Duintasunez biziko bagara elkarrizketa landu behar dugu

  • Demagun taldeak bakea eta elkarbizitza sustatzeko proposamen berria landu du iragan Eguberrietan. Ekimena hausnarketarako gunea da. Gogoetaren eta eztabaidaren bidez euskal gizartearen egoera soziopolitikoa aztertzea xedea dute antolatzaileek.
Demagun taldeak antolatutako mahai-ingurua
Mahai-inguruko kideak eztabaidako une batean.Dani Blanco
Donostiako Ernest Llluch Kultur Etxean bost lagun bildu ziren Alberto Surio kazetari eta moderatzailearen inguruan: Itziar Aizpuru (Bakearen Aldeko Koordinakundea), Ramon Etxezarreta (Donostiako Udaleko Kultura zinegotzia), Joxan Rekondo (Gipuzkoako batzarkidea, EA), Fito Rodriguez (idazlea) eta Bixente Serrano Izko (idazlea).
 
Demagun taldearen anagramak “parlar, falar, hablar eta hitz egin” dio. Mintegi moduko hau Espainiako Estatuko beste erkidegoetara zabaltzea asmoa dute. Gogo handiz hartu genuen taldearen gonbidapena. Besteak beste, aipatutako hizlariez gainera, Gorka Espiau (Ibarretxe lehendakariaren aholkularia) eta PPko Iñigo Manrique (Gipuzkoako batzarkidea) gonbidatuak zirelako. Lehena ez zen etorri lan arrazoiak zirela medio. Bigarrena berriz, parte hartzeko gogoa azaldu ondoren, bere alderdiaren estrategiak eragotzi zuelako.
 
Ramon Etxezarretaren hasierako hitzak hartu ditugu mahai-inguruaren giroa baita gizartean gaur egun dagoen “elkarrizketa”ren egoeraren neurgarri. Etxezarretaren hitzetan beti berarekin akordatzen dira “marroi” horietarako, baina bera han zegoela: Lehendakaritzak bere zerbitzuak beharrezkoak ez zituelako eta bere alderdiari ez ziolako iritzia eskatu. Hori esanda, hizketaldi osoan ez zuela biktimarena egingo hitz eman zuen.
 
Elkarrizketak tresna baliagarria izaten jarraitzen al du egungo egoeraren ebazpenerako?” galdetuz, abiatu zuen solasa moderatzaileak.
 
Itziar Aizpuru
: Azken bake prozesuetan elkarrizketa eta negoziazioa ez dira ondo bereizi eta definitu. Ezin da jada elkarrizketa prozesu bat abiatu ETAk biolentzia behin betiko uztea erabaki ez badu. Hitz egin behar da, baina erabilitako formatoek ez dute balio honezkero.
 
Ramon Etxezarreta
: Elkarrizketa baliagarria da, baina ez dago baldintza gabeko elkarrizketarik. Elkarrizketa gauzatzeko guztiok lengoaia bera erabili behar dugu. Argot politikoan erabiltzen diren terminoak erretorikoak dira. Etsaia hitza, kasu. Mintzakidea etsaitzat jotzen den bitartean elkarrizketak ez du emaitza onik ekarriko.
 
Joxan Rekondo: Elkarrizketa baliagarria ote den? Esperientziak ezetz erakutsi digu orain arte. Elkarrizketa baliagarria da halere. Eskarmentua pilatu da maila eta testuinguru ezberdinetan. Elkarrizketaren baliagarritasuna demokraziaren oinarria da eta demokrazian ezin zaio elkarrizketaren bideari uko egin. Elkarrizketa demokraziaren markoaren baldintzapean gauzatu behar da, baina berau gauzatzeko baldintzak aldatuz doaz.
 
Fito Rodriguez: Zer adierazi nahi du parlamentuak? Parlar. Baina demokraziaren helburua ez da gehiengoaren eta gutxiengoaren arteko elkarrizketa soila gauzatzea, gizartearen kohesio handiena lortzea baizik. Gizartea komunitate ezberdinek osatuta dago eta egitura politikoak aldagarriak dira. Marko politikoek eta estatusek iraungi data behar dute.
 
Bixente Serrano Izko: Orain arte ez da baliagarria dela frogatu, baina izan behar du. Ez dago beste irtenbiderik. Kontua da ez dakigula “arazoak” ondo azaltzen. Hor hasten da elkarrizketaren erretorika. Baldintzak aipatu dituzue, baina hauek ez dira betetzen. ETAren aldetik ez dago borondate politikorik eta Estatuko indar politiko handien aldetik ere ez.

Eztabaida irekia

Funtsean bost lagunek elkarrizketaren defentsa egin zuten. Lehen hirurek bat egin zuten, ñabardurak ñabardura: oraingo marko demokratikoaren baitako elkarrizketa baliagarria da gatazka gainditzeko. Laburrean: esparru demokratikoak lehentasuna dauka euskal esparruarekikoan. Fito Rodriguez ez zetorren bat subjektu politikoa euskal herritarrak direlako, ez oraingo estatusa. Bixente Serrano Izko bat zetorren Rodriguezekin, baina bere ustez ETAk ere –Estatuaz beste– euskal herritarren erabakimena oztopatzen du.

Ondoren, solasaldia eztabaida bilakatu zen. Haien hitzek hauxe iradoki ziguten gutxi gorabehera: Nork bere erara ulertzen du elkarrizketa. Elkarrizketatzeko edo parlamentatzeko markoa zein den zehazteko orduan, denbora eta espazio aldagaiak zehaztea berebizikoa da. Horietan murgildu ziren solaskideak.

Zein da gaur egungo elkarrizketa politikoa finkatzeko abiapuntua? Trantsizioa, Espainiako Konstituzioa, Gernikako Estatutua, Lemoizko Zentral Nuklearra, NATOri buruzko erreferenduma, Ajuria Eneko Ituna, Lizarra-Garaziko Akordioa, Anoetako proposamena, Loiolako elkarrizketak... Horra, gure herri honetako azken hamar urteotako gatazkaren mugarriak. Horiek aipatu zituzten, besteak beste.
 
Fito Rodriguezek historia berrian murgiltzeko gogo bizia agertu zuen. Besteek egungo denboran eta espazioan mugatzea nahiago zuten. Rodriguezek ebatzi zuen: “Estatuak ez du soluzioa nahi, inboluzioa baizik”. Beste lauek beste dimentsio batean jardun zuten, eta lau hauen artean Serrano Izkok bere ñabardurak egin zituen. Arazoa espainolena edo euskaldunona ote den ere agertu zen eztabaidan. Zenbat buru hainbat aburu. Ñabardurak ere asko izan ziren.
Elkarrizketaren baliagarritasuna hizpide berriz ere, hona gure ondorioa: gatazkaren eragileek darabiltzan estrategiak nork bere probetxurako zuzenduak diren bitartean, elkarrizketek nekez ekarriko dute emaitza onik. Elkarrizketa gizartea kohesionatzeko baliagarria ez den bitartean, elkarrizketek huts egingo dute.

Prozesuek zer ikasgai ekarri dute, porrotaren ostean?


Serrano Izko: Frustrazioa. Baina ondorioak atera daitezke. Kasu guztietan eragileak nahasi ziren. Bat: ez zuten planteatu elkarrizketa arazoa konpontzeko, protagonismoa irabazteko baizik. Bi: gizartearen hegemonia ekarriko duen estrategiaren ordez, beren interesen aldeko estrategia erabili dute indar politikoek.

Etxezarreta: Aukera galduak berreskura ezinak dira. Balio dute ikasteko baina zerbait berria asmatu behar da. Jarrera sozialak landu behar ditugu esparru politikoan eragin dezaten. Baina uneon gauzagarria al da? Ez. Hurkoaren onarpen sozialik gabe, ez. Hainbat herritar mehatxatuta dagoen bitartean, ez. Aniztasuna bokazioa eta jarrera da. Gizartea anitza da eta gizabanakook pluralistak izaten ikasi behar dugu. Lizarra-Garaziko prozesua norbanako pluralisten kontrako eredua izan zen, egoera negargarria.
 
Rodriguez: Nire elkartasuna Ramon. Nik ere negar egiten dut, eta ni ere gatazka biolentoa esparru politikora ekartzeko lanean ari naiz. Artean baina, Estatuak darabilen bide politikoa kriminala da. Ajuria Eneko Itunaren bidea berpiztu nahi du berriz. Lizarra-Garaziren garaia ona izan zen, “demokrata” eta “biolento”en arteko dilema gainditzeko aukera zabaldu zuelako. Ez zitzaizula gustatu? Ados. Baina hortik ikasi behar dugu. Estatuak ez du urratsik eman nahi bide horretan. Berriz ere inboluzio garaia heldu da. Eta hemen ekaitza iragazten duena kartzelaratzen da.
 
Rekondo: Ramonekin ados, eta nire elkartasuna dauka. Frakasoetatik ikasten da. Lizarra-Garazi hasi zen moduarekin ados nintzen, baina gero hartu zuen bidearekin ez. Modu kritikoan bizi izan nuen prozesua. Nik, politikoki, Lizarrako eta Loiolako frakasoak denbora eta espazioan kokatzen ditut. ETAren estrategia politiko-militarra, maoismoaren ildokoa, gatazka luzatzearen aldekoa da. Politikoen arriskua epe laburrera jokatzea da. Prozesuek ilusio handia dakarte baina porrotak desilusio are handiagoa. Denbora behar da, bidezidorrik hartu gabe, biolentziaren monopolioa horrenbeste erabili gabe eta alderdien elkar ulertzea medio. Espazioa gizarteak hautatu duen tokietan dago: parlamentuetan. Gizartea dinamizatu behar da denbora eta leku koordenatu horietan.

Aizpuru: Ikasgai nagusia hauxe: gizarteak ikasi behar du prozesuen porrota ETAren ardura dela. Gizarteak pentsatzen badu, prozesuaren ardura indar politikoen ardura dela, akabo. Eskema errepikatu da: ETAk maximalismoak planteatzen ditu eta jarraitzen du hiltzen. Ezin da jada ETAk zer erabaki hartuko duen kontuan izan. ETAk bortxa bukatutzat eman behar du kontrapartidarik gabe. Politikoki esparrua definituta dago, orain gizartea egituratu behar dugu biolentziak ez duela batere zentzurik areago barnera dezan. ETAk sentituko balu gizartearen gehiengoak ematen diola bizkarra aurreratuagoak ginateke. ETA sozialki irabazi behar dugu.

Onartu daiteke biolentzia justifikatzen duen eragilea elkarrizketan?

Aizpuru: Ez. Zure iritzia dela eta, zu akabatzen zaituelako.

 

Rekondo: Zaila egiten zait ETA onartzea mintzakide bezala. Baina Ajuria Eneko 10. puntuan horrela dago idatzia.
 
Etxezarreta
: Biolentzia erabiltzen duena ez da eragile politikoa. ETArekin hitz egin beharko da, baina ez markoaren aldaketaz.
 
Serrano Izko: Zaila da erantzuten, ezinezkoa. Modu abstraktu batean ari gara. ETAk utzi behar dio eragile eta mintzakide politiko izateari, baina hitz egin behar da dagoen arazoa konpontzeko. ETAri irtenbidea eman behar zaio gizartearen kohesioa gauzatu ahal izateko.
 
Rodriguez: Gakoa hauxe da: “demokrazia gehiago eta biolentzia gutxiago”. Hemen Estatuak alderantzizko formula darabil. Ados nago Itziarrekin ezin dela ETAren zain egon esatean [ironiaz], bestela Estatuaren inboluzio nahia gailenduko da.
 
Ondorio gisa

 
Hizlariei entzundakoan, ondorioa: Elkarrizketa beharrezkoa da. Mahai-inguruan egindakoa lekuko. Ikasi behar dugu elkar entzuten. Gatazka ez da gaiztoen eta onen arteko auzia. Euskal Herria edo gizartea ez da maitatzen norbanakoa eta hurkoa banan bana maitatu gabe. Elkarrizketa ez bada esperientzia pertsonal gisa lantzen, gizartean eta praktikan, ez du emaitzarik ekarriko. Alabaina, ez gaitezen inozoak izan elkarrizketa politikoa da, ez da huts eta aratz. Ezin dugu elkarrizketa idealizatu. Elkarrizketa errealitatearen ideia ezberdinak batzeko saiakera da. Baina elkarrizketa ez da borondate oneko kontua, bizitzeko beharrezkoa baizik. Elkarrizketak norbanakoari duintasuna ematen dio.

Azkenak
Etorkizunean ere mendien alde

Orain dela hogei bat urte izandako mehatxuak datoz Gipuzkoako mendietara berriro ere, eta ez nolanahiko neurrian, gainera; tamaina eta kantitate handiagoan baizik. Proiektuok –bakarren bat jadanik eraikia; Zubietako erraustegia, kasu– landa-eremuan edota mendian dute... [+]


Migratzaileei hizkuntza harrera egiteko jardunaldiak egingo dituzte Gasteizen

Urriaren 10 eta 11n Gasteizko Europa Jauregian egingo dira Euskalgintzaren Kontseiluak eta Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak lankidetzan urtero antolatzen dituzten jardunaldiak.


Ezpala tabernari eraso egin zioten Boixos Nois talde ultrako kideen kontrako akusazioa artxibatu du epaileak

Iturramako taberna herritarrari eraso egin zioten egunean bertan Iruñean ziren arren, salatutakoan parte hartu zutenik ezin dela frogatu dio epaileak. 2022ko azaroan Ezpala taberna txikitu eta bertan ziren bezeroak jipoitu zituzten Bartzelonako ultrek.


2024-09-26 | ARGIA
Euskara erabiltzeagatik kazetariak berriz ere haserre futboleko prentsaurreko batean

Realeko futbol taldeko entrenatzaile Imanol Alguacilek, Nizan, Europako Ligako partiduaren aurretik eskainitako prentsaurrekoan euskarazko hedabideei euskaraz erantzuten ari zela, hainbat kazetariren kexa entzun behar izan du. Duela astebete antzeko egoera gertatu zen... [+]


EH Bilduk, EAJk eta PSE-EEk akordioa adostu dute Osakidetzako lan eskaintzen eredua berrikusteko

Osakidetzako lan eskaintza publikoen eredua "berrikustea" eta kontsolidazio prozesuak "bukatzea" galdatzen duen ekimen parlamentarioa adostu dute hiru alderdiek.


2024-09-26 | Eneko Atxa Landa
Donostiako Zinemaldia 6. eguna
Por donde pasa el silencio


Greba Nafarroako hezkuntza publikoan: “Jarri hezkuntza erdigunean”

Nafarroan hezkuntza publikoko milaka irakasle greba egitera daude deituta ostegun honetan eta mobilizazio ugari iragarri dituzte sindikatuek. Ratioen jaitsiera, plantillak egonkortu eta gainzama arintzea eskatzen dute, besteak beste: "Gobernuari dagokio hezkuntza publikoa... [+]


2024-09-26 | Euskal Irratiak
Baionako Ospitaleko ehunka langile mobilizatu dira lan-ordutegien berrantolaketaren kontra

Euskal Kostaldeko ospitaleko zuzendaritzak aurkeztu duen lan denboraren berrantolaketa proiektuaren salatzeko, intersindikalak mobilizaziorako deia egin zuen asteartean. Berrantolaketa proiektu horrek 2002an sortutako hitzarmena hausten duela diote sindikatuek, besteak beste RTT... [+]


2024-09-26 | Gedar
Ertzain bat Desokuparen parte dela argitaratu dute

Otavio da Silva ertzaina irakasle aritzen da Desokupan, eta emakume gisa dago erregistratuta. Bestalde, badirudi udan bere bikotekidea erailtzen saiatu zen ertzaina ez dutela Poliziatik bota.


Gaza iparraldeko zibil guztiak kanporatzea aztertzen ari da Netanyahu, begirada Libanon jarrita dagoela baliatuta

“Zonalde militar itxia” bilakatuko litzateke Gaza iparraldea, eta palestinar zibil guztiak kanporatzea ekarriko luke. Astebetean joaten ez diren guztiak helburu militar gisa hartu eta hil egingo lituzkete, planaren arabera.


Armen salmenta sekretupean mantentzeko akordioa daukate Israel eta Espainiaren artean

José Luis Zapatero Espainiako presidente zela hasi ziren akordioa lantzen 2011n eta 2014an gauzatu zuten Espainiako Mariano Rajoy eta Israelgo Shimon Peres presidenteek. Publico komunikabideak eman du akordio horren berri.


Sail Ofiziala. 6.eguna
Ihes egin heriotzari, aurrerantz

Izaten da, tarteka, dena loturik dagoenaren sentsazioa. Denetarik-edo ikusteko aukera izanen da Zinemaldian, baita Sail Ofizialean ere, marko baten pean betiere. Ikusi ditugu umore ukitudun batzuk, negarra eragiterainoko dramak, suspenseak, dokumental tankerakoak, baita... [+]


Sara Torres. Potentzia eta desira
“Desirak ez du berezko objekturik: polimorfoa da, eta desbideratzera jotzen du”

Poesia-irakurraldi bat, jendaurreko elkarrizketa bat eta sei orduko tailer bat eskaini zituen orain bi aste Sara Torres idazle eta pentsalariak Gasteizko Artiumen, Trama programaren barruan. Ondoren, eskuzabal eta gertuko hitz egin zidan bere lanari buruz, igande arratsalde... [+]


Eguneraketa berriak daude