Odolaren usainak erakarrita

  • Asier Mendoza (Ilustrazioak: Ivan Mata)::Beste gu

    Elkar

    orrialdeak ::80 

    prezioa ::9,90€

Kristian gaztea dugu ipuin honen protagonista, eta gaztetxo honi jazotakoak biltzen dira ipuin honetako kapitulu ugarietan. Argumentua nahiko korapilatsua dela esan dezakegu; izan ere, gauza eta kontu asko kontatzen baitzaizkigu orrialde gutxitan. Hori da, hain zuzen, ipuin honen ezaugarrietako bat: duen egitura berezia. Hiru ahots ageri dira istorioa narratzen, hirugarren pertsona (Kutz doktorea omen dena eta Kristianekin izaniko elkarrizketen ondorioz lorturiko informazioa ematen diguna) eta lehen pertsonan kontaturiko bi egunkari: Kristianena, alde batetik eta Elizabethena bestetik. Hiru elementu horien testuak konbinatuz lortzen du Asier Mendozak ipuin honen puzzlea osatzea, eta lan honi esker irabazi zuen Lezamako Udalak eta Elkarrek antolaturiko I. Mikel Zarate Haur Literatura Saria. Alde horretatik, oso pozgarria da literatura sari batek idazle berriak plazaratzeko aukera ematea, gazteak animatzea eta gure literaturaren panoraman bestelako ikuspegiak, istorioak, kontatzeko moduak plazaratzea.

Mendozak banpiroen istorioetatik nahiko hurbil dagoen kontakizuna azaltzen digu; are gehiago, ezagunak zaizkigun hainbat testu, film, erreferentzia, ageri dira han-hemenka testuan aipatuak, islatuak. Banpiroen tradizio hori hasiera-hasieratik azaltzen zaigu, liburuko lehen lerroetatik: “Zergatik ez ote zuen Kristianek aurpegia ispilu aurrean garbi ikusten? (…) Bazekien zerbait arraroa gertatzen ari zitzaiola, eta pixkanaka hazten zihoan susmoak ez zion lasai lo egiten uzten.” (7. orrialdea). Baina hainbat kapitulutan susmoa gauzatzen ari dela ikusten dugularik, hara non amaierak istorioari buelta emanez, bestelako ikuspegi eta gertakariak azalduz, irakurlea harritu egingo duen.

Beste Gu hau nahiko erraz eta arin irakurtzen den ipuina dugu. Kapitulu laburrez osaturiko narrazioa dugu, eta arestian aipatu bezala, hainbat ahotsek ikuspegi ugari eskaintzeaz gain, lagundu egiten dute kontakizunaren erritmoan bizitasun handia emanez. Baina, bestalde, ahotsak ez daude oso lortuak, elkarrizketen transkripzioek kontakizunak dirudite, egunkarietako narrazioak, batzuetan, zehatzegiak dira, elkarrizketez osaturik, deskriptiboegiak (Kristianek gurasoekin gau batean duen elkarrizketa, adibidez).
Eragozpen horiek kenduta di-da irakurtzen den istorio harrigarri eta entretenigarriaren aurrean gaudela esan dezakegu; Matak, irudien bidez, ederki girotu duen kontakizun banpirikoa.

ASTEKARIA
2010ko urriaren 17a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
2024-05-14 | Irutxuloko Hitza
Desokupako bi gizon Donostiako etxe bat ilegalki husten saiatu dira

'Desokupa kanpora' lelopean, elkarretaratzea egin dute larunbatean, etxebizitzaren aurrean.


2024-05-14 | Axier Lopez
94 egunez gose greban dago preso politiko maputxe bat

Guillermo Camus Jara izena du eta Txileko Lebuko kartzelan dago. Egoera larrian da, gose greba luzeaz gain, ostiraletik egarri grebari ere ekin baitio.


2024-05-14 | ARGIA
LABek salatu du Amazonek "errepresio sindikala" egiten duela

Amazonek Trapagaranen duen lan zentroan grebalarien kontra "jazarpen eta zigorrak" darabiltzala salatu du sindikatuak


Sei pertsona igo dira kapital israeldarra duen Bilboko NYX hotelera, boikota bultzatzeko

Larunbatean egin zuten ekintza, Bilbo erdigunean. Honela zioen pankartak: Bilbo Palestinarekin. Hiri antisionista. Israeli boikota. Hotelaren sarreran hamarnaka lagunek Palestinaren aldeko eta Israeli boikota egiteko deia egin dute.


Eguneraketa berriak daude