"Ez dago bi hiru gabe" delakoaren itxaropenez

  • Loiolako elkarrizketen porrotaren ostean, Euskal Herriko gatazka politikoaren konponbidea ataka ilunean sartuta dago. Atakan irtenbide gutxi ageri da, irudi denez. Ezker abertzale historikoa argi bila abian da berriro ere.
Ezker abertzalea
Ezker abertzaleaJuanan Ruiz / Argazki Press
Polo subiranista osatzea izan zen ezker abertzaleko –legez kanpoko Batasuneko– buruzagien asmoa iragan udaberrian. II-HEk Europako hauteskundeetan lortu zuen emaitza arnasaldia izan zen ezker abertzale historikoak bizi duen estualdian. Udazkena heldu zen eta ideia subiranistaren eragile nagusietakoak (Batasuneko Otegi eta Diez Usabiaga, besteak beste) espetxean sartu zituzten. Espainiako Estatuak ez dio ezker abertzaleari zirrikiturik uzten politika arautuan jarduteko. Alderdien Legea du lanabes juridikoa. Areago, Estrasburgoko auzitegiak Espainiako Gobernuaren jarrera onetsi du.

Indar abertzaleen arteko elkarlanean sortu beharko litzatekeen bilgune subiranistak –oraingoz EAJren partaidetzarik gabe– Konstituzioak zedarritzen duen marko juridiko-politikoa gainditzeko balio behar zukeen, hartara, Lizarra-Garaziko Akordioaren eta Anoetako Proposamenaren osteko porrotek “ez dago bi hiru gabe” delakoa beteko zukeen itxaropena baieztuz. Ageri denez, hirugarren saioa ez da aurreko biak izan ziren bezalakoa izango, ezta urrik ere. Edonola ere, ezker abertzalea normalizaziorako saioa bultzatzen ari da hirugarren aldiz.

Altsasutik Altsasura

Ezker abertzale historikoak iniziatiba politikoa hartu du enegarrenez. Anoetatik harago doan beste urrats bat emateko bere asmoen agiria plazaratu zuen Altsasun joan deneko azaroan. HBren enbrioa izan zen Altsasuko Mahaia bertan plazaratu zen 1977an. Agirian prozesu demokratikorako oinarri berriak azaldu zituen: “Bide politikoak eta demokratikoak soilik” erabili beharra. Eredua Irlandako George Mitchell senatariaren printzipioetan funtsatuta dago. Irlandako gatazka bideratzeko balio izan zuten puntuetan oinarrituta, fase politiko berriak “beste estrategia, beste aliantza politikoak eta beste lanabes batzuk eskatzen dituela” adierazi zuten agiriaren aurkezleek. Areago, gainera hori guztia unilateralki eginen du, beste inoren zain egon gabe.

Autodeterminazio eskubidearen aitorpena lortzeko “masa borroka, borroka instituzionala eta borroka ideologikoa, indar harremanen aldaketa eta nazioarteko babesa lortu nahi ditu” ezker abertzale historikoak. “Prozesu politiko berria eta demokratikoa, indarkeriarik eta esku-hartzerik gabe garatu behar dela” dio agiriak. Sakoneko aldaketa eta autokritika egiten ari direla esan zuten Altsasuko agiri berriko eledunek.

Prozesuan, beste eragile politikoekin elkarlanean, ezker abertzalearen saioaren ezberdintasuna antzemango da, bide berri horretan –ETAk orain arteko jarduerari eusten badio– ETAren estrategiatik aldenduko den neurrian. Gainerakoan, atzera ere, agiri berriko hitzak ezerezean geldi litezke.

Altsasun jaio zen aukera politikoak (HB) 32 urte bete ondoren etorri da agiria, jaiolekuan bertan. Trantsizioan nagusitu zen marko politiko-juridikoa gainditzeko hiru negoziazio politiko izan dira harrezkero. Aljerreko saioa alde batera utzita –negoziazioak bestelako parametroetan gauzatu baitziren– HBk eta Batasunak azkeneko bietan parte hartu dute artez edo moldez. Loiolako saioan, antza denez, ETAren jarrerak eragina izan zuen Batasunaren azken erabakietan. Ezker abertzalea ekimen politiko soilaren bidean aritzea nahi izan dutenak izan dira galtzaile nagusiak orain arteko saioetan. Funtsean eta ondorioz, ezker abertzale politiko soila sostengatzen duten herri sektoreak.

Helburuak lortzeko estrategiak

Ezker abertzalearen ezaugarri nagusietako bat masa borroka aktibatzeko jatorrizko ahalmena da. Gaur egun, herri borroka gizarte sektoreen borroka ahalmen bezala ulertzen badugu, Euskal Herrian zaila da, esaterako, Katalunian egin den herri galdeketaren moduko abagunerik sortzea. Oso sektore zabalak Estatuaren errepresioaren aurka mobilizatzen dira, Egunkariaren eta errepresaliatuen aldeko elkartasunean, kasu. Baina ezker abertzalearen masa borrokarako ahalmenak behera egin du ETAren jardunaren eraginez, eta ondorioz, gizarteak iraganean borrokarako zuen grina eta konfiantza ere ahuldu da.

Ezker abertzaleak bultzatu nahi duen aldaketa, barne kohesioaren eta beste alderdi politiko eta eragile sozialekiko erakutsiko duen ahalmenaren arabera bizkortuko da. Esparru instituzionalera itzultzeko, lehenik borroka ideologiko-estrategikoaren lehia-esparrua ondo landu beharko du, baita barne sektoreen arteko adostasuna lortu ere. Itxura batez, Irlandako prozesuan eraginkorrak izandako printzipioak aintzat hartzea “eskatu” dio ETAri. Alabaina, lehia-esparru horretan ez dio soilik beste aukera politikoei irabazi behar, EAJri, EAri edota Aralarri, berbarako, ezker abertzale historikoak borroka armatuaren hautu historikoan ere irabazi beharko du.

Altsasuko kideek indar sozialen harremanen aldaketa gauzatu nahi dutela diote. Giltzarria aldaketa gauzatzeko behar diren aliatuak elkarrekin jardutea da, baita nazioarte mailan behar diren atxikimenduak irabaztea ere.

Konpromisoak zehazteko ordua

Normalizazio politikorako saio berri horretan abertzale subiranisten bilgunea sortu nahi du ezker abertzaleak. EAk ideia bera hausnartzeko deia egin die eragile politiko, sindikal eta sozialei. Batasuna eta EA dira, prozesuan eskuz esku hartzeko hurbilen dauden alderdiak, antza. EAren baitatik sortutako Hamaikabat alderdiak berezko bidea jorratzeak bide hori erraztu dio. Bidean ibiltzen hasita baina, prozesuan funtsezko giltza eta harriarekin –Nafarroaren auzia, Loiolako elkarrizketetan giltzarri– topo egin(en) du EAk, hots, Nafarroako politika instituzional abertzalea garatzen duen NafarroaBai (NaBai) koalizioaren estrategiarekin.

Alegia, aldaketa politikoa ekarri behar duen prozesu batean sartzeko motibo eta berme asko behar dira. Alabaina, alderdi bakoitza bere kapital politikoen arabera sartu ohi da prozesuen jokoan. Alderdi bakoitzak esparru instituzionalean irabazi duen toki politikoa arriskuan ikusten badu, ez da zalantzazko beste prozesu batean murgiltzera ausartzen. Aralarrek, konparazione, ez du bilgune subiranistan urrats tinkorik emateko aukera argirik ikusi orainokoan. Are gutxiago EAJk, azken 32 urteotan esparru instituzionalean eraiki duenari eusten nahiko lan daukanak, baita etxe barruko egoera tirabiratsuari eusten ere.

PSOEk, Loiolan amaitu zen prozesuan abertzaleekin akordioa lortzeko agertu zuen nahikundea, EAEko instituzioak –bere xedeen arabera– sendotzeko nahikeria bihurtu du. Era berean, PSEk, Akitanian aliatuak dituen Frantziako alderdi sozialistarekin –PSko Alain Rousset Akitaniako kontseilariaren laguntzarekin– instituzionalizatze itxurako bat eman nahi dio Euskal Herriari Europaren markoan. UPNk berehala erakutsi dizkio hortzak PSOEri, eta PSNk aspaldian makurtu zuen burua. Nafarroa Estatu arazoa da inondik ere.

EAJk PSOE-PSEri instituzioetan egiten dion oposizioa ahula da. Foru aldundiak bermatzen dituen bitartean –instituzioetako aurrekontuen negoziazioei lotuta ezinbestez– ez du estrategia argia finkatuko, ezta alderdi barneko adostasun sendoa lortuko ere. 2011ko udal eta foru hauteskundeak test ona izango dira EAJren estrategia argiago ager dadin.

Polo instituzionalista vs. subiranista

Euskal Herriarentzako bestelako marko politiko-juridikoa ekar zezaketen aurreko bi prozesuek huts egin izanak arazoaren konplexutasuna agertzen dute. Euskal arazoa deitua, espainolen arazoa ere bada. Alta bada, arazoak arazo, egungo marko juridiko politikoan egokitutako indar politikoak –espainol polo instituzionalista osatzen duten unionistak– erosoago daude euskal subiranistak baino. Konstituzionalistak Eusko Jaurlaritzako boterea hartu ostean marko juridiko espainolaren ikurrak tinko ezartzen eta arruntak bihurtzen ari dira. Lehendakaria Konstituzioaren egunean izan zen Madrilen lehen aldikoz 32 urteetan. Eusko Legebiltzarrak urriaren 25a Euskadiren Eguna izendatzea onartu du. Unionistek badute beren aberri txikiaren eguna.

Euskal instituzioetan diharduten alderdi abertzaleek 32 urteotako une ahulena bizi dute. Eta are ahulagoak izanen dira, 2011n eginen diren udal eta foru hauteskundeetan ezker abertzale historikoaren azkeneko ordezkariak instituzioetatik kanpo geratuko direnean.

Nazio Eztabaida Gunea

Ezker abertzalearen indarguneak Nazio Eztabaida Gunea izan behar luke. Gune aproposa da bere lan estrategiko-ideologikoa sustatzeko. Guneko indar politikoak dira ETAk epe ertainerako har lezakeen estrategian eragin dezaketenak. ETA udaz geroztik jardun armatuaren “geldialdian” bide dago. Etorkizun hurbilak erakutsiko du, Loiolako elkarrizketak bideratu zituen prozesuaren segidakoa urratzen hasteko aukera dagoen edo ez.

Garaizegi da balizko prozesuaren ondorioren bat antzemateko. Haatik, ezker abertzale historikoa esparru instituzionalera itzultzea erraztuko lukeen prozesua ez bada 2013ko EAEko hauteskundeetarako gauzatzen, euskal auzia epe ertainean –datozen zortzi urteetan– irtenbiderik gabeko arazo bihur liteke.

ASTEKARIA
2009ko abenduaren 27a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Peñagarikano Goikoetxea
#2
Zigor Olabarria Oleaga
#3
Estitxu Eizagirre
#4
Gorka Bereziartua
Azoka
Azkenak
2024-05-14 | Irutxuloko Hitza
Desokupako bi gizon Donostiako etxe bat ilegalki husten saiatu dira

'Desokupa kanpora' lelopean, elkarretaratzea egin dute larunbatean, etxebizitzaren aurrean.


2024-05-14 | Axier Lopez
94 egunez gose greban dago preso politiko maputxe bat

Guillermo Camus Jara izena du eta Txileko Lebuko kartzelan dago. Egoera larrian da, gose greba luzeaz gain, ostiraletik egarri grebari ere ekin baitio.


2024-05-14 | ARGIA
LABek salatu du Amazonek "errepresio sindikala" egiten duela

Amazonek Trapagaranen duen lan zentroan grebalarien kontra "jazarpen eta zigorrak" darabiltzala salatu du sindikatuak


Sei pertsona igo dira kapital israeldarra duen Bilboko NYX hotelera, boikota bultzatzeko

Larunbatean egin zuten ekintza, Bilbo erdigunean. Honela zioen pankartak: Bilbo Palestinarekin. Hiri antisionista. Israeli boikota. Hotelaren sarreran hamarnaka lagunek Palestinaren aldeko eta Israeli boikota egiteko deia egin dute.


Eguneraketa berriak daude