Inazio Olarreaga

"Oraingo euskaldunak hiltzen direnean, akabo"

  • Euskal Herritik Amerikara etorri ziren, zuzenean eta artzain. Zenbait, pilotaren bidetik sartu zen. Horixe da Inazio Olarreagaren kasua, Italiatik, Kubatik eta Miamitik barrena heldu baitzen Nevadara.
Miel Anjel Elustondo
2010ko maiatzaren 30a
Inazio Olarreaga
Bridgeport herrian gora atera ditugu argazkiak, Kalifornia eta Nevadako mugan. Hemen, duela bi urte 6.000 ardi ageri ziren garai honetan. Egun, artzainek lur gozo guztiak eta ardiak salduak dizkiote abeltzain enpresa handi bati.Zaldi Ero

Etxea ardiz eta gisako apaingarriz betea duzu, baina zu ez zara inoiz artzain izana…


Ez, ez, behin ere ez naiz artzain ibili, baina badakizu, hemen, Nevada alde honetan “basque” esan eta “a! Hortaz, artzain!”, pentsatzen dute. Egia da hemen ezagutuko dituzun euskaldun gehien-gehienak artzain etorri zirela, eta euskaldunak artzainaren bidez duela izena hemen, baina ez da nire kasua. Kuban ari nintzen pilotan, zestan, 1958an joanda, eta handik sartu nintzen Amerikara, Orlandoko frontoian jokatzera.

Kuban zinen, Habanan, Batistak hanka egin eta Fidel, Che eta gainerakoak sartu zirenean. Iraultza garaia bizi izan zenuen.


Han nengoen, baina ez nintzen askorik akordatu. Pilotari ari nintzen, Juanito Saizarbitoriaren euskal etxean ere laguntzen nuen, sukaldean, eta askoz gehiago ez nuen egiten. Bagenekien Batista nola zebilen, ahal zuen guztia harrapatzen, handik eta hemen poltsikoak betetzen –baina Batista bezala, ahal zutena harrapatzen zuten poliziek eta kargu txikiena ere zuten guztiek–, eta, hortaz, egun batean esan zutenean Batistak hanka egin zuela, ez ginen askorik harritu. Fidel Castro, Raul, Che eta horiek Habanan sartu zirenean, berriz, gu betiko bizimoduan ari ginen. Ni, behintzat.

Habanan pilotari, eta Juanito Saizarbitoriaren euskal etxean sukalde lanean, laguntzen.


Bai. Juanitok asko lagundu zidan. Oso gizon ona zen. Etxetxoren bat edo bi zituen euskal etxe parean eta hantxe bizi izan nintzen pilotari jardun bitartean. Ordainetan, sukaldean laguntzen nuen. Beste pilotari batek ere laguntzen zuen, Tomas Arrizabalagak. Ez zait behin ere ahaztuko, hantxe biok, ganbak zuritzen edo beste ezertan, eta nola etortzen ziren Fidel eta koadrila euskal etxera, jatera. Lehenengo, G2ak, polizia sekretuak sartzen ziren, dena konfiskatzen zuten, zein eta zein ari ote ginen han. Gero sartzen ziren Fidel eta besteak. Juanitoren lagun egin ziren.

Zer diozu iraultza giroaz?


Esan dizut, bada, ez nintzela askorik akordatu. Nahiko lan banuen neure buruarekin. Esaterako, han pilotan ari nintzela, ni hara eraman ninduena, Jeremias Abalia, konturatu zen eskuin aldetik pilota asko huts egiten nuela. Pilotari kontrarioak ere konturatu ziren, eta alde hartara bidaltzen zizkidaten pilotak! Gaiztoak ziren, gaiztoak… Halako batean, sendagilearengana eraman ninduten, eta eskuin begitik ezer ez nuela ikusten erabaki zuten. “Noiztik habil horrela?”, galdetu zidatenean, “betitik!” erantzun nien nik, txikitatik ibili nintzen-eta horrela. Iraultza? Guk ez genuen telebistarik ez irratirik ez ezer. Gerora bai, jende kontzentrazio handiak egiten hasi ziren, Marti plazan-eta, eta akordatzen naiz Fidel sei-zazpi-zortzi orduko mitin monumental haiek egiten hasi zela, irratian zer edo zer aditzen genuela. Beti hau eta hura agintzen Fidel, nekazariei lurrak emango zizkiela, hau eta hura egingo zuela… baina azkenean ezer ez, janaria bera ere eskasten hasi zen, hiru uzta biltzen ziren herri batean!

Nola hartu zenuen Miamiko bidea?


Fidel eta haiek agintzen jarri zirenean, turismoa jaisten hasi zen, eta turismoarekin batera, dirua. Aurretik, turistak eta Habana bertakoak etortzen ziren frontoira, baina pixkanaka-pixkanaka, gero eta jende gutxiago zetorren. Gainera, dirua ere aldatu zuten, eta bertan beste inon balio ez zuena jarri zuten. Bistan zegoen gure Habanako kontu hura kito zela, eta martxa egin genuen, alde.

Nola egiten da “martxa” Kubatik AEBetara?


Bisatua eskatu ziguten. Gu pilotari ginen, eta kontaktuak ere bai frontoian, eta Jamaikara joan ginen. Han atera genuen bisatua. Paper harekin sartu ginen Miamira. 1962an, oker ez banago. Han ginen Sabino Arrona, Astigarraga, Abasolo, ni neu… Orlandoko frontoia egin berria zuten, eta han jokatu genuen, hiru urteko kontratuarekin, eta kontratua bukatu zenean, beste zer edo zer bilatu behar izan genuen. Eta Nevadara etorri ginen, Renora. Horretan gure zestagileak izan zuen zerikusirik handiena. Caliche zuen izena, Renon jaioa zen, hemen zituen gurasoak; euskal frantsesak, edo nafarrak, ez nago seguru. Calichek hona etorri nahi zuen, lanera. Orlandoko kontratuaren bigarren urtean, ikusi genuen zer panorama zetorren. Ni ez nintzen pilotari on-onetakoa, bigarren mailakoa nahi baduzu, eta Renora etorri nintzen Caliche eta beste pilotari batzuekin, hemen lanik izango ote zen begiratzera. Baietz iruditu zitzaigun, eta Orlandokoa bukatu eta Renora.

Eraikuntzan egin zenuen lan urte askoan.


Bai, pala eta pikatxoia hartuta. Lehenengo, lorezaintzan egin nuen. Bazen donostiar bat, Joe Moulian, hark ireki zigun bidea. Gero, zerrategian lan egin nuen, eta ondoren hasi nintzen eraikuntzan. Diru gehiago irabazten zen. Hasieran gogor xamarra izan zen, baina laster hartu genion tamaina. 1968an hasi nintzen eraikuntzan, Byers enpresan, eta gero Helms-en.


Euskaldun asko ziren eraikuntzan garai hartan Renon.


O, bai! Byers-en, Mike Inda izan nuen maiordomoa [arduraduna]. Gero, Joe Bengoetxea, Ramon Jaio, Xanti Basterretxea, Nikolas Olaziregi, Juan Braña, Jose Santxotena, Ray Uharte, Jess Etxeita, Txato Gerrikagoitia, Sarratea anaia bat baino gehiago eta mordo handi bat tokatu zait lanean, ondoan. Horiek eraikuntzan ezagutu nituen. Euskaldunak eraikuntzan Renon, asko garai batean. Renon ez ezik, Nevadan batean eta bestean ibili ginen lanean, Winnemuccan, Kaliforniako Bridgeport aldean eta agintzen zuten leku guztietan. Batean errepideak, bestean zubiak, tokatzen zena! Orain dela hamasei urte erretiratu nintzen, bota nituen harrika pala eta pikatxoiak eta kito. Zer egunetan bizi garen ere ez dut jakiten. Sasoi batean soldata noiz jasoko zain bizi ginen. “Gaur tokatzen dek!”, eta zain. Orain, erretiratuta, zuzenean sartzen digute dirua bankuan, eta noiz bizi garen ere ez dugu jakiten. Horixe pasatzen da zahartutakoan. Igandean mezatara joaten gara eta horrexek laguntzen digu pixka bat astea gobernatzen. Bestela, akabo.

Euskaldun asko Renon, eta euskal kluba eta jaia ere bai hemen.


Bai, eta hasieran joaten nintzen, hemengo Zazpiak Bat klubekoa egin nintzen, eta bi edo hiru urtean euskal festibalera ere joaten nintzen, eta ez bakarrik Renokora, baita Winnemuccara ere, Frank Txurrukarekin. Berriatukoa da. Gero, nekatu egin nintzen, hainbeste euskaldun eta hainbeste istorio. Orain dela urte batzuk, ordea, berriz azaldu nintzen festara, baina nire lagun amerikano batek nahi izan zuelako. Hari gustatu egiten zitzaion euskal festara joatea, eta nik lagundu egiten nion. Zaharra zen, hil zen, eta kito, ez naiz berriz azaldu.

Renoko Zazpiak Bat klubaren azken buletina irakurri dut. Bederatzi hildakoren berri dakar.


Seguru! Eta argi ibili, oraingo euskaldunak hiltzen direnean, akabo. Gazteek ez dute interesik. Horixe da nire irudipena. Hara, esango dizut, oraintxe, izen euskaldun gehienak mexikarrenak dira, ez euskaldunenak. Arriaga, Arriola, Etxeberria… Hasi izen hori duenari galdetzen, eta gehiago dira mexikarrak, euskaldunak baino. Gazteek ez dute interesik, eta askotan gurasoen falta da: tradizioa zaintzen ez diegu erakutsi, hitz batzuk euskaraz esaten. Beste gauza bat, lehen, “basque” esan, eta jendeak bazekien zer ari zinen esaten. Gaur egun, ez. Azkeneko hamabost urte honetan sekulako immigrazioa izan dugu Renon, AEBetako hainbat estatutatik etorritako jendea, eta haiek ez dute “basque” horren berririk. Aldiz, Nevada eta Kaliforniako Cedarville, Eagleville, Alturas eta horietatik etorritako jendeak badaki, han ere euskaldunak izan direlako. Indioen azkeneko borroka ere hantxe izan omen zen. Hiru artzain euskaldun hil zituzten indioek. Hori ere bai.

Ez zara gaztea, baina zaharragoei laguntzen ematen duzu denboraren puska bat.


Bai, zintzo izan beharra dago mundu honetan. Gainera, orain, hanka bat zuloan daukagunean. Ez gara betiko, badakit nik hori.

Facundo Amoztegiri ere lagundu zenion.


Facundo Amoztegi? Gerlach-en bilatu nuen, Nevadako desertuan, Lovelock-era zihoala 2.000 ardiko artaldea hartuta. Arratsaldea zen, laster ilunabarra. Ni Black Rock desertutik nentorren. Indioen harriak, geziak eta holakoak bilatzen askotan ibili izan naiz, jende askok egiten du hori, baina orduko hartan harriak, fosilak biltzen ibili nintzen. Bidean, pickup-ean nentorrela, ardiak ikusi nituen mendi magalean. Dena zuri-zuri, elurra egin balu bezala. Gerlach-en, eta ardiak, artzaina euskalduna izan behar zen, derrigorrez. Geratu nintzen, jaitsi, eta artzaina zegoen aldera hasi nintzen. “Euskalduna?”, hots egin nion, eta berak: “No hablo vasco”. “¿No eres vasco?”, eta berak: “Sí, soy vasco de Navarra”. Zaharra zen. Ordurako, euskalduna utzita zegoen ardia. Eta Facundo zaharra artzain! Handik atera nuen eta eraikuntzan sartu nuen, lanean. Langile ona zen, fina, baina ez zekien ingelesik, eta aginduak ez zituen behar bezala entenditzen. Nire taldean tokatzen zenean lanean, neuk zuzentzen nuen, baina bestela… Eta lanik gabe utzi zuten. Artzain eta eraikuntzan aurreztutako dirua hartu eta Nafarroara itzuli zen, eta harrezkero haren berririk ez dut izan.

Amerika honetan bizi zara, amerikar hiritartasunaren jabe. Amerikar zara…


Amerikarra. [Isilaldi luzea] Euskaldun amerikarra, zer gero! besteak hor dabiltza, txinatar amerikarra, irlandar amerikarra eta halakoak esanez. Berdin ni, euskaldun amerikarra naiz.
Nortasun agiria
Inazio Olarreaga (Azpeitia, 1939). Pilotari ikasi zuen Tolosako Beotibar frontoian, eta Madrilen eta Italian, Habanan baino lehen. Han zen 1958an, eta hantxe 1959ko lehenengo egunean, Batistak alde egin eta Fidel Castro eta gainerakoak Habanan sartu zirenean. 1962an Orlandon zen, pilotan jokatzen, eta Renon (Nevada) handik hiru urtera. Bertako euskaldun askoren legean, eraikuntzan jardun zuen, duela hamasei urte erretiroa hartu zuen arte. Emaztearen ondoan eta zaharrak zaintzen ematen du denbora, eta istorio-historia peskizan beti.
Amerikarra
“1967an Euskal Herrira joan nintzen, familiak nire emaztea ezagutzeko. Ailegatu ginen Madrilera hegazkinez, eta gero trena Azpeitira joateko. Trenean, lehenengo ikuskatzailea, txartel eske. Eman genion. Gero, polizia sekretuak, agiri eske. Emazteak eman zien berea, ikusi zuten, eta itzuli zioten, besterik gabe. Hartu zuten nirea, ikusiko zuten ‘Olarreaga’, eta da!, zakar bota zidaten. Ez zitzaidan gustatu. Oraindik akordatzen naiz. Ni amerikarra nintzen ordurako!”
Zorakeria
“Ikusten duzu zenbat auto batetik bestera? Jende askok Renotik aparte, ordubeteko bidean-eta, erosi zuen etxea, merkeago zelako. Etxea merkeago bai, baina urtean gasolinan gastatzen dutena kontuan hartuko balute, ez dela merkeago konturatuko lirateke. Eta hor ikusiko dituzu, goizeko zazpietan, auto ilarak Renora bidean. Eta arratsaldeko hirurak, hiru eta erdietan, auto horiek denak berriz ere ilaran, Renotik kanpora. Ez al da zorakeria?”
Frantzisko Aranda
“Iaz hil zen Frantzisko. Lagun estimatua nuen. Lanean elkar ezagutu genuen, aspaldi. Bera bracero izana zen, Bigarren Mundu Gerra bitartean Mexikotik hona lanean etorritakoa. Mexikoko eta hemengo gobernuek akordioa sinatu zuten, eta halaxe etorri ziren braceroak. Euskaldunak artzain, eta mexikarrak bracero, trenbideak egiten eta Kaliforniako soroetan fruta eta barazki biltzen. Historia eta istorio handiak kontatzen zituen. Hil zen hura ere”.
Azken hitza - Artzain
“71 urte ditut, aspaldi erretiratuta. Ez naiz behin ere artzain izan, hemengo euskaldunak ez bezala, baina, orain, zahartuta nagoela, gustura hartuko nituzke ardi batzuk, terreno koxkor bat eta ardiak zaindu. Horixe egingo nuke”.
Kanal hauetan artxibatua: Kuba  |  Kuba

Kuba kanaletik interesatuko zaizu...
2018-04-18 | ARGIA
Raúl Castro ordezkatzeko prestatzen ari da Kuba

Iraultzaren arrakastatik ia sei hamarkada igaro direnean, Castrotarrek Kuba gobernatzeari utziko diote. Ostegun honetan iragarriko dute zein izango den herrialdeko presidente berri eta Raúl Castroren ordezko. Miguel Díaz Canel presidenteordeak ditu aukera gehien eta ez da espero norabide aldaketa handirik.


2018-03-11 | Xalba Ramirez
Audience
Kubatik ekarritakoaren isla

20 urte betetzera doa Audience talde gernikarra. Estilo ugaritatik bidaiatuak, oholtza gainean batetik bestera ibiltzen dira, instrumentuak aldatuz. Esperientzia lagun, beti beste salto bat egitera ausartzen da taldea. Oraingo honetan Kubatik ekarri dute euren zortzigarren lana den Isla, Kaki Arkarazoren gidaritzapean ekoiztua Habanan.


2018-03-05 | Lander Arbelaitz
Guantanamoko atxiloketa gunea ez dute itxiko, eraberritzeko proiektua lantzen ari dira

AEBek Kuban daukaten Guantanamoko espetxea berreraiki egingo dute. 2019. urteko Pentagonoaren aurrekontuetan 68,96 milioi dolar aurreikusi dituzte. Kopuru hau herrialde hartako Kongresuak baieztatu behar duen arren, agerian geratzen da tortura zentro polemikoa ixtetik urrun daudela.


2018-01-21 | Dabi Piedra
Alexis Díaz Pimienta repentista kubatarra:
"Hemendik 20 urtera repentismoak izugarrizko loraldia izango du, hasi gara zantzuak igartzen"

Kubako inprobisazioaren, repentismoaren, bultzatzaile handienetako bat da Alexis Díaz Pimienta (Habana, 1966). Inprobisatzaile ez ezik, eragile ere bada, neska-mutilentzako repentismo eskolak sortu baititu uharte guztian. Kuba eta Espainia artean bizi denez, Andaluzian eta Murtzian ere ibilia da hango tradizioak sustatzen. Gainera, unibertsitatera eraman du repentismoa: Poesia Inprobisatuaren Katedra Esperimentalaren zuzendaria eta Dezimaren eta Bertso Inprobisatuaren Zentro... [+]


Joseba Sarrionandiari buruzko dokumentala estreinatuko dute larunbatean Iurretan

Joseba Sarrionandia, hemen eta han idazleari buruzko dokumentala estreinatuko dute larunbat honetan Iurretan. Askondon izango da, 18:30ean.


'Irma' Kubatik urrutiraturik, Habanak gaur irekiko du bere aireportua

Sekula ikusi duen urakan suntsitzaileenaren kalteak kontatu eta oinarrizko zerbitzuak abiarazteko ahaleginean ari da Kuba osoa. Gaur, asteartea, hango 12:00etan (18:00 Euskal Herrian) zabalduko du berriro José Martí aireportua.


Denak Floridara begira geundela, 'Irma'-k Kuba erruki barik jipoitu du

Karibeak ehun urteko urakan handiena nozitzen zuela, hedabide nagusiek inperio iparramerikarren agenda jarraituz Floridako albiste eta irudiz ito gaitu  europarrok, ekaitzaren kalterik handienak Kuban gertatzen ari ziren bitartean.


Kuba eta Floridan larunbaterako espero dituzte 'Irma'ren astindu gogorrenak

Karibeak inoiz ezagutu duen urakanik bortitzena, Haiti eta Dominikar Errepublika kolpatu ondoren, ostiralean ari da pasatzen Bahama uhartee gainetik eta Kubako ipar-ekialdera hurbiltzen, azkenean AEBetako Floridan lehorreratzeko.


2017-06-25 | Jabi Zabala
Aleida Guevara, kubatar medikua
"Jainkorik baldin badago, arrazista itzela da"

Aleida Guevara March kubatarra (Habana, 1960) pediatrian doktorea, mediku internazionalista, Alderdi Komunistako kidea eta bi alabaren ama da. Habanako William Soler haur ospitalean egiten du lan eta Che Guevara ikerketa gunean laguntzailea da. Cheren alaba izateagatik ezaguna, Kubako iraultzaren eta aitaren figuraren defentsa egiten du maiz, nazioartean parte hartzen duen foroetan. Berriki Bilbon izan da, Euskadi-Cuba elkarteak antolatutako elkartasun topaketa batean. Aitaren figuraz,... [+]


2017-06-07 | Xalba Ramirez
Mariela Castro eta Aleida Guevara Euskal Herrian

Ekainaren 7an eta 8an hitzaldia emango dute Mariela Castro eta Aleida Guevarak Donostian eta Getarian. Ostiraletik igandera Bilbon egingo diren Kubarekin elkartasun topaketetan parte hartuko dute.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude