Vyvyan Howard, errauskailuek isuri pozoien ikerlea

  • Madrilen izan berria da Osasun Publikoaren Arriskuak eta Ingurumena nazioarteko jardunaldietan “Nanopartikulen toxikologia” azaltzen. Vyvyan Howard doktorearen lana erabakiorra izan da Irlandan Rigaskiddy herrian eraiki nahi duten errauste plantari bidea mozteko. Eguneroko bizitzan darabiltzagun kimikoen lanjerrez ohartarazten du.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria
2012ko ekainaren 17a
IISD Reporting Services gunetik hartutako irudian, Vyvyan Howard doktorea 2008an Senegalen segurtasun kimikoaz egin zen biltzar batean hizlari. Besteren artean hau idatzia dauka 2009an Statement of Evidence. Particulate Emissions and Health agirian:
IISD Reporting Services gunetik hartutako irudian, Vyvyan Howard doktorea 2008an Senegalen segurtasun kimikoaz egin zen biltzar batean hizlari. Besteren artean hau idatzia dauka 2009an Statement of Evidence. Particulate Emissions and Health agirian: "Ezagutzen diren 11 milioi gai kimikoen artean, 100.000 maila industrialean ekoizten dira eta 1.000-2.000 berri sortzen dira urtero. Horietako edozein iritsi daiteke errauskailura eta hemen osoki edo erdizka erretakoan ezin konta ahala produktu isuri dezakete, bai partikula moduan edo beste partikulei erantsita. Horiek kontrolatuko balira ere, eta gehien-gehienak ez dira kontrolatzen, gutxi edo batere ez dakigu isurketa horrek osasunean eduki ditzakeen eraginez (...) Gai lurrinkorrak kondentsatzen dira partikulen gainean (...) eta hauei itsatsirik biriketan odolera iristen dira".

Liverpooleko unibertsitatean  toxikologiako irakasle eta hiri bereko Mozart Orkestran biolontxeloa joaz –bi lanbideotan maila horretara iritsiak ba ote dira Europan dozena bat?– lasai bizi omen zen Howard doktorea, ordurako lau seme-alabaren aita... harik eta ilunabar hartan Communities against Toxics elkartearen hitzaldi batera hurbildu zen arte emaztearekin.

Ralph Ryder zen bilerako protagonista, hondakinen errausketaren arriskuez jendeak ohartaraziz mundua korritutako aktibista. Vyvyan Howard oroitzen denez, “Ralphek amaieran lau agiri eman zizkidan, haiei begiratzen hasi eta goizeko 4etan artean irakurtzen ari nintzen ohean. Horrela esnatu nintzen eguratsean dauden Kutsagai Organiko Iraunkorren mundura”.

Ingelesez Persistent Organic Pollutants (POP) deitu kutsagaiz inguratuta bizi gara eguneroko bizitzan.  Gizakiak jarduera industrialean sortuak, oso nekez desegiten dira, pilatu egiten dira elikadura katean eta urak bezala haizeak munduko bazterrik urrutikoenetaraino barreiatzen ditu. POP ezagunenetakoak diren dioxinak, esaterako, Artiko eta Antartikoko animalien organismoetan ere aurkitzen dira.

Ralph Ryderrek begiak ireki zizkionetik Vyvyan Howardek asko ikertu du kutsagai kimikoen alorrean, beti ere segituz sakontzen mikroskopio bidezko irudigintzan, horretan baita irakasle. Azken urteotan Ulsterreko unibertsitatean ari da, Gesa Staats toxikologoarekin familia berria osaturik.

Vyvyan Howarden oihartzuna gurera Gipuzkoako Zubietan errauste planta eraikitzearen kontrako mugimenduen eskutik iritsi zen 2010ean. Orduan ezagutu zen ikerlariak hondakinen errausketaren arriskuez idatzitako agiri bat, aurretik asko sakondu gabeko nanopartikulen alorra jorratzen duena.

Irlandako Cork hiritik hurbil Ringaskiddy herrian Indaver Group enpresak errauskailua eraikitzeko asmoa azaldu zuenean, Gobernuak An Bord Pleanála izeneko aholku batzordea antolatu zuen, ingurumenaren eta gizakien osasunaren gaineko eraginak baloratzeko. Howardek 38 orrialdeko txosten mamitsua aurkeztu zuen 2009an: Statement of Evidence. Particulate Emissions and Healthv (Lekukotza edo peritajea. Partikulen jariaketa eta osasuna).

Partikula txikien eta gizakien heriotzaren arteko loturak, partikula ezberdinen eta hauen arteko nahasketaren eraginak, arnasketa eta partikulak, biriketara iristen diren partikulen bidea, eragin toxikoaren mekanismoa, haurrak herritar bereziki bulnerableak, umekiaren jaio aurretiko arriskuak… ez dauka atal bat bazterrean lagatzekoa.

Grafiko ikusgarri bat ere badakar, zeinetan partikula txikiak alderatzen dituen gizakiaren ile baten lodierarekin. Honek 0,7 milimetro edo 70 mikrometroko lodiera dauka. Arnasten hasita 10 mikrometro baino ale larriagoak sudurrean eta eztarrian geratzen zaizkigu biriketaraino pasa gabe.

10 mikrometro baino txikiagoetan handienak bronkioen  hasierara heldu eta karkaxarekin edo eztularekin kanporatzen ditugu. 5 mikrometro baino xeheagoak biriketaraino heltzen zaizkigu. 2,5 mikrometro baino are meheagoak albeoloetaraino barneratuko zaizkigu, biriketan oxigenoak eta odolak bat egiten dutenetaraino.

Hortik aurrera, kalteak, segun eta zein materialezkoa den partikula eta zein neurritakoa, 2,5 mikrometro baino gutxiagokoak baitira ultra-meheak, nanopartikula ere deituak.

Amaren sabelean kutsatuta

Araua garbia da, Howarden hitzetan: partikula zenbat eta xeheago, kaltea are larriago. “Ikerketek erakutsi dute masa handietan arriskurik gabeak diren materialak berak ere toxiko bihurtzen direla partikula ultra-xehetan zatitutakoan”.  Horrela begiratuta, hondakinen errauskailuek konbustioak sortutako isuri guztiok biltzeko dauzkaten filtroen eraginkortasuna bestela ikusten da. Hala ikusi zuten Irlandako agintariek ere, Rigaskiddyko errauskailu asmoa baztertu baitzuten. Iaz, ordea, enpresak lortua du epaitegietan dossierra berriro irekitzea.

Hondakinen errauskailuak ez dira Howarden kezka iturri bakarrak. Zenbait kosmetikok, zehazki eguzkitarako kremek, daramatzaten nanopartikulek Alzheimerraren eta Parkinsonaren sorrerarekin eduki dezaketen zerikusia aztertzen du Christian Holster neurologoarekin elkarlanean, NeuroNano izeneko proiektuan, Europar Batasunaren finantzaketarekin.

Beste ikerlerro nagusia kantzerrari dagokio. Cancer Active webgunekoei Howardek esan zien: “Bizi itxaropena luzatu egin da, baina kantzerra eragiten duten gaiz osatutako salda batean bizi gara; zenbat eta luzeago bizi zaren, horiek eragiteko aukera handiagoa daukazu. Luzeago bizitzea bera ez da kausa”.

Inguratzen gaituzten kutsagaiek gizakiongan duten eragina aztertzen du, batik bat haurrengan eta sortu gabeko umekietan: “Minbizia epidemia da gaur, umeen arteko zenbait kantzerren kopuruak bikoiztu egin dira 30 urtetan”.

XX. mende erditik aurrera bi kutsagai multzo ugaldu dira denetan: batetik erradioaktibtitatea, zentral nuklearrek eta bonbek barreiatuta; eta bestetik industriak sortu dituen ezin konta ahala kimiko, batzuk sinpleak, baina beste asko, PCB eta POP bezalakoak, konplexuak. “Toxikologia klasikoak arriskugabetzat zeuzkan produktu asko kaltegarriak direla badakigu gaur”.

Ingurumenaren eta giza osasunaren arteko loturak aztertu eta behatzen dituzten erakunde garrantzitsuetako kide da Howard. Cancer Activekoek kontatu dutenez, familia elikadura osasuntsu batekin eta etxean ahalik eta produktu kimiko gutxien erabiliz zaintzen du, lanera bizikletaz doa, eta bizitza umorez gozatzen ahalegintzen da.    

Kantzerraren ikerlanei dagokienez, honen sorrerako mekanismoak argitzeko oraindik dozenaka urte beharko direla seguru dagoen arren, zenbait puntu frogatutzat dauzka. Horietako bat, askotan arriskurik gabetzat dauzkagun kimikoek nahasten dituztela gure hormonen prozesuak, estrogenoarenak eta testosteronarenak.

Horregatik dira bereziki kaltegarriak amaren barruan doan umekiarentzako. Anekdota honekin azaldu du Howardek. 2003an Europako politikariek odolean zeramatzaten toxikoez ikerketan ari zirela, testa egin zioten Margot Wallstrom ordezkari suediarrari. “Kopuru handia ematen zuen, baina esan nion handiagoa edukiko zukeela baldin eta ez balitu bi haur eduki, kimiko asko haiei pasa zizkielako”. Tamalez amak edoskitzean esnearekin pasatzen dio pozoia umeari.


Azkenak
2018-06-18 | ARGIA
Irungo Alarde parekidearen aldeko manifestua atera dute

Euskal Herriko 500 emakumek baino gehiagok sinatu dute Irungo Alarde parekidearen aldeko idatzia. “Gure inguruko jaietako ospakizun gehienak garai berrietara egokitzen joan dira arian-arian, baina gaur egunean Irunen, eta ustezko normaltasun batean, bi alarde ospatzen dira oraindik ere”.


2018-06-18 | Zero Zabor
Erraustegien Europako patronalak Bilbon egingo du biltzarra irailaren 19-21ean

"Errausketa: Ekonomia Zirkularra egia bilakatuz" [Waste to Energy: Making Circular Economy Happen] goiburua edukiko du Bilbon CEWEP Europako errauste planten patronalak irailaren 19tik eta 21era artean egingo duen biltzarrak. Zabalgarbi erraustegiak antolatu duen ekitaldia Guggenheim museoan irekiko da afari batez, Euskalduna jauregian burutu eta Loiuko Aspaldiko jatetxean beste afari batez amaitzeko.


2018-06-18 | ARGIA
Sanferminetako bortxatzaileak baldintzapean aske uztearen gaineko erabakia astean zehar jakinaraziko da

Defentsa abokatuak jarritako helegitea aztertzeko agerraldia egin dute astelehenean Nafarroako Auzitegian, epai irmoa izan bitartean akusatuei baldintzapeko askatasuna esleitu ala ez erabakitzeko.


78ko erregimena 40 urte geroago "eroriko" dela uste du Valtonycek

Adierazpenok bideo bidez egin ditu Balear Uharteetako Palman, Adierazpen-askatasunaren alde Igandean egindako kontzertu erraldoian


2018-06-18 | Nahia Ibarzabal
Aquariuseko emakume guztiek jasan dute bortxaketa eta sexu-esplotazioa

Ontzian 80 emakume baino gehiago izan dira biolentzia matxista pairatu dutenak. Mugarik Gabeko Medikuen erakundeko emagina da Amoin Souleme eta El Diario-ri jakinarazi dionez, Valentziara etorritako ontzian guztira 630 pertsona lehorreratu dira eta horietatik zazpi haurdun.


2018-06-18
Aguraingo WECeko langileek hitzarmena sinatu dute, hamar eguneko grebaren ostean

Hamar egun jarraian greba egin ostean, Aguraingo WECeko langileek hitzarmena sinatzea lortu dute, lan-baldintza duinagoak izateko. Ostiraleko batzarrean erabateko babesa jaso zuen lortutako akordioak.


2018-06-18 | Nahia Ibarzabal
Araba Euskaraz jendetsua Argantzonen

Araba Euskaraz jaialdiaren 38. edizioa antolatzearen arduraduna Argantzon ikastola da eta Irrikitan  izan da aurtengo leloa. Garrantzi berezia eman diote Trebiñun euskara ikasteari.


2018-06-18 | ARGIA
Baxoa euskaraz egitea aldarrikatzeko elkarretaratzea egingo dute astelehenean Baionan

Seaskak, Etxepare Lizeoak eta Baxoa Euskaraz! Ikasle kolektiboak deituta, 12:00etan egingo da elkarretaratzea Baionako René Cassin lizeo aurrean.


2018-06-18 | Nahia Ibarzabal
I˝aki Urdangarin espetxeratua izan da berak aukeratutako Brieva espetxean

Bost urte eta hamar hilabeterako kondena du, diruaren bidegabeko erabilera, prebarikazioa eta iruzurragatik.


2018-06-18 | Hala Bedi
Judimendiko jaiak ikuspegi feministatik; erasoen aurkako plangintzatik haratago

Aurreko urteko esperientziatik abiatuta, aurtengo Judimendiko jaiak lantzeko neska* gazte tade bat biltzen hasi zen  orain dela hilabete batzuk. Hausnarketa eta planteamendu askoren ostean, datozen egunetarako ekimenak eman dituzte jakitera.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude