Desjabetzeak, trabak eta hitz egiteko beldurra

  • Gipuzkoan egin den azpiegiturarik garrantzitsuenetakoa da, bost hilabete dira zabaldu zenetik, baina ez dira bukatu buruhausteak. Donostiako Bigarren Ingurabidearen obrak egiteko lur asko desjabetu behar izan dira eta terrenoak galdu dituztenetako batzuek oraindik ez dute  kalte-ordainik kobratu. Proiektu handi baten azpian geratzen diren historia txikiak dira ondorengo orrietakoak.
donostiako bigarren ingurubidea
Dani Blanco
Ekainaren amaieran hasi ziren autoak eta kamioiak Donostiako Bigarren Ingurabidearen asfaltoa marruskatzen. Datu handiekin eman zuen notizia Gipuzkoako egunkari salduenak: 350 milioi euro gastatu dituzte obratan; 4.000 lanpostu sortu ditu eraikuntzak iraun duen hiru urteetan; eta errekorrak ere hautsi ditu kamio berriak, Urumeako bidezubia, 1.000 metrokoa, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan dauden guztien artean handiena delako.

Lanen amaiera ospatzeko gogoz zeuden beraz Gipuzkoako agintariak ekainaren 25 hartan, goizeko 11etan, errepidearen tarte baten ondoan prestatutako karparen itzalpean. 600 gonbidatu, horien artean Markel Olano ahaldun nagusia, Eneko Goia Bidetako Azpiegituren diputatua eta Borja Jauregi, Bidegiko zuzendari orokorra. Eguraldia ere lagun izan zuten: 23 gradu inguru, oskarbi, euri tantarik ez. Ezerk ez zuen festa eragotzi, ezta karpatik gertu ELA eta LAB sindikatuek eraikuntzako langileen egoera salatzeko egin zuten elkarretaratzeak ere. Fini ziren lanak. Fini, azkenik, ideia bat, lehenengo aldiz 1991. urtean plazaratua eta 2006a arte zementu eta asfalto bihurtzen hasi ez zena.

“Puzzle zaila” osatu behar baitzen, Bidegi Elkarte Publiko Foralaren hitzetan, lanak ondo aterako baziren. Errepide zahar eta berrien katramilatze konplexua, AP-1 eta AP-8 errepideak Donostiaren arku berriarekin elkartu behar zituena, Irundik Eibarrera eta Eibartik Gasteizera ziztuan iristeko. Baina kontu asko egin ondoren, proiektura diru asko bideratu ondoren, zenbaki askorekin burua hautsi beharrean ibili ondoren, azkenik karbono monoxidozko putzak botatzen ari ziren automobilak errepide berrian.

Ospakizunekin buka zitekeen ingurabideaz kontatzeko zegoen guztia. Edo, asko jota, ekainaren 20an “ate irekiko eguna” zela aprobetxatuz zenbait herritarrek egin zuten bezala, errepide berrian oinez edo bizikletaz osteratxoa eginda, bidea behin betiko automobilei utzi aurretik. Ze, motordun ibilgailuen harat-honata hasten denean, inor ez da harrituko azpiegitura horri buruzko kontuak prentsatik desagertzen badira. Zer dago ba kontatzeko? Errepideak jende gehienarentzat ez dira leku garrantzitsuak. Ezlekuak dira. Igaro egiten gara haietatik, inoiz ez dugu gelditu nahi; berez, ez gara gelditzen istripurik edo matxurarik eduki ezean. Errepideak ez direlako inorenak. Itxura neutroko afixak. Asfaltoan pintatutako marrak. Abiadura-mugak. Eta askoz gehiago ez.

Baina nahikoa da leihatilatik inguruetara begiratzea, etxeak ikusteko. Baratzeak. Zelaiak. Eta errepidetik ikusiko ez balira ere, Galdiano eraikuntza enpresaren webguneak erakusten jarraituko luke, Ingurabidean egin dituzten lanen argazkietan ez baitituzte teilatuak ezkutatzen (parentesi artean esatekoa da, enpresa horrek Donostiako Ingurabideko lanez gain, Pasaiako portuko eta Bilboko “Supersur”-eko obretan ere esku hartzen duela). Behin horiek ikusita ordea, ez da zaila imajinatzea etxe, baratze eta zelai horiek badituztela jabeak. Pertsonak. Hara hor albisteetan ematea ahaztu zitzaien datua: zenbat jende kaltetu duen errepide berriak. Edo zenbat lur desjabetu diren. Edo norenak diren desjabetutako lurrak.
 
Erraldoiaren hankak ia zapaldu zuen historia
Galdera horiek Astigarragatik Martutenerako bidera daramate. Han dago Gartziategi sagardotegia. Ondoan, metro gutxira, errepidearen bidezubi bati eusten dioten hankak. Hemendik begiratzea errepidearen gonapean egotea bezala da. Eta ikuspuntu honetatik ehun zangoko erraldoiaren itxura hartzen du azpiegitura berriak; inguruko zelaietan garroak indarrez iltzatu dituen bidutzia; behin etorriz gero, inoiz joango ez dena.

Astelehen goiza da. Neguko lehen izotzak behar baino lehenago etorri dira aurten eta Bittor Lizeagak atea zabaldu bezain laster egiten die bisitariei sartzeko keinua. Sagardo usainak gozatzen du barrua, ezin bestela izan. Baina historia-usaina ere badago: inguruan ditugun upelen artean, 100 urtetik gora dituzte batzuek, etxe hau Astigarraga inguruko eraikinik zaharrenetarikoa baita. XVI. mendeko dokumentuek esaten dute garai hartan, dagoeneko, sagardoa egin eta edaten zutela pareta hauen artean.

Bost axola hori Ingurabidearen lehen proiektua prestatu zuenari: hasierako trazatuak erdi-erditik zeharkatzen zuen etxea. Botako zuten, monumentu historiko izateak salbatu izan ez balu. “Prentsatik enteratu ginen gu” dio Lizeagak “eta gero hasi zen Diputazioa desjabetzeei buruzko gutunak bidaltzen”. Urteak pasa dira. Sei bat bai, Lizeagak zehazki gogoratzen ez badu ere. Eta proiektua martxan jarri zenean ez zen Aldundiko inor etorri ingurua nola zegoen begiratzera. “Alegazioak egitean-eta bilerak eskatu genituelako hitz egin dugu beraiekin; baina gainontzean etorri, beraiek... Lehenengo aldiz makinekin etorri ziren, sagastia botatzera eta dena txikitzera, inolako abisurik gabe. Egun batean azaldu eta arbolak botatzen hasi ziren”. Lur asko galdu dituzte, bai Lizeagak berak, baita anaiak ere. Aitonarenak izandako terrenoak anaiartean banatuta zeuzkaten, eta bakoitzaren parte bat jan du errepideak. Bittorrek sagastiaren puska handia galdu du. Anaiak, garai batean basoa zen terrenoa.

Eta lurrak kentzeaz gain, errepideak bestela ere eragin dio sagardotegiari. Kaltea estetikoa ere bada. Kanpotik zetorrenak etxeari planta bat hartzen zion lehen; orain beste bat, diferentea eta, itsusiagoa. “Lehen hau leku rurala zen” azaldu du Lizeagak, “sagardotegi bat, baserri-itxura zeukana... Eta errepide honek dena izorratzen du”. Harriz egindako pareten gainetik porlanezko egitura lauak. Belarraren gainetik asfaltoa. Tximiniari darion kearen gainetik, kotxeei dariena. Ez dago orekarik: inurria da Gartziategi, Ingurabidearekin konparatuta. Ozta-ozta zapalduta hiltzetik salbatu bazen ere, hankapetik kendu ezinda geratu da.
 
Kantak esaten zuen, ez duela berdin berotzen eguzkiak oinpean dagoena. Hori da errepidearen beste kalte isiletako bat: itzala. “Neguan 12ak pasa arte itzalean egoten gara orain, eta gaur bezala izotza egiten badu, ez da joaten eguerdira arte. Sagastiari ere itzala egiten dio. Eta itzalak ematen dion arbolak ez du produkzio bera. Berez, sagastia egutera da, baina orain eguteraren zati bat ospela bihurtu da”. Horri buruzko alegazioak egin zituzten bere garaian. “Kasu askorik ez dute egiten. Erantzunak beti dira berdinak: idatzi batzuk edukiko dituzte, pentsatzen dut. Ateratzen dute fotokopia, erantzuna ezezkoa, betiko arrazoiak eta kito”.

Baserri aurreko zati bat ere kendu diote eta horrek bereziki eragiten dio sagardotegiari, orain berea ez den puska horretan deskargatzen baitute sagarra eta pasatzeko bidea berarentzat edukitzea eskatzen ari da obrak hasi zirenetik. “Hitzez esan digute, baina idatziz sekula ez, hori libre egongo denik. Klaro, guretzat hori da arazo printzipala, ez daukagulako beste lekurik sagartoki horretara sarrera egiteko. Hil ala bizikoa da. Hori kentzen badigute ezin dugu sagardorik egin”. Ari dira hizketan Aldundiarekin problema konpontzeko. “Baina ikusten duzu noiz? Dena eginda, bukatuta, dagoenean”.

Lizeaga kexatu da lanek iraun duten bitartean obren arduradunekin hitz egiteko izan diren zailtasunez –ez da bakarra, beste zenbait kaltetuk ere problema bera seinalatu dute–. Obran bertan lanean aritu direnekin konpondu ditu sortzen joan diren problemetako asko. Terrenoa okupatzen ziotela eta telefonoz deika hasi behar. “‘Konponduko dugu, konponduko dugu’ esaten zuten eta azkenean harrapatu nuen zulatzeko makinarekin zebilen langilea eta esan nion ‘alde hemendik, bestela salatu egingo zaitut’. Hortik aurrera, segituan etorri ziren Bidegikoak, eta orduan bai soluzionatu zuten: alokairua pagatu zidaten terreno puska hori harrapatu zutelako”.
 
Hitz egiteko beldur

Eguraldia asko aldatu da errepidea zabaldu zuten egunetik. Ekainaren 25eko eguzkitan zeuden Gipuzkoako agintariak, baina Lizeagak azaroaren 29ko hotzetan esan ditu erreportaje honetakoak. Bost hilabete. Bitartean trafiko handia hartu du Donostiako Bigarren Ingurabideak eta autoen dentsitatea puztu ahala hustu dira kamioari buruzko albisteak eguneroko prentsan. Zer kontatua falta ez den arren. Desjabetzeak jasan dituzten askorentzat arazoa ez baita bukatu. Elkarrizketaren bukaera aldean Lizeagak esplikatu du oraindik ez duela kobratu lurrengatik Aldundiak ordaindu behar dion diru guztia. Erakunde foralak hasieran jarritako prezioa baino ez du pagatu momentuz, eta falta dena negoziatu egin beharko du.

Antzera dabiltza beste hainbat ere, eta horrek bi ondorio ditu, gutxienez. Bat: desjabetutako pertsonentzat, abokatuekin bileraz bilera ibili beharra, galdutako lurren trukean diruren bat ikusi nahi izanez gero. Bi: gaia landu nahi duen kazetariarentzat leher gaizto egiterainoko konplikazioak.

Lizeagaz gain beste lau lagunekin hitz egin baita artikulu hau osatzeko. Denei kendu dizkiete lurrak eta gainera nabarmen aldatu da bizi diren edo lan egiten duten ingurunea. Enpresa baten kudeatzaileak dio bideko lanek asko eragin diotela eguneroko jardunean eta eragindako galerak ez dituztela inon aurreikusi. Baserri baten jabearekin hitz eginda azaldu du nola Ingurabideak lurrak erdibitu dizkion. Jatetxe bateko nagusiak solasaldi luze batean dio errepideak ia isolatuta utzi duela bere negozioa, asko nabaritu duela, orain jende gutxiago joaten dela bazkaritara. Aurkitutako kasurik larriena, errepidearen erruz etxea goitik behera bota dioten gizonarena. Urte askoan aritu da hori ez gertatzeko ahaleginetan, saiatu da egunkarietan bere problema azaltzen, baina apenas eskaini diote arretarik. Eta etxea kendu azkenean, karretera egiteko.

Lau lagun horietatik batekin (enpresaren kudeatzailea) ezer ez argitaratzeko baldintzarekin hitz egin da. Beste birekin (lurra bitan banatu dioten baserritarra eta etxerik gabe geratu den gizona) hitzordua jarri zen euren kasua sakonago azal zezaten. Aurrenekoak handik gutxira deitu zuen, esanez abokatuarekin kontsultatu ondoren nahiago zuela ezer ez publikatzea. Bigarrenak ere deitu zuen, zita jarria zegoen egunean bertan, hobeto pentsatu zuela eta nahiago zuela ez hitz egin. Errepideak kasik isolatu duen jatetxeko nagusiarekin berriz, elkarrizketa egin, egin zen. Ordubete inguruko grabazioa. Detaile handiarekin azaltzen zuen nolako egoeran geratu den errepidearen eraginez, ez bakarrik negozioa, baita familia ere. Baina erreportajerako argazkiak ateratzeko atzera harenganatu, eta esandakotik ezer ez publikatzea nahiago duela esan du.

Antzeko arrazoiak gehienek: oraindik ez dute desjabetzearengatik zor zaiena kobratu eta nahiago dute problema gehiago ez eduki. Ulertzekoa da beldurra. Denbora gutxian euren terrenoetan hondeamakinak sartu dira, lurrak galdu dituzte, kaltea egina dago, ez dute trukean ezer jaso gabe geratu nahi. Prozedurak asko erraztu du azpiegituraren propaganda; kontrako iritzia ematea zaildu duen bezainbeste. Beraz, inauguratu eta bost hilabetera, errepidearen zarata bakarrik entzuten da. Eta desjabetu gehienak isilik egongo dira, azpiegitura honekikoak behingoz bukatzeko zain.

Azkenak
2024-09-23 | Estitxu Eizagirre
Analisia
“Nahi duena izango da”

“Hankartean hau dauka baina berak erabakiko du neska edo mutila den” –guraso aurrerakoien modako esaldia–. Elkarrizketarik ez da sortzen plazan, ea bakoitzaren ustez “neska” edo “mutila” izatea zer ote den hankartean genital bat... [+]


2024-09-23 | Xuban Zubiria
Analisia
Alemania ekialdeko hauteskundeetako irabazleak: ezkerreko BSW eta (batez ere) eskuin muturreko AfD

Boto gutxi tarteko gailendu zaio Olaf Scholz lehen ministroaren SPD alderdia eskuin muturrari Alemania ekialdeko Brandenburgoko hauteskundeetan. Turingia eta Saxoniako porroten ostean Brandenburgoko emaitzak arnasa eman dio Scholzek zuzentzen duen “semaforoaren”... [+]


2024-09-23 | ARGIA
‘Sareko’ bilatzailea martxan, EAEko produktu ekologikoak non eskuratu jakiteko

Ekolurrak irailaren 23a, Europar Batasuneko Nekazaritza Ekologikoaren Eguna, aprobetxatu du tresna berria aurkezteko. Elikagai ekologikoak kontsumitzeko erraztasunak eman nahi dizkie herritarrei, Sareko bilatzailearekin: Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ekoizle ekologikoen 269... [+]


Eskuin kontserbadorea Frantziako Gobernura sartu du Barnier lehen ministroak

Larunbat honetan aurkeztu du Frantziako gobernu berriaren osaketa Michel Barnier lehen ministroak. Eskuin muturreko RN alderdiak defendaturiko ideiak dituzten hainbat politikari eskuindar jarri ditu gobernuko karguetan. "Legetimitaterik gabeko gobernua" dela salatu du,... [+]


Israelek Libano bonbardatuta gutxienez 274 hildako eta 1.000 zauritu baino gehiago eragin ditu astelehenean

Azken urteetan ikusi gabeko bonbardaketa egin du Israelek Libanoko hainbat hiritan. Astelehenean, gutxienez 274 pertsona hil dituzte eta 1.024 zauritu, Libanoko osasun miniterioak emandako datuen arabera. Horrez gain, ostiralean Hezbollahren bi komandante hil zituen Israelek... [+]


Microsoftek berriz jarriko du martxan Three Mile Island zentral nuklearra, adimen artifiziala elikatzeko

1979an istripu nuklear larria gertatu zen Pennsylvaniako (AEB) Three Mile Island zentral nuklearreko unitateetako batean. Bestea, 2019an itxi zutena, berriz jarriko dute martxan, Microsoften adimen artifizialaren energia behar handiak asetzeko.


2024-09-23 | ARGIA
Ultraeskuinari justu-justu hartu diote aurrea sozialdemokratek Branderburgoko hauteskundeetan

1,1 puntuko aldea baino ez. Alemanian koalizioan gobernatzen ari diren sozialdemokratek hauteskundeak irabazi dituzte Branderburgo eskualdean. Botoen %30,7 lortu dute. Bigarren tokian, botoen %29,6rekin, gelditu da Alemaniari Alternatiba (AfD) eskuin muturreko alderdia... [+]


2024-09-23 | Bertsozale.eus
Eli Pagola Apezetxea nagusitu da Elgoibarren

Final-laurdenetako txartela lortu du Pagolak. Hurrengo saioak datorren asteburuan izango dira, Hondarribian eta Andoainen.


2024-09-23 | Bertsozale.eus
Oihana Arana Cardenalek bildu ditu puntu gehien Lazkaon

Hirugarren final-zortzirena irabaztearekin bat, zuzenean sailkatu da final-laurdenetara Arana.


Israelek beste mediku palestinar bat hil du torturapean

Azken urtean Gazan gutxienez 60 pertsona hil dituzte sionistek torturapean, horietariko hiru medikuak, eta beste 1.000 osasun langile baino gehiago hil dituzte, Gazako Osasun Ministerioaren arabera. Osasun sistemaren aurkako eraso “sistematiko eta berariazkoa” salatu... [+]


Trenetik salto egin nahi

Hemen gatoz, atzera ere, hausnarra berritzera. Edo behintzat saiatzera. Edo horrekin amestera. Ez dakit, ordea, berritik zer izango dugun; izan ere, antza, munduak lehengo lepotik burua jarraitzen du. Barkatu okerra: gizakiok jarraitzen dugu lehengo lepotik.


Eguneraketa berriak daude