Bigarren trantsizioaren zain, hamargarrenez

  • Euskal Herri osoan, lehen aldikoz historian, hauteskundeak burutuko dira martxoaren 9an. Espainiako Estatuko hauteskunde orokorrak dira Hegoaldekoak. Herri eta kantonamendu bozak Iparraldekoak. Alderdi abertzaleak marko politikoaren aldatzearen alde borrokatzen dira bietan.
Rodriguez Zapatero
Rodriguez Zapatero PSOEko hautagaia

Espainiako Estatuko Kongresuko eta Senatuko ordezkariak aukeratuko dira hamargarren aldiz. Hauteskunde hauek Francoren diktaduraren osteko trantsizioan izan zuten abiapuntu. Diktaduraren aurretik, gobernu sistema Errepublika izan zen eta Monarkia parlamentarioa da egungoa. Konstituzioak espainiar nazioari aitortzen dio nagusigoa, periferiako nazioak bigarren mailakoak edo “nazionalitateak” izaki.

Kongresua eta Senatua zentro-eskuineko aukera politikoek (UCD) kudeatu zuten lehen bi legealdietan. Ondoren, zentro-ezkerrak (PSOEk) eta eskuinak (PPk) gobernatu dute aldika. Gaur egun, bipartidismoa egonkortu da, mendebaldeko demokraziaren eredu nagusia. Demokrazia honek AEBetako ereduarekin gero eta antza gehiago dauka. Hedabideek markatzen dituzte hauteskundeen emaitzak neurri handian; PSOEko Zapatero eta PPko Raxoi hautagai nagusien lehia mediatikoa lekuko. Bi alderdiak eredu sozial ezberdinen ordezkariak dira, baina estatu-nazioaren eredu osagabeak euren politikak definitzen ditu nagusiki.

Euskal Herritik begiratuta, hauteskunde hauek bi eremutan jokatzen dira: Espainian eta bertan. Bertako eremuak bi esparru ditu: Euskal Autonomia Erkidegoa (EAE) eta Nafarroa.

Zapatero edo Raxoi

PPk bi aldiz irabazi ditu hauteskundeak, baita bi legealditan gobernatu ere. PSOEk baino estatu eredu definituagoa dauka eta botere ekonomikoa, legegilea eta Elizarekiko harreman sendoa. Estatuaren oraingo marko-juridikoaren statu quo hobesten du, nazio-anitzaren ideia errefusatuz. PSOEk gizabanakoen eskubideak hobeto landu ditu, baina nazio-anitzaren eredua lausoa du oraingoz. Iragan legealdian –Kataluniako Estatut berriaren bitartez– Estatuaren eredua birmoldatzeko saioa zirudiena ezerezean geratu zen. Zapateroren Gobernuak, halaber, Eusko Legebiltzarraren Estatutu Berriaren proposamena geldiarazi zuen. Euskal Herriaren bake eta normalizazioaren saioak ere berea egin du. Hogeita hamar urteotan hiru saio izan dira irtenbidea bilatzeko –Aljerreko elkarrizketen, Lizarra-Garaziko Akordioaren eta Anoetako Proposamenaren kariaz–. Gobernuen eta ETAren saioek porrot egin dute.

Nafarroa abiapuntu eta gakoa

Espainiako gobernuburu Zapaterok, hauteskunde kanpaina hasi aitzin, Nafarroan eman zuen bere lehen mitinetako bat. PSOEren zaurietako batek Nafarroa du izena. PSOEk PSNren eta NaBairen arteko akordioa zapuztu zuen, UPNren (PPren) Gobernu alternatiba izan behar zuena. Zapaterok Nafarroako elkarbizitza jarri zuen aitzakiatzat, askoren aburuz Espainiako egonkortasuna ziurtatu nahi zuen, ordea.

Nafarroan bost diputatu aulki daude jokoan: UPNk eta PSNk bina dituzte, NaBaik berriz bat. Ez dirudi aulki banaketan aldaketarik egongo denik. PSNk ordezkari bat galtzea, NaBairen mesedean, aldaketaren akuilua litzateke. UPNk berau bereganatzea iraganera itzultzea litzateke. Ezker abertzalearen hautetsi independentisten ekimenaren abstentzio jarrerak nola eraginen duen faktore berria da.

EAE eremu abertzale aitzindaria

EAEn, alderdi abertzaleen ordezkariak zortzi izan dira aurreko legealdian: EAJk zazpi diputatu ditu eta EAk bat. EAJk PSOEren Gobernuaren aurrekontuak sostengatu ditu, EAk ez ordea. EAJren lematako batek hauxe dio: “PP eta PSOE ez dira gauza bera, baina berdin jokatzen dute”. Dialektikaren garaia da, inondik ere. Ekintzak ez du izana definitzen, antza. Aldiz, EAk dio berak ez dituela, EAJk bezala, Estatuko Gobernuaren politika zentralistak laguntzen. EAk haatik EAEko eremu politikoa EAJrekin kudeatzen du –EBrekin batera–. Politika posiblearen artea baita. Ez gaude akordio garaian, politika garratzaren garaia da. Politikan kalkulu guztiak sartzen dira. Esaterako, ezker abertzale ofizialaren hautetsiak independentistak eta ezkerrekoak dira. EA ere independentista eta ezkertiar gisa ari da kanpainan, baita Aralar halaxe aritu ere. Antza, EAEn abertzaleak indartsuak direlako bereiz doaz. Nafarroan EAJ, EA eta Aralar eskutik doaz NaBai-n. Ezker abertzale ofiziala (Batasuna) ez. Ipar Euskal Herrian Batasuna eta EA elkarrekin doaz (ABrekin; demagun Aralarren hurbilekoa).

Azken legealdian PSEk zazpi aulki bete ditu eremu honetan, PPk berriz lau. Espainiako politika-eremua dute amu bertako eremuko aulkiak ziurtatu ahal izateko.

Anoetatik Loiolara

Trantsizioan zabaldutako garaiak Lizarra-Garaziko Akordioan izan zuen inflexio puntua. Oraingoak berriz inboluzio garaia dirudi. 2004ko martxoaren 11ko Madrilgo sarraskiek –hauteskundeak baino bi egun lehenagokoak– aldatu zuten Estatuko politikaren norabidea. PSOEk boterea ustekabean berreskuratu zuen. Horrek ETArekin –eta ezker abertzalearekin– berriz ere euskal auziari irtenbidea bilatzea bizkortu zuen. Bide orriaren abiapuntuko estazioa Anoeta izan zen. Azken estazioa berriz Loiola. ETAk, hauteskunde kanpaina hasi eta bere marka utzi zuen Bilboko Arnotegi mendiko telebista hedagailuan. Bere jarduerak –duela lau urteko sarraskiek eragin zuten moduan– gobernu aldaketa eragin ote dezakeen aipatu da. Hori da inkognita. Inkognita da halaber, PSOEk irabaziko balu, zein neurrian saiatuko litzatekeen ETArekin negoziatzen berriz ere. PSOEk baina, maxima hauxe jarri du mahai gainean: “Indarkeriarekin ez dago politikarik”.

Estatuaren marko berrirako indar korrelazioaren lehia

Alderdi konstituzionalistek 312 ordezkari dituzte Kongresuan: PSOEk 164 eta PPk 148. Periferiako alderdiek 37. Azken bi hauteskundeetan, batez beste, Espainian nahiz bertako eremuetan (Hego Euskal Herian) %76k bozkatu zuen. 2000ko hauteskundeetan berriz: %67k. Haiek PPk irabazi zituen.

EAJko trena Estatuko periferiaren bide luzea egiteko prest dago, antza. Maltzagako bidea aspaldian zapuztu zen. Ezker abertzale ofizialak proposatutako abstentzioaren eraginak gatazkaren parametroak zehaztuko ditu neurri batean. Inflexio une asko ezagutu dugu azken hogeita hamar urteotan. Uneon inboluzio egoeran gaude. Inboluzio honek aukera politiko berriak bizkortu edo urrundu ditzake. Ezusteko handirik ezean, hauteskundeetako emaitzek ez dute panorama politikoan tsunamia eragingo. Hala ere, bake eta normalizaziorako bideko estazioak hurbil edo urrun dauden antzemanen dugu. Loiolan geratu zen trenak berriz abiatzerik duen edo ez. Irtenbiderako bidea luze izan liteke, edo ustekabean, politikako abangoardiek eta eliteek auzia ebatzi. Politika posiblearen artea baita, baita inposible dirudienean ere.
Bikiak (Santi Leoné)
Beldurrezko zenbait filmetan gai klasikoa da: bi anaia edo bi ahizpa, bikiak, bata gaiztoa eta bertzea ez hain gaiztoa. Martxoko hauteskundeetako istorio beldurgarrian ere bikiak ditugu protagonista Espainian. Bikiak, aukeratutako kanpainan, biek hauteslea iraintzea erabaki baitute: batak, munduaren akabera iragarriz, bertzeak, botoaren truke dirua eskainiz. Eta bikiak, halaber, ikuspegi periferiko batetik munta handiko kontuetan. Horretan, José Bono PSOEko hautagaiak eman du giltzarria. Politikara zerk bulkaturik itzulia zen galdetuta, hau bota zuen Bonok –buruz ari naiz–: “Gauza anitz aipa nitzake, baina bereziki bi azpimarratuko dizkizut: Maragall ez dago Kataluniako Gobernuan, eta Gobernuaren jarrera ETArekin aldatu egin da”. Bikiak, beraz, espainiartasunean, eta norgehiagoka nazionalismo periferikoen aurkako grinan. Justiziaren edo dena delakoaren hondar epaiak ikusi bertzerik ez dago.

Nafarroan, aipatu bikitasuna biderkatu egiten da, Gobernuko alderdia eta haren euskarri zintzoa guztiz berdintzeraino. Navarristen argudioa da: balizko Euskal Herri independente batean edo soilik Hegoalde autonomo bateratu batean, gure biztanleria eskasa baliatuta, Bilbotik gobernatuko gintuzkete. Ez dakit, bada. Edonola ere, argi dago nola gobernatzen gaituzten Espainiatik, gure boto kopuru urria arbuiaturik. Eta horretan ere, bi alderdiak norgehiagoka Nafarroaren espainiartasunaren aldeko suan.

Denak zaku berean sartu dituztelako, lehen errugabetzat jota libre atera zitezkeenek, orain erruduntzat joak izateko aukera guziak dituzten bezala, lehen legalak zirenak legez kanpo daude orain. Cuatro telebista ikusteari utzi diot eta, hortaz, ezin erran zergatik Gobernuak behartuta ikusi duen bere burua erabaki horiek hartzera. Bikien arteko dema honetan, ez dakit nork irabaziko duen. Susmoa dut PPk galduko duela, hainbat eragin txar askatzen jakin ez duelako. Irabazten duena irabazten duela, gutxiengoen esku egonen da desberdintasuna sartzeko zeregina eta espainiartasunaren garra pixka bat –sikiera– epeltzeko lana.

Nafarroan, emaitza posibleen artean, bi, bi eta bat izanen litzateke hoberena (hau da, bi jarleku NaBai-rendako, eta bat PSNrendako). NaBai-koek diote, azken batean, etorkizunean norbaitekin negoziatzekotan, sozialistekin negoziatu beharko dutela. Arrazoia dutela uste dut. Baina, ikusiak ikusita, hori pozgarria ala negargarria ote den, irakurleari dagokio erabakitzea.
Herritarren interesaren bila? (Julen Zabalo)
Hauteskunde kanpaina batean, herritarren intereseko kontuak zehaztea, eta horien gainean proposamen erakargarriak egitea bilatzen omen dute alderdiek. Hori dela eta, abstentzioa saihestu nahi izaten da, abstentzioak herritarren desinteresa adieraziko luke eta. Teoriak praktika behar du, ordea, eta praktikak esaten du alderdiek eurek herritarren interesa zehazten eragiten dutela, komunikabideen bidez, batez ere, eta komunikabideetatik hedatzen diren berriei emandako tratamenduaren bidez, zehatzago.

Hala ere, praktikak orain esaten digu estatuak nahiago duela herritar jakin batzuek abstentziora jo dezatela, herritar horiek gizartearen dinamika politiko instituzionalizatuan sarraraztea baino. Oraindik ez ditut ikusi, baina laster hasiko dira mezu instituzionalak jendea botoa ematera joan dadin animatuz. Halakoetan, jendeari arduraz jokatzeko eskatzen zaio; herritar gisa bere erantzukizunak bete ditzala. Badaude herriak botoa ematea derrigorrezkotzat jotzen dutenak, eta zigortu egiten dutenak abstentzioa. Hego Euskal Herrian, aldiz, erabaki sendoa dago herritarren kopuru esanguratsu bat hauteskunde jokotik at uzteko. Sendoa ere bada Espainiaren tradizio demokratikoaren beste keinu bat!

Ez da keinu bakarra, ordea. Izan ere, tradizio horrek ez du uzten euskal herritar askoren interesa den independentzia lantzen (aldarrikatu ahal den arren). Halako erabaki bat defendatzeko, metatu egiten dira motiboak, ondo oinarrituak asko: elkartasuna, herritarren arteko tirabira posibleak saihestea, eta abar. Gainera, badaude, nazio arazotik at, milaka gai interesgarri daudela diotenak, eta are gehiago, bestelako gaiak benetan interesgarritzat jotzen dituztenak, nazio arazoa ez bezala.

Baina hasierara itzuliz: zein da herritarren interesa; nork erabakitzen du zein den; edo zelan eragiten da batera edo bestera mugi dadin. Nik, datu berezirik behar izan gabe, baieztapen argia egingo nuke: Hego Euskal Herrian nazio gaiak interesa pizten du, eta interesik handiena pizten duela ere esan nezake. Hauteskunde hauek interes handi horri erantzutea eduki zezaketen helburu, baina aurretiaz badakigu ezetz. Alderantziz, gai hori da erantzun nahi ez dena, eta hori badakite aurkezten diren indar politikoek. Badakite Hego Euskal Herriko herritarren interes handia pizten duen nazio gaiak eragile politiko guztien arteko konponbidea eskatzen duela, eta indar horietako bat hauteskundeetatik bazterrean utzita, ezina dela konponbidea erdiestea. Noren interesa defendatu nahi dute, orduan?

Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Zazana, zerutik dena dakusan begi itsua

Hainbestekoa da Gazan droneek eguneroko bizitzan eta iruditegi kolektiboan daukaten eragina ezen hitz propio bat asmatu dutela droneentzat: Zazana. Hitz onomatopeikoa da, gazako dialektoan.

The Drone Eats With Me: A Gaza Diary  liburuan (Droneak nirekin jaten du: Gazako... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude