Kristauak paradisu bila dabiltza

  • Indarkeria sektarioaren gaitz endemikoaren menpe, Irakeko kristauek eskualde autonomoa aldarrikatzen dute egun. Milurteko komunitate honek bizirauteko aukera bakarra litzateke.

Uniformedunak Bashika hirian, kristauek eurentzat aldarrikatutako eskualdean.
Uniformedunak Bashika hirian, kristauek eurentzat aldarrikatutako eskualdean.Karlos Zurutuza.

Luis Shabik nostalgiaz gogoratzen ditu Erroman bizitako bederatzi urteak. Han nobiziatua egin ondoren, 1969an itzuli zen Irakera, “Europan zehar egindako bidaia zoragarri batean”. Shabi Bagdadeko artzapezpiku kaldearra dugu. Elkarrizketarako Irakeko hiriburuaren ekialdean bildu gara, Rosarioko Santa Maria elizako bere bulegoan, soto batean. Tenplu xumea da, hormigoizko murruez babestua, alanbre ziztadunez eta soldaduz inguratua. “Herri bakezale eta langilea izan da geurea beti. Gainera, hainbat idazle, poeta eta filosoforen ekarpenei esker, entzutea eta ospea lortu genituen kultura irakiarrean. Tamalez, 2003. urteaz geroztik, estremistak irudi hori aldatzeko ahaleginetan ari dira; etorri berriak garela diote, Mendebaldeko ordezkariak Ekialde Hurbilean”. Bere hizketaldian, ingelesetik italiarrera dabil priorea, baina hitzak ondo azpimarratu nahi ditu: “Saddam Hussein-en garaian aritu ziren ministro kristauak egoteak ere ez zigun mesederik egin, okerrerako izan zen”.

“Zer egin du Europak gu laguntzeko? Eta Erromak? Gure historiako momenturik okerrenean, Europako agintari zibil eta erlijiosoek ez dute fitsik egin”. Shabik argi dauka, Ekialdekoez aparte, beste kristaurik ez dela gelditzen munduan.

Irakeko mandear komunitateaz gain –hamarretik bederatzi hil dira edo ihes egin dute 2003an–, kristauak izan dira gehien sufritu dutenak. ACNUR-en datuen arabera, kristau konfesiodunen elkartea milioi bat ingurukoa zen orain hamar urte. Zifra hori erdira jaitsi da egun. “Ez gara arabiarrak, semitak gara. Arameoa hitz egiten dugu eta Hamurabiren garaietatik bizi gara Mesopotamian. Abraham eta Nabukodonosorren seme-alabak gara. 6.000 urteko historia luzea dugu baina etorkizuna bihar bertan buka liteke”.

Oinez hamar minutu behar dira gertuko beste eliza batera iristeko, Betiereko Laguntzaren Ama Birjina eliza. Aurrealde zuri, luze, abangoardistadun eliza da, inguruko eraikuntza lokatu eta monotonoen artean dotore. Kamuflaje grisez jantzitako soldaduek tenpluan sartu nahi duen oro miatzen dute goitik behera. Iazko eraberritze lanen ondotik orbangabe ageri da eraikuntza. Barruko bizipenak, baina, oso bestelakoak dira: “Bost ziren. Hormigoizko murruen gainetik salto egin eta tiroka hasi ziren elizan; ‘Ala handia da’ oihukatzen zuten. Irakeko Estatu Islamiarraren partaide zirela esan zuten (Al-Kaedari lotutako taldea). 2010eko urriaren 31n izan zen, mezetan geundela”. Aysur Said, oraingo erretorearen memorian, ahaztezin gelditu da gertaera tragikoa.

Komunitate honek 2003. urtetik pairatu duen atentatu ankerrenetakoan hil zen Aita Waseen ere, Saiden aurrekoa, beste 50 asasinaturen artean. “Batzuk tiropean hil ziren, itota besteak. Ondoko gela batean giltzaperatu zituzten eta, leihorik gabe, berehala ito ziren”.

“Pentsa –jarraitu du–, zuk, gaur hona sartzeko, hiru soldaduk zaindutako bi kontrolgune pasa behar izan dituzu, ezta? Bada, erasoa gertatu zen egunean batere ez zegoen. Hauxe da Irak, hemen ez gara inorekin fio, are gutxiago poliziarekin. Atentatuaz geroztik, Gobernuak baimena eman digu bigarren kontrolguneko soldaduak kristauak izan daitezen. Urteak dira eskaera hori egin genuela, baina 50 pertsona hil dira kasu egin diguten arte”.

Edengo lorategian

Sarraski haren ostean, Irakeko kristauek eskualde autonomoa eskatu zuten berehala Ninive inguruko lautadetan, herrialdeko ipar-mendebaldean. Bibliaren arabera, hortxe dago Edengo lorategia, baina gaur kurduek eta arabiarrek aldarrikatzen duten lur zatia da. Gainera, Mosul da bere hiriburu administratiboa, Saddam Husseinen bastioi historikoa eta, abendutik hona, Gobernuaren kontrako protesten eszenatoki bihurtu dena.

Mosul ezegonkorra gertu badago ere (30 bat kilometrora baino ez), Baxika herrian lasaixeago daude, peshmerg soldadu kurduen hedatzea dela-eta. Biztanleria mistoa da bertan, jazidi, shabakh, kurdu eta kristauak bizi dira. Kristauen proiektu autonomistan barneratuta legoke herri hau ere.

“Irakiar guztien elkartasuna ezinbestekoa da” diosku Aita Danielek, Mart Shmouni eliza asiriar ortodoxoaren arduradunak. 23 urteko gazteak ez du begi onez ikusten egitasmo autonomoa. Hala ere, aitortzen du elkartasun nazionalaren diskurtso ofiziala ere gero eta zailagoa dela. “Bagdadeko aginte berria ez da gu babesteko gai eta gure herria ihesean dabil. Aitzitik, azken hilabeteotan ugari dira Siriatik babes eske etorri diren familia kristauak. Arrapaladan atera eta asko ia ezer gabe iristen dira. Ez dira gutxi eskualde autonomo kurdurantz doazenak, segurtasun bila. Baxika bide erdiko geldiunea izaten da”.

Zalantzarik gabe, Kirkuk da egun arabiar eta kurduen auzogune nagusia. Bertan, Imad Yokhana Yago, Asiriar Mugimendu Demokratikoko legebiltzarkideak atsekabez bizi du bere herriaren ihesaldi masiboa; kurdu, arabiar suni eta xiiten arteko gerraren mehatxuak sortutako ihesaldia hain zuzen.

“Mosul, Kirkuk edo Dora bezalako auzoetan (Bagdadeko hegoaldean) genozidio sistematikoa da gertatzen ari dena, ez dira kasu isolatuak” dio Yagok. Bazterkeriaren oinarrian konstituzioa bera dago, “Islama erlijio ofizialaren eta legediaren funtsa”. Gauzak horrela, diputatuak bere komunitatearen neurrirako egitasmoa aldarrikatzen du. “Niniven eskualde autonomo kristaua bageneuka, babesean biziko ginateke eta, gainera, liskarrean ari diren taldeen inguruko indargetzea ere sor lezake eskualdeak. Badakigu mingarria izango dela Basora, Bagdad eta Irakeko beste kristauak hara eramatea, baina horixe izan daiteke herrialdea utzi ez dezaten bide bakarra”.

Guk zergatik ez?

Dohuk-eko hiri kurduan, kanpandorreak bezain ugariak dira kristauek gobernatutako alkohol dendak. Jazidi kurduez gain, beraiek baino ezin dituzte edari alkoholdunak saldu. Asiriar Mugimendu Demokratikoko bulegoan, Yousif Eisho ordezkari politikoak asko eskertzen ditu bai eskualdeko segurtasuna, bai Gobernu Kurduarekin dituzten harremanak ere. Baina gehiago eskatzen du: “Argi dago irakiarrak garela, baina ez kurduak, ezta arabiarrak ere; asiriarrak gara, gure bizilagunengandik ezberdintzen gaituen hizkuntza eta historia daukagu. Oinarrizko eskubideak aldarrikatzen ditugu, hala nola hezkuntza gure hizkuntzan jaso ahal izatea. Gainera, kurduek eskualde autonomoa izateko eskubidea badute, guk zergatik ez?”.

Niniveko egitasmoa oso polemikoa da, eta asko beldur dira eskualdea ez ote litekeen herri honetarako ghetto moduko bat bihurtuko. Yousif Eisho ez dator bat: “Pairatzen ari garen jazarpena ez dator inoiz Irakeko arabiarrengandik. Iran, Saudi Arabia… Asko dira gure herriaren garbiketa etnikoan esku hartu dutenak. Kanpoko esku-sartze hori baimentzen den bitartean, ghettoa errealitate izango da”.

Irakeko kristau adarrak

Segurtasun egoera gorria den arren, ez dira gutxi Irak barruan oraindik dauden kristautasunaren adarrak. Kaldearrek (“kaldani” arabieraz) osatzen dute handiena, 2003ko inbasioaren aurretik milioi erdi bat ziren –herrialde osoko kristau populazioaren ia erdia–. 1830ean Vatikanoko dogma onartu eta asiriar elizatik eszisio gisa sortu zen. Edonola, latinaren ordez arameera –Jesukristoren hizkuntza– erabiltzen dute euren liturgian. Bigarren talde nagusia asiriar eliza da, “nestoriarra” izenaz ere ezaguna. Kristautasunaren adar zaharrenetakoa da eta Jesukristoren dualtasuna onartzen du: gizakiarena eta Jainkoarena –bakarra onartzen du katolizismoak–. Arameera ere erabiltzen dute liturgian. Kopuru urriagoak badituzte ere, Irakeko iparraldean komunitate siriako-ortodoxoak edo “jakobitak” topa daitezke, baita siriako-katolikoak ere. Bi adarrok monofisitak dira, hots Jesukristoren gizatasuna ukatzen dute.


ASTEKARIA
2013ko uztailaren 14a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Irak
2023-04-09
Mendebaldearen izenean

20 urte bete ditu argazki honek, baita AEBek, Europako bere mariatxiek lagunduta, Irak inbaditu zutela. “Suntsipen handiko armak” hondatzea eta herrialdea “askatzea” izan ziren argudioak. Herrialde bat birrindu egin zuten: milioi erdi irakiar baino... [+]


Kurdistanen aurkako erasoak areagotu ditu Turkiak, gehiengoaren arreta Ukrainako gerran jarrita dagoela probestuz

Turkiak operazio militar berria abiatu zuen igandean Bashurren, PKK (Kurdistango Langileen Alderdia) desegiteko argudioarekin. Kurdistango Askapen Mugimenduak salatu du Ukrainako gerraren testuinguruan Kurdistanen aurkako erasoak areagotzen ari dela Turkia, eta horrez gain,... [+]


Droneekin milaka zibil hil eta isilpean pasa dituztela frogatu dute Pentagonoaren dokumentu ezkutuek

Gudarako droneen teknologian milioika dolarreko inbertsioak egin ostean, “historiako aire kanpaina zehatzena” iragarri zuen Barack Obama, AEBetako presidenteak. 2014tik gaur arte Pentagonoak bildutako dokumentuak aztertuta, ordea, “aire guda hau inteligentzia... [+]


Eguneraketa berriak daude