"EITB eta herri ekimeneko hedabideak"

2013ko Argia Sariak ospatzen ari gara, eta zinez esaten dizuet hemendik ikusten den panorama ez dela makala euskal kulturarentzat. Kanpotik etorri eta ekitaldi hau ikusten duenak, oparotasunean pentsatuko du. Baina euskal kultura, errealitate honek islatzen duena baino xumeagoa da. Bai, oparotasun materialean aski xumea da, eta hala ere gero eta aberatsago da.

Argiak 2011n zortzi harpidetza irabazi zituen, eta lorpen handitzat jo genuen. 2012an 40 galdu ditu. Saiatuko gara berreskuratzen, jakina, baina errealitatea hori da, bai gurean eta bai hedabideen mundu zabalean. Esan nahi du horrek Argia txarragoa egiten dugula? Ez dut uste, publikoki zein pribatuan jasotzen ditugun mezuengatik, produktu ona egiten dugu. Esan nahi du jendeak gerrikoa estutu behar duela eta produktuak lehenetsi.

Batek baino gehiagok esaten didan kontua da: “Baina nola jarri dezakezue hainbeste gauza Interneten doan?”. Hemen errepikatuko ez dudan argudio sorta luzatzen diet eta aurrera. Eta gaur gaurkoz hori egin behar dela uste dugu. Baina orduan, nola demontre aterako gara aurrera? Ez dugu erantzunik.

Edo bai, erantzun txikiak ditugu. Interneteko Argia berritu dugu eta pozik gaude. Baina erronka handia jarri diogu gure buruari. Interneteko gure irakurle kopuruak ere gora egiten du urtez urte, zorionez. Baina hara paradoxa, doan izanda ere, kosta egiten da bisitari kopurua handitzea. Eta hara paradoxa handiagoa: guretzat ez da doan. Horregatik, lehenbiziz abiarazi dugu kanpaina bat Interneten, Piztu ezazu Argia, gure bisitariei laguntza eskatuz, irakurtzen ari dena edo ikusten duen horrek baduelako bere kostua.

Baina aldapa gora honetan datu positiboak ere baditugu, nola ez. Adibidez, CIESen 2012ko bigarren seihileko inkestaren arabera, Argia astekariak lehen seihilekoan baino 1.000 irakurle gehiago ditu; zehatzago esateko, Nafarroan gehitutakoak. Hekimen ere sortu da, eta hor ere puntan ibili gara Argiakook. Ez da broma lorpena; orain tresna baliagarria zaigula erakutsi behar dugu.

Asko hitz egin dugu Hekimenek zer egin behar duen eta horien artean dago instituzioekiko mintzakidetza, gauza askotarako, baina lehenik eta behin diru-laguntza kopuruak eta publizitate kopuruak handitzeko. Horra gure elkartearen lehen erronka handi eta gaitza.

Aurrera begira hasi behar dugu hitz egiten hedabide publiko eta herri ekimeneko hedabideen finantzazioan dagoen desoreka ikaragarriaz. 2012an Eusko Jaurlaritzak 132 milioi jarri zituen EITBko aurrekontuan, herri ekimeneko dozenaka komunikabideren aurrekontuetan 5 milioi.

Batzuk publikoak dira eta gu ez, baina guk argi dugu: gurea ere zerbitzu publikoa da, eta hizkuntzaren normalizazioari egindako ekarpena bada EITBrena bestekoa, edo gehiago. Mereziko luke unibertsitateko tesi bat baino gehiago: 30 urtetan zer eskaini dute publikoek, zer herri ekimenekoek? Ea nor animatzen den.

Ez dadila txarto interpretatu esaten ari naizena. EITB eta herri ekimenekoak, biak gara beharrezkoak, ez ditut elkarren kontra jarri gura. Ez dut nahi Jaurlaritzak EITBren aurrekontua gutxitu dezan, ez naiz ari hori eskatzen. Baina apurtxo bat logikoagoa irudituko litzaidake 2013an 132-5 izan beharrean, desproportzioa 132-6 izatea. Hainbeste ote da? Aurrera begira, hori eta gehiago ere lortu beharra dugu, herrigintzan gure lana funtsezkoa delako, bai hizkuntzaren garapenaren ikuspegitik eta baita herri ikuskeraren eraikuntzan egiten dugun ekarpenagatik.

Sari banaketari ekin aurretik Argiarentzat oso garrantzitsuak izan diren bi pertsona gogoratu nahi ditut: duela hogei urte utzi gintuen Joxemi Zumalabek, iaz utzi gintuen Inma Gomilak. Joxemiri buruz asko idatzi da, eta ez naiz gehiago luzatuko hemen. Inma urte luzetan arduratu izan da gure sosez, eta hori zeregin oso inportantea da edonon, baina areago diru gutxi den lekuan. Mila esker biei, bihotz-bihotzez, eta besarkada handi bana haien senideei.


Azkenak
Konponbiderik gabeko desoreka?

Ordizian orekara eramango gaituen interbentzio plan berezi bat behar dugu; urteroko matrikulazio lehia eta arriskutik atera, egonkortasuna eman eta herriko ikasleak modu orekatuan batzeko aukera emango digun plana.


Hauteskunde kanpainan isildutako makroproiektuei buruzko eztabaidak

Igande honetan egingo dira hauteskundeak Katalunian, maiatzaren 12an. Procésaren ondorenak eta Carles Puigdemonten balizko itzulerak estali ditu zenbait mintzagai. Baina abian dira bi proiektu erraldoi eta esanguratsu, biak ala biak turismoari estuki lotuak: Hard Rock... [+]


2024-05-07 | Euskal Irratiak
"Zenbat dugun kontatzeko!" Euskal Herriko mapa sortu dute

"Zenbat dugun kontatzeko!" mapa ilustratu bat sortu dute elkarlanean Ikas Bi, Biga Bai, Euskal Haziak, Seaska eta Euskal kultur Erakundeak.


Eguneraketa berriak daude