Txikien lan oparoa

  • Elkarrekin eta elkarlanean, oztopoak gaindituz proiektu bera eraikitzen doan komunitatea erakusten du Eskola bizia, herri bizia dokumentalak, ordubete pasatxoan. Gipuzkoako eskola txikiek 25 urte bete dituztela-eta, bertako ikasle, irakasle, guraso eta udal-ordezkarien bizipenak dotore jaso ditu Iñaki Alcalde zuzendariak.

Berrobiko eskolan, motor elektrikoa martxan jartzeko saiakeretan.

Zientzia gaiak jorratzeko, taldekako proiektu bati ekin diote Berrobiko eskola txikian. Bateria, kableak eta gainerakoak eskuratu eta motor elektrikoa egin behar dute lehenik. Irakasleek beraiek ikasi dute bidean: “Ez dakigu oso ondo ibilbidea nolakoa izango den, baina batera joaten gara bide egiten, bakoitza bere ekarpenekin. Norbere abiapuntutik denek aurrera egitea da helburua, eta proiektu baten bidez eta adin aniztasuna duen gela batean, aukera handiagoa du bakoitzak bere mailan arrakasta lortzeko”. Ingeniaria den herriko guraso bat izan dute aholkulari irakasleek. “Maisu-maistrak asko inplikatzen dira gure seme-alabekin, gu ez gara gutxiago izango”, dio dokumentalean. Donostiako Zientzia Museora ere egin dute bisita, galderez eta jakin-minez beteta. Eta azkenerako, jostailuen tamainako auto elektrikoak egitea lortu dute haurrek. Festa handi batean probatu dituzte, jolas artean.

Abaltzisketa, Larraul, Zerain, Itziar eta beste hainbat herritako eskolen esperientzia ere bildu du Alcaldek. Talde txiki eta anitzekin funtzionatzen dute guztiek ere, eta horrek egiten ditu hain aberasgarri. “Adin aniztasunarekin nola jokatzen dugun? Eki ez da 5 urteko haurra, Eki da, eta hura Maider, Galder, Edurne… Pertsonak dira eta ume bakoitzaren ezaugarri eta erritmora moldatzen gara, talde txikiek hori ahalbidetzen dutelako”, dio irakasle batek. Txikiek handien bidez ikasten dute, eta helduagoek ere, gaztetxoenei irakatsiz, hobeto barneratzen dituzte edukiak.

Guraso inplikatuei ere ematen die hitza filmak, herriak berak herriarentzat ereiten duen hazia baita eskola. “Herri handietan baino parte-hartze handiagoa eskatzen digu, baina oso inbertsio emankorra da, eta gainera komunitatea, herria bizi mantentzen du horrek”, dio gurasoetako batek. Areago, pedagogikoki aldarrikatzen den ikas-komunitatearen adibide dira eskola txikiak, sektore eta eremu ugaritako lagunek hartzen dutelako parte haurraren heziketan: “Mundu osoa eskolan integratzea eskatzen du ikas-komunitateak, herri oso bat behar da haur bat hezteko, eta herri txikietan modu naturalean egin daiteke hori, herri osoa sar daiteke eskolan”.

Dena ez da arrosa kolorekoa, ordea. Zenbakiak eta gastua hizpide, Administrazioak trabak jartzen ditu maiz, eta ixtekotan izan da eskola bat baino gehiago, ikasle kopuru gutxienekoa ez betetzeagatik. Etorkizuneko ikuspegiarekin jokatu behar dela diote protagonistek, gaurko inbertsioa biharko fruitua delako, kalitate oneko hezkuntza jasotzen duten haurrak hobeto moldatuko direlako ondorengo ikasketetan, eta handiagoa delako gizarteari egin diezaioketen ekarpena. Bide horretan, batuta eta indartsu ageri dira Gipuzkoako 27 eskola txikiak, 800 familiak, 1.200 ikasleak eta 175 irakasleak, Iñaki Alcaldek filmatutako erretratu ederrean.
 

Être et avoir

Nicolas Philibert zuzendari frantziarraren Être et avoir dokumentala (2002) dakarkigu gogora Alcalderen lanak, ezinbestean. Film horrek ere, 4 urtetik 10era bitarteko haurrak ikasgela bakarrean hezten dituen eskola txikia du ardatz, Frantzian, Auverniako herrixka batean. Pazientzia handia duen Georges López irakasleak ikasketetan, baina batez ere bizitzan aurrera egiten lagunduko ditu umeak. Milioi eta erdi ikusle bildu zituen Europako zinema-aretoetan eta nazioarteko hamabost sari eman zizkioten. Biak ere, lan gomendagarriak dira ikaskuntza-irakaskuntza prozesu konplexuan eredu bila dabiltzanentzat.


ASTEKARIA
2012ko irailaren 16a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Bereziartua
#2
Estitxu Eizagirre
#3
Gorka Peñagarikano Goikoetxea
#5
Zigor Olabarria Oleaga
Azoka
Azkenak
2024-05-14 | Irutxuloko Hitza
Desokupako bi gizon Donostiako etxe bat ilegalki husten saiatu dira

'Desokupa kanpora' lelopean, elkarretaratzea egin dute larunbatean, etxebizitzaren aurrean.


2024-05-14 | Axier Lopez
94 egunez gose greban dago preso politiko maputxe bat

Guillermo Camus Jara izena du eta Txileko Lebuko kartzelan dago. Egoera larrian da, gose greba luzeaz gain, ostiraletik egarri grebari ere ekin baitio.


2024-05-14 | ARGIA
LABek salatu du Amazonek "errepresio sindikala" egiten duela

Amazonek Trapagaranen duen lan zentroan grebalarien kontra "jazarpen eta zigorrak" darabiltzala salatu du sindikatuak


Sei pertsona igo dira kapital israeldarra duen Bilboko NYX hotelera, boikota bultzatzeko

Larunbatean egin zuten ekintza, Bilbo erdigunean. Honela zioen pankartak: Bilbo Palestinarekin. Hiri antisionista. Israeli boikota. Hotelaren sarreran hamarnaka lagunek Palestinaren aldeko eta Israeli boikota egiteko deia egin dute.


Eguneraketa berriak daude