Euskal industriak trena hartu zuenekoa

Trenak 150 urte Euskadin
Erakusketa ibiltaria

Non: Amaia Kultur Zentroa, Irun. Data: apirilaren 28ra arte. Antolatzailea: Trenbidearen Euskal Museoa.

“Betidanik garbi izan dut tren geltokietan zain ematen dugun denbora zentzumenentzat oparia dela”. Burdinbidearen Euskal Museoaren fundazioko zuzendari Maitane Ostolazak erakusketaren katalogoko hitzaurrean idatzitako hitzak dira. Eta apirilaren 28a baino lehen Irungo Amaia Kultur Zentrora hurbiltzen dena entzumenaren bidez murgil daiteke trenak gurean izan duen 150 urteko historian. Entzungailuen bidez, lurrun makinen ufakotik hasi eta tren elektriko modernoen burrunbara bitartean, hainbat audio entzun daitezke: tren zaharren txilibitua, geltokiko giroa…

Hormetan hainbat argazki eta azalpen-testu ipini dituzte. Baina erakusketako elementurik interesgarrienak objektuak dira: langileen txapelak, takografoak, bidaia txartelak (besteak beste, 0,15 pezeta balio zuen Urolako tren zaharreko txartela), txartel-zulagailu mitikoak, tren-makinen plano originalak, geltoki-buruaren turutak… Pieza ederrenen podiuma aukeratu behar bagenu, hauexek lortuko lukete domina: tren-makinentzako erregulatzailea (1950), orratzak aldatzeko hiru suko argiontzia (1923) eta Compañía del Norte enpresako telegrafoa (1895). Geltokiko bulego zahar bat berregin dute, eta girotzen laguntzen duen dekorazioa ere zaindu dute: zenbait tokitan trenbideetako ohiko harri txintxarra bota dute lurrean eta bitrina batzuk errail herdoilduen gainean ipini dituzte.

Trena eta industrializazioa.

Erakusketako objekturik zaharrena Trianoko geltokiko 1865eko horma-erlojua da. Trena funtsezkoa izan zen Trianoko meategietako lehengaia burdinoletara garraiatzeko, eta, oro har, industria-gune berrien garapenerako. Hortaz, garraiobide iraultzaileak garrantzia berezia izan zuen Bizkaian eta, bereziki Bilbo inguruan. Duela aste batzuk Mikel Iturralde kexu zen Treneando blogean: “Ezaxola, interesik eza, apatia eta nagitasuna. Trena Bilbora iritsi zeneko 150. urteurrena oharkabean joan da. Efemeridea oroitzeko ekitaldi instituzional bat bera ere ez, hiriak (eta lurraldeak) burdinbideari hainbeste zor dion arren”.

Irunentzat ere trena garrantzitsua izan zen (eta Irun trenarentzat). Kokagune estrategikoa izaki, garai batean Norteko ferrokarrilaren, Bidasoakoaren, topoaren, Frantziatik zetozen lineen eta Hondarribirako tranbiaren ibilbideak bertatik abiatu / bertan amaitzen ziren. Erakusketa ibiltaria da, eta Iruneko geldialdian mugako hiriari eskainitako atal berezia prestatu dute. Beraz, zenbait tokitan behintzat trenaren etorrerak merezitako omenaldia izan du.

Berandu edo azkarregi.

Erakusketak ederki jasotzen du garraiobide honen xarma, baina ahulguneak ere baditu. Geltokian zain dagoen bidaiariak trena berandu datorrenean pazientzia galtzeko arriskua duen bezala, erakusketako bisitari euskaradunak ere pazientzia beharko du paneletako testuen euskarazko itzulpen kaxkarra irakurri nahi badu.

Garaia baino lehen iritsi delako trena galdu duen bidaiaria ere ez da gustura egongo. Erakusketak ederki transmititzen du trena funtsezkoa izan zela Euskal Herriko izaera industriala taxutzerakoan. Horregatik objektu zaharrek uzten duten ahogozoa apur bat garraztu egiten du erakusketaren amaieran abiadura handiko trenari eskaini dioten atal zabalak; AHTren aldebakarreko apologia egiten da, euskal gizartearen zati batek etorkizunerako funtsezkotzat ez eta kaltegarritzat jotzen duela ahaztuta.


ASTEKARIA
2013ko apirilaren 21a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Trenaren etorrera
2008-07-09
Norteko Trenbidearen azken habeak liburu berri batean

Beasaindik Otzaurteraino doan trenbidearen eraikuntza eta historia aztertu dute Pello Joxe Aranburu eta Luis Mari Intzak. Liburua ikerlan zabalago baten bigarren zatia da eta hilaren 17an aurkeztuko dute Zegaman. Otzaurteko pasabideak buruhauste ugari eman zien XIX. mendeko... [+]


Norteko trenbidetik bi errailen gainean
Hiru japoniar hurbildu ziren Alkizako baserri batera, bi kazetariak ziren, bestea Madrilgo taxilaria -eta itzultzailea, halabeharrez-. Urruzola baserriko bizitza bitxia iruditu zitzaien nonbait, Yes aldizkarian jartzeko perla bat, eta han aritu zen Pello Joxe Aranburu, baserriko... [+]

Trenak egindako bidea
Trenbideen eta trenaren jatorria Ingalaterran dago. Herrialde hartan jaio zen industrializazioa eta bertako meategietan erabili zen errailen sistema beste inon baino lehenago, gurdiak garraiatzeko; hasieran egurrezko errailak eta gero burdinez egindakoak. James Wattek lurrin... [+]

LEGAZPI
Legazpiko mendietan gentilen lekukotasuna aurki dezakegu, Neolitikoko eta Brontze Garaiko tumulu eta trikuharrien bidez, baita gentiletxe edo gentilola izena duten Erdi Aroko eraikuntzen bidez ere, zeren jakina denez, soilik gentilek zekiten burdina lantzeko teknikaren... [+]

Eguneraketa berriak daude