erein, 2000

Mende hasierako ebento literario nagusia beste bat izan omen zen, argitaletxe bereko beste nobela bat, modu berean emakume batek idatzitakoa. Baina, alajaina, Ixiar Rozasen estreinako liburuaren harrera ere ez zen izan nolanahikoa. Luze gabe harrera kritikoa: kaleratu eta ondorengo lau hilabeteetan, zortzi kritika literario. Batzuk, auskalo zirrarak eraginda, pertsona berak idatziak, bertsio mejoratuan-edo: Bizitza aldatuz izenarekin lehenik, Bizitza berreskuratuz gero. Kritiken hemeroteka markagailu balitz, 5 eta 8 esango genuke, Rozasen alde.

Baina konpetizioa baino, literatura lehenetsi nahi duen tarte honetarako, hara: Graziana Barrenetxea dugu nobelako protagonista, 58 urteko emaztea. Bidegurutze batean aurkitzen da, seguru bere bizitzako garrantzitsuenean. Senarra du, nola esan, etxera iritsi, sofan etzan eta telebista pizten duen horietakoa. Seme-alabak habiatik kanpo, lagunik apenas, bizitza soziala mugatuko zaio merkatuko erosketetara. Eta gero dago adinaren mamua, zahartzearen izorratzea. “30 urte ezkonduta, 10 auzo horretan, 28 Agustin jaio zenetik, 24 Laurarekin, eta horietatik zenbat izan ziren niretzat”, galdetuko dio bere buruari. Galdetzeko gero, “egon al daiteke hilik norbera, hilik egon gabe”.

Egiten duen arte bidaia bat, ezagutzen duen arte Anjel, txoferra, autobusa aparkatzeko garaje finkorik ez duena. Ez da izango, ordea, kromo kanbiatze soila, ez bada bizitza berri baterako atea. Eta zalantzati: “Nola egingo diot uko egun batetik bestera azken hogeita hamar urteotako bizitzari”. Bada, igarriko diozue nobela irakurri ahala: aldatzen da bizitza, bai horixe, aldatzen du protagonistak, zehatzago esanda. Kontakizunak aldatzen duen bezala, lehenengo, bigarren, hirugarren, narratzailea; aldatzen duen bezala narratzaileak solaskidea; berdin aldatzen da denbora: orainetik iraganera, iraganetik orainera.

Eta egia da edabe, akelarre, sorginen irudia erabiltzea irudi liberatzaile gisa, zer nahi duzue esatea, pereza pixka bat ematen duela. Baina liburuak pasatzen duen mezua, mende hasierako ebento literarioak pasatzen zuena baino askoz ere iruditzen zait askatzaileagoa. Eta alde horretatik kritika errepikatzaileak arrazoi zuela: bizitza aldaketa baino, bizitza berreskuratze baten istorioa da hemen kontatzen zaiguna, gaur hain modan dagoen ahalduntzearen bidetik. Bukaerak sorpresa du, gainera. Eta epitafio gisa ere balioko lukeen sententzia hau: “puzzlea osatzeko modu asko dagoela ikusi dut eta ez dagoela zertan osatu, erdibidean geratzea ere zilegi dela”.

 


ASTEKARIA
2014ko abenduaren 07a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Konponbiderik gabeko desoreka?

Ordizian orekara eramango gaituen interbentzio plan berezi bat behar dugu; urteroko matrikulazio lehia eta arriskutik atera, egonkortasuna eman eta herriko ikasleak modu orekatuan batzeko aukera emango digun plana.


Hauteskunde kanpainan isildutako makroproiektuei buruzko eztabaidak

Igande honetan egingo dira hauteskundeak Katalunian, maiatzaren 12an. Procésaren ondorenak eta Carles Puigdemonten balizko itzulerak estali ditu zenbait mintzagai. Baina abian dira bi proiektu erraldoi eta esanguratsu, biak ala biak turismoari estuki lotuak: Hard Rock... [+]


2024-05-07 | Euskal Irratiak
"Zenbat dugun kontatzeko!" Euskal Herriko mapa sortu dute

"Zenbat dugun kontatzeko!" mapa ilustratu bat sortu dute elkarlanean Ikas Bi, Biga Bai, Euskal Haziak, Seaska eta Euskal kultur Erakundeak.


Eguneraketa berriak daude