XVI Orduko gozamena

  • Tolosatik abiatu, Aralarko santutegira iritsi eta etenik gabe, 70 km-ko ibilbidea osatu ostean, atzera Tolosara itzultzea. Horra, lau urtetik behin ospatzen den Aralarko XIV Orduko Ibilaldiaren sintesia. Txango hutsa baino askoz gehiago da, ordea: mende hasieran iraupen luzeko ibilaldien aitzindariei eginiko omenalditzat har daiteke igande honetan, maiatzak 18, ospatuko den txango zirraragarria. Historia baitario XIV Orduko Ibilaldiari. Xarma berezi horrek akuilaturik, 3.000 ibiltari inguruk ekingo dio erronkari.
XIV Orduko Ibilaldiaren aurreko edizioa
XIV Orduko Ibilaldiaren aurreko edizioaAralarko Adiskideak
1925. urtean osatu zuen lehenengo aldiz lagun talde batek Tolosatik irten, Aralarko santutegira heldu eta atzera Tolosara itzultzen den txango ederra. Ondoren, beste hiru aldiz egin zen ibilaldia, 1972. urtean egun antolatzen den moduan antolatzen hasi ziren arte: lau urtez behin, Olinpiar Jokoak ospatzen diren urtean. Urte olinpikoa da 2008, eta maiatzaren 18a da Aralarko Adiskideak elkarteko kideek ibilaldiaren edizio berri bat ospatzeko aukeratu duten eguna. Bide batez, Joxe Albero berebiziko ibiltariari omenaldia egingo diote. 1925eko hartan parte hartu zuen Alberok, eta iaz hil zen, 101 urte zituela.
 
Antolatzaileen esanetan, ibilbidea oinez egitea da, berez, ibilaldiaren xedea, eta horretarako kontrol gune bakoitzean bete beharreko gutxieneko denbora batzuk jarriko dituzte. Orain lau urte 3.000 lagun inguruk hartu zuen parte ibilaldian, eta aurten ere kopuru horren bueltan egongo da partaidetza. Antolakuntzan, berriz, 250 lagunek jardungo dute, ibilbideko puntu estrategikoetan kokatuko diren sorospen zerbitzu eta abarrak kontuan hartu gabe.
 
Aralarko XIV Orduko Martxaren ibilbideak ez du aldaketarik jasango aurtengoan. Artean ilun dagoela emango diogu hasera txango handiari; hala, ilunpean, Tolosatik Gaztelurako bidea hartuko dugu, hortik Lizartza gainean dagoen Uli mendi-muinoa izanik gure xede. Ibiliaren ibiliaz, Gorriti herrira helduko gara, eta hortik, Azpirotz herria zeharkatuz, Lekunberrira. Poliki, baina etenik gabe, hanketan kilometroak pilatzen goazela sumatuko dugu.
 
Lekunberrin atseden hartu ostean, Iribas aldera eramango gaitu txangoak; Aralarko santutegiko igoerari aurre egiteko unea gerturatzen ari da, eta bideak Ata haran eskegiaren goiburua mugatzen duen Burnigurutzeko leporantz garamatza. Behin lepoa igarota, atsedenik gabe egingo dugu gorantz, Aralarko aingeruaren gotorlekua tarteka begi bistan izango dugularik.
 
Horrela, Aralarko santutegira helduko gara. Tolosara itzultzea baino ez da falta. Baino ez! Lehenik, santutegitik Guardetxerainoko tartea osatuko dugu errepidez, eta hemendik Igaratzarainokoa, hamaika mendizale belaunaldik utzitako arrastoari segika. Igaratza ibilbideko beste puntu berezi horietakoa da; ba al da, ordea, txango paregabe honetan, berezia ez den txokorik?
 
Igaratza atzean utzi eta Aralarko goi larreetan barrena, Arritzagako amildegia zizelkatzen duen errekastoaren ertzetik osatuko dugu Amezketarainoko bidea; Pardeluts iturria eta Amabirjin harria igaro eta behera egingo dugu etengabe, Aralarko gailurrik garaienak –Pardarri, Ganbo, Uzkuiti eta Larraone, besteak beste, ezkerreko aldean, eta Irumugarrieta, Aldaon, Beoin, Uakorri, Artubi eta Balerdi, eskuinekoan– bisitatzea ezinbestean beste baterako utziz. Buruntzuzineko saroira doan bidexka eskuinetara utzi eta garaiera galtzen jarraituko dugu, Amezketara heldu arte. Handik Alegiarainokoa errepidez osatu, Alegiatik Tolosarainokoa berriki estreinaturiko bidegorrian barrena egin eta, kirol proba garrantzitsua bukatu duen kirolaria bagina bezala, Berazubiko stadiumean sartzea besterik ez zaigu faltako. Hunkidura gainezka egitear sumatuko dugu gure barrenean. Lastima, XIV Orduko Ibilaldi zoragarri hau beste behin egiteko lau urte itxaron beharra. Horrexetan datza, ordea, haren magia!

Azkenak
Analisia
Negu gorri, hondamendia iragarri

Apirilaren 30ean, Espainiako patronala den CEOEk argazki horixe zintzilikatu zuen sareetan: ezkerrean dago Antonio Garamendi, CEOEko presidente den Getxoko semea; eta eskuinean Alfonso Santiago bilbotarra, musika festibalen munduan dabilen Last Tour promotorako burua, Eusko... [+]


Genozidioa gelditzeko eskatu du Gasteizko hezkuntza komunitateak Palestinaren aldeko ekimen jendetsuan

Ehunka herritarrek egin dute bat hainbat hezkuntza zentrok, guraso elkartek eta sindikatuk antolatutako deialdiarekin, Palestinako umeak gureak ere badira. Genozidioa gelditu! lelopean. Sarea Euskal Herri osora zabaldu nahi dute sustatzaileek.


2024-05-12 | Estitxu Eizagirre
Amillubiren festa maiatzaren 11n
Lurra taupaka hasiko da

Urola ibaiaren meandroan, Zestoako Iraeta auzoan daude Amilibia baserria eta bere lur emankorrak: 5 hektarea baso eta 4 hektarea laborantza lur. Laborantza ekologikoa sustatzen duen Biolur elkarteak baserria eta lurra kolektibizatu nahi ditu Amillubi proiektuaren bidez... [+]


Eguneraketa berriak daude