Prebentzioaren kritika

  • Claude Beraud kardiologoa Frantziako osasun sisteman aditu ezaguna da. Les médicaments sans tabou: Pièges, mensonges et vérités (Erremedioak taburik gabe: tranpak, gezurrak eta egiak) eta Le Rapport Béraud. La non qualité médicale et économique du système de soins (Beraud dossierra. Zaintza sistemaren kalitate mediku eta ekonomikorik eza) liburuak publikatu ditu. Elena Pasca filosofoaren Pharmacritique blogean plazaratu La médicalisation de la santé et du mal-être (Osasun onaren eta ezin egonaren medikalizazioa) artikulutik hautatu dugu zenbait pasarte.


2014ko urriaren 26an

Herritar gehienek uste dute Estatuak prebentzioaren alorrean gomendatutako prozedurak sanoak eta eraginkorrak direla. Oker daude. Osasun onean jarraitzeko helburuz errezetak eskuratzea –izan botikak, odol analisiak edo erradiologikoak lortzeko– gaixo bihurtzeko modu segurua da.

Osasun oneko pertsonei proposatzen zaizkie analisi eta bestelako prebentzio ekintzak eraginkorrak ez direnak eta baita arriskutsuak ere. Kanpaina berriak osatu gabeko datuetan oinarritzen dira; datuon balio zientifiko eta estatistikoa frogatu gabe dago, industrialek emanak dira eta, oso sarritan, ekintzok sustatzen dituzten industrialen eraginpean dauden adituek bermatuak. Instituzio publiko eta pribatuek prebentzio kanpainotan hedabide guztietatik zabaltzen dute gezurrezko mezua eraginkortasunari dagokionez baina populazioak sinetsi egiten die. Azkenean, politika ez-eraginkor honek gaixoak sortzen ditu, eritasunak ugaritzen eta hondamendi finantziero bat sortzen.

Nola ulertu gaixoen jokabidea?

Bost mekanismok laguntzen dute ulertzen nolaz jokatzen duten gaixoek ardien gisan.

Beldurra. Egunkari eta aldizkari, telebistako programa eta agintarien agirietatik etengabe gogorarazten zaigu osasuna zaindu behar dela eta edozein sintoma jakinarazi behar zaiola medikuari. Zalantza horrek larritzen ditu herritarrak, uste baitute medikuntzak bakarrik konponduko dituela, horrek esplikatzen du buruz baino emozioz jokatzea. Beldur horretaz baliatzen dira osasunaren profesionalak, izan medizina tradizionalekoak edo paralelokoak, gaixoen gain duten boterea handitzeko.

Populazioaren zahartzea. Honek fisikoki ahultzeaz gain handitzen du osasunarekiko kezka. Urteak pasa ahala heriotza hurbiltzen doa eta ukitzen ditu inguruko senitarteko eta lagunak. Gorputzaren ahultzearen arrasto txikienagatik medikuarengana jotzea obligazio bilakatzen da eta, hala uste dute zaharrek, beren bizi itxaropena luzatzen.

Mendebaldeko populazioak medikuntza eta medikuekiko daukan menpekotasuna. Medikuntzaren irudiak erabat okertzen dituzte osasunaren profesionalek, baina baita agintari politiko eta hedabideek ere, zientzia medikuen aurrerapen etengabeak goraipatuz. Bortizkeria sinboliko hau erabiltzen dute gaixoen gain profesionalek, ospitalean egiten duten lehen egunean hasita beren ikasketa eta bizi profesional osoan. Gaixoek beti onartzen dituzte proposatutako diagnostiko eta terapiak. Eguneroko praktikan ez zaie oniritzia eskatzen.

Gaixoak uste du aukeratzeko libre dela, baina oharkabean bere jokabidearekin onartzen ditu medikuen erabakiak eta hauen arauak. Populazioa profesional horien mende dago. Zentzu kritiko oro galdurik, bat egiten du etengabe berritzen diren medikuntza ofizial eta alternatiboen diskurtsoekin. Bortizkeria sinboliko hau klase sozial guztien gain erabiltzen da.

Jendeen sinesmena zientzia medikuaren eta medikuen erabakiengan. Honek esplikatzen du nola onartzen dituzten mugarik jarri gabe medikuen gomendio guztiak eta nola dauden medikuntzaren mende. Sineskeriok hiru onarpenetan oinarritzen dira. Politikarien eta instituzioen (aseguru soziala, osasun elkarte, hezkuntza, unibertsitate, ikerketa zentro, medikuen elkarte…) diskurtsoekiko. Hedabideen mezuekiko, denek goraipatzen baitituzte medikuntzaren aurrerapenak eta emaitzak. Medikuekiko, bai gaixoa bakarka elkarrizketatzen dutenean, bai telebistan beren iritziak eta gomendioak eskaintzen dituztenean. Medikuen bortizkeria herritarrek legezkotzat jotzen dute datu zientifikoak ematen ari direlakoan. Hauek, errealitatean, ez dira adituen iritziak baino, oso gutxitan eztabaidatzen dira eta sarritan ezagutza zientifikoetan baino iritzi pertsonaletan oinarritzen dira.

Medikuen boterearekiko menpekotasuna. Herritarrek dependentzia bilakatu daitekeen menpekotasun honen kontra borroka egin dezaten, izan eta egiteko askatasuna berreskuratu dezaten, bi baldintza dira nahitaezkoak: batetik medikuntzako erakundeen eta osasun egituren funtzionamendu demokratikoa baina, bestetik,  gaixoak profesionalen aginduak obeditzeari uko egitea baldin eta ez badira ezagutzen eta ulertzen beren gomendioen arrazoiak. Obeditzeak baitakar menpe jartzea.

Falta den prebentzioa

Horren beste aldean, falta da benetako prebentzio politika bat patologia askoren oinarrian (kardiobaskularrak, kantzerrak, elikadurari lotuak) dauden portaerentzako. Duela 50 urte funtsik gabe “zibilizazioaren gaixotasunak” izendatu zirenok loturik daude gehiegizko jan-edanari eta bizimodu sedentarioari, herrialde garatuei baitagozkie. Gaur egun mundu osora zabalduta daude eta mendebaldean epidemia dira.

Arrazoizko eta eraginkorragoa litzateke medikuntzazkoak ez diren kausei (istripuei, jokabideei eta ingurumenari) lotutako osasun arriskuen kontrako borroka indartzea. Baina borroka horrek oso erabaki politiko konplikatuak ekarriko lituzke, horrek auzitan jarriko lituzkeelako herritarren ohiturak, medikuen ideologia, osasungintzako profesionalen boterea eta osasunaren industriaren garapena.

Jendeen portaerako hiru faktore dira erabakigarriak: ezjakintasuna, txirotasuna eta berdintasun gabezia soziala. Arriskuen ez ezagutzari aurre egiteko, prebentzioak primarioa izan behar du eta lehentasunez eragin haurretan, gaztetxoetan, irakasleetan eta gurasoetan. Formazioa ez da mugatu behar eskoletara, aitzitik, komunitarioa izan behar du lotuz medikuen zerbitzuak, udalak, kirol eta kultur erakundeak eta erakunde sozialak. Aldiz, banakako jokaeren interbentzioak eraginkortasun gutxi du, sarritan lan egin behar delako ingurumen eta bizimodu hondatuen artean.

Pobrezia arrisku faktore garrantzitsua da. Ikerlan askok erakutsi dute txirotasunak bizi itxaropena laburtzen duela. Pobreziaren kontrako borroka klabea da osasun publikoaren eraginkortasunean, honek bakarrik hobetu baititzake elikadura, bizilekua, higienea, berotzea, hezkuntza eta oro har bizi kalitatea. Gizarteak jende txiroen jokamoldeak kritikatzen ditu, baina hauek berak dira osasuna bermatzeko bitartekoak ukatu dizkion gizartearen biktimak. Ez ditzagun biktimak errudun egin.

Irabazietan dauden berdintasun ezak ere badakartza berdintasunik ezak osasunean, pobrezia alde batera utzirik ere. Berdintasun eza handia den gizartean osasun maila apala da ez bakarrik pobreak asko direlako. Populazio batean berdintasunik eza neurtzen duen Gini koefizientea 0,05 igotzeak OCDEko 30 herrialdeetan ekarriko luke 1.500.000 pertsona hiltzea.

Prebentiboa omen den medikuntzak hiru akats nagusi ditu: agresibitatea, presuntzioa eta harrokeria. Hala idatzi zuen 2002an David Lawrence Sackett “frogetan oinarritutako medikuntza” asmatu izanagatik mundu osoan famatu denak. Agresibitatea, prebentzioak sarritan harrapatzen dituelako medikuen zaintzarik eskatzen ez duten pertsonak, zeintzuei artatzen profesionalek esaten dieten zer egin behar duten ez egoteko gaixorik. Presuntzioa, zeren prebentzioak froga gezurtatu ezinik gabe aldarrikatzen baitu bere aginduak jarraitzen dituztenek kalte baino onura gehiago jasoko dutela. Eta harrokeria, kritikarik onartzen ez duelako.


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude