Norteko trenbidetik bi errailen gainean

Hiru japoniar hurbildu ziren Alkizako baserri batera, bi kazetariak ziren, bestea Madrilgo taxilaria -eta itzultzailea, halabeharrez-. Urruzola baserriko bizitza bitxia iruditu zitzaien nonbait, Yes aldizkarian jartzeko perla bat, eta han aritu zen Pello Joxe Aranburu, baserriko semea, japoniarren jakinmina ase nahian. Hamasei urte geroago Pello Joxek Japoniako aldizkari hura ekarri du gurera: Zerutik hurbil dagoen herrixka batean... dio artikuluak japonieraz. Bisita exotiko haren ondoren sortu zitzaion Pello Joxeri Alkizako zerua ikertzeko gogoa, eta lehen publikazioa bere sortetxeari buruz egin zuen, Urruzola baserriari buruz.

Orain, dimentsio ezberdina duen lana kaleratu du Luis Mari Intza oñatiarrarekin batera. Bien artean Norteko trenbidearen historia azaldu digute, Norteko trenbidearen eraikuntza. Ebaluaketa eta ondorioak Gipuzkoan liburuan -aste honetan aurkeztu dute Tolosan-. Lana bi zatitan dago banatua eta aurten Irundik Beasain arteko trenbide zatiaren historia jasotzen duena kaleratu dute. Otzaurteko tunelaren eraikuntza bigarren alerako utzi dute: «Frantsesek esaten ditek Aizkorriko desertua; noski, orduan ez zegoen ez herri eta ez ezer! Baina hala ere milaka lagun joan hituan obra horretara», dio Pello Joxek. Piamontetik etorritako italiarrak aritu ziren Otzaurteko tunelean. Langile horiek, Alpeetako tontorretan baleude bezala, trikitiaren musikaz Aizkorriko magalak busti zituzten eta zulo handi bat ez ezik, soinu-tresna eder horren teknika utzi ziguten betirako.



Trenaren txistua entzun zuenekoa

Trenbidearen historia ikertzeko ideia nondik sortu zitzaien galdetu diogu bikoteari eta Oñatiraino eraman gaituzte, Protokoloen artxiboraino. Pello Joxek denbora luzez arakatu ditu bertako zirrikitu guztiak eta abileziaz bereizten ditu dokumentu bitxiak. Konturatu zen Mutiloan notarioa zegoela 1860an, baina ordurako herri txikietan notariorik ez zen izaten normalean: «Hemen bazegok zerbait -pentsatu zuen alkizarrak-, paper sorta bakarra huan, hasi ninduan leitzen eta non aurkitu nian Norteko ferrokarrilaren inguruko gauza pilo bat. Trenaren txistua entzun eta...». Eta trenbidearen ibiliari jarraitu zion liburua kaleratu arte.

Norteko trenbidea 1858an hasi ziren eraikitzen eta hortik urte batzuetara amaitu zuten Beasain arteko zatia, 1863an. Gehienbat Frantziako enpresarien diruarekin eraiki bazen ere, Gipuzkoako udalerriek erreal mordoska bat jarri zuten: «Jendeak erabat babestu zian trenbidea eta udalek diru asko jarri zitean, horiek uste zitean inbertsio on bat egiten ari zituala», azaldu digu Pello Joxek. Hala ere kontrakorik ere bazegoen, Tolosaldeko baserritarrak, adibidez. Baserritar gehienak maizterrak ziren eta lur hoberenak kendu zizkieten; desjabetze basati haren frogak badaude: bateko denuntziak, besteko erresistentziak trenbidearen obrak saboteatuz... Ezaguna da Santa Kruz apaizaren jarraitzaileek Beasaingo tren geltokia erre zutela, Bigarren Gerra Karlistan. Baina hura ez zen izan trenbidearen kontrako ekintza, gerra estrategia soila baizik. Liburuaren egileen ustez karlistak eta apaizak ez ziren trenaren kontra azaldu, alderantziz, apaizek trena babestu zuten Tolosan egindako bilera batean eta dirua bildu zuten honen alde.



Izara-plano erraldoiak ikusgai

Liburuarekin batera DVDa kaleratu dute egileek, garai hartako trenbidearen planoekin. Luis Mari Intzak hartu du planoak editatzeko ardura eta berak azaldu digu nolako materiala jarri duten ikusgai: «Hasieran gure asmoa zuan metro inguruko planoak jartzea, baina asko zituan, Tolosan bakarrik hamabi plano! Mapa zaharrak dira, izara-planoa deitzen zaiona eta digitalizatu egin behar izan dizkiagu». Izara horietan Beasaindik Irunera bitartean zeuden etxe guztien izenak azaltzen dira eta horrek balio handia ematen dio argitaratu duten materialari.

Bi erraileko trenbide bakarra eraiki zuten lehenik, eta XIX. mende bukaeran beste bi errail erantsi zizkioten -trenbide bat norabide bakoitzean-. Izan ere, Norteko trenbidetik tren gutxi pasatzen zen hasiera haietan, egunean bakarra akaso. Artxiboetan ohar ugari aurkitu dituzte gure bi historialariek, jendeari trenbidetik ez ibiltzeko aholkatuz, arriskutsua zelako. Baina, nola ez ziren bide zuzen eta eroso horretatik ibiliko? Baserritarren begietatik ikusita, egunean behin erabiltzen ziren burdin haiei probetxuren bat atera beharra zegoen.


Artxiboak eta photoshopa: jubilazioa ez da helmuga, irteera baizik.

«Gauza pilo bat bildu dituzue lan honetan. Artxiboko lana, lan nekeza izango da, ezta?» galdetu diegu ustekabean, eta Pello Joxe hasi zaigu hizketan: «Ni Alcala de Henaresen izan ninduan, han zegok Espainia guztiko administrazio publikoko artxiboa, eta karpeta harekin topo egin nianean -trenbidearen izara-planoak gordetzen zituen karpeta-, ez ninduan builaka hasi baina... Bertakoari esan nionan, ‘etorriko nauk berriro’. Hiru bat aldiz egon nauk geroztik Alcalan». Nekeza baina pozgarria beraz, pazientziak saria izaten duenean behintzat.

Luis Marik berriz, photoshopeko karpeta birtualak arakatzen ditu, artxiboetako paper zaharren ordez. Zalea da ordenadore kontuetan eta hobbie horren berri eman digu: «Nik jubilatu aurretik garbi nian zer ez nian egingo, jubilazioa ez duk helmuga eta herriko obrak zaindu eta horrelako gauzak ez nitian egin nahi». Ordenadoreak dituen abantailak laster ikusi zituen oñatiarrak eta programa ezberdinak erabiltzeko hainbat ikastaro egin ondoren zaletu zen horietara. «Artista bat dek!» dio Pello Joxek aldameneko lagunari begira.

Pello Joxeren kasuan, Goierriko Euskal Eskolan aritu izan zen euskara irakaskuntza munduan: «Han nengoala, euskaltegiko lagun talde bat elkartzen hasi gintuan eta ikusi genian Tolosan, Oñatin edo Asteasun zein altxor zegoan artxiboetan». Hain zuzen, Lazkaoko Gerriko Sariketaren bidez Juan Ignazio Iztueta eta Klaudio Otaegi bezalako pertsonaien bizitza ikertu zuen talde horrek: «Asteasuko Agirre idazlearen bizitza aztertu gabe zegoan, famosoa, uste diat Villasantek esaten ziala, XX. mendeko euskal idazlerik oparoena, herrikoiena. Baina bere bizitzaz... Asteasukoa zuala eta kitto! Orduan, hainbeste gauza ikusi nizkian Asteasuko artxiboan...» Dokumentu zaharren harra barruan sentitu zuen alkizarrak nonbait eta artxiboen munduan lehenengo pausoak eman eta gero, bakarkako lanari ekin zion. Orduz geroztik hamaika lan argitaratu ditu, gehienak historiarekin zerikusia dutenak.


Norbere editore

Norteko trenbideari buruzko liburua egileek berek editatu dute, «inor azaltzen ez zaigulako!», diote biek ozen, «publikatzeko laguntza bila, hor ibiltzen gaituk gaizki...». Baina egindako lana borondatezkoa da, ez dute sekula ezer kobratu eta liburua salgai jartzeko asmorik ez dute gainera, lagun artean banatzeko besterik ez.

Salgai jarri edo ez, borondatezkoa edo pagozkoa, akademikoa edo amateurra... lana egina dago. Trenbide hari buruzko datuak eta planoak jasota daude liburu batean eta gure herriko garraiobideen historia ezagutzeko habe bat gehiago jarri dute, bi errailen artean.

Jubilatutakoan, artxiboak ikertzeko denbora gehiago
Luis Mari Intzak jubilazioa helmuga baino, irteera edo abiapuntu du, orain arte egin izan ezin dituen gauza mordoa egiteko aukera bat. Eta ez da horrela pentsatzen duen bakarra, asko dira jubilatutakoan beren arbasoei buruzko ikerketak egitera animatzen direnak, artxibo historikoetan bizitzan lehenengo aldiz orduan sartzen direnak.

Horien berri jakiteko Gipuzkoako Artxibo Orokorrera jo dugu eta Ana Otegi teknikariak azaldu dizkigu azaldu beharrekoak. Bere esanetan, asko dira ikerketetan adituak izan gabe, artxibora hurbiltzen diren herritarrak, dela familiaren genealogia egiteko, dela baserriaren sorrerari buruzko datuak jakiteko. Bere ustez, ikerketak egin eta dokumentuak interpretatzen ikasteko prozesuak ez du zerikusirik adinarekin edo jubilazioarekin; «hori hemen ibiltzen garen guztiok pasatzen dugun prozesua da», dio. Baina ikerketa batek denbora behar izaten du eta hori da prezeski herritarrek ez dutena, horregatik, ohikoa izaten da «jubilatzen naizenean etorriko naiz ikertzera» bezalako esaldiak entzutea, teknikariak dioenez.


Genealogia ikertzen ikasteko liburua
Egia esan, askorentzat zaila egiten da XVII. mendeko dokumentuak interpretatzea. Beste askok ez dakite nondik bilatzen hasi ere. Zailtasun horiek ikusita, duela urte batzuk ikastaro bat antolatu zuten Koldo Mitxelena Kulturunean, Donostian, ikerketa genealogikoak nola egin irakasteko. Ikastaroak arrakasta handia izan zuen eta gidaliburu praktiko bat kaleratu zuten bertatik ateratako ondorioekin. Gidaliburua Borja Aguinagaldek egina da eta www.gipuzkoakultura.net/euskera/tolosa helbidean deskargatu daiteke.

Joxemartin Apalategi
Joxemartin Apalategirekin harreman onak zituzten bi egileek eta zenbait ikerlan elkarrekin egiteko ere bildu izan ziren: «Behin Arantzazun izan gintuan hirurok, frailetan lotan eta hango artxiboa ikusten» dio Luis Mari Intzak. Antropologo ataundarrak lan itzela egin zuen euskal kultura eta jakintzaren arloan.


ASTEKARIA
2006ko azaroaren 12a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Trenaren etorrera
2008-07-09
Norteko Trenbidearen azken habeak liburu berri batean

Beasaindik Otzaurteraino doan trenbidearen eraikuntza eta historia aztertu dute Pello Joxe Aranburu eta Luis Mari Intzak. Liburua ikerlan zabalago baten bigarren zatia da eta hilaren 17an aurkeztuko dute Zegaman. Otzaurteko pasabideak buruhauste ugari eman zien XIX. mendeko... [+]


Trenak egindako bidea
Trenbideen eta trenaren jatorria Ingalaterran dago. Herrialde hartan jaio zen industrializazioa eta bertako meategietan erabili zen errailen sistema beste inon baino lehenago, gurdiak garraiatzeko; hasieran egurrezko errailak eta gero burdinez egindakoak. James Wattek lurrin... [+]

LEGAZPI
Legazpiko mendietan gentilen lekukotasuna aurki dezakegu, Neolitikoko eta Brontze Garaiko tumulu eta trikuharrien bidez, baita gentiletxe edo gentilola izena duten Erdi Aroko eraikuntzen bidez ere, zeren jakina denez, soilik gentilek zekiten burdina lantzeko teknikaren... [+]

Eguneraketa berriak daude