Talde bizipenak oholtzan

  • Gure bide galduak antzezlana estreinatu berri du Dejabu Panpin Laborategiak. Franco hil osteko urteetara jo dute irakasle talde baten istorioa kontatzeko, orduko ametsak egungoekin lotu ditzakeen haria taularatuz. Antzezlan honi egokitzen zaion lengoaia eszenikoa bilatu dute horretarako, talde lanean oinarritutako prozesuan.

Gure bide galduak
Gure bide galduakDani Blanco

Urko Redondok eta Ainara Gurrutxagak orain hamar urte inguru sortu zuten Dejabu Panpin Laborategia. Berriki Errautsak antzezlanaren koprodukzioari esker ezagutu dituzte antzerki zale askok, baina lehenago ere lan ugari taularatutakoak dira. Haien artean daude haurrei zuzendutako Azken portua eta helduentzako Gizona ez da txoria, ACT jaialdian lehen saria irabazitakoa, baita Pragako World Puppet Art jaialdiko zuzendari onenarena eta Serbiako Subotica Theatre jaialdiko aktore onenarena ere.

Gure bide galduaken kasuan lehenengo aldiz talde zabala bildu dute oholtzan: Miren Alkala, Maria Alonso eta Iñigo Aranbarri dabiltza aktore lanetan Redondo eta Gurrutxagarekin batera; Arantxa Vicedok du oholtzara egokitutako zuzeneko musikaren ardura.

Ainara Gurrutxagak erein zuen Gure bide galduak izango zenaren hazia. Bere amaren irudia zuen gogoan, nola jo zuen herri txiki batetik hirigune batera irakasle aritzeko, euskararen eta hezkuntza berri baten aldeko mugimenduan dena egiteke zegoen garaian. Horrekin batera bildu dute hiriguneetan nagusi zen langile borrokari loturiko haria, garaiko testuinguru politiko eta soziala osatzeko xedez. Gurrutxagak azaldu digunez, talde lanean garatu zuten istorioa: “Oso modu paraleloan eman dira idazketa eta espazioko lana. Interes handikoa zen talde osoarentzat garai hura aztertzea, denok genituen gurasoek kontatutako erreferentziak. Obra hau pertsonaietatik sortu da, nonbaitetik sortu bada”. Garai hartako giroak belaunaldi berrietan izan duen eragina izan dute presente une oro. “Esperantza zegoen, utopiarako gogoa, ideologiaren presentzia handia… Horrek zerikusi handia du gaur guk sentitu dezakegunarekin”.

Redondoren iritziz sekula amaitzen ez den trantsizio bateko belaunaldi batekoak dira egungo gazteak. “Guri garai hartako haurrak izatea tokatu zaigu. Horregatik hitz egin nahi genuen hari buruz, orduko ilusioaz eta geroko desilusioaz”. Miren Alkalaren esanetan pedagogiaren gaia hartu dute sinbolo bezala: “Garai hartan dena zen posible, iraultzetan amestea barne. Amets hori guri heldu zaigu, baina ahulduta”.

Gurrutxagak azaldu duenez gogoetagai ugari izan dute bidean: “Garai hartako testuak irakurrita, belaunaldi horretako jendearekin hitz eginda, txundigarriena da benetan pentsatzen zutela mundua alda zitekeela. Nik uste dut gaur nahi gabe asimilatua daukagula ezetz, hau dela dagoena eta honetara moldatzen saiatu behar dugula. Gaurko gizartearen begiradatik planteamenduak ia inuzenteak ziren”. Taldekideek garai hartako sentimenduetara gerturatzen dituzten loturak bizirik topatu dituzte, hala ere. “Pertsonak ziren, gu bezala; antzezlaneko pertsonaiei esker deskubritu ditugu orduko giza pasio txikiak, desioak, zailtasunak… ziur aski gaurko gazte batek edukiko dituen berberak. Guk ere nahi genuke gauzak bestela izatea, batzuetan zailtasunak kanpotik datoz eta besteetan barrutik; bat egiten dugu guztiz garaiarekin, amestea eta desenkantuan erortzea denok sentitu dugun zerbait da. Are gehiago antzerkira dedikatzen garen pertsonak izanik!”.

Koroa oinarri

Redondoren ustez ideologien arteko talka itzela zen orduan, eta beraiek ere hori bizi izan dute lan egiterakoan. “Ohitura handia zegoen eztabaidatzeko, norberak bere hautua azaldu eta plazaratzeko”. Talde lanean oinarritutako sormen prozesuak teatroa ulertzeko erabakigarriak badira ere, egun merkatuak inposatzen dituen baldintza gogorren aurrean zaila da horrelakoak topatzea. Talde lanak ikerketa, taldekideen arteko komunikazioa eta denbora eskatzen ditu funtsean; Gure bide galduakek gizartearen eta proiektuen izaera kolektiboa bizi zen garaia islatzen duen heinean, Dejabukoei koherenteena iruditu zaie lan prozesua ere horrelakoa izatea. Gurrutxagaren esanetan hasieratik izan zuten argi erronka handia izango zela. “Talde esperientziak oso intentsuak izaten dira, elkarrekin bide bat egiteko konpromisoa dago oinarrian. Elkarrekin ematen dira pauso guztiak eta horrek, noski, bere zailtasunak ere baditu, baina denon artean erabaki dugu istorioarekin noraino iritsi nahi genuen”.

Hastapeneko testua Ainara Gurrutxagaren eskutik etorri bada ere, aktoreen lanak erabaki du idatzitakoa nola garatu. Redondoren esanetan, lana oso oinarritua dago mugimenduan eta hitzak ere mugimendu horretatik abiatzen dira. “Gutxitan etorri dira hitzak lehenik eta bere horretan geratu”. Dramaturgiari dagokionez, aktore-koroaren bidea izan zuten hasiera-hasieratik gogoan, pertsonaia bakoitza ondo definitua badago ere, fisikoki obra osoan dago presente koraltasun hori. Sormen-prozesuak eskatzen zienaren arabera atondu dute eszenografia ere: oholtza oholtzaren barruan, akzioa aktoreak gainera igotzerakoan gertatuko da; handik ateratzerakoan berriz, aldaketak egiten ikusiko ditugu, pertsonaiatik at, baina agerian. Oholtzaren barruko oholtza bilakatuko da iragana eta oraina espazio berean elkartzeko ahaleginaren metafora argia.

Dejabukoek lan bakoitzarekin lengoaia berria planteatzera jotzen dute, baina hala ere, beren lanak ezagutu dituenak topatuko du jarraikortasunik, besteak beste objektuei bizitza emateko moduagatik. Gurrutxagaren esanetan “errealismo magikoa” datorkio burura egiten dutena definitzen saiatzen denetan. “Kuriositate handia dugu gure errealitatearekin eta antzerkia askotan aitzakia gisa hartzen dugu inguratzen gaituen mundua ulertzeko. Dejaburena ez da mundu intimoa, abstrakziora eta gorputzera jo dezakeena, gizartea eta haren testuingurua baizik. Horrekin batera teatroa fikzioa da, jolasa, plastikotasuna dauka, inondik ere ez litzaiguke bururatuko errealitate hori modu naturalista batean islatzea, horrek aspertu egiten gaitu. Txotxongiloei esker beti gaude kontaktuan materialekin, nahi gabe nahasketa etortzen zaigu, bien arteko transposizioak asetzen gaitu teatralki”.

Istorioaren planteamendua oso narratiboa izanik ere Gure bide galduak teatro fisikoa dela esan liteke. Alkalaren esanetan, fisikoa da espazioan gertatzen diren gauzak direlako, eta ez hitzez esaten direnak. “Ez delako intelektualki ulertu behar”. Redondoren ustez hitzetan oinarritu gabeko lan fisikoa da funtsean: “Ez gara hitza abiapuntu izateko bidean trebatu, txotxongiloek beti eraman gaituzte gauzak diferente egiten probatzera, gure burua harritzera bi objektu mugitu eta hortik istorio bat sortzen denean”.

Itsasun eta Aulestin aurre-estreinaldiak egin ostean, egonaldiak egin dituzte Azala, Harri Xuri eta EKErekin elkarlanean. Maiatzean Errenteria/Oreretan egin dute estreinaldia, eta udazkenean emanaldiak egingo dituzte Euskal Herri osoan.

Etengabe hutsetik hastea

Gure bide galduak antzezlaneko kide gehienek formazioa jaso dute atzerrian, Londreseko LISPA eskolan batez ere. Teatrorako joera, kultura eta babesa nabarmena da beste herrialde batzuetan; Euskal Herrian lan egiteak aldiz, ahalegin extra egitea ekar dezake askotan. Redondok nabarmendu duenez beste herrialde batzuetan antzerkia lanbidea da: “Hemen berriz, zerbait arraroa”. Alkalarentzat Gure bide galduak bezalako proiektu bat aurrera ateratzea ametsa da: “Londreseko eskolan sarritan nabarmentzen ziguten zurea den zerbait zure lekuan egitearen garrantzia”. Gurrutxagaren esplikatu duenez, “kanpoan ibili ostean guretzat hautu kontzientea da hemen antzerkia egitea, sekulako erronka izango dela jakinik. Londresen ere ez da dena zoragarria, baina denok bizi izan ditugu bestelako erraztasunak eta dinamika. Azpiegitura eta babes aldetik hemen bizi ditugun gabeziak itzelak dira, urte asko daramagu teatroan eta, hala ere, lan bakoitzarekin hasten gara hutsetik, egingo dugun azkena izango balitz bezala. Etengabe planteatu behar diogu gure buruari zertan ari garen, zergatik, aurrera jarraitu ahal izateko”. Redondoren hitzetan gizarteak etengabe behartzen zaitu antzerkia eginagatik zure burua “justifikatzera”, are gehiago “antzerki mota hau eginez” dio Alcalak. Hala ere denek azpimarratzen dute honakoa, irribarre batekin: “Honetan jarraitzen dugu, buru gogorrak garelako”. Gure bide galduetan dago apika, aurkitzeke diren urratsak.


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude