"Erne ibiltzeko garaia da"

  • (Madril, 1958). Idazle oparo eta ezohikoa. Irakurle porrokatua, narrazio eta nobela zalea. Alta bada, fikziotik aldendu eta bi saiakera idatzi ditu iragan urteotan: Gauzen presentzia eta Gizajendearen ahitzea (Elkar). Elkarren segidakoak eta osagarriak.

"Hainbat gaztek mendialdera jo du orain. Sintoma izan daiteke gazte batzuk herri txikietara joatea berriz ere".

Gauzen presentzia aurkeztu zenuenean, hamabost urte preso egon ostean kalera atera zen pertsona baten harridura aipatu zenuen: “Jendeak zenbat gauza daukan” zioen hark, harrituta. Beste bost urte pasa dira harrezkero...

Kontsumoak gauzen ugaritzea ekarri duela diot liburuan, gu produkzio sisteman gaudelarik, eta horrek ez dauka etenik. Azken urteetan hazi ezinezko egoeran sartu gara –saihestu dezagun krisiaz hitz egitea–, dirua eskastu da nonbait eta jende asko mugak badirela konprenitzera heldu da. Badago ere harridura hori. Halere, 20 urte preso egon dena irtetean harrituko da ikusten duenarekin, noski. Izan ere, azken bost urte hauetan ez dago ordenagailua edo mugikorra bezalako nobedaderik edo tamainako berritasunik, baina jendea hurrengo sorpresaren zain dago. Nanoteknologia hor dago eta laster zerbait berri izango ote den susmoak daude. Harritzeko kapazitatea gero eta gutxiago ote dagoen nago. Alegia, ohikerian erori gara, telefonoaren eta ordenagailuaren erabilera arrunta da –traste aztoratzaileak– pentsa ezin genuen punturaino. Gauzen aldatu beharrak ohitu gaitu, eta esango nuke, gaizkian ohitu garela, horrek problema asko sortzen digula, baina, neurri batean, nahi dugulako da. Edo, agian, gauzak erabiltzen ditugu ez dugulako asmatu horiei aurre egiten eta dakartzaten konplikazio guztiak onartu egin “behar” izan ditugu.

Liburua ez da “desastrea”ren lekukotasuna, haatik, “hondamendia” iritsi den garai honetan are iradokigarriagoa da, kitzikagarria.

Berau idazten ari nintzenean mugarri batera iristen ari ginela jabetu nintzen. Hori historian askotan izan da, eta ez naiz mugarri milenarioaz ari. Esango nuke XVIII. mendetik hona, progreso eta garapen materialaren ertzera iritsi garela. Ez da goranzko biderik jada, deshazkundeaz edo ez-hazteaz hitz egiten da.

Hondamendiak aurpegi asko dauka: kapitalismoarena bat da, baina ez bakarra. Progresoaren kritika ere egiten duzu.

Aurpegi asko dauka, eta horietako batzuk ez dira horren hondamenditsuak. Beti izan(go) dira “ondo” bizi(ko) direnak. Badaude progresoan sinesteko arrazoiak dituztenak. Ordea, jende asko duela 50-60 urteko egoerara itzuli da: etxean pilatu behar izan da, lan baldintza txarrak eta segurantzaren galerak ugaritu dira. ELAko kide batek zioen greba egunetako batean “krisia sistema kapitalistak asmatu duela erreformak egiteko”. Ados nago. Baina krisi mota asko dago. Sozialismo errealaren eta kapitalismoarena krisiak ezagutu ditugu, baina jabegoa Estatuarena edo pribatua izan, ez da jendearen eskutan izan. Esperientzia sozialistaren krisia sistema produktiboaren krisia da, baina krisi humanoa ere bai.

Ivan Illich gustuko pentsalaria duzu. Eskolak transmititzen dituen baloreak gaitzetsi eta berean emandako ezaguerak zalantzan jarri zituen Illichek.

Ivan Illichek hezkuntza sistema, osasun sistema, laguntza sistema eta beste gauza asko kritikatu zituen. Niretzat kritika horiek erreferentzia izaten segitzen dute. Bestela, jarrai dezakegu kapitalismoaz edo sozialismoaz, edo monarkiaz edo errepublikaz hitz egiten, eta badira gauza oinarrizkoago batzuk. Hezkuntza, adibidez, edozein dela ere sistema politikoa, Estatuaren eskupekoa izatera iritsi da denean. Badira mailak, eta Kubak, esate baterako, bere sozialismoarekin, bere doako irakaskuntzarekin, eta bere enpeinuarekin, lortu du hirugarren munduko “txapeldun” izatea. Baina, hemen bezala han ere, eskola ez da jendearen eskukoa. Hori du batik bat Illichek kritikatzen. Ez du barrutik hezkuntza nola hobetu dezakegun aztertzen soilik, ez du eskola alternatibo bat proposatzen, eskolaren alternatibez mintzatzen da bera.

Gure zibilizazioaren azken txanpan al gaude, naski?

Halako iragarpenak egitea ez zait gustatzen. Gazteei horretaz hitz eginez gero, kontu zaharrez ari garela ematen du. Halere, guk orain dela 40 urteko baserri bizimodua ezagutu genuen. Europako nekazarien zibilizazioaren arrasto batzuk ezagutu ditugula esatea daukagu, eta kasik bateratsu, azken arrasto horiek ezabatzeaz gain, oraindik ere horiek bilatu egin litezkeela esango nuke. Hainbat gaztek mendi aldera jo du orain. Sintoma izan daiteke gazte batzuk herri txikietara joatea berriz ere, eta halaber, iraganeko bizimodua utzi beharra. Alegia, aldaketa horiek oso inportanteak dira ikusteko zer baliatu dezakegun lehen garaiko bizimodutik. Erne ibiltzeko garaia da hau.

Zure bizimodua tarteko, zure burua ageri da liburuan. Mundu honetan esan ohi dugu: “Ezin dugu ezer egin”. Zuk “ez egitea” edo “ez kolaboratzea behintzat” proposatzen duzu.

Oso barrutik bizitako gauzez ari naiz. Liburuan –liburuetan– jendeak esaten duenaz, ezagutu dudanaz ari naiz, bizi ditudan ondorioak ere badaude. Jarrera bat da. Nahikoa erradikala izan liteke, gauzak aipatzeaz aparte, zein mekanismoan sarrarazten gaituzten eta sartzen garen aztertu dut. Erabiltzen ari garen tresnez eta ematen ditugun pausoez ea jabetzen ote garen azaldu dut. Adibidez, orain modan jarri da jaten dugunaz kontziente izatea. Ondo da. Ematen du jendeak hori ondo ulertu duela, eta erabilera batzuetan puntu kritikoa garatu dugu. Konklusioa baldin bada ez dugula hau edo hura erabili behar, bada, izan gaitezen kontsekuente. Edo, beste hau ere: jende asko dago haserre mugikorrarekin, ziria sartu bide digute. Bada, mugikorra ez badugu nahi, erabili dezagun kabina. Kabina jende askok erabiliko bagenu –orain beste modu batez beharbada–, kabinak denetan baleude, ondo zainduta, agian ez litzateke mugikorraren beharrik izango. Noski, baldin eta ez-haztea interesatzen bazaigu. Dena den, jendea, gehiena, ez dago bide horretan.

Gizajendearen ahitzea hizpide orain. Elkarrizketa finkatzean [goizeko 8:30etan geratu gara] telefonoz esan nizun “lasai, ni goiztiarra naiz”. Bestetzuk “gautxori” dira. Egun, agian bitasun hori ahitu da gizajendeongan.

Geure erritmoa zein den galdetzen didazu? Berez, naturaren erritmoa. Eta egungo erritmoa hori haustera etorri da. Baina ez da gauza berria. Erlojua dagoenetik, gutxienez, eta horren arabera funtzionatzen dugunetik aldatu zen erritmo naturala. Orain dela aurki berrogei urte iritsi nintzen Iparraldera, eta han, Espainia aldean ez bezala, udaz eta neguz orduak aldatzera behartuak ziren dagoeneko jendeak. Baina Urepeleko sukaldean erlojuak beti ordu bera ematen zuen: etxekoak ez zuten aldatzen, “eguzki orenarekin” bizi ziren haiek. Orain nor bizi da hola? Ikusten da, bada, gaizkian ohitu garela. Protestak izan dira, ordu aldaketa horiek ezin moldatuak eta desajusteak sortu dituzte haur eta zaharrengan bereziki, baita edozeinengan ere. Badago arrazoi jakinik? Azkenean pentsatzen duzu, jendea desegituratzeko. Baina onartu egiten ditugu. Lehengo baserritarrek desobedientzia jarrerak edo sintomak izaten zituzten bederen.

Sentimenduak, espazioak, gizon-emakumeak eta haurrak ageriago dira liburu honetan. Hau da, gauzen alboan pertsonak daude.

Gizajendearen ahitzean badago trazatu bat. Aurreko liburuan neure bizitzako hainbat gauza txertatu nituen bezala, hemen, nire bizitzaren trazatu horretan, badago mugarri bat, ni jaio nintzeneko urtea. 1950-60ko bi argazki daude liburuan. Pedro da aipatzen dudan pertsona. Extremaduratik Andoainera bizitzera etorri zena, bera ere nire adinekoa da. Jendearen ahitzea adierazi nahi izan dut, nola ikusten dudan ahitu edo nekatu den jendea, gaizkira ohitze horretan ikusten diren sintomak. Argazki batean ijitoak eta bestean nekazariak ageri dira, denak ere garai hartakoak. Nik haiek ezagutu nituen txikitan, Madril inguruetan. Buelta bat ematera atera eta antzeko jendea ikusten nuen, hola-halakoa. Hau da, nekazari zibilizazioaren azken arrastoak ezagutu ditugu guk, eta on da ez ditzagun galtzera utzi arrasto horiek...

Kutxa poema ere paratu duzu.

Nire literatura gero eta murritzagoa da, hitzak ateratzea gero eta gehiago kosta zait alde horretatik, saiakera aldera joaten zaizkit hitzak, eta poema hori horren froga da. Nire asmoa liburu bat egitea zen, ideia horrekin. Liburu bat egiten saiatu nintzen eta ia lortu ere bai. 100 orrialde idatzi nuen, baina murriztu eta murriztu, testu horretara heldu nintzen. Nire liburuak gero eta murritzagoak dira, ez naiz gauza nobela zabal bat egiteko.

Andoain zure ibilbideko lekuetako bat izan da.

Gaztetan Lapurdira joan nintzen, dozenaka aldaketa egin nuen harrezkero, bizialdi luzeena Andoainen egin nuen. Hala bada, bi liburu hauetan, aurreko beste batzuetan bezalaxe, ageri dira, zuzen eta zeharka, herri honi diodan kariño handia, eta berak utzitako marka.

Hona Gaixo-jendea ataleko pasarte bat: “Ahalezkoa izan edo ezinezkoa izan halako mundua, minak, inongo minak tokirik ez duen mundu baterantz ari gara oldartzen”.

Liburuari aurrena beste izen bat jarri nion, azpitituluan geratu dena. Gizon-emakumeen sentimenduez hirugarren industria-iraultzaren garaian (2009). Sentimenduez jardun dut, egin ditudan irakurketek sentimenduen bila eraman naute. Oraingo gizon eta emakumeek sentitzen dutena eta lehenengokoena konparatu ditut. Aurkitu dudan gauzetako bat mina da. Kontua da nola egiten diogun aurre edo ihes minari. Gorputzeko minaz ere ari naiz. Gauza asko dago horren atzean, esfortzuaren aurkako filosofia bat, esfortzuaren ukoa. Gauzak ez direla erraz lortzen, lurra landu egin behar dela zerbait eman dezan. Eta ez naiz minaren alde, are gutxiago kristauen zentzuan, hau da, sufritu egin behar da bizitzan, sufritzera etorri garela delakoak. Alta, bakoitzak jakin behar du zertara etorri den mundura. Gauza bati uko egiten ahal diogula jakin, errefusatu dezakegula. Hainbat medikuk “gaurko munduan ez da mina pairatu behar” diote. Aizu, norberak ikusiko du hori nahi duen edo ez. Hitz batean, sentimenduei ukorik ez.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude