Lurdes Alonso

"Izan dadila Lilatoia proba herrikoietan parte hartzeko tranpolina"

  • Lilaton korrika lasterketak 22. edizioa egingo du martxoaren 13an. Lurdes Alonso (Donostia, 1959) antolaketako laguntzailea da. Korrikalari amorratuak mila proben artean Lilatoiaren 21 edizioetan hartu du parte. Garbi dauka oraindik ere emakumeentzako baino ez den lasterketa beharrezkoa dela.

Onintza Irureta Azkune @oirureta
2011ko martxoaren 13a
Lurdes Alonso
Lurdes Alonsok utzia

Martxoaren 8a aitzakia hartuta, Donostian egiten den Lilaton izeneko emakumeentzako lasterketaren lehen edizioan 200 parte hartzaileetara ez ziren iritsi. Martxoaren 13an 2.000 korrikalari baino gehiago izango direla uste dute antolatzaileek. “Lehen Lilatoian 200 bat izango ginen eta kale ertzetatik begiratzen ziguten esanez bezala ‘hauek nondik atera dira?’”. 2.000 laguneko lasterketa antolatzea pisu handiko kontua da. Lasterkaldiaren antolatzaile asko hasierakoak dira eta horrek kezkatzen du Alonso: “Bi jubilatu dauzkagu antolaketa taldean. Horiek gabe ez dakit nola moldatuko ginatekeen hau dena antolatzeko. Gazteek heltzea nahiko genuke, baina inork ez du horrelako lanik hartu nahi. Egia esan, militantzia iraganeko kontua da jada”.

Zergatik antolatu zenuten emakumeentzako baino ez zen lasterketa?

Emakume korrikalari taldetxo batek lasterketatan hartzen genuen parte. Probetan oso gutxi aritzen ginen eta kalean ia-ia bertsoak egiten zizkiguten. Arropa lixatzera, harrikoa egitera eta toki guztietara bidali gaituzte. Beraz, bi gauza geneuzkan gogoan: emakumeek lasterketa herrikoietan parte hartzea sustatzea, eta besterik gabe kirola egitera bultzatzea, kaleari beldurra galduz. Helburu nagusia emakumeak kirolari kateatzea zen, aire libreko kirolei. Gimnasioetan-eta aritzen ziren emakumeak, baina kalean ez hainbeste.
Iratxe Aranburu korrikalari zarauztarrak sarritan esan du emakumea kirola egiten bai baina batik bat lau hormen artean ari dela.
Beste kontu bat ere badago hor. Lasterketa herrikoirik ez da egiten, ez behintzat herrikoi hitzak esan nahi duen moduan. Jendeak gero eta entrenamendu gehiago egiten ditu, maila gero eta handiagoa da... Emakume askoren asmoa parte hartzea baino ez da eta lasterketatan atze-atzean geratzea gogorra egiten zaie. Beraz, batzuek, nola helburu bakarra parte hartzea eta ondo pasatzea duten, Lilatoia egiten dute eta kito.

Kaleari beldurra galtzea aipatu duzu.

Lotsa zeukan jendeak, gorputzagatik adibidez. “Besteek zer esango dute?” esaldia ere hor zegoen. Emakumea korrika egitera bakarrik joatea ez zen ohikoa.

Emakumeek baino parte hartzen ez zuten proben berri ba al zenuten?

Dublineko lasterketa bat ezagutzen genuen. 15.000 emakumek hartzen zuten parte. Donostiako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak lagundu ziguten, eta lau pezeta eta ilusio handiz antolatu genuen. Bertigoa ere handia geneukan, ez genekien jendeak nola erantzungo zuen. 200era ez dut uste iritsi ginenik.

Nola erreakzionatu zuen jendeak?

Denetarik entzun behar izan genuen. Lasterketa emakume sektore jakin batentzako zela esan ziguten, besteak beste lesbiana eta feministentzat. Gizonek eta emakumeek zioten hori.

Gizonak kanpoan uztea diskriminazioa dela entzungo zenuten.

Eusko Jaurlaritzaren bidez Berdintasun Legea iritsi zen eta horrekin batera diskriminazio positiboaren kontua. Gizon askok esaten dizuten lehenengo gauza da lasterketa honek diru-laguntza publikoak dituela eta diskriminatu egiten dela. Bai, diskriminazioa da, baina diskriminazio positiboa. Lasterketa mixto ugari dago eta utz dezagun hau. Gainera, badirudi ezaugarri horiek dituen bakarra dela hemen. Europan aldiz, aspalditik daude horrelako lasterketak. Izan dadila Lilatoia lasterketa mixtoetan parte hartzeko tranpolina. Eta diru-laguntzari dagokionez, ez dut uste gaizki erabilitako dirua denik. Bestela, joan zaitez pistako eta kroseko probatara eta begiratu zenbat emakume dabiltzan.

Gizonek bezala emakume batzuek ere errezeloz ikusiko dute, bada, lasterketa?

Gizonei gustatzen ez zaiena da lasterketa hau diru publikoz laguntzea. Askok esaten digute gustura hartuko luketela parte, emazteak parte hartzen duelako, adibidez. Baina 20.000 proba dauzkazu aukeratzeko!

Emakumeentzako baino ez den lasterketa delako parte hartzen ez duten emakumeak ere badira. Batzuek diote ez daukala zentzurik horrelako proba batek, mixtoa beharko lukeela izan. Errealitatea ikusi besterik ez duzu, ordea! Konformatuko nintzateke Lilatoian arituko diren 2.000 emakume horietatik ehunek Behobia [Behobia-Donostia 20 kilometroko lasterketa] egingo balute, edo hogei emakume astean behin geratuko balira lagunekin korrika egitera joateko. Emakume batzuek korrika egiteari utzi zioten haurrak izandakoan, eta orain, Lilatoiaren aitzakian, berriz hasi dira kirola egiten.

Berdintasun Legea horretarako dago, oraindik ez gaude maila berean emakumeak eta gizonak. Eta Gipuzkoan besteekin alderatuz [Hegoaldeko beste probintziak] askoz hobeto gaude. Gipuzkoarrak haien aldean ausartak baino ausartagoak gara!

Lilatoia tranpolin izatea gustatuko litzaizukeela esan duzu. Alabaina, Lilatoian festa giroa da nagusi eta gizonak gehiengo handia diren lasterketa herrikoietan lehia gailentzen da.

Gizonak lehiakorragoak direla esaten da... nik ez dut sinesten. Baina bai, egia da festa giroan egiten dela Lilatoia. Dena dela, proba honetan protagonista emakumea da. Lasterketa mixtoetan inoiz ez zara probako garailea izango, zure kategorikoa baizik.
Lasterketa herrikoiei dagokienez, horrelako bakarra dago, Behobia, eta beti ere parte hartzaile kopuruagatik. Duela hamazazpi urte emakumez osatutako Easotarrak izeneko korrika taldea sortu genuen. Bada, emakume horietako batzuek Behobian parte hartzeari utzi zioten, azkenak izaten zirelako eta autobusa [proba bukaeran doa erretiratuak jasotzen] klaxona joaz zeramatelako. Argi diot, kilometroa sei minutuan ibiltzen denari ez diot gomendatzen lasterketa herrikoietan parte hartzea. Badakit nire teilatuari harriak botatzen ari naizela. Aldiz, bestaldera bazoaz [Frantziara], errespetua erabatekoa da. Maila guztietako emakumeek hartzen dute parte, eta gizonek ere bai. Itxura kontuetan lotsa sentsazio askoz txikiagoa dute hango emakumeek.

Beraz, hemen kirola egiteaz dugun ikuskerak ez du asko laguntzen, batik bat emakumeen parte hartzea bultzatzeko.

Donostiako maratoian lagun bati lagundu nion eta biribilgune batean, gu pasa aurretik, lasterketarako errepidean jartzen diren zintak kentzen hasi ziren. Esan egin behar izan genien gu pasa arte ez kentzeko. Emakume hura maratoia 4 ordu eta 20-25 minutuan egitera zihoan. Unibertsitateko campusean ez genekien nondik joan behar genuen.
Hala ere, ni saiatzen naiz emakumeak animatzen, nahiz eta parte hartzeko uzkur diren.

Lilaton lasterketa

Martxoaren 13koa Donostiako Lilaton taldeak antolatuko duen 22. edizioa izango da. 5 kilometroko ibilbidea hiriko erdiguneko kaleetan osatzen da. Lehenengo edizioan 200 partaide baino gutxiago izan baziren aurtengorako 2.300 elastiko prestatu dituzte. Emakumeentzako baino ez den lasterketaren izaera ezagutu nahi baduzu www.lilaton.com-en aurkituko duzu bideo interesgarria.


Azkenak
2018-06-24 | Jon Torner Zabala
Umorea eta botere harremanak
Irriak norabide berean kolpatzen duenean beti...

Zer da umorea? Galdera inuzentea dirudiena korapilatu daiteke nahi bezainbeste. Zergatik egiten dugu barre gauza batzuen inguruan eta besteez ez? Natural ateratzen zaigu irria, ala zer eta noren gainean barre egin irakatsi egin digute?

Umoreak ia beti egiten baitu boterearen alde, goitik behera maiz. Nor den subjektua eta nor objektua. Nork nori. Horra gakoetako bat. Generoa, arraza, identitatea, naziotasuna… umoreak ditu hierarkiak markatzen. Naziotasun-identitateari heldu diogu... [+]


2018-06-24 | Axier Lopez
Munduko Kopak badu irabazlea

Estadio, taberna eta albistegietako orroak futbola ez den gainerako guztia estaltzen hasi dira, baita nazioarteko futbolarekin lotutako negozio ilun eta ustelak ere. 2015eko AEBetako fiskal nagusiaren hitzak ahanzturaren zingiran urperatu dira jada: “Futbolaren kupuletan agerikoa, sistematikoa eta sakonki errotutakoa da ustelkeria”. Errusiako gizonezkoen munduko futbol txapelketari begira izango dira 3.400.000 lagun, FIFAren datuen arabera. Eta badakigu kiroletik baino negoziotik... [+]


Mugimendu feministaren beste garaipen bat

Maiatzean Irlandan egin bezala, Argentinan ere mugimendu feminista garaile atera da Eliza Katoliko atzerakoiaren presioen gainetik. Diputatuen ganbera abortu legearen alde agertu da, hamaika urtean sei aldiz baztertu ostean.


2018-06-24
Neymarren orrazkera Aginagako angulak promozionatzeko kanpaina bat da

Aginagako angulagileek baieztatu dutenez, Brasilgo futbol selekzioaren Munduko Txapelketako lehen partiduan Neymarrek buruan zeraman beraien produktu berria: angulak curryarekin.


2018-06-24
"Small pintxos, great ostia" kanpaina, turistak kontzientziatzeko

Bilbon aurkeztu dute kanpaina, The World’s 50 Best Restaurants ekitaldian. Bezperan sukaldari gonbidatuek afaldu zuten Atxondoko Etxebarri erretegian eta, noski, barraskilo-zukuarekin erregositako pinaburuz betetako abakondo uzkiari laguntzeko txakolina edan behar, eta ondoren txupito eta klonklonklon batzuk, ba ideiarik onena nork botako lehian hasi eta hala amaitu zuela kontuak: “Small pintxos, great ostia” kanpaina, Akira Mamigutxi txef japoniarrak proposatua.


William A. Douglass. Amerikarraren erroak Nafarroan
"Oso lotuta nago euskaldunei, baina ez naiz euskalduna"

Euskal Herrian barrena ibili da oraindik orain William A. Douglass antropologoa. Inork uste ez duela etorri ohi da, eta han eta hemen ibili ondoren hegaldatzen da berriz. Hemen denean, konpromiso ofizialak bete eta, hutsik gabe, beti da ateak zabaldu zizkioten herri bietan, Etxalarren eta Aulestin. Bertan ditu amerikarrak euskal erroak.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude