Eguraldiaren iragarpena

Obama Netanyahurekin bildu zen, Palestinaz hitz egiteko. Gatazkaren konponbiderako giltzarri, 1967ko mugen baitako Palestinar Estatua aldarrikatu zuen Obamak, eta ezin dela “Estatu judutar eta demokratiko baten ametsa okupazio iraunkor baten bidez lortu” esan zien. Baina Netanyahuk muga horiek “onartezinak” direla adierazi du, Israelek ez duela 67ko mugetara atzera egingo, eta Palestinako Estatuaren biziraupenak “Estatu judutar bakarraren bideragarritasunetik” etorri behar duela. Ez dio Netanyahuk hori Obamari esaten aurri handiko gizona delako edota Osborneren garai bateko zezenak zituzten barrabilak baino bikainagoak dituelako bereak, ez, ez da horregatik. Edonork ezin dio hori esan, hala ere, AEBetako presidente bati. Netanyahuk Obamari esaten diona esaten dio inork ezin esan diezaiokeena esan diezaiokeelako berak. Profeziatik ateratzen zaiona eta gehiago. Zergatik ez dio ba esango Obamari benetan esan nahi diona, esateko inolako eragozpenik ez badu. Are gehiago, eta nolabait esateko, Netanyahuk ahal duen guztia egingo du, Obamari nahi duena esaten dionean, goi mandatariaren hitzaldian munduko goi mandatarienak nortzuk diren agerian uzteko. Eta orain da unea betiko eguberrianoa sartu eta, bere jainkotasun guztiarekin, antisemita, anti-israeldarra eta anti-judutarra izatea leporatuko didana. Judutar agintariek badute arazotxo bat, eta da naziek sei milioi judutar hil zituztelako aitzakia beltzean, haiek ere beste sei milioi palestinar hil arterainoko eskubide osoa dutela sinistuta daudela. Ez sinistua bakarrik, egin ere inpunitate osoz ari dira herio-dantza bat egiten. Eta horrelakorik esaten badut, Abrahamen misila hamar mandamenduetatik azkenetik sartuko didatela esango didate. Wall Street karrikaren kantoian, negu gorrian, Ameriketako lobby israeldarreko kide guztiek, guztiek egiten diote barre gauero jendeari otoi eskatzen dagoen gizonari, eta inork ez du kontuan hartzen munduaren neguko gau honetan gizonak zer atsekaberekin egiten dion dei eguzkiari. Munduko eskuinak itzalpean nahi ditu herriaren botereaz, benetako demokraziaz, indar ekonomikoez, sistema kapitalistaz, ongizatearen gizartean ezinegonaz zerbait esaten duten guztiak. Nik politikaz gauza handirik ez dakit, baina eskuina, eskuin politikoa esaten zaion hori alegia, ez nuke ez politikaren ez ideologien ataletan sartuko, bi hankako basapiztien atalean baizik. Eskuinaren “ideologia”, hori baita bereziki: basakeria. Basakeria izugarria. Eta munduko eskuina ehiza-txakur aseezinaren antzeko da, harrapakinaren atzetik. Italia kulturalean Silvio Berlusconi, Frantzia intelektualean Nicolas Sarkozy eta Espainia artistikoan Cospedal, Aguirre, Camps, Trillo eta 2011ko hauteskunde munizipalak amaitu eta ordubetera Espainiako mapa ia guztia urdin-urdinez bilakatu duten beste hamaika señorito pottokitto gehiago. Gure herrietan ez, ordea, esango dit baten batek, baina Euskadiko hiriburuan ere berdin, Gasteizen urdin. Uda giroarekin hasi dugu astea. Gauean sortuko den behe-lainoa laster altxatu eta zerua oskarbi geratuko da lurralde osoan. Haizea ahul ibiliko den arren, hegoaldetik sartuko da, ondorioz termometroa erraz iritsiko da 26-28ºra. Zerua erabat urdin agertuko da, urdin-guneak nagusituko dira lurrean, eta Madrilgo Sol Plazako kanpalekuetako toldoetan ere urdina zabalduko da. Giro argia eta urdina egongo da beraz. Baina eguzkirik ez.


Azkenak
Konponbiderik gabeko desoreka?

Ordizian orekara eramango gaituen interbentzio plan berezi bat behar dugu; urteroko matrikulazio lehia eta arriskutik atera, egonkortasuna eman eta herriko ikasleak modu orekatuan batzeko aukera emango digun plana.


Hauteskunde kanpainan isildutako makroproiektuei buruzko eztabaidak

Igande honetan egingo dira hauteskundeak Katalunian, maiatzaren 12an. Procésaren ondorenak eta Carles Puigdemonten balizko itzulerak estali ditu zenbait mintzagai. Baina abian dira bi proiektu erraldoi eta esanguratsu, biak ala biak turismoari estuki lotuak: Hard Rock... [+]


2024-05-07 | Euskal Irratiak
"Zenbat dugun kontatzeko!" Euskal Herriko mapa sortu dute

"Zenbat dugun kontatzeko!" mapa ilustratu bat sortu dute elkarlanean Ikas Bi, Biga Bai, Euskal Haziak, Seaska eta Euskal kultur Erakundeak.


Eguneraketa berriak daude