Udazken hotza

Badakit uda estreinatu berria dugula eta asko kostatu zaigula honaino iristea, arlo guztietan. Badakit gutako asko ez garela oraindik oporretara joan. Badakit, baita ere, jende askok ez duela oporrik izango, lanik ez duelako. Beraz, beharbada, estilo gutxikoa izan daiteke udazkena aipatzea uztailean gauden bitartean.

Baina, nire iritziz, behintzat, aipatzera derrigortuta gaude; aipatzera eta prestatzera. Zeren eta, datorren udazkena bero-beroa izango da. Edo, hobeto esanda, hotz-hotza: zero azpitik izan daiteke eskubide sozialei dagokienez. Jendea zain dago eta antzematen da: hainbatek eta hainbatek aipatzen didate lan edo gizarte auzitegietan irailetik aurrera izango dugun lan berezia –berezia kopuru eta izaera aldetik– edota sortzen ari den egoera berria. Eta, dirudienez, horrela izango da, bai, inork ez badu konpontzen handitzen ari den gatazka soziala.

Hitzarmen kolektiboez ari naiz, alde batetik. Hitzarmen kolektiboen sistema tradizionalaren heriotzaz, hain zuzen ere. 2010ean hasiera eman zitzaion lan erreformaren azken pausoa –atzera pausoa–: batzuek hasiera eman zioten erreformari eta besteek amaitzen ari dira. Arau berrien ondorioz, denok dakigunez, hitzarmen kolektiboek beren “ultra-aktibitatea” galduko dute alderdiek hitzarmena salatzen dutenetik urtebete igarotzen bada hitzarmen berria lortu gabe.

Panorama guztiz berria da eta, egia esan, inork ez daki zer irtenbide eman behar zaion. Inork ez. Ez enpresaburuek, ez sindikatuek, ez epaileok... Inork ez. Dagoeneko, badakigu enpresa batzuetan lan baldintzak aldatzen –jaisten– hasi direla eta berehala planteatuko direla lehen demandak auzitegietan. Ez dakiguna da zer-nolako erantzun juridikoa emango zaion, baina ezta zer-nolako erantzun soziala jasoko duen ere egoera berri honek. Zeren eta, nola onar dezakegu gure lan baldintzak atzeraka doazela eten gabe? Nola onartu egoera honetan, egunetik egunera, denok pobretzen ari garela eta, gainera, enplegua sortu beharrean, oraindik egunero galtzen ari dela? Batzuek lana galdu dute, beste batzuek ez dute inoiz lanik izan eta denok galdu ditugu horren kostata irabazitako eskubideak.

Baina udazkenak beste trumoi soinua dakar, bai. Pentsioen erreformaren azken atzera pausoa baita ere: Espainiako Gobernuak adierazi du pentsioen jasangarritasun faktorea definitzeko lege proiektua irailean aurkeztuko duela. Horrela esanda, “jasangarritasun faktoreak” ez dirudi oso arriskutsua, baina adi, adi. Gauza onik ez da ekimen horretatik espero behar, ezta ere. Udaberrian ezagutu genuen hainbat adituk egindako pentsioen erreformari buruzko txostena eta, gogoan baduzue, ondorioak garbiak ziren: pentsioen sistema ez omen da jasangarria. Argi dagoena da, beraz, zalantzarik gabe, neurri honekin ere, pentsioak “hoztu” egingo direla, nahiz eta oraindik ez dakigun noraino.

Udazkena ez da beroa izango, ez; oso hotza baizik. Hozten ari dira lan baldintzak, hozten gure itxaropenak eta aukerak, hozten gure kemena. Eta zer egin horren aurrean? Bada, hotzaren aurka egiten duguna: ondo jantzi, gure etxea babestu, egurra bildu, gure jendearekin elkartu eta, besotik helduta, aurrera egin eta egoera epelagoa sortu. Hobe dugu lehenbailehen hastea lan horretan zeren eta, udazken hotz horren ondoren, negu gorria etor daiteke.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
2024-04-28 | Karmelo Landa
Gernikaren berpiztea

Urte bat bestearen ondotik, 87 urte joan dira astelehen lazgarri hartatik, apirilaren 26 hartatik; azoka eguna Gernikan, heriotza eguna. Suzko eta berunezko egunak eta urteak ondoren. Hildako ugariren gainean porlana eta isiltasuna. Porrota eta sufrikarioa. Nortasun debekatua,... [+]


Hitzen piroteknia

Garai batean nire ustez naftalinaz gainezka zeuden esaldiak erabiltzen hasia naizela antzeman dut. Zahartzen ari naizen seinale ote? “Osasuna badugu behintzat-eta, gustura egoteko moduan gaude!” edo “gure garaian jan ez, baina barre...”. Eta tristuraz... [+]


2024-04-28 | Ahoztar Zelaieta
EAJko karguen senide harrobia

Azken hamarkadan, EAJk hiru harrobitatik datozen kargu publikoen esku utzi du Eusko Jaurlaritzako sailen kudeaketa. PwC eta Andersen bezalako aholkularitza-enpresetan aritu zen talde bat nabarmentzen da. Beste talde garrantzitsu bat karrerako funtzionarioek osatzen dute... [+]


Eguneraketa berriak daude