Intxaurrondopeko kuluxka

Hostoak jango dizkion animaliarengandik babestea ezinbesteko du landareak. Animalia berari, geroxeago, haziak daramatzan fruituak eskainiko dizkio eta honek, mozolo asko, jan eta lur berrietan sakabanatu eta ereingo ditu, simaur dosi egokiarekin erein, gainera.

Animaliak ez dira, ordea, landareen kontrario bakarrak. Landareak ere badira landareen arerio. Batzuk lagun, hauek kuttun, beste batzuk begiko, hura ezin ikusi eta hari ez ikusiarena egin, beste hari bizkarra eman, eta horrako hori... hori ahal badut zanpatu. Gure moduan jarduten dute landareek ere beren artean. Eta, nire artean, landareek nola egiten ote dute bizkarrarena, begikoa, zanpatzea?...  Gustuko zaitut edo hoa pikutara edo babalore alaena edo... nola adierazi?

Maite edo etsai diren, isuri kimikoek esango dute. Guda kimikoa. Hans Molisch, botanikari txekiar-austriarrak, hilko zen urte berean, 1937an, proposatu zuen hartu eta eman harreman hauek azaltzen dituen hitza: alelopatia.  Allelon eta pathos  grekoetatik, “batak bestea pairatu” adierazten du.

Koalak lasai ederrean jaten duen eukaliptoaren hostoak askatzen duen substantzia batek, azpian harrapatzen dituen haziei ez die ernatzen uzten eta beste landareek elorrio dute. Antzera jokatzen dute pinuek (Pinus spp), arbiak (Brassica napus), ekiloreak  (Helianthus annus), asma-belarrak (Datura stramonium) eta abarrek. Ezagunena, hala ere, intxaurrondoa izango da (Juglans regia eta Juglans nigra). Hostoek eta fruituek jariatutako hidrojuglona lurreratzean bertako mikroorganismo batzuk eraldatu eta juglona bihurtzen dute. Honek lurra kutsatu eta haziak etortzea galarazi eta landare asko pattaltzen ditu. Haren azpian ez da giro. Esaera batek dio intxaurrondopean lo-kuluxka eginez gero zoratuta esnatzen dela bat. Beste batek, ondo etortzeko intxaurrondoak etxeko errietak entzun behar dituela. Etxekoak zoratuz edo... Deabruaren arbola izatearen fama ez du bart arratsekoa.

Azkenak
Olatukoop
Hamar urte lanean, denontzako bizitza oparoagoaren alde

Gizartea eraldatzeko helburuz jaio zen Ekonomia Sozial Eraldatzailearen mugimendua Euskal Herrian duela hamar urte, Olatukoop sarean bilduta. Denbora honetan ez da gutxi egindakoa: hamaika kooperatiba eta ekimen jarri dituzte martxan, eta sarea zabaldu egin da. Baina erronkak... [+]


2024-05-12 | Estitxu Eizagirre
Amillubiren festa maiatzaren 11n
Lurra taupaka hasiko da

Urola ibaiaren meandroan, Zestoako Iraeta auzoan daude Amilibia baserria eta bere lur emankorrak: 5 hektarea baso eta 4 hektarea laborantza lur. Laborantza ekologikoa sustatzen duen Biolur elkarteak baserria eta lurra kolektibizatu nahi ditu Amillubi proiektuaren bidez... [+]


Pastoral bat Iruñearendako

Herri-antzerki forma bat da pastorala. Sujet edo protagonista bat (hildakoa) hautatu eta bere bizia bertsotan ematen duena. Kantua ere presente dago emanaldian. Taula zuzendaria, taula gainean arituko diren arizaleak eta musikariak aritzen dira pastorala ematen den egunean... [+]


Eguneraketa berriak daude