Paisaia kulturala auzolanean bizi

  • 250 biztanle ditu Aizkorriren itzalpeko Zerain dotoreak. Noizbait bertaratuko zintuen hain ugariak dituen ekintza kulturalen batek, edo harro agertzen duen ondareak, edo ongi hornitutako azpiegitura eta zerbitzuek. Bestela negu hau izan dezakezu lehen aldia, paisaian oinarrituta Zerain osoa inguratzen duen ibilbide sarea zabalduko baita. Aurrekoengandik jasotako ondarea ustiatuz bertako ekonomia sortu du Zeraingo proiektuak (azken 13 urtean 34 lanpostu). Formula azaldu digu Jakoba Errekondok.
Jakoba Errekondo ZerainenEstitxu Eizagirre
Zeraingo proiektuaren gakoa auzolana da: “Auzolanari egun beste izen batzuk ematen zaizkio, ‘parte-hartzea’, ‘Agenda 21’... baina hori beti izan da auzolana. Hitz horren erabilera galdu dugu, auzolanaren premia galdu zelako garai batean: zergak ordaintzen hasi ginenez, eta administrazioak diru pila bat zeukanez eta gauzak egiteko joera, bada pentsatzen zen berak egin zitzala auzolanean egiten ziren guztiak ere” azaldu du Zerain Dezagun Fundazioko kide den Jakoba Errekondok. Ez zen Zerainen kasua izan, ordea: “Edozein herri txikiri bezala, oinarrizko gauzak egiteko oso larri iristen zaigu dirua... beraz, auzolana nahitaezkoa da herria bizirik mantendu nahi badugu”. Kontua auzolanaz ulertzen duguna gaurkora egokitzea da: “Antzinako lanekin lotzen bazen (bideak konpondu, azpiegitura handien mantentzea edo erretako baserria berritzea...), orain komunitatearen egungo premietara egokitu behar da. Gaur behar da kirola egiteko aukera, kultur eskaintza, haurren aisialdia... Hor aplikatu behar dugu auzolana”.

Administrazioaren esku utzi beharrean, auzolanean egiteak “dena du ona”, Errekondoren hitzetan: “Batetik, premiaz jabetzea; bestetik jakitea gure arazoak guk konponduko ditugula, inor ez dela etorriko kanpotik arazoei irtenbidea ematera; eta hirugarrena, guk emandako irtenbidea beti dela gure arazoarentzat onena”. Gainera ez dauka mugarik: “Auzolanaren kultura garatzen den komunitatea nahi duen tokiraino joango da”. Auzolanak sortzen duen kultura, jakituria, informazio trukaketa, aberastasuna... neurrigabekoa da: “Adibidez, 80 urteko aitona herri batzar batean 10 urteko ume-gazte batekin debatitzen ikustea, horrek ez du preziorik”.

Zerainen auzolana ohitura da. Duela 40 urte jarri zen martxan: hasieran etxebizitzen arazoari irtenbidea emateko, gero Udalean parte-hartzea sustatzeko, eta geroztik udaletxeak etengabe jarraitu du hori sustatzen, batzarren bidez. Errekondok herritarren benetako parte-hartzea aldarrikatu du: “Batzar horri garrantzia eman behar zaio, hau da, jendeak esaten duena egin egin behar da. Eta ez jendea bildu eta gero nahi duzuna egin, herri gehienek egiten duten bezala. Noski, hirugarren bilerarako jendea ez da joaten, alferrikakoa delako. Jendeak ikusten badu berak esaten duena garrantzitsua dela, eta bere ideiak errealitate bihurtzen direla, gustura hartzen du parte”.

Batzarrek kultura bat sortzen dutela gaineratu du: “Enfrentamenduko kultura bat sortu beharrean, nork dituen sei boto eta nork lau,  proposamen denak aztertzen dira, eta denon artean ikusi zein den interesgarriena. Une jakin batean proposamena egin duenak erretiratu egin dezake panorama ikusita, edo beste kasu batean bi proiekturekin bat egingo da... Denon artean aurrera egiteko kultura da”. Horrela lan eginda, zailena bozketa batera iristea dela dio: “Batzarretan nik ez dut ezagutzen inoiz bozketara iritsi denik, kontsentsuz hartzen dira erabakiak. Baina hori horrela da batzarretan, Udal plenoetan... Oso garrantzitsua da”.

Zerainen Udala ez dute alderdi politikoek osatzen, herri zerrendak baizik. Eta honek ere badu eragina denen artean aurrera egiteko kultura horretan. Herri batzarrean erabakitzen da zein izango diren Udalean: “Legeak esaten du hemengo udalak bost partaide dituela, baina gure gizalegeak dio plenoetan zazpi ordezkari egongo direla: bost legez zinegotzi aukeratzen direnak, baina baita ere kultur elkarteko lehendakaria (dinamika kulturalaren ordezkari) eta bestetik Zerain Dezagun Fundazioko lehendakaria (dinamika sozioekonomikoaren ordezkari). Zazpi horiek dute parte hartzeko eskubide bera, eta erabakiak denen artean hartzen dira”.

Paisaia kulturala

Zeraingo proiektuaren ardatza “paisaia kulturala” kontzeptua da. Honela azaldu digu Errekondok: “Natura paisaia bihurtzen da gizakiak aldatzen duenean. Euskal Herrian ez daukagu jatorrizko naturarik, gizakia inoiz iritsi ez denik, gure eraginik jaso ez duen naturarik. Euskaldunok milaka urtetako kulturarekin eraldatu dugun paisaia da gure oinarria. Hori da paisaia. Paisaia horri kultura bat eransten badiogu, komunitate batek pentsatuta egiten dituen ekintza horiek, hori da paisaia kulturala. Eta guk auzolanaren ikuspegitik eragiten dugu paisaia, kultura berezi bat sortzen ari gara. Guretzako erdigunea natura da, bigarren zirkuluan paisaia (gure eragina duen natura) dago, hirugarren zirkuluan paisaia kulturala (gure kultura), eta ardatz horren inguruan sortzen dugu guk dena: komunitateko bizimodua, bizitza kalitatea, ekonomia...

Proiektuaren hiru hankak

Hiru egitura ditu Zerainek, hanka bakoitzaz arduratzeko: Udalak bizi-kalitatea lantzen du, Oa kultur elkarteak komunitatea dinamizatzen du eta Zerain Dezagun Fundazioak etorkizun ekonomikoa lantzen du. Ikus ditzagun banaka:

   1.-Bizi-kalitatea. Planteamendua da zeraindarrek bertan bizitzeagatik ez dezatela bizi maila baxuagoa izan. “Adibidez, zergatik izan behar du Internet konexio kaskarragoa Donostiako kalean bizi denak baino? Edo zergatik daude arazo gehiago garraio publiko ona edukitzeko? Berdintasuna lortzeko baliabideak jarri behar dira” ohartarazi du Errekondok. Bizi-kalitatea bermatzeko, gainerako herri txikiekin alderatuta oinarrizko zerbitzu eta azpiegitura aberatsak ditu Zerainek (ikus zerbitzuen koadroa). Une honetan inbertsio handia egiten ari dira ur zikinen saneamendu egokia bideratzeko, “eta hori herri txiki batentzat sekulako diru zuloa da, baina paisaian garrantzia handia duena”.

   2.-Komunitatea indartzea. Kultur elkartea arduratzen da ikastaroez, hezkuntza arautuaz, kanpoko heziketaz... XaguArtean herri aldizkaria ere ateratzen du hilero eta urtekaria ere bai. Beste ildo garrantzitsu bat ondarearen berreskurapena da: mapa toponimikoa egin dute, eta unitate didaktikoak ere eskaintzen dituzte, bisitan datozen haurrekin bertako hainbat gai lantzeko (meategiak, zerrategia, artzaintza, baserria...). Eskaintza erakargarri bat ere prest izango dute aurtengo negurako: herri osoko ibilbideen sarea, paisaia oinarri duela. Ibilbide batek eramango gaitu baserri inguruetara (baratzeak, soroak eta horren inguruko lanak ezagutzeko), beste batek artzaintza lurretara (neguko behealdeko larreak eta udako mendialdekoak ezagutzeko), beste ibilbide batek meategietara, beste batek Aizkorri Aratz Parke Naturalera... Ibilbide bakoitza bere landarediarekin eta paisaiarekin lotuta egongo da, eta denen artean sarea osatuko dute. Ondarea da gakoa Zerainentzat, ondare horretan oinarritzen dutelako hirugarren hanka:

   3.-Etorkizun ekonomikoa. Zerain Dezagun Fundazioa 1997an sortu zen, eta ordutik hona 34 lanpostu sortu dituzte, ondarea, zentzu zabalean, oinarri dutela: ondare naturala, ondare kulturala (arkitektonikoa, arkeologikoa, immateriala) eta zeraindarrek ondaretzat daukaten lehen sektorea. “Klabea da enpresa txikiak eta bertakoak izatea, eta ondarearekin lotuak: turismoa, bisitak, pedagogia eta didaktika...” Aizpeako meategia Monumentu Multzo izendatuta dago eta horrek ahalbideratzen du zaharberritze proiektuak egitea eta gero balioan jartzea. Herriko museoa ireki zen 1993an, eta meategiko aradieraztegia 2008an. Taldeentzako bisitak prestatzen dira, eztigintza ezagutzeko, baserria, gaztagintza, meategia, zerrategia... “Gure mailako dinamika ekonomikoa sortzea da asmoa. Zerbitzu txiki batzuekin: nekazalturismoak, sagardotegiak, jatetxeak, albergetxo bat... eta zerbitzu turistikoekin. Eta horietan sartzen da gure baserrietako kalitatezko produktuak saltzea. Lehen sektorea turismoari lotuta bultzatzea da klabea”. Horregatik topatuko dituzu turismo bulegoan bertako produktuak salgai, eta baita Interneteko www.zerain.com helbidean ere.

Herriarentzat zein da neurri egokia?

“Etengabeko debate-gaia da neurria, eta hala behar du”. Zerainek duela 100 urte 600 biztanle zituen. “Baina neurria zein da, 600 haiek? Gaurko gizartea ez da ordukoa, baserri bakoitzean hamabost pertsona bizi zirena. Horrek esan nahi du hirigintza klase bat planteatzen ari garela, ekonomia bat eta abar. Eguneroko dinamikak darama debate hori aurrera”. Aurrera begirako asmoen berri eman digu: “Garbi dugu oraindik hazteko aukera badugula eta hazteak ekarriko luke bizi-kalitaterako oinarrizko azpiegitura eta zerbitzuak hobetzea. Neurri egokian eta bertatik erabakita hazteko joera daukagu”. Hamabost etxebizitza egitea da planteamendua, hori bai, babes ofizialekoak edo nolabait publikoki babestutakoak: “Gazteak lotzeko nahitaezkoa da babes ofizialekoak egitea, eta hori bultzatzen ari gara. Noski, horrelako herri batean hamabost etxebizitza izugarrizko aldaketa da. Lehenik bertakoen premiei erantzuteko izango dira, bertako gazteentzat, eta gero gerokoak”.

Finantzazioa erakartzeko sekretua

“Gu saiatzen gara kanpotik dirua ekartzen, zeren herrian oso diru gutxi dago, Udala oso txikia da. Aldundia, Eusko Jaurlaritza, Espainiako Gobernua, Europa, sektore pribatua... Iturri guztiak miatzen ditugu”.
Diruz laguntzeko, Zeraingo proiektua administrazioei zergatik zaien erakargarri galdetu diogu Errekondori: “Hasieran jendeari kosta zitzaion egiten ari ginenaz jabetzea, baina urteekin garbi ikusten dira emaitzak eta batez ere baloratzen dena auzolana da. Zerainera datorren euro bakoitzari ateratzen zaion etekina ezin da alderatu hiri handi batera joaten den euroarekin. Jendearen parte-hartze orduak ekonomikoki baloratuko bagenitu, euro bat euro pila bihurtzen da. Ondarearen kasuan ez dugu zaharberritu bakarrik egiten, balorean jartzen dugu, ondare hori jada motor ekonomiko bat da eta orduan bere zaharberritze eta mantentzearen jabe egiten da. Eta era berean lanpostuak sortzen ditugu, eta lanpostu horiek beste dinamika bat sortzen dute paisaian... ikuspegi integral horrek dakar administrazioarentzat eredu bat izatea”. Eta Zerain bada eredua: Espainiako Gobernua (Nekazaritza Ministerioaren bidez) egiten ari den proiektu eta herri eredugarrien zerrendan, EAEtik Gasteizko proiektu bat eta Zeraingoa bakarrik hartu dituzte.
“Ekosistemaren emana”

Zeraingo proiektua iraunkortasunaren aldeko munduko joerekin bat datorren iradoki diogu: “Nik horiek denak ikusten ditudanean beti identifikatuta sentitzen naiz, baina iruditzen zait berandu datozela, gu askoz aurrerago gaude. Hori gertatu zitzaidan Agenda 21arekin: badirudi Agenda 21 dela ezdakitzer, eta Zerainen 40 urte daramatzate Agenda 21 egiten. Edo Transition town, zure baliabideak neurtzea eta horiei ahalik eta etekin onena ateratzea eta ahalik eta iraunkorrena izatea... edo kilometro 0 edo Slow food... guretzat ikusitakoak eta atzean geratutakoak dira”. Gipuzkoako produktu ekologikoen azoka zaharrena Zeraingoa da, hamasei urte dira egiten direla. “Eta orain dela hamasei urte horretaz hitz egiten hasi ginenean, eroak ginen”. Gipuzkoa barrualdeko lehen turismo bulegoa Zerainen ireki zen; “txoratuta al geunden galdetzen ziguten. Baina ohituta gaude horretara”. Diskurtsoa baino, praktika maite du Errekondok: “Iraunkortasunari guk ematen diogun definizioa eta ematen diogun eguneroko indarra da gakoa. Eta ez diskurtsoa, zeren gaur egun denak daude ‘berdearen’ alde, baita Repsol edo Iberdrola ere. Gure ikuspegia askoz aurreratuagoa da”.

Jada ez omen dute iraunkortasunaz hitz egiten, “ekosistemaren emana”z baizik: “Kontzeptu aurreratuagoa da, hemen inork erabiltzen ez duena. Aldiz, Suedia, Ingalaterra, Herbehereak edo Kanadara joaten bagara, urteak dira zientzialariek definizio horri eusten diotela, eta iraunkortasunaren hurrengo pausotzat hartzen dute”. “Ekosistemaren emana” hitzetan ekarri du Errekondok euskarara ecosystem services kontzeptua. Zera esan nahi du: daukagun guztia ekosistemak eman digu, ematen digu eta eman behar digu. “Horretaz benetan jabetzen garenean hasiko gara ekosistema benetan zaintzen. Eta ekosistemak ematen duen hori askoz hobeto neurtuko dugu, etekin hobea aterako diogu... “Ekosistemaren emana” kontzeptua, paisaia kulturalarekin lotzen da. Urrats ekologikoaren definizioarekin ere bat dator, “alegia, euskaldun bakoitzak berez dagokigun lur zatia baino bi eta erdi gehiago kontsumitzen du. Beraz, beste Euskal Herri bat eta erdi lapurtzen ari gara beste nonbaitetik, gu bizi garen eran bizi ahal izateko”.
Zeraindik beteta itzuli gara, bertako produktuak motxilan, paisaiaren parte izatearen bizipenak golkoan eta “ekosistemaren emana” kontzeptuak sorrarazitako galderak buruan.
Ekintza kulturalak
Aurten XVI. aldiz egin den Azoka Ekologikoa da ezagunena, baina ekintza pila egiten da urtean zehar: Endika Alustizaren omenezko XVII. bola txapelketa, Kultur Astea, zaldi lasterketa, Arantzazura erromesaldia, tute eta mus txapelketak, San Isidro eguneko herri bazkaria, San Joan sua, Mutiloara VII. jaitsiera, 40 urtez gorakoen Dantza Txapelketa, pilota txapelketa, ikatz txondorra...
Elkarteak
Zerain Dezagun Fundazioaz gain bost elkarte daude herrian: Oa kultur elkartea, Liztormendi elkarte gastronomikoa (80 bazkide), Basarte guraso elkartea, Ganaduzaleen elkartea, Uharka abesbatza eta Kristauen elkartea.
Zerbitzu eta azpiegiturak
* Medikua egunero.
* Haurreskola.
* Eskola.
* Garraio publikoa.
* Turismo bulegoa.
* Bertako produktuen denda.
* Ostatuak.
* Elkarte gastronomikoa.
* Kultur Etxea: Ludoteka, liburutegia.
* Frontoia.
* Bolatokia.
* Haurrentzako parkea
Ondarea
* Larraondoko zerrategi hidraulikoa.
* Aizpeako meategia, Monumentu Multzoa eta bertako Aizpitta Adieraztegia.
* Herri museoa.
* 1711ko kartzela.
* San Blas ermita.
* Andra Mari eliza.
* Jauregia.
* Aizkorri Aratz parke naturala.
* Herri kaskoko
    monumentu multzoa.
* Zabalegi eta Arrolako hilerriak.
* Ostatu etxea.
* Segura-Zerain galtzada.
* Olabide baserria.

Azkenak
Chill Mafia taldeak jotzeari utziko diola iragarri du

Taldeak bere azken lana izango den Agur eta ohore x allá va la despedida lana kaleratu berri du. Oholtzak utzi eta agur bira egingo dutela iragarri du Chill Mafiak hiru urteren ostean. Iruñean abenduaren 25ean egingo dute azken kontzertuetako bat.


Frantziako armadak Baionako eremuan egitekoak dituen obren kalte ekologikoak salatu dituzte

Baionako Zitadelan egitekoak dituzten obrak salatu dituzte CADE ingurumen elkarteen batasunak, Bergeret-22 auzotarren kolektiboak eta Attaque elkarteak, prentsaurreko bidez. 1,5 hektarea oihan moztuko lituzkete; alta, Tokiko Hirigintza Planaren arabera eremu babestu gisa... [+]


2024-09-19 | Gedar
Gomazko beste milaka bala erosiko dituzte Guardia Zibilak eta indar militarrek

Guardia Zibilak 18.000 euro baino gehiago bideratu ditu aurten kautxuzko bolak erostera, "istiluen kontrako" materialaren barruan. Itsas Armadak, berriz, gomazko 1.500 pilota erosiko ditu. Poliziak erabiltzen dituen bitartekoak erregulatzen dituen araudia ez da... [+]


2024-09-18 | Axier Lopez
14 lagun hil dituzte Libanon bigarren leherketa olatuan, oraingoan walkie-talkieak eztandarazi dituzte
Milaka pertsonaren aurkako lehen eraso koordinatu eta indiskriminatuaren ondoren, asteazkenean ehunka walkie-talkiek eztanda egin dute eta 14 pertsona hil eta 450 baino gehiago zauritu dituzte. Hezbollahko iturri batek baieztatu dio Reuters agentziari taldeak erabilitako... [+]

José Manuel Uriagereka. Frantziskotarra Hego Korean
“Koreara joan ginenok euskara ederto kontserbatu dugu”

Bermeon jaioa, frantziskotar eginik Hego Korean egin zuen bizimodurik gehiena, 40 urte. Sasoi batean mutil-koskorretan askok egin zuena egin zuen, komentura bidea hartu. Gero, handik mundura jauzi egin zuen Uriagerekak, bestelako hizkuntza eta kultura arrotzetara.


Bilagailuen urrutiko leherketa masiboa
Milaka zauritu eta hamabi hildako Libanon, Israeli leporatu dioten atentatu indiskriminatuan

Israelek lehergailuak jarri zituen Hezbollahk inportatutako milaka bilagailutan, Reuters agentziak kontsultatutako iturrien arabera. Urriaren 7tik jasandako “segurtasun haustura handiena” izan da, talde armatuaren hitzetan. Erantzun bortitza hitzeman du Hezbollahk,... [+]


2024-09-18 | Jon Alonso
Bosgarren zutabea

Erribera, historian, sekula euskalduna izan ote den; horra hor Nafarroan, duela berrogei urtetik hona, hainbestean behin errepikatzen den eztabaida bizantziarra (eztabaida bizantziarra: eztabaida alferrekoa, zeinean alde bakoitzak ezin baitizkio frogatu bere baieztapenak beste... [+]


2024-09-18 | Castillo Suárez
Aldairak

Etxez aldatzen naizenean, edo, areago, norbait etxetik joaten denean, oroiminak hartzen dizkit burua eta bihotza. Orduan hasten naiz zer gordeko dudan eta zer ez erabakitzen saiatzen. Izan ere, objektu guztiek lotzen gaituzte zerbaitetara, edo norbait ekartzen digute gogora;... [+]


Lurraren altxamenduak

Estatu poliziala kanpora! Abesten dute negar-gasen leherketen artetik. Gaztetxo konprometituak, amatxi militanteak, aurpegi estaliak, edo ez, pailazoak, musikariak, sindikalistak eta politikariak, kaskodun medikuak, laborariak traktore gainean... Landa-eremuan zein hirian,... [+]


Palestinak munduari dakarkiona

Ezaguna da enpresa frantses batzuek (Thales, Airbus, Dassault) aspalditik laguntzen dutela Israel haren ekipamendu militarra osatzen. Disclose elkartearen inkesta baten arabera, berriz, Frantziako Gobernuak berak hornitu dizkio osagai elektronikoak Israeli, Gazako zibilak... [+]


Pentsamendu askeak

Gauzak ez dira horrela, gauzak horrelaxe daude. Esaldi hori iltzaturik geratu zitzaidan Gorka Urbizuren diskoa osorik eta patxadaz entzun nuenean. Uste nuen aurkikuntza itzela egin nuela identifikazio horrekin, inozentea ni! Gerora ohartu naiz, merchandising-erako leloa izateaz... [+]


Indarkeria, endogamia eta baztanga Trebiñun

Trebiñu, VI. mendea. Eremita talde bat Las Gobas kobazuloetan bizitzen hasi zen, eta historiaurretik okupatutako Laño ibaiaren haitzarte hartan kobazulo berriak hondeatu zituzten. Hurrengo mendean kobazuloetako bat nekropoli modura erabiltzen hasi zen bertako... [+]


Teknologia
Mundu ikuskerAA

Gizakiontzat ez da inoiz erraza izan lasai pentsatzeko denbora tarte luzeak hartzea, bizimodua aurrera ateratzearen ardurarekin bizi gara, bai geurea zein geure ondorengoena. Bizitzeko izan dugun aukera honetan, ahalik eta ongien nahi ditugu gauzak egin. Ardura horiengatik,... [+]


Eguneraketa berriak daude