Zer mihilu eta zer amabirjin!

Milikuatar lagun bat bere abizenaren nondik norakoak argitu ezinik dabil azken urte hauetan. Hau eta antzeko beste axaleko aitzakia batzuk tarteko, ehunka urtetan euskaldunontzat bestetxe izan den Madeira uhartean naiz. Madeiran naiz gainezka! Hau da hau landarediaren oparotasuna…

Milikua mihilutik datorkiola diot lagunari, Funchal, uharteko hiriburuaren izena bezala. Portugesezko funcho euskal mihilua da, Foeniculum vulgare. Iritsi eta nonahiko da mihilua: bide bazterretan, baratze, lorategi… baita tapiz edo alfonbretan ere. Uharte hau bestetxe zuten euskaldun arrantzale haiek beste bestetxe zuten Islandiako sumendiaren purrustada dela-eta, hemengo aldia ia astebete luzatu zaigu. Ustekabeko egun hauetan osatu ederra eman diogu bisitari; baita mihilu alfonbrarekin estropezu egin ere. Fatimako amabirjinaren irudia hemengo loraldiaren oparoa ezagutzera ekarria dute, errezo batzuk eskaini truke. Ni beregana ez nintzateke berehalakoan joango eta, jata ez zait bada bera niregana etorri, alajaina! Ejertzitoak babestuta hor paseatu dute Machico herrian, elizatik itsasertzeko plazara bitarteko bidean. Bide osoa lore ebaki berriz egindako alfonbra ikusgarria da. Lurrerainoko soineko beltzaren gainean gerriko arrosa zabala daraman apaizaren aginduetara, arratsalde osoz, makurtuta, emakume mordo batek eta gizaseme bakan batzuek eraiki dute. Lorebidean amabirjina anda gainean sorbaldan daramatenek zanpatzeko, sortu ordurako suntsitzeko egindako inoiz ezagutu dudan lorategi ederrena. Bikaina. Kalak (Zantedeschia aethiopica) bakarrik hiru milatik gora zenbatu ditut. Eta kalaz gain urreliliak, proteak, geranioak, hiedrak, jakarandak, brugmansiak, bratxitxitonak, asterrak, gladioloak, hibiskusak, buganbilleak, ornithogallumak, anthirrinumak, gerberak, anthurriumak, orkideoak, bakasta-belarrak, amarilisak, agapanthusak, arrosak, krabelinak, amatxiloreak, liliak, mimosak, gazaniak, klibiak, solandrak, spathodeak, zitoriak, hemerokalisak, heriotzorriak eta ezagutu ez nuen beste mordo bat.

ASTEKARIA
2010ko maiatzaren 23a
Azoka
Azkenak
Errendimendu akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak Ipar Euskal Herrian

Ongi doazen ikasleak talde batean, zailtasunak dituztenak, bestean; maila akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak datozen ikasturtean, Frantziako Estatuan. Ikasleak sozialki eta akademikoki sailkatu eta bereiztea, desoreka areagotzea eta egoera okerragoan daudenak... [+]


Maiatzaren 2an hasiko da Ziburuko Azokaren Azokaldia

Ziburuko 5. Liburu eta Disko Azoka ekainaren 1ean egingo da, baina aurrez, maiatzean, beste lau hitzordu mamitsu eskainiko dituzte Lapurdiko lau txokotan.


Eguneraketa berriak daude