Marivi Bilbao

"Bihotza buruan dago"

  • Ordubetean hamahiru zigarro erretzen dituenari nola faltako zaio sua?
Sustrai Colina
2010ko irailaren 19a
Marivi Bilbao
Dani Blanco

Txikitan bihurria izango zinen zu...


Bihurria ez dakit, baina ikasle txarra bai. Mojetan ikasten nuen eta zer zen hura! Ni gerraren alaba naiz, eta izuari bost axola zaio parean neska koxkor bat edo aitona zahar bat eduki. Gogoan dut, 13-14 urte nituela ikaskide baten aita fusilatu zutela kartzelan, Francoren kontrakoa zelakoan. Gure lagunak, minaren minez, malkorik ere ezin zuen isuri. Zuk uste duzu mojek haren aldeko meza egin zutela? Ezta aitagure bat errezatu ere! “Ez dira gure kontuak” erantzuten ziguten. Francori desegokia iruditzen zitzaion oro zen bekatu. Zentzu horretan, Eliza da sekula ezagutu dudan erakunde lotsagarriena. Pentsa, azkenaldian irten eta irten ari diren pederastia kasuen aurrean ere isil-isilik daude.


Orduan, zu izango zinen isil-isilik egongo zena.


Sarri-sarri esaten da orduan ezin zela euskaraz mintzatu, baina garai haietan ezin zen ez euskaraz, ez gaztelaniaz, ez txineraz hitz egin. Zure eiteko haurtxo batekin ahopeka ariko zinen, baina etxean entzundakoak kalean isiltzeko agindua genekarren gurasoengandik. Izugarria zen. Horri gehitzen badiozu munduko gaixotasun guztiak zeudela karrikan. Tuberkulosia, sarna, zorriak, gosea... Ez zait sekula ahaztuko, behin kalean nindoala, ezin zuzenduz zebilen gizonezko bat odola oka egiten ikusi nuenekoa.


Arrasto batzuk betiko geratzen dira?


Geratuko ez dira ba! Bistan da gero aurrera egiten duzula, bizitza honetan aurrera egiten ez duenak jai daukalako. Nola ez zaitu markatuko zure eskolakide baten aita fusilatu dutela jakiteak? Denok dakigu auzoari pasatzen zaiona norberari gerta dakiokeela, eta gisakoak nahi beste tirokatu zituzten. Alferrik esango didate niri milioi bat hildako egon zirela. Askoz gehiago izan ziren. Zergatik asaldatu dira bestela Garzonek bakoitzak bere hildakoak topatzeko bidea jarri nahi izan duenean? Baina gizarte joerak ezin dira hain denbora gutxian aldatu, eta Espainian kakalarri kronikoa bezain ugaria den fatxa mugimendu bat dago. Ni orduan umetxoa nintzen, greziera edo latina ez ikasteagatik mojen hileroko antzezpentxoak asmatu eta prestatzeko boluntario agertzen nintzena, baina orduko egia bakarra da Francok afalostero-afalostero heriotza kondenak sinatzen zituela.


Hori hala, ez zen arriskatua interpretaziora dedikatzea?


Interpretatzen zenuenaren arabera. Hastapenetan, Bilbon Valle-Inclánen obra bat estreinatzear ginela polizia etortzen zitzaigun entseguetara. Zorionez, baboen hurrengoak bidaltzen zizkiguten, eta irainak baizik ez zizkiguten galarazten, mamia harrapatzen ez zutenez zer aldaturik ez zegoela iruditzen baitzitzaien. Baina gerora, obra estreinatzea lortu genuen arren, dezenteko arazoak izan genituen polizia eta gobernadoreekin. Badakizu, beti mugan, beti alanbrearen gainean, erori ez erori. Ez zen hori alta nire arazo bakarra. Gure aitak ez zuen nik antzerkirik egiterik nahi. Etxetik ospa egin behar izan nuen eta seiscientos zahar batean bizitzen jarri. Ez zegoen modurik. Txikitan, gure aitak antzerkira, zinemara edo operara eramaten gintuen, baina nire ordua iritsi zenean “egin dezatela besteek, ez nire alabak” esaten zuen. Gerora berradiskidetu ginen, izugarri maitatu izan dut, baina harrigarria da jaiotzen garen unetik nola topatzen garen matxismoarekin. Orain gauza horiek askoz hobeto daudela esango dizute, baina kauen zotz, urtea hasi denetik 50 emakume akabatu dituzte. Aluzinantea.

Zuen hastapenak ere nahiko aluzinanteak izan ziren.


Edonon antzezteko prest geunden. Pentsa, leku batzuetan, hasi aurreko beldur-pixa egiteko arbola bat ezin bilatuz ibiltzen ginen! Hori aski ez eta mundu honetan pobre usaina duen oro gutxietsi egiten da beti. Halako batean lortu genuen Akelarre izeneko tropa bat plantan ezartzea, baina zirenak eta ez zirenak egin arren, ez zitzaigun sekula sosa iristen. Hartzen duzu muturreko bat, bi, hiru, lau, baina azkenerako pentsatzen duzu hobe dela errepresentante bat kontratatu eta zuretzako lan bila jartzea. Ez duzu imajinatzen zenbat puntako aktorek utzi duten lana jateko beste ematen ez zielako. Orain zertxobait hobetu da egoera, baina hiriburuetatik kanpo, apenas dagoen konpainiarik, apenas dagoen perspektiba baikorrik. Baionan sortzen bazara Parisera joan behar duzu, Bilbon jaiotzen bazara Madrilera, baina gaztea zarenean hori ez dakizu, eta nahi duzun bakarra teatroa egitea da, sortzea, sentitzea, bizitzea, eta hori ere ez dizute uzten.


Izan duzu desertua zeharkatzen ari zinen sentsaziorik?


Burutik beti pasa izan zaidan gauza bakarra da nola edo hala aurrera egin behar nuela. Ezin duzu pentsatu ez daukazula zorterik, oso gaizki zaudela, porrot egin duzula, ahaleginak ez duela ezertarako balio izan... Karpeta zaharrak ixten eta berriak irekitzen ibili behar duzu etengabe, beti joan behar zara hurrengo pausoaren bila. Esaterako, orain mundu guztiak telebista daukanez etxean, telebistari esker famatu bihur zaitezke, baina ez duzu sekula ahaztu behar jende horrentzat egun batetik bestera desagertu zaitezkeela. Ez dira gutxi ahaztu ditugun aktore zoragarriak, egun jan ahal izateko medizina saltzen ari direnak. Negozio guztietan gertatzen dira halakoak, baina guri aurpegia ikusi egiten digute, eta hori oso arriskutsua da. Gurean baiezko eta ezezkoak ondorio guztiekin ematen dira. Egia da zuzendari batek zurekin lan egiteko benetako interesa baldin badauka ahaleginak eta bi egingo dituela bere agindupera ekartzeko, baina ezetz esaten duzun bakoitzean beste bati zabaltzen diozu atea, eta beste horrek lana ondo egin eta zu baino gustagarriagoa izatea lortzen badu zureak egin du. Oihanean oihaneko legeak agintzen du.

Non dago artea oihan horretan?


Aurrera egiteko sekulako bokazioa behar duzu. Afiziotik heltzen zara ofiziora, eta ofiziotik aurrerako pausoak konbentzimenduari esker ematen dituzu. Konbentzimendu horrek ematen dizu gauzak ondo egiteko maitasuna. Izan ere, bizitzaren arlo guztietan bezala, esku artean duzuna ondo ateratzeko gustuz eta maitasunez ekin behar duzu. Maitemintzearen gisako zerbait da. Egun batez, karrikan zabiltzala neska bat ikusi eta gustatu egiten zaizu. Orduan, zure buruari “baina nola demontre gustatzen zait oraindik ez badut berarekin hitz egin” galdetuko diozu, baina ez dauka bueltarik. Agian, hamar minutu iraungo du, akaso hamabost egun, eta beharbada bizitza oso bat, baina tarte horretan sentituko duzun indarra izango da zure motorra. Gero bizitzaren eskarmentuak asko laguntzen du bai oholtza gainean eta baita oholtzatik kanpo ere. Ezin zara beti kexaka eta erretxinduta ibili hau edo hura pasa zaizulako. Mundu hau adorea dutenena da, ez bakar-bakarrik negarrez alfer-galtzen direnena. Horregatik, jende askok uste du bizitza sentimendu kontua dela, dena bihotzean dagoela, baina ez, bihotza buruan dago.


Bihotza buruan badago, zergatik oinarritzen da aktore askoren arrakasta euren edertasunean?


Hori beti izan da hala, eta egiari zor, jogurin batzuk bista alegratzeko modukoak dira, kar, kar, kar! Baina ez pentsa jendea ederra delako soilik aukeratzen dutenik. Hor badaude jokoa ematen dutelako da. Telebista eta zinemaren industria negozio interesatuegia da edertasun hutsean oinarritzeko. Esaterako, beste egunean, auskalo nongo tertulian, Belen Esteban larrutzen ari ziren. “Ez zarete konturatzen justu hori egiteko kontratatzen dutela, eta beste guztiak piper bat ardura diola” pentsatzen nuen nire baitan. Noiz ohartuko gara hau guztia dirua egiteko makina bat baizik ez dela eta pertsona horren antzezpenak ahalbideratzen dituela etekinak. Hori etikoa den ala ez besterik da, baina emakume horrek tuntunetik ez du deus, paper bat interpretatzen ari da eta kito.

Badirudi ospetsuarena dela denek interpretatu nahi duten papera.


Ospeak ez du ezertarako balio, molestia besterik ez dakar. Prentsa, propaganda, han eta hemengo galak, konpromisoak, ez duzu imajinatzen zenbat zita nazkagarri pilatzen zaizkigun. Baina gure bezeroak dira, eta eurak gabe ezer ez garela badakigunez, jaten ematen diegu. Sariak ere zer dira ba? Saritzen zaituzte, argazkia atera, txalo jo, baina zuk pertsona berbera izaten jarraitzen duzu zure dohain eta miseriekin. Gaitzerdi begia gozatzeko moduko eskultura bat tokatzen denean! Horrekin esan nahi dudana da punta-puntan dabiltzan aktoreei fama ez zaiela interesatzen, euren lana ongi egitea baizik. Gero egia da baboak denetan daudela, baina egon lasai, industriaren hariak mugitzen diharduen jendea ez da tontoa, eta gure munduan, ezertarako balio ez duena oso arin bidaltzen da haizea hartzera. Baita munduko ipurdi ederrena edukita ere!


Zergatik nahasten da usu aktorea pertsonaiarekin?


Funtsean pertsona bera delako. Edozein pertsonaia egiten duzula ere zu zara. Aktore zoragarri askori entzun izan diet pertsonaiaren barruan sartu behar izaten dutela. Hori ezinezkoa da niretzat. Nik pertsonaia hartu eta nigan sartu behar izaten dut. Hori hala, nola ez dira nahasiko pertsonaia eta aktorea? Beste adibide bat jarriko dizut. Antzerki obra batekin bueltaka genbiltzala aktore bati aita hil zitzaion, baina lana lana denez, gauean bertan antzezpenera etorri behar izan zuen. Ez didazu sinetsiko baina huraxe izan zen ondoen antzeztu zuen eguna. Horrek zer esan nahi duen? Pertsonaia bat antzezten duzulako ez diozula pertsona izateari uzten. Derrigor izan behar zara pertsona pertsonaia antzeztu ahal izateko. Besterik da telebistaren indarrak jendea nahas-bidera eramatea. Baina hori horrela da eta ez zaio buelta gehiago eman behar. Une honetan jendea irriaraztea tokatzen bazaizu ahaleginak eta bi egin behar dituzu denak barrez lehertu daitezen, eta negar eginaraztea tokatzen bada denak malkotan blaitu arte ezin duzu atsedenik hartu. Zuk zure lana ondo egiten baduzu zurera erakarriko duzu jendea. Hortxe daude gure lanaren balorea eta meritua.


Irakurri dizut 20 urterekin naturak emandako aurpegia izaten duela pertsonak, baina zahartu ahala, geu joaten garela gure aurpegia eraikitzen.


Bere aurpegia eraikitzen ez duena baboa galanta! Ezin zara negarrez hasi zimur bat atera zaizulako, edo zatartzen ari zarelako. Ezin zaizkizu zainak izoztu kritika txar bat idatzi dizutelako, edo halakok iraindu zaituelako. Garbi izan behar duzu lagun askok asko maite zaituztela baina beste askok ez zaituztela bistan ikusi nahi. Aitzakiek ez dute ezertarako balio, eta aurrera jotzea da beti geratzen zaizun irtenbide duin bakarra. Gero egia da, zahartzera dena erlatibizatzen ikasten duzula, ez zarela gaztetan bezain pasionala, eta Pernandoren egia badirudi ere, aurpegia zenbat eta eraikiagoa izan orduan eta gutxiago falta zaizula eraikitzeko. Hori bai, ez pentsa zaharrak gazteak baino argiagoak garenik, ezta hurrik ere, baina gauza gehiago bizi izan ditugu, eta bizitzak gainditu ezin duzuna eramaten erakusten dizu.
Nortasun Agiria
1930eko urtarrilaren 22an sortu zen Bilbon. Ospe berantiarra Aquí no hay quien viva eta La que se avecina telesailek eman badiote ere, ibilbide luzea du antzerki, zinema zein telebistan. Horren erakusgarri, hogei pelikula baino gehiagotan hartu du parte, eta beste hainbeste film laburretan ikus daiteke bere aurpegia, tartean Oscarretarako izendatua izan zen Borja Cobeagaren Éramos pocos lanean. Bere lana aintzat hartzeko, behin eta berriz saritua izan da.
Azken hitza
Etorkizuna
“Nik zinema egiten segi nahi nuke. Horrek mugitzen dizkit barrenak. Gertatzen dena da amona xahar bat behar dutenean, lodixka eta arratsaldetan puntua egiten ibiltzen dena nahi izaten dutela, eta ni ez nautela sekula horretan irudikatzen. Nik saiatzen uzteko erregutzen diet, gustura eta ondo egingo dudala, baina alferrik. Antzerkia egiteko, ordea, zahartu naiz. Goizean esnatzen zaren momentutik badakizu iluntzean teloia igoko dutela, eta horrek asko baldintzatzen dizu eguna. Antzerkia oso polita da, asko ikasten duzu, asko irakasten dizu, baina nire adinean ez nago geratzen zaizkidan egunak baldintzatzeko prest”.

Azkenak
2017-12-17 | Argia
45.000 kataluniarrek laguntza eskatu diote EBri Bruselatik bertatik

Urriaren 27an independentzia aldarrikatu zuen Kataluniako Parlamentuak. Egun berean, Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua aplikatu zieten, autonomia Madrildik gidatzeko asmoz. Abenduaren 21ean hauteskunde autonomikoak egingo dira.


2017-12-17 | Andoni Mikelarena
Abertzaleek garaipen zabala lortu dute Korsikako hauteskundeen bigarren itzulian

“Korsikarentzat” koalizioak botoen %56,5 lortu ditu. Abstentzioa %47,4koa izan da. Korsikeraren ofizialtasuna, preso politikoentzako amnistia eta estatutu berria dira legegintzaldirako erronkak.


2017-12-17 | Hegoi Belategi
Gizarte zibilaren borroka zaborretik dator Libanon

Libano Ekialde Hurbileko paradigma txikia da. Eskualdeko herrialde txikiena eta pluralena izanda, inguruko gatazka eta krisialdi guztiek eragiten diote. Gauzak horrela, libanoarrak desegonkortasunean bizitzera ohitu dira. Gatazka ugari bizi izan dituzte azken hamarkadetan, atzerriko armaden esku hartzeak, liskar etniko eta erlijiosoak... 2015ean gobernua erorarazteko zorian izan ziren milaka lagun, kaleak hartuta. Arrazoia gutxik aurreikusi zuen: hondakinen kudeaketa eredua.


Bake faltsuaren amaiera Palestinan

Donald Trumpek Jerusalem Israelgo hiriburu izendatu du, 1967an israeldarrek hiria bortxaz okupatu zutenetik, lehen aldiz historian. Sionismoa pozarren eta Ekialde Hurbileko eragileak dardarka ipini ditu, eta hilzorian zen bi estatuen konponbidea gorputegira bidean jarri.


2017-12-17 | Mikel Asurmendi
"Arazoa ez da linguistikoa, soziala eta politikoa baizik"

Marseilla, 1961. Soziolinguistika irakaslea. Glotofobia hitzaren sortzailea da. Rennes-2 Unibertsitateko irakaslea eta Discriminations: combattre la glottophobie saioaren egilea. Hendaian emandako hitzaldian, frantses hizkuntza zuzen eta azentu egokiz mintzo ez diren hiztunenganako diskriminazioa eta mespretxua salatu du irmoki: “Glotofobiak gure ikuspegia lausotzen du, baita kultura trakestu ere”. Frantziako Errepublikako hizkuntzaz jardun du bereziki, baina ez soilik.


2017-12-17 | Saioa Baleztena
"78ko Erregimena hausteko modu bakarra alderdi independentistak bozkatzea da"

Kataluniako giro politikoaren protagonistetako bat da Albano Dante Fachin (Bahía Blanca, Argentina, 1976), Catalunya Sí Que Es Pot-eko diputatu ohia. Sorterria 16 urte zituenean utzi zuen familiarekin batera, Bartzelonara joateko. Osasun sistemaren ustelkeriaren kontrako aktibista ezaguna da eta 2004an, Marta Sibinarekin batera, Cafè amb llet aldizkaria sortu zuen. Procés Constituent-eko kide izan ondoren, 2015ean izendatu zuten Podem Catalunyako idazkari nagusi... [+]


2017-12-17
Eiffel dorrea Bilbora eramango dute, ganorazko selfiak egin ahal izateko urtarrileko manifan

Negoziazio hiper-sekretu baten ostean, Sarek eta Parisko Udalak akordioa egin dute Eiffel dorrea Bilbora eramateko urtarrilaren 13ko presoen aldeko manifestaziorako. “Abenduaren 9an frogatu denez espetxeak husteko borrokan garrantzi handikoa da manifestazioetako argazkien atzeko aldean ospe handiko monumentu bat ikustea”, azaldu digu Sareko eledun Joxe Motelagak.


2017-12-17
Toti Martinez de Lezeak liburuak sinatzen jarraitzen du Durangoko Azoka bukatu eta hiru egun geroago

Ilara luzeak espero dira abenduaren 13an ere Landako gunean, milaka herritar Durangora joan direlako Toti Martinez de Lezearen azken liburua egileak berak sinatuta eduki ahal izateko.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude