Bizi bizkor

Irakasle askok diotenez, egungo ikasleek kontzentratzeko zailtasunak dituzte batzuetan, eguneroko bizitzako gehiegizko estimuluak medio.

Inoiz baino gehiago dugu egiteko, gizarte aurreratuetan, eta inoiz baino denbora gutxiago, dena egiteko. Hainbeste zeregin eta eskaintzatan paratu behar dugu gogoa non zertaz ari garen ohartzeko beta falta baitzaigu. “Ezta hiltzeko ere ez duzue izanen tarterik” esan dit inoiz amak, presaturik ikusi nauenean. Halakoetan, saiatzen naiz hari egoera azaltzen, egin beharrekoen zerrenda luzea aletzen, baina jabetzen naiz hain dela handia, denboraren hautemateaz bezainbatean, belaunaldi zaharragoen eta gurearen arteko arraila, non kasik ezinezkoa baita adineko bati konpreniaraztea denbora, XXI. mende honetan, arras desitxuratu dela.

Denbora, haren pertzepzioa, erabat deformatu baita, Salvador Dalíren erloju bigunak nola.

Erlojua ezinbestekoa egin zaigu, eta –azken bi mendeotako beste aurreramendu teknologiko guztiekin batera (argindarra, garraiobideak, gailu elektroniko eta informatikoak...)– erritmo biologikoetatik aldentzea ekarri digu. Ordutegiek jada ez dute kontuan hartzen gauaren eta egunaren arteko aldea, orain edozein ordutan lan egin baitezakegu, eta batzuetan edozein ordutan lan egin behar izaten dugu. Denbora gobernatzen duen heinean, erlojua gure bizimodua eta denbora-antolamendua etengabe aldatzen ari diren gainerako tresna eta teknologia guztien ikur eta lema bilakatu da.

Gure erritmoak ere aldatu dira. Azkarrago egiten ahal ditugu gauzak, eta azkarrago egin behar izaten ditugu gehienetan. Azkarrago lan egin, azkarrago jan, azkarrago bizi...

Eta, nahiz ezinezkoa dirudien, azkarrago lo egin. Loezina –gure mendean hain hedatua den insomnioa– lo egiteko denborarik eza baino ez da, agian. Lo egiteko denbora gutxi izaten baitugu –sei, zazpi, gehienez ere zortzi ordu–, eta denbora mugatu hori erabat aprobetxatu behar izaten dugu. Gure aurrekoek, orain dela mende bat edo bi bizi zirenek, guk bezala egiten zuten? Neguan, iluntzen zuenetik eguna argitu arte lo egiteko denbora nahikoa zuten, gauean zehar hainbat tarte esna emateko adina ere. Kontatu gabe orain egunez bizi gaituen erritmo lasterrak trabak sortzen ahal dizkigula gaueko loan.

Beste zerbait aldatu da, kasik ohartu gabe: Informazioa azkarrago jasotzeko gauza garen neurrian, Historia ere bizkortu da. Zenbat irauten dute azkenotan gerrek –esan nahi baita, albistegietan agertzeko ahalmena dutenek?–. Zenbat, krisiek? Albistegiek pelikuletako erritmo arina hartu dute. Eta film eta negozio onen antzera, albisteek –gerrek, krisiek...– hasiera hunkigarri bat eduki behar dute, bilakaera interesgarri bat eta bukaera egokia. Albistegietako aurkezleek (gizonezkoek), brokerrak bezain dinamiko agertuz, jantzi eta gorbata uniformatuekin gehienek, eta emakumeek, festa batera joateko moduan jantzirik maiz, eta nabarmen makillatuta-xehe-xehe eginda eskaintzen digute dena, dudarako paradarik eman gabe kasik, eta guk, presaturik gabiltzanez, astirik gabe, hala irensten ditugu berriak, Historia azkartu baten gertaera presatiak.

Bada, ordea, bizitza patxada handiagoz hartzen dakienik. Teresa Forcades lekaime beneditarrak Interneten paratutako bideoan 54 minutu eta 37 segundo erabiltzen du, A gripearen kontrako txertoaren arriskuez mintzatzeko. Moja bilakatutako mediku horrek bere hitz-aspertua besterik ez du baliatzen. Hitz-aspertua: hitzak, eta denbora.

Azkenak
Analisia
Negu gorri, hondamendia iragarri

Apirilaren 30ean, Espainiako patronala den CEOEk argazki horixe zintzilikatu zuen sareetan: ezkerrean dago Antonio Garamendi, CEOEko presidente den Getxoko semea; eta eskuinean Alfonso Santiago bilbotarra, musika festibalen munduan dabilen Last Tour promotorako burua, Eusko... [+]


2024-05-12 | Estitxu Eizagirre
Amillubiren festa maiatzaren 11n
Lurra taupaka hasiko da

Urola ibaiaren meandroan, Zestoako Iraeta auzoan daude Amilibia baserria eta bere lur emankorrak: 5 hektarea baso eta 4 hektarea laborantza lur. Laborantza ekologikoa sustatzen duen Biolur elkarteak baserria eta lurra kolektibizatu nahi ditu Amillubi proiektuaren bidez... [+]


Pastoral bat Iruñearendako

Herri-antzerki forma bat da pastorala. Sujet edo protagonista bat (hildakoa) hautatu eta bere bizia bertsotan ematen duena. Kantua ere presente dago emanaldian. Taula zuzendaria, taula gainean arituko diren arizaleak eta musikariak aritzen dira pastorala ematen den egunean... [+]


Eguneraketa berriak daude