Uda ondoan

  • Udako harrabotsaren ondoan, isilik etorri gara udazkenaren atarira. Dena lehengo berean dago, itxura batean, Nafarroan. Sanz lehendakaria da beti. Barcina berdin-berdin Iruñeko alkate. Bertzelako gobernu bat osatzeko ametsak ederki hondoraturik ematen du. Baikorrenak ere ez du sinesten 2008ko hauteskunde orokorretako emaitzek amets hori berpizteko arnasarik ekarriko dutenik.
Aingeru Epaltza
Alberto Elosegi
Lehengo giderretik egin beharko ditugu, beraz, hurrengo urteak? Ez, derrigor. Ez dira berak 2007ko maiatzaren 27an atzarri zen Nafarroa eta egun berean ohatzeratu zena.

UPNk nahi zituenak erdietsi ditu, baina hurbil ikusi du erroiztegia. Amildu ez bada, ez da bere merezimenduei esker izan. PSOEren beldur eszenikoak eta, su etenaren haustura iragarririk, ETAren esku hartzeak salbatu dute azken-azkenean. Miguel Sanzek berak hitzez hitz aitortu du: “ETAgatik ez balitz ez nintzateke une hauetan hemen jarrita egonen”. Orain, agintea CDNrekin eta PSNrekin partekatzera beharturik dago. Horren truke Nafarroa Bai isolatzeko politika hitzartu du haiekin. Gobernutik nor bota dezakeen ikasi du hilabete hauetan.

Zerrenda euskaltzale batek herrialde honetan inoiz erdietsi dituen hoberenak izan dira Nafarroa Bairen emaitzak. Aspaldi handitik politikaz bertze egina zegoen jendea mugiarazi du hautestontzietara. Gazte anitzen boto berria erakartzea lortu du. Arrantzan jakin izan du putzu berrietan, esparru abertzalearen hainbat hamarkadatako muga zurrunetatik harago. Abertzaletasun ortodoxoaren ikuspegitik epelkeria sorta baizik ez da Nafarroa Bairen programa. Emaitzek eta geroko gertakariek lanerako ireki dituzten ildo berriek agerian jarri dute bertze biderik ez dagoela euskaltzaletasunaren helburu historiko batzuk bederen inoiz gauzaturik ikusiko baditugu herrialde honetan. Nafarroa Bai Foru Komunitateko oposizio ia-ia bakarra bilakatu da eta hori probesten jakin behar luke hurrengo urteetan.

Ezker abertzale ortodoxoari, berriz, gainera etorri zaizkio 30 urteko politika okerraren fruituak. Haren ordezkariak zuzen daude erraten dutenean ez direla azken hauteskundeetara aurkeztu bertzeen baldintza beretan. Alderdien Legearen aplikazioak zerrenda nagusiak baliogabetu dizkio, Parlamentukoa barne. Alabaina, ANV-EAEren siglen pean zutik gelditu direnek Euskadiko hainbertze herritan izan duten sostenguaren usainik ez da izan Nafarroan, Mendialdeko hiru-lau uharte mugatiarretan ez bada. Bere ohiko estiloan, batzar aretoetara eraman ezin duena karrikara ateratzeko isuria ez zaio agortu. Horrek ez du, hala ere, zulotik aterako.

Ezker Batua txipitua gelditu da. Noizbait haren gobernukide izateko itxaropenak Nafarroa Bairen lagun bilakatzen du. Bere itzala nork mehetu duen oroitzeak, aldiz, koalizio euskaltzalearen lehiakide izatera bulkatzen. Ikusi nahi duenak ikusiko du, haatik, halako osagarritasun bat bien artean. Ezker Batua hobeki kokatua dago Nafarroa Bai inoiz ailegatuko ez den eremu geografiko edo giza kolektiboetara ailegatzeko.

2007ko udan Nafarroan gertatu denak elbarri politiko jakin batzuk utzi ditu ondoriotzat, eta ez prezeski aldaketaren alde gehien nabarmendu direnen artean. Aldaketa ahotan erabilirik ere azken buruan boterea eskuinaren eskuetan betikotzearen aldeko apustua utzi dutenen alderdietan daude elbarri politikoak. Haren abstentzioa eskertzeko, UPNk orgakada bat kargu utzi du PSNren eskuetan. Alabaina horrek ez du isilarazi Nafarroako sozialismoan ireki den krisialdia. Umezurtz gelditu dira militante andana, umezurtz boto emaile franko. Horien borondatea bereganatzeko tenorean, hurbiltasun ideologikoak Nafarroa Bai baino posizio hobean kokatzen du Ezker Batua. Teorian, bederen. Praktikan, ez dago datu bat bakarra pentsatzeko muga jo duenik koalizio euskaltzaleak abertzale sentitzen ez direnen artean irabazi duen itzalak. Badakigu, dena dela, hori ez dela autodeterminazioaren eta lurraldetasunaren bandera inarrosita etorriko. Urrun baginen, are urrunago ibiliko gara elkarrengandik EAEko eta Nafarroako biztanleak. Ez bakarrik gure erruz.

ASTEKARIA
2007ko urriaren 14a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Peñagarikano Goikoetxea
#2
Zigor Olabarria Oleaga
#3
Gorka Bereziartua
#4
Estitxu Eizagirre
Azoka
Azkenak
2024-05-14 | Irutxuloko Hitza
Desokupako bi gizon Donostiako etxe bat ilegalki husten saiatu dira

'Desokupa kanpora' lelopean, elkarretaratzea egin dute larunbatean, etxebizitzaren aurrean.


2024-05-14 | Axier Lopez
94 egunez gose greban dago preso politiko maputxe bat

Guillermo Camus Jara izena du eta Txileko Lebuko kartzelan dago. Egoera larrian da, gose greba luzeaz gain, ostiraletik egarri grebari ere ekin baitio.


2024-05-14 | ARGIA
LABek salatu du Amazonek "errepresio sindikala" egiten duela

Amazonek Trapagaranen duen lan zentroan grebalarien kontra "jazarpen eta zigorrak" darabiltzala salatu du sindikatuak


Eguneraketa berriak daude