Zer dio AEBetako ispiluak?

AEBetako banderak Wall Street-en.
AEBetako banderak Wall Street-en.Laboratorio Ontinet

Krisiak okerrera egin du Hego Euskal Herrian 2013an, eta hortik pentsa zitekeen protestarako arrazoiak sendoagoak direla. Eta akaso horrela izango da, baina azken greba orokorraren  saioan ez da islatu, euskal gehiengo sindikalaren deialdiak aurrekoen erantzun bertsua izan du eta agian beherako joerarekin, grebari dagokionez behintzat. Mobilizazioetan erantzunak handia izaten jarraitzen du, eta milaka herritar ateratzen da kalera. Aurreikuspenen arabera, 2014ko egoerak okerrera egingo du herritarren gehiengoarentzat, baina gaitza izango da datorren urtean euskal gehiengo sindikalaren beste greba deialdi orokorrik ikustea, bestelako erantzunetan oinarritu beharko dira protesta eta alternatiba eskaerak.

Horrek ez du esan gura ez daudenik arrazoiak protesta egiteko, bestelako ekonomia politikak aldarrikatzeko, baina bai esan gura du urteroko greba orokorraren moldeak seguruenik bere mugarekin egin duela topo. Eta esan gura du kalea bakarrik ez dela nahiko, behar dela konplizitatea kalea eta erakundeetan murrizketaren eredu okerretik aldendu gura duten guztien artean. Eta testuinguru honetan dator Urkullu lehendakaria, krisiari aurre egiteko akordio orokorrerako deiarekin, iturri askoren arabera PSErekin gauza daitekeena. Murrizketaren ereduaren aurkakoa bada, izango du sostengurik, baina orain arteko jarrerek ez dute halakorik iradokitzen, besteak beste herritarrari akordio horien oinarriak edo proposamenak azaltzen ez zaizkiolako: nolako zerga erreforma egingo da? Zorpetzea handituko bada, non gastatzeko? Bultza liteke finantza erakundeek mailegua zentzuz eskaintzea? Zeintzuk dira gastu soziala blindatzeko neurriak? Nola bultzatuko da ekonomia soziala? Non daude azpiegitura erraldoietan inbertitzeko mugak? Zein tresna dituzte euskal instituzioek krisiari hobeto erantzuteko? Zeintzuk falta zaizkie? Erantzunak, epe laburrean ikusgai.

Eta erantzun sendoak beharko dira, oldarraldiaren tamaina ere halakoa izango da eta. Defiziterako aukera malgutuz, Europako Batasunetik zorpetzearen atea apur bat ireki zaie gobernuei, baina horren truke datorrena ez da txantxetakoa: murrizketa gehiago, zerga presio handiagoa herritarren bizkar, beste lan erreforma bat eta, besteak beste, pentsioen erreforma sakona, hauek murrizte aldera. Ongizate estatua suntsitzen jarraituko dela begi-bistakoa da, eta oraingoz, gure agintari nagusienei falta zaie onartzea hori gertatzen ari dela, eta hori ez datorrela uholde edo lurrikara baten gisan, atzean arrazoi zehatz eta argiak daudela.

Finantzen mudutik dator egungo krisia, hor kontsentsua zabala da, 2007ko udan hasi zen AEBetan eta gero mundu osora barreiatu zen, nagusiki herrialde garatuetara, eta bereziki Europara. Finantza, aseguru eta higiezinen burbuilen eztandak aldi berean eman ziren eta AEBetako datu honek ematen du neurriaren tamaina dirutan: 2007ko amaieran Wall Streeteko enpresetako liburuetan agertzen zen arrisku finantza deribatuen balioa 183 bilioi dolarretakoa zen, AEBetako ekonomiaren tamaina baino 13 aldiz handiagoa.

Finantza krisiari 700.000 milioi dolar gastatuz erantzun zion AEBetako Gobernu Federalak (Irak eta Afganistango gerretan 3 bilioi euro). Bi ideia ziren erreskatearen oinarrian: bankuak handiegiak dira erortzen uzteko eta maileguaren iturria zabalduko dute egiazko ekonomian. Eta neurriak hartuko ziren finantzen mundua kontrolatzeko. Baina ez zen halakorik gertatu. Iturri  publikotik banku pribatuetarako diru fluxua kontrolatu zuen erakundearen (TARP) inspektore nagusi Neil M. Barosfsky-k operazioaren porrota onartu zuen 2011n: “Banku handiak, krisiaren aurretik baino %20 handiagoak dira eta gure ekonomiaren zati handiagoa kontrolatzen dute” (Por el bien del imperio. Josep Fontana). 2011ko uztailean, Market Watch erakundearen kalkuluen arabera, AEBetako finantzen munduan deribatuek 248 bilioi dolarreko balioa zuten, krisiaren aurretik baino gehiago.

Gero etorri ziren Erresuma Batua, Islandia, Irlanda, Grezia, Portugal, Espainia, Italia… bankaren erreskateetan gobernuek diru gehiago edo gutxiago inbertitzeaz gain, denetan antzeko prozesuekin. Zer egin da, oro har, finantzen mundua kontrolatzeko? Beren funtsak handitzera behartu dituzte, bankuen tamaina berdina edo handiagoa da eta mailegu fluxurik ez da. Baina dagoeneko ezer gutxi hitz egiten den horretaz guztiaz, gobernuak isilik dira, norbaitek zer egin litekeen eta zer ez aginduko balie moduan. Eta bitartean, zer erakusten du AEBetako ispiluak? Finantza erakundeak krisiaren aurretik baino indartsuago direla, herritarrak pobreago eta aberatsak aberatsago. Horra Urkulluren akordio zabalak borrokatu beharrekoa.


ASTEKARIA
2013ko ekainaren 09a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Peñagarikano Goikoetxea
#2
Zigor Olabarria Oleaga
#3
Estitxu Eizagirre
#4
Gorka Bereziartua
Azoka
Azkenak
2024-05-14 | Irutxuloko Hitza
Desokupako bi gizon Donostiako etxe bat ilegalki husten saiatu dira

'Desokupa kanpora' lelopean, elkarretaratzea egin dute larunbatean, etxebizitzaren aurrean.


2024-05-14 | Axier Lopez
94 egunez gose greban dago preso politiko maputxe bat

Guillermo Camus Jara izena du eta Txileko Lebuko kartzelan dago. Egoera larrian da, gose greba luzeaz gain, ostiraletik egarri grebari ere ekin baitio.


2024-05-14 | ARGIA
LABek salatu du Amazonek "errepresio sindikala" egiten duela

Amazonek Trapagaranen duen lan zentroan grebalarien kontra "jazarpen eta zigorrak" darabiltzala salatu du sindikatuak


Sei pertsona igo dira kapital israeldarra duen Bilboko NYX hotelera, boikota bultzatzeko

Larunbatean egin zuten ekintza, Bilbo erdigunean. Honela zioen pankartak: Bilbo Palestinarekin. Hiri antisionista. Israeli boikota. Hotelaren sarreran hamarnaka lagunek Palestinaren aldeko eta Israeli boikota egiteko deia egin dute.


Eguneraketa berriak daude