"Euskaldunok erretorikoak bihurtu gara"

  • Bartzelonatik –Sant Jordi Eguna kari– etorri berritan mintzatu gara Bernardo Atxaga idazlearekin (Asteasu, 1951). Zalduondoko bere etxean hartu gaitu, adeitsu. Birziklatze-ontzira bidean doala topo egin dugu berarekin, kaxa paperez beteta eskuetan duela. Boston-en egunotan eman behar duen hitzaldirako paperak mahai gainean dituela eseri gara geroago: hitz eta pitz. Mundua ez dago hitzak alferrik xahutzeko abagunean, ordea.
Bernardo Atxaga
"Beste euskaldun mota baten bizitza ezagutu dut, euskararekin beste harreman bat duena. Euskal komunitatea hitz batean. Nolako historia daukaten euskaldunek AEBetan! Izugarri altu utzi dute euskal pabilioia. AEBetan adiskidetu naiz euskal kulturarekin".Dani Blanco
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Zer moduz Bartzelonan, Sant Jordi Egunean?


Sant Jordi Eguna harrigarria da, izugarria. Liburuaren Eguna dela-eta bisitarien kopuruak gora egin du azken urteetan. Sant Jordiko pregoia katalanez egitea ohorea izan da niretzat, eta neurri berean euskaraz idatzitako literaturarentzat. Bertako bibliotekariek hautatzen zaituzte eta oso harrera gozoa egin didate. Aintzat hartzen dute nik euskaraz idaztea.

Behinola irakurri nizun “katalanen eta euskaldunen artean ez dagoela aipatu ohi den feelinga”. Egun ere horrela pentsatzen duzu?


Iruditu zait bi norabideak ez direla beti indar berekoak izan. Katalanek guganako feelinga daukate, sentipen handia. Haiengandik gureganako maitasuna handia da. Hemendik hara doana aldiz? Ez dut gauza bera ikusten. Euskal kulturan ezarrita dagoen jarrera da hori. Euskal kulturaren erdia baino gehiago erretorika da, oso jende erretorikoak bihurtu gara.

Estereotipoak gailentzen ari dira gure kulturan.


Bai, besterik ez dagoenean estereotipora jotzen da, ideia orokor eta erdi mortura. Jarrera hori zurruntasunak ekartzen du normalean. Noraino gauden zerbaitetik urrun, bada, orduan, estereotipo handiagoa edo txikiagoa sortzen da: ideia orokorra, makala edo traketsa. Alegia, beharbada gu urrun gaude katalanengandik. Egia esan, ez dakit zeinengandik gauden hurbil. Astuna da kontua. Dena den, azkeneko 30 urteetan katalanek hobeto ezagutzen gaituzte.

Zuk zeuk, Bernardo Atxaga idazleak, estereotipo bihurtzeko arriskua sentitzen al duzu?


Mapetako isobarak gogoratu zaizkit. Kontua da zein koordenadatan kokatzen den nitaz ari den hori. Hainbat irakurle nire liburuetatik hurbil daude, baina beharbada niregandik jende asko urrun dago. Gizabanakook bestea “gauza” bihurtzen dugu, nork bestea kosifikatzen du. Literaturak duen lan handietako bat hori da: errealitateari buruzko ideia kosifikatuak, estereotipoak alegia, pitzatzea. Niri buruaz ideia asko azaltzen da, eta txundituta uzten naute, oso urruti daude ni naizen horrengandik.

Obabakoaken bidez “Obaba basoz inguratutako herria” dela ikasi genuen. “Euskaldunon lurraldetasuna mundu guztia dela” ulertu dugu Zazpi etxe Frantzian nobelarekin. Baserria eta hiria, horra hor agertzen den dualtasuna. Zure barne borrokan dualtasuna ere badela esan dezakegu?


Bartzelonan botika batean sartu nintzen halabeharrez. Nagusiak azalaren egoera aztertzen dizun makina bat jarri zidan aurpegian. Sei lauki azaldu ziren, bakoitzak kolore bat zuen: “Hau lehenengo geruza da, hau bigarrena, hau...” erakutsi zidan. Geruza guztiak ezberdinak ziren. Seigarrenean sakon-sakonean agertzen zen nire azala nola zegoen. Hauxe diot esateko, nobela batek seigarren geruza hori duela helburu. Eta geruza horietan borroka handiena, gero eta argiago daukat, lexikoaren borroka da. Hau da, hirugarren geruzak dio: “Baserria hau da, eta hiria beste hori”. Laugarrenak “hau eta beste hori”. Idazleak idaztean hauxe dio: “Lexikoari buruzko lehian sartu nahi dut. Hitzek esan nahi dutena zehazki idatzi”. Hori da gai nagusia literaturan, kulturan, munduan... Obabakoaken basoa eta hiria hitzak modu ezberdin batean hartu nituen. Baina lexikoan ez dago erabateko gardentasunik, zenbaitetan hitzak homonimoak direlako, homonimoak baino hitz berak direlako. Alegia, ezin da esan: “Basoa Obaban eta basoa Gipuzkoako Aldundiaren txostenetan gauza bera da”. Obabakoaken bi mundu ziren, bati basoa deitu nion eta besteari deitu nion... Hiria? Bestea da bestea, ez dakit zer den!

Euskal Hiria ideiaren defendatzaile izan zara. Erantzunak eta kritikak jaso dituzu. Imanol Galfarsororen Subordinazioaren kontra eta Xabier Montoiaren Euskal Hiria sutan eleberria ditut gogoan. Gaur egun, zer diozu Euskal Hiriaz?


Horri buruzko erantzuna nire blogean dago (Astoarena izenekoa). Kritikak denok amorrarazten gaitu, noski. Baina ez esan “zuek Villabonakoak...”. Barkatu ni ez naiz Villabonakoa, zehaztasun pixka bat mesedez. Nik hitz egiten dut. Alegia, pilota hartu eta sakatu egiten dut. Besteek zer egiten dute? Nik ez dut inor hizketan sentitzen, aldiz ni pilota sakatzera noala txistu egiten didate sakatu gabe. Eta beste batek, sakea egin dudanean, txiste bat kontatzen dio auzokoari. Hori ez da erantzutea. Euskal Herrian polita litzateke ikastetxe erraldoi bat antolatzea euskaldunak hezteko. Izan ere, esaterako, nik Lekuak liburuaren bitartez hitz egin dut, inork nahi badu nik serio esaten dudana modu zehatzean hartu dezan. Hori ez da pilotari ostikoa ematea. Zuk esaten didazu “erantzun didate”. Nahiago nuke sinestea erantzun didatela. Nik ez dut erantzun handirik ikusi. Norbaitek testuari buruz txistu edo txiste bat egitea, irain bat luzatzea, ez ditut gaizki hartzen, baina ez dira erantzunak. Euskal Hiriaren gaiarekin aspertuta nago. Euskaldungoan ez dago inolako pentsamendu kritikorik. Euskarazko gogoetarik bada, Pamielak antolatutako Juan Zelaia Sariari esker da. Goseak nago ea sortzen den eztabaida, gogoeta, ze, bistakoa da, ez dut uste egoera oso alaia denik.

Behinola, basoko munduaren akabera islatuz edo, trikua agertzen zuen poema idatzi zenuen. Handik urtetara, aurrerapenaren beharrez edo, “urtxintxak errepide nagusitik gorago bizi zitezkeela” irakurri genizun. Bigarren hau kritikatua izan zen.


Bai, baina biak oso kualitate ezberdineko espresioak dira. Ez dute zerikusirik. Trikuarenak ez zuen Euskal Herriarekin zerikusirik, logikako paradoxa batzuekin baizik. Gaia hizkuntza zen, hitzek zein eta nolako harremana duten errealitatearekin.

Agian nik poema modu batez interpretatu nuen, eta handik urteetara, urtxintxaren inguruko auziarekin nahastu dut.


Gerta liteke. Esaterako, kanpoko eskultore batek poema eskatu zidan poemaren hiztegia objektu bezala lantzeko. Eskulturak egin nahi zituen eta horretarako trikuaren hiztegia landu poemaren ildoan. Beste batean, hemengo batek gerora nagusitu zen interpretazioa eman zidan: “Uste dut Euskadiri buruz idatzi den poema onena dela”. Nik pentsatu nuen, “interpretazio hori zilegia da”. Alegia, testua osatuz doa. Eta onartu egiten dut bigarren interpretazioa. Baina ez nuke poema eta elkarrizketa batean esandakoa lotuko, kasurako, urtxintxari buruz esan nuenarekin. Hor dago mintzakideen abusua. Elkarrizketa batean esana hartzen dute eta... Ez. Hitz egin nik idatzitakoaz. Elkarrizketa batean esanak badu balio bat, baina ez du idatziaren balioaren parekorik.

Soinujolearen semea argitaratu eta Jose Irazu izenez sinatzen hasiko zinela iragarri zenuen. Nahia ez zen gauzatu. Zergatik?


Paulo Doneak idatzia gogoan: “Bizitzan milizia dago lurraren gainean”. Lehian bizi gara, lehia gure bizitzaren muina da, eta hori gizartean izugarria da. Luis Cernudak desira eta errealitatea ekarri zituen poema batean. Oraindik ere Jean-Jacques Rousseauk planteatu zuen dikotomia bizi dugu: “Gizon bakartia zoriontsua litzateke, baina ezin da bizi bakarti”. Nik nire bizitzan ahalegin handiak egin ditut, zer atera dudan aurrera? Ehuneko hogeia. Halere, Granadako errege hura baino zoriontsuagoa naiz. Hiltzear zela galdetu zioten zenbat egunez izan zen zoriontsu eta erantzun zien: “Hiru egunez”.

Renotik bueltan Zazpi etxe Frantzian (Pamiela) ekarri duzu. Horretaz gainera, zer eman dizu Renok?


Izugarri zabaldu zait Euskal Herriari buruz nuen irudia. Joan aurretik euskararen irudia eta Euskal Herria nire irudimenean gero eta txikiagoa zen. Estutzen ari zen, xahutzen eta kaskartzen, nire buruan esan nahi dut. Euskal Herrian nagusi den jarrera hiperkritikoa, akritikoa da, ekibalenteak dira. Badago ofizio bat... ez dut esango... denak ezin direlako sartu [kazetari ofizioa ote den pentsatu du kazetari honek]. Denen aurka ari dira batzuk, gaizki esaka, subjektuak eta objektuak, denak hankaz gora jartzen dituzte. Zer leku txikia eta itogarria den Euskal Herria! Halako batean joan nintzen AEBetara eta Euskal Herriaren ideia zabaldu zitzaidan, oxigenoa izan da. Beste euskaldun mota baten bizitza ezagutu dut, euskararekin beste harreman bat duena. “Euskal komunitatea” bi hitzetan. Nolako historia daukaten euskaldunek AEBetan. Izugarri altu utzi dute euskal pabilioia. Adiskidetu naiz euskal kulturarekin.


Zazpi etxe Frantzian hizpide orain. Bere oinarrian Etiopia poesia liburua ikusi dut. Nobela Yangambi-n garatzen da, Afrikan. Etiopia eta utopia hizpide, dualismoa berriz ere.


Etiopia ikusten ez zen utopia baten bila joatea izan zen. Zazpi etxe Frantzian kontrautopia da. Yangambi kontrautopia da. Jonathan Swiften Lilliput [Gulliver’s Travels] ez da Tomas Mororen Utopia, kontrautopia baizik, gure gizartean dauden utopien aurkakoa.

Zazpi etxe Frantzianeko lurra lur trinkoa da. Zure aurreko nobelen idazkera baino konpaktuagoa da. Idatz moldea aldatu duzu, baita nobelaren eraikuntza ere.


Soinujolearen semea edota Gizona bere bakardadean nobeletako protagonisten aldean, Zazpi etxe Frantzian-ekoak bestelakoak dira. Honetan –Paul Valéry aipatu beharra dago–, pertsonen aurpegiak denik eta paisaia konplexuenak dira. Zer esanik ez, pertsonen aurpegiaren atzean dagoena. Literaturan pertsonaien pisua, obraren zentzu orokorrean, izugarria da, eta kasu honetan, pertsonaiak ez dira aurrenekoak bezala. Hemen beste kezkak agertu ditut. Horrek esan nahi du idatz moldea aldatu dudala? Zuk diozu modu trinkoagoan idatzi dudala. Baliteke. Nik nire teknikak erabili ditudala esango nuke.

Aurreko nobeletan baino irakurketa gehiago direla, gehituko nuke.


Bai, geruza asko sartu baitut liburuan. Ordenagailuaz ariko bagina, nobela honek programa asko dauzkala esango nuke. Bat, kontaera. Beste bat, aurreneko erreflexioa irakurlearen buruan: lapurra jende amorala da. Baina, ez da aipatu, ez delako programa erraza, hauxe: “Kontuz –esaten diot irakurleari–, nola irakurtzen ari zara?”. “Konturatzen zara fikzioa dela, eta igoal burla egiten ari naizela?”. Nik lexikoan lan egin dut bereziki. Adibide bat garbia: “Metafora bikoitz batekin esateko, argi bat iluntasunean eta bidezidor bat aurkitu zituen basoan” idaztean, adarra jotzen ari naiz. Inork ez du hori esaten metafora bikoitz batekin. Edo, beste pasarte bat: bi gizon igerian ari dira eta jakin dute uste baino diru gehiago irabaziko dutela. Bi gizon zuri Afrikan. Zerbait onest gertatu balitz bezala, haur bat salbatu izan balute bezala. Narrazio modua erabat klasikoa da. Beste era batean kontatuta dago. Liburu hau ez da erraza adierazten. Hitz bat bakarra ez dago idatzia ondo hausnartu gabe.

Estetikaz eta lexikoaz gain, kritika soziala zorrotz egiten duen eleberria da hala ere.


Nik sinatuko nuke hori, baina gehituz, soziala esatean ari garela lexikoan pentsatzen, ari garela tonuetan eta errepresentatzeko moduan pentsatzen. Alegia, niretzat ez dauka zentzurik esan dezagun “borroka dezagun askatasunaren alde”. Izan ere, Espainiako talde erreakzionarioenek “libertad” hitza erabiltzen dute. Orduan, kontuz hitzekin. Hitzak ez dira zureak bakarrik, zuk hitz hori erabiltzen duzunean, kontra dagoenak bera erabiltzen du. Borroka hitzetan dago.

Nire lainoan, liburuko militar-poeten ahotsak gogoan, ezin izan dut Ni ez naiz hemengoa liburuaren egilearen presentzia burutik kendu. Zuk esana da “faltsua da militarraren era poetaren arteko bereizketa”.


Gogoeta hori hurbilegia da. Nik ez dut inola ere ETAkoen inguruan pentsatzen idatzi. Gogoeta poesiari buruzkoa da. Orduak eta orduak hitz egingo nuke horretaz, gaia ez da bi hitzetan azaltzekoa. Liburuan poetak alor berezia izan du. Poesia desinteresatua eta poeta desinteresatua. Hori konkista bat da, talde batek hori bereganatzea lortu du. Baina, bestalde, poeta aipatu eta zer-nolako irudi dagoen! ETAko inguruko poetak ezagutzen dituzu, edo badakizu zein den poeta –poeta arotza, harakina edo ingeniaria izan–, eta batzuek gaiztoaren alde eta beste batzuek zintzoaren alde egin dutela konturatzen zara. Esan nahi dut, Radovan Karadzic psikiatra eta poeta eta genozida da. César Vallejo poetak berriz pobreak defendatu zituen bere indar guztiekin. Ez dago kondena bat nire partetik. Lehia lexikoan ikusten dut, jar ditzagun hitzak behar diren tokian.


Protagonista bi hizpide: Donatien laguntzailea eta Chrysostome Liège ofiziala. Lehena errito eta tradizioen adierazle, gure cashero laidotua. Bigarrena ere laidotua ustezko bere homosexualitatearen kari. Menperatuen mundua deskribatu duzu.


Gure gizartean nagusia den kultur oinarrietako bat, ideologiaren osagarrietako bat, militarrak dira. Militarrak bere konnotazio guztiekin, beren prestigio eta bortxarekin. Baina bestalde, telebista piztu, jo zinera, Harry zikina filma adibidez. Harryk legea obeditu behar du, baina honi eta horri tiro jotzen die justizia egiteko. Modu militar hori oso arriskutsua da, eta nonahi dago ezarrita. Nobelan Eguberriak azaltzen dira propio. Urtero azaltzen zaizkigu bizitzan, baina urtean barrena zer dago gizartean? Jarrera gogorrak. Zenbat txiste egiten da homosexualei buruz jendearen artean edota telebistan.

Mark Twain, Conan Doyle, Joseph Conrad autoreak aipatu dira zure liburuaz idazterakoan. Baina zuk ez duzu metaliteratura egin. Edo bai?


Ez, ez dut egin. Autore horiek beren nobela egin zuten gai historiko horren harian. Horiek nirean daude? Egon daiteke Kixotea. Zergatik ez? Mark Twain-en liburua ondo idatzita dago, bere garaian zuzena, Erregea kriminala da. Baina orain hori egitea? Nire helburua gaurko jendeari gaurko sentsibilitatearekin idaztea da. Orainari buruz ari naiz. Abenturazko nobela irakurri nahi duenak erraz irakurriko du, baina badago gehiago.

Lur berria landu duzu. Euskal literaturan lantzen ari direnari buruzko iritzia ematerik bai?


Ez dut aski irakurtzen, ez dut denborarik, ez naiz zuzena izango. Badut iritzi orokorra, baina ezin dut erantzun. Hala ere, zer ona litzatekeen azterketa soziologiko bat egitea euskal literaturaren egoera ezagutzeko, zifrak, ehunekoak eta indizeak ezagutzeko. Hor ikusiko litzateke modu batez euskal literatura zertan ari den.

Zazpi etxe Frantzianekin “euskaraz sortzen duguna mundurako sortu behar dela” frogatu duzu.


Nire helburua, besteak beste, Basque hitza munduan azaltzea da. Basque hitza ezarri dut munduan, ez da gutxi.

Euskal Herriak –politikoak– eta euskararen herriak badute munduan tokirik?


Nire kezka euskararen herria da. Noski hori lotuta dago izate politikoarekin. Galdera interesgarria da, galderak segidan baitatoz. 1) “Euskararen herriak aurre egin ahal izateko behar al da halako subiranotasun politiko bat?”. 2) “Subiranotasun politikoa zein motatakoa izan daiteke? Hiru motakoa?”. Hegoaldean, Nafarroa alde batera une batez, EAEn: “Hiru probintzietan ahalmen politikoa dago, nahikoa al da euskararen herria aurrera ateratzeko?”. “Eta hala ez bada, zergatik ez?”. “Arazoak makroak dira edo bestelakoak?”. Eztabaida interesgarria da. Jendea beharbada idazten ari da honi buruz, nik ez dut gehiegi ezagutzen, egia esan. Baina hau da benetako gaia.

(...)


Euskal literaturaren egoeraz galdetu didazu: Ikus ditzagun zifrak eta indizeak. Jendearen irakurketen zerrenda bat egin dezagun jendeak zer irakurtzen duen jakiteko. Zein diren kanpoko, zein bertako idazleak. Hori zentzukoa litzateke. Nik duela hamar urte jendeak zer irakurtzen zuen ezagutzen dut, gaur ez.

Subiranotasuna aipatu dut. Munduan dagoen lehia handiena sinbolikoa da. Ea nor den prestigio, balio edo glamourra duena. Borroka sinbolikoa etengabea da. Musika –rock & rolla eta popa, adibidez– modu sinbolikoz aginte sinbolikoa ezartzeko bidea izan da. Piztu ezazu irratian Gaztea. Euskal Herriko hizkuntzak aipatzean, ingelesa ere jartzea gustatuko litzaidake. Hemen entzuten den musika gehiena ingelesez dago. Ingelesa hemengo hizkuntza da. Ez dut entzuten kanta frantsesik ez italiarrik. Euskararen inguruan esan ohi da: “Subiranotasun honekin ezin da, beste bat behar dugu”. Independentzia? Bai? Ziur al gaude? Kultur sailetan ez badago gogoetarik alferrik dira makro mailako erakundeak. Menpekotasun sinbolikoa izugarria da musika saioetan. Speakerrak “benetan” speakerrak dira. Ingelesezko titulua esatean, nik bezain gaizki erabiltzen dute ingelesa, baina ez dute itzultzen, horra menpekotasun sinbolikoa! Ni ez naiz inor baino hobea, baina gure arazoa errealitatean ikusten dut, menpekotasun sinbolikoan. Literaturak garrantzi handia hartu dezake lehia sinbolikoan.

Azkenak
Xabi Alonsoren Igeldoko txaleta eraiki zuen enpresaren eta Donostiako Udalaren aurkako salaketa jarri dute talde ekologistek

Haritzalde eta Ekologistak Martxan Gipuzkoa elkarte ekologistek salaketa aurkeztu dute Gipuzkoako Fiskaltzan. "Prebarikazioa" eta "Ondasun publikoen usurpazioa" leporatzen dizkiete txaleta eraiki zuen Tavaro XXI enpresari eta Donostiako Udalari, etxearen... [+]


Hasi dira Higa Hizkuntza Gutxituetako Hiztun Gazteen topaketak, Gasteizen

Astelehenetik ostiralera bitarte, 18 eta 35 urte arteko 80 gaztek mundu osoko hizkuntza gutxituen arteko harremanak sendotuko dituzte hitzaldi, mahai inguru eta mintegien gisako jarduerekin. Guztira 68 hizkuntza gutxituk izango dute presentzia topaketan, inoizko kopuru handiena.


2025-07-15 | ARGIA
Sanferminak amaituta, Iruñerriko autobusek greba utzi dute, irailera arte

Zerbitzu minimoek eragin handia izan dute Iruñerrian jaietan. Negoziazioan aritu dira, baina ez dute akordiorik erdietsi. Normaltasunez jardungo dute udan, eta irailean berrartuko dituzte lanuzteak.


‘Geldi euskara zapaltzea!’ lelopean iganderako elkarretaratzeak antolatu ditu Euskal Herrian Euskarazek

Euskal Herrian euskara "hainbatetan ukatua edo bigarren hizkuntza bezala tratatua" dela salatu du EHEk, eta egoera hobetzeko hizkuntza politiketan jauziak egitea ezinbestekoa dela adierazi du. Hori dela eta, elkarretaratzeak egingo ditu Maulen, Donapaleun eta Baionan,... [+]


Trumpek ezarritako %30eko muga zergekin, kolokan dago EBn eta AEBen arteko merkataritza

Etxe Zuriko maizterrak larunbatean iragarri zuen EB Europako Batasunaren esportazioei %30eko muga zergak ezarriko dizkiela abuztuaren 1etik aurrera, biak merkataritza akordio batera ez iritsiz gero. Horren aurrean, AEBei muga zergak igotzeko prest dagoela adierazi du EBk... [+]


Kataluniako finantzaketa akordioa: galdera gehiago, erantzunak baino

Espainiako Gobernuaren estrategia politikoaren barruan mugitu du fitxa PSOEk: protagonista handirik gabeko irudi batekin jakinarazi dute akordioa, baina detaile gutxi emanda eta datarik ipini gabe.


“Intentsitate handiko” bi sexu eraso erregistratu dituzte Iruñeko sanferminetan

Gutxienez hamahiru sexu eraso salatu dituzte hainbat emakumek, horietatik bi "intentsitate handikoak", eta besteak "arinagoak". Mugimendu Feministak gogorarazi du salatutakoez gain "sexu eraso gehiago" egon daitezkeela, eta lanean jarraituko duela... [+]


2025-07-15 | Mikel Aramendi
ANALISIA
XXI. mendeko arma-lehiaketaren probalekua izan behar al dugu?

Eskarmentu ikaragarria –hitzaren adiera etimologikoan, besteak beste– dugu europarrok arma-lehiaketetan. Eta, paradigmatzat hartu ohi denetik, XIX. mendearen amaiera eta XX.aren hastapeneko hartatik, mende eta laurden igaro denean arma-lehiaketa kartsuenera itzuli... [+]


2025-07-15 | Angula Berria
Osasun Bidasoak salatzen du urologia-patologia duten pertsonekiko arretaren gabezia larria

Eskualdeko ospitaleko zerbitzua ixtearen ondoren, ez dira Donostiako Ospitalean ere artatzen. Haurren larrialdietako arreta gabezia ere dirau. Lehen mailako arretako pediatria kolapsatuta dago eta ez dago haur-psikiatrarik.


Etxeko langileen hitzarmenaren auzia Espainiako Auzitegi Konstituzionalera eraman du LABek

Etxeko langileek jasaten duten "prekaritateari" aurre egiteko, "neurri zehatzak" biltzen dituen dekalogo bat aurkeztu du sindikatuak, Bilbon. Auzia lehenbizi Espainiako Auzitegi Gorenera eraman zuela jakinarazi du LABek, baina auzitegi horrek ez diola... [+]


ANALISIA
Lasserre edo betiko leloaren betiko leloa

Egoerak bere horretan segituz gero, Euskal Hirigune Elkargoak ez du izenpetuko EEP Euskararen Erakunde Publikoa osatzeko hitzarmen berria. Orain artekoa urte hondarrean bukatuko denez, baliteke 2026an ofizialtasunik gabe izateaz gain, hizkuntza politika bideratzeko egitura... [+]


Emakume sexualizatuak oholtzan eta Arrigorriagako polemika: askatasunaren eta eredu patriarkalaren artean

Norbere gorputzaren gaineko erabakiez, estetika heteropatriarkalaren morrontzaz, kontraesanez eta musikaren industriaz solastatzeko baliatu dugu Arrigorriagako polemika: herri horretako jai batzordeak Vulkano orkestra festa-egitarautik kentzea erabaki du, ikuskizuneko... [+]


Analisia
Europar Batasunak zifratua hautsi nahi du segurtasunaren aitzakiarekin

Europako Batzordeak, Batasunaren barne-segurtasuna indartzeko promesarekin, aspaldi lantzen ari den bide-orri bat aurkeztu du segurtasun-indarrek herritarron datuetarako sarbide eraginkor eta zilegia izan dezaten. Krimen antolatua, terrorismoa, haurren abusua eta antzeko... [+]


2025-07-15 | Irulegiko Irratia
Minbizien %19 gure ingurumenari lotuak izanen lirateke, Munduko Osasun Erakundearen arabera

Hori da Munduko Osasun Erakundeak iragarri berri duen zenbaki ikaragarria. Horregatik, osasun arloko profesionalen CPTS taldeak prebentzio kanpaina berria plazatu berri du, publiko handia asaldatzeko.


Eguneraketa berriak daude