Zinema, jatorrizko hizkuntzan

Colin Firth, The King's Speech filmean.
Colin Firth, The King's Speech filmean.

Filma jatorrizko hizkuntzan ikustea aberasgarriagoa al da? Erantzuna oso erraza da: jakina baietz. Aktorearen ahotsari interpretazio mailaren portzentaje oso handia dagokio. Adibide nabarmen bat aipatzearren, Colin Firth The King's Speech filmean; saiatu bi moduetan ikusten, ikaragarria da aldea. Filma osotasuna da, eta beste norbaiten ahotsak tartean sartzeak zeharo alda dezake jatorrizko sormen lana.
Espainian, 1941 urtean, lege bat ezarri zuten, zeinaren arabera pelikula guztiak bikoiztuta estreinatu behar ziren, komeni ez ziren elkarrizketak zentsuratu ahal izateko. Geroztik bikoizketara ohitu da gizartea eta jatorrizko hizkuntzan ikustearen aurkako argudio ugari entzutera ohitu gara. Nire ustez, filma bikoiztuta ikustea, Rolling Stonesen kontzertu batera joan eta Mick Jaggerrek ezpainak mugitzen dituen bitartean, Bisbalek abesturiko bikoizketa bat entzuten aritzea bezala da.

Askotan erabiltzen den beste argudio bat honakoa dugu: gaztelaniaz bikoizketa arduradun bikainak dituztela. Ez zaie arrazoirik falta, baina hori da arazoa hain zuzen, bikoiztaileak direla, eta ez zine zuzendariak. Testua ezpainen mugimenduari itsasten saiatzen dira, eta ñabardura ugari gal daitezke bidean. Zuzendariak aktorearekin hamar saiakeraren ondorioz burutu duen lan gogorraren ostean eginiko lanaren fruitua. Jatorrizko hizkuntzan ikusiz gero, obrarekiko pertzepzioa askoz ere zuzenagoa izango da, igorlearen eta hartzailearen arteko bitartekariak saihestuko baititugu. Adibide oso argi batez ulertuko duzue. Demagun menperatzen duzun hizkuntza batean film bat estreinatzen dela –adibidez euskaraz–.  Nola gustatuko litzaizuke ikustea? Menperatzen duzun jatorrizko hizkuntza horretan ala bikoiztua? Ziur nago %100ek jatorrizko hizkuntza aukeratuko lukeela. Eta, zergatik galdetuko banizue, emango zenituzketen argudioak, nik eman ditudan berberak izango liratekeela. “Ez dut jatorrizko hizkuntza hori menperatzen”, horretarako sortu zen azpititulazioa. Bikoizketarekin, hots-banda guztia aldatu behar da (musika,  ahotsak, zaratak...). Azpitituluekin aldiz, lerro idatzien bidez adierazten du aktoreak dioena, eta lan originalarekiko errespetua erabatekoa da. Ahalik eta osoen adierazten dute esaten den guztia, ahalik eta xehetasun gehienak kontuan hartuz. “Ni ez noa zinemara irakurtzera”, “Hitzei begiratuz gero, ezin ditut irudiak ikusi”. Hementxe azalarazten da benetako “arazoa”, alferkeria. Onartu ezazue, filmak bikoiztuta ikustearen egoskorkeria horren arrazoi nagusia, nagitasun intelektuala da, pasibotasunaren gaixotasunak eragindako beste ondorio bat.

Alferkeria horren kontrako ertzean, herrialde ugari aurki ditzakegu –India esaterako– muga ekonomikoak direla eta, behartuak daude AEBetako  filmak jatorrizko hizkuntzan ikusten. Bikoizketan aurreztea sarrerak ez garestitzeko modu bat da, eta hori dela-eta ingelesa nahiko ongi ezagutzen dute. Beste hizkuntza bat ikastearen prozesua, murgiltze kultural gisa ulertu beharko genuke.

Ahaztu ezin dugun beste elementu garrantzitsu bat, interneten erabilpen masiboa da, eta egunero irensten ditugun film eta telesailak. Geroz eta ikusle gehiago dira, jatorrizko herrialde jakin batetik datozkigun telesailak, igortzen diren erritmoan ikusi nahi dituztenak. Gazteak dira nagusiki eta jatorrizko hizkuntzaren defendatzaileen armadara batuz doaz pixkanaka. Hizkuntza aldetik prestatuago daude, aurrerapen teknologikoekin batera hezi dira eta horrelako produktuak askoz gehiago eskatzen dituzte, oso ohituta baitaude egunero kontsumitzera.

Beldurra galtzea da gakoa, oso aberasgarria baita ikus-entzunezko produktuak jatorrizko hizkuntzan gozatzea. Munduko jende askorentzat, zinema ikusteko modu guztiz naturala da, urte luzetako ohiturak finkatua. Ikustear dago oraindik zinemaren etorkizunak norantz joko duen. Baina momentuz, eta utopikoa dirudien arren, ez al duzue uste, bi modalitate horien artean erabaki behar ez izatea eta momentu oro bi aukerak izatea izango litzatekeela bidezkoena?


ASTEKARIA
2014ko irailaren 28a
Azoka
Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude