"Urtetan etorri ez direnak joan ez balira bezala sentitzen dira itzultzerakoan, Muga tabernan"

  • Unamuno plazatik oso hurbil dago Muga, 30 urtez maketak, fantzineak, kontzertuetako sarrerak eta ogitartekoen aukera zabala eskaini dituen taberna. Barraren atzean Juancar Bilbao portugaletearra dago hasieratik, bezeroen nahietara etengabe eraldatu den gizon kementsua. Bera eta bere ingurukoak gabe ezinezkoa zatekeen Bilbon hamarkadatan bizi izan den rock mugimendua. Maiatzaren 4an urteurreneko jaia antolatuko dute Kafe Antzokian.

"Oraindik ekimenik ere baden arren, lehengo Bilbo desagerrarazi dute. Baina ez da agintarien erru hutsa, ostalariona ere bada".

Zer eman dizu Bilbok?

Dena, baina nik ere eman diot Bilbori. Gaitz egitea gustatzen zait, ez suntsitzea, baina bai haize kontra joatea. Gaztetxoa nintzenean, jendea txundituta etortzen zen Londresetik. “Ez dago hara joan beharrik. Saiatu hangoa hemen sortzen, gure esku dago”, esaten nien.

Muga tabernan lan handia egiten duzue bezeroa asetzeko. Ostalaria jaio ala egin egiten da?

Muga ez da askorik aldatu 30 urteotan, gauza txikiak dira aldatu ditugunak. Musika eta giroa antzekoak izan dira beti. Bada jendea urtetan etorri ez dena, eta bueltatzerakoan joan ez balitz moduan sentitzen da. Hori oso garrantzitsua da guretzat.

Txikitero taberna zabaltzeko asmoa zenuen.

Plaza Berrian halako tabernatan aritua nintzelako. Baina proiektuak tabernarion eta bezeroen artean gauzatzen dira eta oharkabean gauza asko gertatu ziren: gazteria bera eta ohiturak aldatu ziren, Iturribide kalea heavyz bete zen, Gaueko tabernan kontzertuak egiten hasi ziren…

Beste inon ez bezala, maketak, fantzineak eta antzekoak saltzen hasi zineten. Halako kulturatik zentozen?

Ez. Portugaleteko jai batzordean ibilia nintzen, Batasuna izeneko dantza taldean eta fanfarrean... Portugalete “Errusia txikia” zen orduan, eta askok kontzientzia ezkertiarra genuen. Sasoi hartan tabernen zirkuitoa zegoen: Gaueko, Umore Ona, Gure Txoko, Okiniz, La Rueda, Blanco y Negro. Muga irla bihurtu da gaur egun.

Kike Turmixengatik hasi zinen kontzertuak antolatzen?

Turmixek gauza asko erakutsi dizkit, egin beharrekoak eta egin behar ez direnak ere bai. Bada jendea Turmixek baino askoz gutxiago eginda dirua eta dominak irabazi dituena. Turmixekin zorretan gaude. Gainera, garai hartan ez zegoen kontzertuetarako azpiegiturarik, Last Tour oraindik asmatu gabe zegoen.

Pasaba por aquí eta Beatnick Fly fantzineen ondoren 3D musika promotora sortu zenuten.

Bai, Psychobilly, Iñaki Lolailo, Santi Atxuko, Estibaliz de Migel eta bostok hainbat talderen managementa eraman genuen Iturribideko bulego batean: El Inquilino Comunista, Los Clavos, Pop Crash Colapso… eta Soziedad Alkoholikak Europatik egin duen bira bakarra antolatu genuen. Ehunka kontzertu egin genituen: Gauekon, Gaztetxean, gerora Bilborockek hartu zuen Mesedeetako Elizan, En Canal-en, La Casillan, Kafe Antzokian... Mesedeetako eliza erostekoak ginela, guk baino sei aldiz diru gehiago eskaini zion Udalak Elizari.

Bilbo Hiria lehiaketarekin ere hartu-eman handia izan zenuten.

Bai. Kartelak sortzen genituen, segurtasuna eramaten genuen… Lehiaketa hori ez baitzen udalean jaio, kalean baizik, eta orduko kultura teknikari Andoni Olivaresek gogor borrokatu behar izan zuen udalean. Gauza bera gertatu zen Bilborocken dagoen Euskal Herriko musika artxibategiarekin. Olivaresen eta Pablo Cabezaren ahaleginagatik gauzatu zen. Eta orain itxita dago, ez dakit zergatik.

Ezin ahaztu En Canal aretoa. Ia azpiegiturarik gabe gauza erraldoiak egin daitezkeen seinale.

Hala da. Artista talde batek Zorrozaurren galduta zegoen lokal batean kontzertuak egiten utzi zigun. Psychobilly, Santi Merchan eta hirurok ginen eta urte eta erdian Bilbon inoiz sortu gabeko eskaintza lortu genuen. Orduan ez zegoen inongo kontzertu aretorik. Dictators taldea berpiztea lortu genuen, The Velvet Underground-eko Moe Tucker, Kim Salmon, Dee Dee Ramone, Chesterfield Kings ekarri genituen, Euskal Herriko talde ugari.

SGAEren kontra gogor aritu zinen eta Euskal Herriko egile eskubideen elkarte baten alde egin zenuen, baina egileek ez zintuzten jarraitu…

Salatzekoa da SGAEk urteetan egin duena eta jendea ohartzen hasi da mafiosoak besterik ez direla. Adibidez, bat-batean kubatar eta mexikar musika asko entzuten hasi gara, SGAEk horien eskubideak hartu dituelako… Nik sortutako EZ-GAE logoa hor dago oraindik, baina ez nuen luzaroan borrokatu. SGAE piramide forma duen iruzurra da, hori da gakoa.

Era berean goiztiarra izan zinen Bilbon rock jaialdi erraldoiak antolatzen. Gerora, beste batzuek jaso dituzte emaitzak.

Ez ginen lehenak izan. Guk baino bi urte lehenago, 2001ean, Serrano promotoreak Rockazoka antolatu zuen. Bilbao Action Rock jaialdia 2003an egin genuen. Erakunde publikoek diru-laguntza ziurtatu ziguten eta bi aste lehenago, guztia iragarrita genuenean, kendu. Horrek baino amorru handiagoa eman zigun handik gutxira Last Tour promotoreak Bilbao Live Festival [gero BBK Live bihurtu dena] antolatzerakoan BAR jaialdiaren proiektuko lehenengo bi orrialdeak komarik aldatu gabe aurkeztu izana.

Bilbo dagoeneko ez da hiri sortzaile eta apurtzailea?

Oraindik ekimenik ere baden arren, lehengo Bilbo desagerrarazi dute. Baina ez da agintarien erru hutsa, ostalariona ere bada. Adibidez, Bilbon metroa aste barruan 23:00etan ixtea ez da normala; ordu bat luzatuz gero mesede handia egingo liokete ostalaritzari.

Eta zer egin beharko zenukete ostalariok?

Gure zilborretik at ere begiratu. Luzaroan ganorazko zerbitzua eman gabe eta nahi zutena kobratuta ostegunetik larunbatera lan egitea nahikoa izan dute, baina jada ezin liteke, eta berrasmatu beharra dago, gauza berriak egin. Ideiak eta ausardia falta dira.

Zer (izan) da zuretzat Muga? Babeslekua, presondegia, laborategia?

Aipatutako guztia da, baina lehenik eta behin, Mugak bizitza salbatu didala esan behar dut. Egunero taberna zabaltzeko ardura izan ez banu, agian hilda nengoke. Mugaren historiak, beste gauza askoren artean, heriotzak ere baditu, jende on askoa galdu dugu.

Zer daukazu orain esku artean?

Eki txanponarekin hasi gara, berau erabilgarri duen lehen taberna da Bilbon. Horrez gain, dagoeneko 30 ogitarteko begano eskaintzen ditugu. Maiatzaren 4an Kafe Antzokian egingo dugun jaia ari gara prestatzen.


ASTEKARIA
2014ko apirilaren 20a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Musika
2024-05-12 | Iker Barandiaran
Bazen ordua iraultzeko

Gaztetxotan Eskorbutin itxura hartzen nion arren, Aramaion jaiotako Antton Carreterok beti izan du begirada luzeagoa: punka bai, jakina, eta kinya bada hobe, baina beste estilo askori erreparatzen die aurreiritziei paso eginda; canallagoei, sentikorragoei… Horiek guztiek... [+]


Mikel Kazalis (Anestesia)
"Nire burua duela 20 urte bezain indartsu ikusten dut"

'Azken heriotza' biraren eskutik, Anestesia taldeak kontzertua emanen du larunbatean Atarrabiako Totem aretoan.


2024-05-07 | Estitxu Eizagirre
Ziburuko Liburu eta Disko Azokak aurten Daniel Landart omenduko du

Ziburuko Baltsan elkartean aurkeztu dute antolatzaileek euskara hutseko liburu eta disko azokaren 5. edizioa. 41 argitaletxe izango dira bertan (inoizko gehienak), 120 metro erakusmahai beteko dituzte denen artean (inoizko gehienak) euskarazko irakurgai eta musikarekin eta... [+]


2024-05-05 | Xalba Ramirez
Aiztoa erakutsi!

Autotunea eta rocka nahastea izango da zakilzaharrentzat sakrilegiorik handiena: “Tranpa” dela, hori musika ez dela, edonork egin dezakeela. Musikariek badakite, ordea, gitarra elektrikoari efektu pedalak kenduz gero, zatarra eta, batez ere, zaila dela jotzeko... [+]


2024-05-03 | Axier Lopez
Oiartzungo Yakovlev 42 musika taldea zigortu nahi du Guardia Zibilak bere abestiengatik

Astelehenean Donostiako Instrukzio Epaitegian deklaratu beharko dute taldeko kideek. "Adierazpen askatasunaren eta askatasun kulturalaren aurkako erasoa" dela salatu dute.


Eguneraketa berriak daude