'Israelgo armadak txikitzen duena geuk oraintzen dugu'

  • Gazara sartu zen azken atzerritarren artean zegoen Alberto Arce iazko abenduan. Bertan zen Israelek Gazako okupazioa askietsi ez eta Berun Urtua operazioari ekin zionean: hilak, zaurituak, nazioarteak bidalitako hornigaien biltegiak zartatuak, ospitaleak errauts eta zirtzil… Gizateriaren kontrako krimenaren lekuko zuzen izan genuen Arce.
Zaldi Ero

2008ko abenduan Gazan egin zenuten “egonaldia” dugu abiapuntu.


2008an, abuztutik abendura bitarte, bost ontzik lortu zuten blokeoa hautsi eta Gazan sartzea. Abuztuan sartutako bi ontziak, 1967tik hona –berrogeita bat urtean– Gazan atrakatu zuten lehenengo ontzi atzerritarrak izan ziren.

Abenduan sartu zirenetan zinen zu.


Dignity izenekoan, azken sartu zen ontzian. 2008ko abenduaren 19ko egunsentian, Hamasen eta Israelen artean sei hilabeteko su-etena hautsi zen momentuan, hain zuzen. Ondoko bonbardaketa egunetan, Free Gazakoak beste bi aldiz ere saiatu ziren sartzen, europar parlamentariak eta nazioarteko kazetariak –CNNkoak, besteak beste– eramanez, baina ez zuten lortu. Batean, israeldarrek abordatu egin zituzten; bestean, tirokatu.


Gazan itsasontzien sarrera galarazteko legitimitaterik ba ote du Israelek?


Nazioarteko Zuzenbidearen arabera, ez. Besterik da zertan den Nazioarteko Zuzenbidearen legitimitatea gaur egun. Dena dela, Nazioarteko Zuzenbidearen arabera –hartan oinarrituz erabaki baitugu guk Gazako egoeraren berri ematea, horixe delakoan nazio eta pertsona zibilizatuen izendatzaile komun minimoa–, Israelek ez du batere eskubiderik –eskubidea, berez, arau positibo eta kodifikatua den aldetik– Gazako Zerrendan jende eta ondasunen sarrera-irteerak kontrolatzeko. Egiten duenean, okupazio perimetrala izenekoa gauzatzen ari da. Israelgo soldadurik ez dago Gazako Zerrendan. Zer dago, orduan? Lurreko, aireko, itsasoko eta, are, espazio irrati-elektrikoaren okupazioa.

Esaguzu zer gertatu zen 2009ko urtarrilean, iaz, duela bi urte eta aurrekoan gertatua ez zenik…


Aurretik gertatu ez zenik, ezer ez. Badakigu zer izan zen Berun Urtua izeneko operazioa: masakrea, 1.412 hildako, 6.000 zauritu, 70.000 etxe hondaturik… Berririk ez, 1988an okupazioa hasi zenetik Gazako bizilagunek bizi izan ez dutenik. Kantitatea aldatzen da, maila… baina prozesu historiko edota militarrari dagokionean, Israelek Palestinan gauzatu duen okupazioaren azkenaurreko atala baizik ez da. Azkenaurreko atala diot, zeren eta “su artifizialak” amaitzen direnean, biztanleen egoera askoz okerragoa da bonbardaketa aurrekoa baino. Eta, bonbardaketen ondoren, hango milioi eta erdi lagunen egoera bonbardaketa garaian baino okerragoa da. Bizi-kalitatea beherantz ari da, hori bizi-kalitatea baldin bada, behintzat, eta ez biziraute fisiko hutsa.


Hitz egidazu 2009ko urtarrilaz.


… 1948an, duela 60 urte, Israelek bere estatua sortu zuen alde bakarreko erabaki bidez gaur egun okupatzen dituen lurretan eta, horretarako, 521 herrixka suntsitu eta 700.000 palestinar lekualdatu zituen. Gazako biztanleriaren %70, gaur gaurkoz, duela 60 urte indar militarrez lekualdatu zituzten haiek eta haien oinordeak dira. Lehenengo krimena, beraz, 2009ko urtarrilekoa, krimen jarraitua da, 1948ko maiatzean gauzatzen hasi zen haren jarraipena. Krimenak badu izena: “Biztanleriaren lekualdatze masiboa indarrez egina”. Biztanleria lekualdatutako hori, itxi egin zuten gero, fisikoki. Ondoren, nortasun agiriak eman zizkieten: Gazakoek kolore berdeko nortasun agiria dute eta ghettotik kanpokoek, berriz, urdina. Horretaz ari gara. 2006an, hornigaien sarrera galarazten hasi zen Israel, era guztietako hornigaiena, ordea: eraikuntza materiala, papera, liburuak, elektrizitatea, ura, ordezko piezak, sendagaiak… Horrekin batera, jendearen hara-hona librea ere galarazi zuen. 2007an, blokeoa absolutua egin zen, erabatekoa; NBEren errefuxiatuen aldeko batzordekoek beste inork ez dute sarrera bertan. Behar dutenaren %20 baino ez diete sartzen uzten. Eta 2009ko urtarrilean, edota 2008ko abenduaren 27an, aurreko horri sarraski masiboa helburu duen kanpaina gehitu zioten, aire eraso bidez.


Azken sarraski horren lekuko zuzena izan zinen.


Lekuko zuzena, bai… Iazko abenduaren 27an Israelek abiarazi zuen aire erasoak eragin zuen sarraski masiboa ez zen nolanahikoa izan: 360 pertsona hil zituzten 7 minutuan. Abenduak 27, goizeko 10.45ak. Bizian ahaztuko ez dudan eguna. Baina ni hilaren 19an sartua nintzen Gazan, eta hilaren 19tik 27ra krimenaren lekuko izan nintzen, ez zegoen-eta argirik, ez urik, ez janaririk… Medikuek esan ziguten haurren malnutrizio eta anemia mailak Afrikako umeen parekoak zirela. Afrikarrak. Alde bat baino ez: Gaza, Palestina, ez da herrialde azpigaratua, ezin esan da han inoiz bizitza duina egiteko baldintzarik izan ez denik. Horixe da Afrikaren kasua: behin ere ez da izan aukerarik, eta gaur egun ere ez. Gazan bestela dira kontuak. Hangoa inboluzio adibidea da, baina ez hondamendi naturala gertatu delako –tsunami bat, uholdeak, esaterako– ez. Lider politiko batzuen erabaki hotz eta guztiz kontziente batek eragin du, eta biztanleria erabateko mendekotasun eta beharrizan egoeran jarri.

Zergatik egin lezake hori inork?


Israelek dio bere lurra defendatzearren ari dela, bidezko defentsan ari dela, horretarako eskubidea duela… Baina bidezko defentsaren eskubidea ezin da erabili defentsarik gabeko jendearen kontra. Nazioarteko Zuzenbidearen arabera, eta beti hari buruz ari naiz denok elkar uler dezagun, zuk lurralde bat okupatzen baduzu, eta lurralde okupatu hartatik erasotzen bazaituzte, ezin duzu defentsa legitimoaren eskubidea aldarrikatu, zeren eta jende okupatu horrek egiten duenak beste izen bat du: erresistentzia. Beti eman diote izen hori historian. Orain ez, orain terrorismoa dela diote. Erresistentzia. Israelek defentsa legitimoa aipatu –eta badakigu halakorik ez dela, gezurra dela–, eta Gazako Zerrenda entitate etsaitzat hartzen du. Zergatik, eta bertan Hamas izeneko indar politiko batek agintzen duelako, eta Israelen, AEBen eta Europar Batasunaren irudikari politikoak erakunde terroristatzat jo duelako Hamas.


Zer dakar horrek?


Inor terrorista izendatzen duzunean, pertsona izaera ukatzen diozu, giza kondizioa bera, eskubide guztiak… Eskubideak galtzen dituelarik, zernahi egin liteke hura suntsitzeko. Horixe egin du Israelek: giza izaera ukatu die palestinarrei oro har, eta Gazan bizi direnei bereziki. Denak balio du. Logistikoki, Israel estatu kolpea eragiten saiatu zen aire eraso bidez. Blokeoa lehenengo, aire erasoa gero…


Zergatik ari da horrela Israel?


Arrazoi bakarra dago. Israelen estatu proiektuak –estatu sionistaren proiektuak, alegia– lurra behar du, juduentzat beste inorentzat izango ez den lur eremua. Ahalik eta metro koadro kopuru handiena behar dute, albait eta bertako jende kopuru txikienarekin; hau da, zenbat eta palestinar gutxiago bertan, hobe. Bultza eta bultza eta bultza –AEBetako Mendebalde Urrunean egin zuten bezala–, presio horrek Palestinako jendea Sinaiko desertura bidalaraztea du helburu.


Joan den abendu-urtarrilean Gazan ikusi zenuena irudietan bildu eta erakustekotan zara orain. Aurrerapena bidali didazu eta ikusi ahal izan dut. Agerikoa da “eraso selektiboen” selektibotasun eza.


Israelek dio Hamas beste inor ez duela bonbardatzen. Kito. Gezurra da. Israelek aipatzen duen “prezisioko erasoa” ezinezkoa da Gazako Zerrendan. Egingarria, beharbada, eremuan. Baina ez Gazako Zerrendan. 360 kilometro koadro dira. Milioi bat eta zazpirehun mila pertsona bizi dira bertan. Lur planetan populazio dentsitate handiena duen herria da, Manhattanek baino handiagoa. Eman dezagun zilegi dela Israelen abiapuntua, zilegi dela polizia etxe bat bonbardatzea, nahiz eta ez izan, Nazioarteko Zuzenbideak argi eta garbi esaten du-eta polizia indar zibila dela, ez militarra… Goazen aurrera, hala ere: “Zilegi da polizia etxea bonbardatzea”. Ongi. Baina polizia etxe bat eraikin zibilez inguraturik dago beti: merkatua, haurtzaindegia, meskita, etxebizitzak, gasolindegia… Hortaz, Gaza bezalako leku dentsitate handiko bat bonbardatzen duzunean, ezgertatzekoak gertatzen dira. Bertako kaleek ez dute metro baten zabalera ere, eta errefuxiatuen kanpamentuetako eraikinak zeharo ezegonkorrak dira, hormigoi eta zementu blokez eginda daude-eta. Eraikin bat bonbardatzen duzularik, etxe haren horma-teilatuak metraila bihurtzen dira, 200 tonako metraila, eta perimetro zabalean dagoen guztia zirtzil eginda uzten dute. Hemen jendeak ezin hori ulertu! Alabaina, horrelaxe hil ziren zibil gehienak Gazan joan den abendu-urtarrilean. Bonbardatutako eraikinak metraila bihurtu zirelako eta ondoko etxeetan sartu. Irudietan erakusten da 500 tonako hormigoi blokea sartu zela etxe bateko teilatutik, eta bertan lotan ari ziren zazpi lagun hil zituela.

“Eraso selektiboa”. Ikusi dudan beste irudi bat: NBEren hornigai biltegia sugarretan.


Hamasen kontrako eraso selektiboak direla diote, polizi etxeen kontrakoa. Baina hiru aste horietan ikusi nuenak besterik dio, eta egin dudan dokumentalak horixe erakusten du, egoera, baina barrutik ikusia: NBEren eskolak bonbardatu zituzten, aise identifikatzeko moduko ikastetxeak: erakundearen ikurrindunak, koordenada jakinekoak –are, Israelgo armadari hamabost egun lehenago helarazitakoak–; meskitak bonbardatu zituzten: kultu lekuak, otoitzean ari zen jendez beteak; bonbardatu eta su eman zioten fosforo zuriz bertako ospitale handienari, hau da, Ilargi Erdi Gorriak eta Nazioarteko Gurutze Gorriaren egoitza nagusiari; su eman zioten, fosforo zuriz, NBEren elikagai biltegiari; Khabaliako errefuxiatu eremuko Alauda ospitalea, espainiar eta euskal kolaborazioak zuzenean ordaindu duena, bete-betean bonbardatu zuten, irudietan erakutsi dudanez; Ilargi Erdi Gorriaren lau anbulantzia zartatu zituzten, zaurituak garraiatzen zituzten bitartean; frankotiratzaileek tiroka eraso zioten etxetik irten eta ihesi hasi zen jendeari; auzoetako ur-hoditeria suntsitu zuten buldozerren bidez, argindar-zutoinak bota… Gazako itsas-portua txikitu zuten, zenbait hotel…

Eta gu hemen, ulertu ezinik…


Bada, ulertu behar dugu Israelek bizi-espazioa definitua duela, eta bizi-espazio hori ez dela oihanaren legea besterik, legerik, araurik, eskubiderik ez dagoen herrialdea. Nazioarteko komunitateak, berriz, “erreserba natural babestua” izendatu du Israelen oihana, Nazioarteko Zuzenbidearen putzu beltza. Israelek nahi duena egin lezake, ez da-eta ondoriorik izango.

Ondoriorik ez.


Ez. Adibidez, Venezuelak halako enpresa bat nazionalizatzen badu, Washingtoneko Munduko Bankuaren Enpresetako Ekonomi Eztabaidarako erakundeak Venezuela zigortuko du; aldiz, Israelek NBEren hornigai biltegia zartatu, eta NBEk ez du bilkura bat deitzeko gaitasunik, are gutxiago Israelen kontrako zigor bat proposatzeko. Espainiak Khabaliako errefuxiatu eremuko Alauda ospitalea eraiki, eta Israelek txikitzen badu, Espainiako Gobernuak ez du Zuzenbide Kontsularreko unibertsitateko eskuliburuan ikasi genuena ere egiten: Israelgo enbaxadorea kontsultara deitu, alegia. Eta kontsultara deitzea da herri batek har lezakeen neurri guztien artean bigunena.

Nazioartea isilik.


Nazioartea? Hara, Bartzelona plaza zen Gazako Zerrendan zegoen eremu publiko urbanizatu bakarra: Bartzelonako hiriak Gazakoari egindako 380.000 euroko dohaintza zen. Urtarrileko erasoaren azken egunean, sartu bertan israeldarrak sei Merkava tanketan eta zeharo suntsitu zuten. Bartzelonako gizarte eragileak galdezka ari zaizkio Bartzelonako Udalari: “Eta, zer egin asmo duzu dohaintzari buruz?”. Eta Bartzelonako Udalak: “Berregin!”. Hortaz, nazioarteko komunitatea –dela Bartzelonako Udala, dela Eusko Jaurlaritzako Kooperazio Zuzendaritza, Espainiako Nazioarte Kooperaziorako Agentzia, edo Europar Batasunaren Giza Laguntzarako Agentzia…–, finean, Israelgo armadaren okupazio militarraren kostu ekonomikoa azpikontratatzen duten agentzia bihurtzen ari dira: jaten ematen diote jende okupatuari, hezkuntza, hornigaiak ematen… eta Israelgo armadak hori dena hankaz gora jartzen duenean, ezikusia egin eta beste txeke bat sinatzen dute: zure eta nire zergetatik dator txeke hori. Horri konplizitatea esaten zaio.

www.argia.eus/argia-astekaria
helbidean, elkarrizketaren bertsio luzea.
Nortasun agiria
Alberto Arce (Gijon, Espainia, 1976). Zientzia Politikoak ikasia, Santiagon (Galizia), Suedian eta Argentinan. Nazioarteko Harremanak du espezialitatea, Zuzenbide Kontsularra, Zuzenbide Diplomatikoa eta beste. 2004tik hona komunikazioa eta aktibismoa nahasten ari da, lanean. Komunikazioak aktibismoa finantzatzen dio. Komunikatu ere, aktibismoa komunikatzen du. Mapatik ezabatuak eta Elefanteari tiroka (kamera eskuan) ditu joan den abendu-urtarrilean Gazako Zerrendan bildutako irudiekin egindako filmak. Brigadistatzat du bere burua.
Suntsitu ez, ezabatu
“Dokumentalaren bertsio laburrak Mapatik ezabatuak du izenburu. Israelek dio Hamas mapatik ezabatuko duela. Hori ezinezkoa da, ordea. Arabieraz, berriz, bada aditz bat, ‘ezabatu’, eta Hamasekoek entitate sionistari buruz ari direla aditz horixe erabiltzen dute, esanez egunen batean Israel mapatik ezabatuko dutela. Hedabideek diotelarik Hamasek Israel suntsitu nahi duela, arabieraz ‘ezabatu’ da hitza”.
Deskribatu ez ezik, baloratu
“Ez naiz nire filmetan ageri ohi. Mapatik ezabatuak honetan, momentu batean ageri naiz, bai. Ez nuen erabakia beroan hartu. Tira, beroan, kamerari begira hitz egitea izan zen: ‘Ez da posible! Kokoteraino nago ikusten ari naizena ikusten!’. Hotzean, berriz, irudi horiek filmean itsastea erabaki nuen. ‘Garbi gera dadila irudi hauek editoriala dutela; hau da, egileak halako eta halako pentsatzen duela’. Ez nuen nahi inork pentsa zezan errealitatea deskribatzen ari nintzena. Ez. Deskribatzen ez ezik, baloratzen ari nintzen, horretarako eskubidea dudalako. Hobe bai kazetariak egoerak baloratzen hasiko balira, adjektiboak jartzen! Deskribatzea ez da aski”.
'Elefanteari tiroka'
“George Orwellen kontakizun baten izenburua da eta hari omenez jarria du titulu hori filmak. Gazan, zortzikote bateko kide nintzen: Ingalaterra, AEBak, Australia, Italia, Espainia, Greziakoak ginen han. Denok ere gauza bat dugu berdinean: Espainiako Gerra Zibil garaiko nazioarteko brigadak, eta George Orwellek haietaz egin zuen narrazio laburra. Nahi genuke gu biltzen gaituen ISM [International Solidarity Movement] palestinarentzat izan ledin Nazioarteko Brigadak Espainiarentzat izan zirena 1936an. Garaiak aldatu dira eta guk ez daramagu mauserrik, kamerak baizik… baina brigadista gara, harro asko. Bada garai hartako poema bat, Cesar Vallejorena, ‘Espainia erortzen bada…’ ari da. Gure kasuan, Palestina erortzen bada, atzetik gainerako guztia eroriko da…”.
Azken hitza
Behi sakratua
“Neuk egina da telebistarako dokumentala, Mapatik ezabatuak, eta uste dut ona dela. Baina ez naiz objektiboa. Sudanez ariko banintz, edo Venezuelaz, filmak erraz egingo luke bidea. Baina ‘behi sakratuaz’ ari naizenez, Israeli buruz, asko zabalduko dela uste dut, baina bide alternatiboak ibiliz. Dena oker badoa, datorren urtean ikusiko dugu film luzea. Dena ondo badoa, aurten, gizarte eragileen laguntzaz”.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude