"Ez dago kimikarik, hilda dago argazkilaritza"

Dani Blanco
Kliska eta kliska artean, utzi digu galderen bitartez  bera erretratatzen.

Barkatu, baina gero eta meritu gutxiago duzue argazkilariek: a zer kamera puska ekarri duzun…


Jostailu polita, e? Bada, oraindik irakurtzeke daukat instrukzio liburua. Argazkia egiteko botoia aurkitzen badut, ondo goaz.

Edonor izan daiteke orain argazkilari, kamera digitalek akabatuko dute argazkilaritza.


Esaten dute jada hilda dagoela. Ez dago kimikarik, akabo istorioa. 1989an eraitsi zuten Berlingo harresia eta hil egin zen argazkilaritza, nahiz eta ikusteko dagoen bien arteko konexioa. Gora aro postfotografikoa!

Eta hori gutxi balitz, Photoshopa. Itsusiak ere guapo ateratzen dituzue!


Baina edertasuna ez al zegoen geure baitan? Zer egingo duzu, bestela, zure irudi idealizatuaren antza izateko? Kirurgia plastikoa? Edo etxean itxita geratu, Marlene Dietrichek egin zuen bezala?

Bidaiatu ere, bueltan argazkiak erakusteko bidaiatzen dugu eta!


Leku komunetatik atera eta azal azpian murgiltzen bazara, konpainia ona egingo dizu argazki kamera batek.

Erretratuak egiten dituzu zuk, batez ere. Zure esku dago erretratatuaren karrera profesionala…


Bai, atsegin dut erretratuak egitea, baina ez dut uste ezer dudanik nire eskuetan, ez bada argi arrastoren bat.

Humberto Rivas argazkilariak esana: “Erretratua beti da autoerretratu”.


Orain ulertzen dut zergatik agertzen den jendea hain guapo nire argazkietan! Txantxa alde batera utzita, nire ikuspuntutik baino ezin ditut egin argazkiak. Argazki objektiboagoa nahi baduzu fotomatoi kabina bat gomendatzen dizut.

Argazkiak dagoeneko ez ditu arimak lapurtzen, baina erretratatua izan denaren arimarik ere ez du jasotzen.


Mundu guztiak ere ez du arima. Zer esango dizut zuri... Noren abokatua zara? Baina uste dut komunikaziorik gabe ez dagoela erretraturik.


Terry Richardson izan ezik, argazkilari gutxi agertzen zarete argazkietan. Argazkiaren krudeltasuna inork baino hobeto ezagutzen duzue…


Ez zaitez hain ezkorra izan, gizona! Nahiago dut pentsatu argazkia magia dela, laztan bat, errebelatu argi-iluna.


Aizu, mila hitzek baino gehiago balio omen du irudi batek, baina hemen ari gara gu, hitz eta pitz…


Zenbat daramatzagu? 500? Irudi erdia falta dugu orduan.

Azkenak
Konponbiderik gabeko desoreka?

Ordizian orekara eramango gaituen interbentzio plan berezi bat behar dugu; urteroko matrikulazio lehia eta arriskutik atera, egonkortasuna eman eta herriko ikasleak modu orekatuan batzeko aukera emango digun plana.


Hauteskunde kanpainan isildutako makroproiektuei buruzko eztabaidak

Igande honetan egingo dira hauteskundeak Katalunian, maiatzaren 12an. Procésaren ondorenak eta Carles Puigdemonten balizko itzulerak estali ditu zenbait mintzagai. Baina abian dira bi proiektu erraldoi eta esanguratsu, biak ala biak turismoari estuki lotuak: Hard Rock... [+]


2024-05-07 | Euskal Irratiak
"Zenbat dugun kontatzeko!" Euskal Herriko mapa sortu dute

"Zenbat dugun kontatzeko!" mapa ilustratu bat sortu dute elkarlanean Ikas Bi, Biga Bai, Euskal Haziak, Seaska eta Euskal kultur Erakundeak.


Eguneraketa berriak daude