Bisitari etxean, herritar kanpoan

Bartzelona, larunbat arratsean. Hiria bisitariz lepo, ekainaren azken asteburuan. Espainiako plazaren eta Paraleloaren arteko gunean, Prideparadea. La Ramblan, ohiko turista eta bisitariak paseoan, festarako jantzirik, dotore. El Liceu-ren ate nagusian, ehunka lagun antzokira sartzeko zain. La Ramblan gora eta behera ari diren gehienak ez bezala, bartzelonarrak, katalanez mintzo, eta tarteka-marteka gaztelaniaz. Massana eskolaren 85. urteurrena ospatzeko saiora joanak, 15 bat euroren truke Maria del Mar Bonet eta Pau Riba kantariak eta zenbait poeta katalan handiren hitzak entzutera. Janzkeran ere Rambletan dabiltzanekin zerikusi gutxi duen jendea.

Irakasle baten aholkuari heldu, eta ene hiriko eraikinei bisitari baten begiekin egiten diet so batzuetan, lehen aldiz ikusiko banitu bezala. Eraikinei, kaleei eta jendeari. Huts egindako saioak dira ia beti: zaila da nork bere burua besterenganatzea.

Iruñean turista andanekin topo egitean ere, haietako bat banintz bezala irudikatzen dut nire burua, etxekoek beharrezko ez duten eta kanpokoei behar dutena adierazten ez dieten kartelak deszifratzen, adibidez. Saiatzen naiz ulertzen zergatik jotzen duten hain erakargarri Entzierroaren monumentua: argazkietarako korrikalari ausartaren plantak egitea guretzat Eiffel dorrea edo Pisakoa hatz puntarekin ukitzen ari garen itxurak egitea bezala da.

Bartzelonako asteburuan, bertako bilakatu ginen ordu pare batez, etxeko, Massanaren urteurren-emanaldian. Jende gutxi ohartuko zen turista ginela, katalanek eta euskaldunok partekatzen dugun diskrezioa lagun. Ilusio hutsa: behin kalera irtenda, bisitari ginen berriro, arrotz.
Senide eta lagunei kontatze aldera kultura arrotzetan blaitu bai baina beraien hiriko museoak bisitatzen ez dituztenak. Hori dira –gara– turistak, Adriana Aguirrek Bartzelonako turismo-gehiegikeriez ari den Pros“tourist”ución artikuluan (www.arquitectura-politica.org) emandako definizioan. “Turista batek galdetzen badio bartzelonar bati zer bisitatu behar duen eta zer ez, bartzelonarrak esango dio La Mina auzora ez joateko, eta La Ramblara hurbiltzeko, baina, egiatan, bartzelonar turismofobikoa beti saiatuko da giza estatuen, arrosen eta oroigarrien oihanean ez sartzen”. Turismoko irabazien parte bat tokiko balioak defendatzera bideratzea proposatzen du Aguirrek. Etxean bisitari bagina, eta kanpoan herritar...

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


ASTEKARIA
2014ko uztailaren 13a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#3
Olaia Salazar Urrutia
#4
#5
Barbara Miller
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
2024-04-28 | Karmelo Landa
Gernikaren berpiztea

Urte bat bestearen ondotik, 87 urte joan dira astelehen lazgarri hartatik, apirilaren 26 hartatik; azoka eguna Gernikan, heriotza eguna. Suzko eta berunezko egunak eta urteak ondoren. Hildako ugariren gainean porlana eta isiltasuna. Porrota eta sufrikarioa. Nortasun debekatua,... [+]


Hitzen piroteknia

Garai batean nire ustez naftalinaz gainezka zeuden esaldiak erabiltzen hasia naizela antzeman dut. Zahartzen ari naizen seinale ote? “Osasuna badugu behintzat-eta, gustura egoteko moduan gaude!” edo “gure garaian jan ez, baina barre...”. Eta tristuraz... [+]


Eguneraketa berriak daude