Trijeminoa

Jose Ignazio Ansorena
Judit Fernandez
Donostian XX. mendearen hasieran “trijeminoa ukitzea” esaera hitzetik hortzera erabiltzen zen. Kontu famatua baitzen Fernando Asuero doktoreak trijemino nerbio hori sudurretik sartutako ziritxo batez ukitu eta gaitz guztiak sendatzen zituela... ustez. Asueroterapia teknika miragarri horren sona ez zen auzoan geratu. Espainia osoan hedatu zen, baita Ameriketan ere. Abestiak sortu ziren (Miguel Matamoros ezagunaren El paralítico esaterako), film dokumentalak, liburuak... Plaza bat ere sendagile ospetsuaren izenez bataiatu zen Errioxako Cihuri herrian.

Askorentzat salbatzaile eta itxaropen bakarra izan arren, Asuero doktorea pertsona eztabaidatua izan zen eta istiluak sortu zituen, espetxetik ere pasa zelarik. Primo de Rivera jeneral diktadorearen babesa zuen eta horri esker hainbat kinka larritik onik ateratzea lortu zuen. Baina gaur egun inor ez da Asuero doktore harekin oroitzen, barre murritza egiteko ez bada. Txerpolaria besterik ez omen zen.

Gaixo dagoenak osasuna amets. Garai eta egoera nahasietan salbatzaileen beharra eta desira areagotu egiten da bizitzan. Horregatik edozer onartzeko prest egoten gara horrelakoetan. Badakigun arren salbatzaile gutxi etorriko zaigula, gu geu ez bagara.

* * *


“Etsipenezko garaiak bizi ditugu euskaldunok. Nekea handiegia da, zama ezin pisutsuagoa, ez dugu bidearen amaieran helburu txukunik somatzen... Ni eta beste asko ere, etsita gaude”. Horrela mintzatu zitzaidan bihotzez maite dudan adiskide bat joan den batean. Beldur naiz sentimentu hori zabaltzen bada ez ote garen salbatzaileak bilatzen hasiko.

Espainiako Zapatagin Nagusiak ere salbatu nahi gaitu. Konpainia txarretatik libratu. Ondo eta zuzen ibil gaitezen oinetakoak egokitu dizkigu. Bere neurrikoak ordea. Penduluaren jokoa eginez, ETArekin negoziatzetik beste muturrera pasa da bat-batean. Ez kontsultarik, ez EAErik, ez Amnistiaren Aldeko Batzorderik, ez EHAKrik. Lehen ere beste batzuek Batasuna, Egin edo Egunkaria gizartetik ezabatu zituzten era berean. Trijeminoa ukitu digu euskaldunoi. Ez du osaketarik lortuko. Txerpolarien arazoa da.

Zerbait lortu du baina. Askoren etsipena. Ez berak bakarrik, ETAren kolaborazioa bikaina izan da horretan. Etsipena hortxe dago, ezker abertzalean ere, ez dago ukatzerik. Oraintxe, hau idazten ari naizela, gazte tropa bat dabil inguruan manifestazioan. Eusko Gudariak kantatzen hasi dira eta, beste garaietan ez bezala, behetik, do minorrean, hasi dira. Oso tonu baxuan. Itxaropen ezaren tonuan.

Ezker abertzaleko hainbat buruzagik guzti honen aurrean hiritarren erantzuna eskatu dute. Eskasa izango da eta beraiek ere jakitea espero dut (okerragoa izango litzateke ez konturatu izana). Zenbatetan eskatu diegu bada hiritar gehienok beraiei zerbait eta gorrarena egin dute? Hauek ere trijeminoa ukitu digute sarri.

* * *


Hala ere, itxaropenerako zirrikitua badago. Ez da inozokeria, ez da batzuk fede txarrez saltzen duten itxaropenaren irudi mengel mindulina. Filosofo eta intelektual askoren iritziz, bizitzari aurre egiteko modu intelijente bakarra da. “Esperantza gauzen ezagutza osoa da” gogorazten du Claudio Magrisek. Itxaropenak ez baitu bakarrik gauzak eta gertakarien itxura eta azala ikusten, beren baitan dauden aukerak eta ahalmenak nabarmentzen ditu, eta konpromisoa hartzen hobera garatzeko.

Ni ere Arnaldo Otegirekin bat nator. Bigarren atala jokatzeko dago oraindik. Eta, partida gehienetan bezala, jokalariak gutxi batzuk dira eta ikusleak milaka.

Eskaera bat jokalari guztioi. Tematuta baikaude asko eta asko esperantzari eusten. Ez dugu txerpolaririk nahi, ezta erositako epailerik ere. Mesedez, ez jarrai publikoari trijeminoa ukitzen.

Azkenak
Nestor Basterretxea jaio zela 100 urte: munduari leihotik begira, baina leihoak itxita

Gaur 100 urte beteko zituen Nestor Basterretxeak (Bermeo, 1924 - Hondarribia, 2014). Hamaika lanetan nabarmendu zen, eta hamaika bider mintzatu zen ARGIArekin. Pasarte interesgarri batzuk ekarri ditugu hona.


Palestinaren alde, Erandioko Carrefour merkatalgunean protesta egin dute hainbat ekintzailek

Erandioko Carrefour katearen merkatalgunean protesta egin zuen barikuan Khalas! Palestina Uribe Kostako taldeak, "Gazako sarraskian duen konplizitatea salatzeko". Ekintza horren bitartez, bezeroak informatu, kontzientziatu eta "Israelen kolaboratzailea" den... [+]


Itzaltzen ari zaigun argia

Urte batzuk ditugunok (nire kasuan, mordoska) sarritan entzun izan diegu gure guraso eta senitarteko helduenei garai bateko ikuskizun harrigarri baten berri. Ipuin baten gertatuko balitz bezala, larreak “argi txikiz” apaintzen zirela maiatza inguruko gau garbietan... [+]


Donibane Lohizuneko hilketa matxista "krimen basatia" izan dela dio prokuradoreak

Gaur egingo diote autopsia gorpuari. Atxilotutako 37 urteko gizona espetxean mantenduko dute epaiketara arte. Prestatutako hilketa matxista izan dela frogatzen bada, biziarteko kartzela zigorra kontenplatzen du Frantziako legediak. Mobilizazioak egingo dituzte egunotan Euskal... [+]


Eguneraketa berriak daude